Zirkuluak, Ingurutxoak, Biribilguneak, Harrespilak…

[bat]

Arabako Entzia mendilerroan Surbe izeneko gaina dago. Handik gertu Legaire zelaia. Hortxe eraikuntza megalitiko bat dago: Mendiluze harrespila du izena; harri txikiz egindako zirkulu bat da, puntu kardinalak non diren adierazteko lau harlauza handi dituena. Milaka urte ditu. Diputazioak, bere garaian, erabat berritu zuen (gehiegi, batzuen ustez).

Entzuna dut Arabako Lautadako gazteak udako solstizioa bertan ospatzeko ohitura (ber)piztu nahian dabiltzala… Ederra, ezta?

[bi]

Zirkuluak eta piramideak, biak ala biak, gizarte antolakundeen eta gizarte antolamenduaren ikuspegi antagonikoak islatzen dituzten metaforak dira. Zirkuluak vs. Piramideak. Antolamentu horizontala eta igualitarioa vs. Antolamendu piramidala.

Euskal Herrian zirkuluak maite omen ditugu.

[hiru]

Itziar Madinaren liburu bat irakurri dut: Beste Eguzkia. Desagertzear dagoen mundu bat erakutsi nahi izandu du. Pirinioetako herri bat okupatu duen gazte-taldearen eta bertako azken biztanleen arteko harremana kontatzen du. Liburuan Sandra Ott estatubatuar antropologoaren lana aipatzen du behin baino gehiagotan, zirkuluaren sinbolismoa nabarmentzeko.

Sandra Ott-ek Zuberoko Santa-Grazi herrian egin zuen bere tesia. Bertako oinarrizko antolaketa eta gizarte erakundeak aztertu zituen. Herria mendiz inguraturik eta kasik zirkulu baten erdian izanik, zirkuluaren sinbolismoa antzeman zuen nonahi. Liburu bat argitaratu zuen gero: The Circle Of Mountains: A Basque Shepherding Community. 

Itziar Madinak honela dio: «behin bazen ingurua, mendi ingurua eta jende ingurua, eta biak oso hurbilekoak ziren, batak bestea egiten zuen».

[Lau]

Zirkulua karratuaren kontrakoa ere bada. Karratua zorrotza eta zurruna da; zirkulua, ordea, leuna eta malgua. Mursergok hala jaso du bere kantu batean.

Laukia, zurruna, zorrotza, gogorra, koadroa,
inflexible, rígido, malgutasun gutxikoa alegia
Borde, esquina, arista, izkina, koadrilatero,
limite, muga, mutur, ertz, punta, koadrilatero
Goxo-goxo, irmo, tinko, kamustu
...
Laukia borobilduz
Prozesua da borobila
Emaitza da borobila
Goazen denok haren bila
Goazen denok elkarrekin haren bila
Prozesua bada borobila
emaitza da borobila

Mundiala, ezta?