Lau apunte, diskurtsoei buruz

Topaldian egoterik izen ez genuenez, zain egon gara hango hitzaldien bideoak sarean ikusi arte. Diskurtsoen gaia  interesgarria iruditzen zait, hainbatek ematen dion zentralitatea ematen ez badiot ere.

Orotara, lau apunte osatu ditut: lehenengo biak Topalditik bertatik atereak, eta beste biak handik kanpo.

 

— 1 —

Belen Urangak 6 diskurtso definitu ditu bere hitzaldian, eta bakoitzaren erronkak azaldu ditu:

  • Hizkuntza eskubideen diskurtso. Bere ustez balio handia du, baina egokitu beharra dago, justiziaren diskurtsoa txertatzeari begira.
  • Balio pragmatikoaren diskurtso.
  • Identitatearen diskurtso. Ondo funtzionatzen du, bain arazo larria du: identitate hori partekatzen dituenak soilik interpelatzen ditu.
  • Balio demokratikoak, bizikidetza, errespetua.
  • Gutxiengoen diskurtsoa. Subordinazioa, hegemonia, ahalmentzea… feminismoak ekarpen ahaltsuak egin ditu.
  • Iraunkortasunaren eta ekolinguistikaren diskurtsoa.

Oso sintesi lan ona iruditu zait; oso argazki ona.

— 2 —

Eneko Gorrik bi egitasmo aurkeztu ditu, Lapurdiko kostaldean zertan ari diren erakusteko: Mintzalasai eta BAM dinamika. Batak inpaktazioa du helburu; besteak konpaktazioa. Sedukzioa bilatzen du lehena: irekia da, koloretsua, alaia… Erdaldunekiko mezua eraikitze aldera — Enekoren esanetan — hiru elementu erabili ohi dituzte:

  • Ekologia linguistikoaren printzipioak: “Euskara, munduko beste 6.500 hizkuntzak bezala…”
  • Dimentsio partekatua: “Euskarak batzen gaitu, euskara da partekatzen duguna…”
  • Arduraren ideia: “Hizkuntzaren inguruan egiten ditugun hautuek ondorioak dituzte”.  Alde horretatik, larritasun klimatikoaren ideatik tiraka, larritasun linguistikoaren ideia zabaltzen hasi dira: egoera larria da, egin ahal dugun oro urjentea da..

Hiru elementu horiek etengabe errepikatzea da trukua. Diotenez, komunikazioan hori da gakoa: errepikatu, errepikatu, errepikatu… Elementuei testuinguru ezberdinetan forma ezberdinak eman, baina intsistentea izan. Sarri ezer berri ez esatearen sentsazioa izango duzu. Berdin dio. Komunikazioa errekutsiboa da, beste ezeren gainetik.

— 3 —

EAEko Euskararen Aholku Batzordearen eskariz, lantalde bat aritu da euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertzen, kontrastatzen, berritzen eta bateratze bidean jartzen. EGOD egitasmoa da: Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa. Horren baitan bost diskurtso identifikatu dituzte:

  • Errespetuaren diskurtsoa
  • Balio pragmatikoarena
  • Diskurtso sustatzailea
  • Diskurtso aldarrikatzailea
  • Diskurtso mesfidatia

Lanketa interesgarria egin dute, nahiz eta —aitortu beharra dut— barru-barruan desorosotasun puntu bat sortzen didan. Bost diskurtso horietatik onarpenik zabalena duten ideiak hautatu dituzte, eta horiekin diskurtso berri bat osatu nahi izan dute: euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komuna deitu diote.

Esan bezala, 21 esaldi hautatu dituzte horretarako: 21 “meme” (kultura transmisioari buruzko teorietan, buru batetik bestera transmititu daitekeen informazio unitate minimoa da “meme”). Hemen jaso dituzte (pdf).

— 4 —

Behin Mikel Irizarri hala erantzun genion: “Diskurtsoak egokitu ez… diskurtsoak ugaritu egin behar dira. Diskurtso katalogo oso bat sortu beharra dago”. Nork berea aurkitzeko moduko katalogoa…

Berritu ala hil

MIGUEL ANGEL SANTOS GUERRA hezkuntza zientzietan doktorea da eta Malagako unibertsitateko katedratiko emeritua. 74 liburu eta ehunka artikulu idatzi ditu, hainbat gairi buruz: zentroen antolaketaz, hezkuntzaren ebaluazioaz, ikastetxeetako zuzendaritzaz edota irakasleen formazioaz, besteak beste. Aspalditik jarraitzen diot, Ikastolen Elkarteak ebaluazioari buruzko jardunaldi batera ekarri zuenetik. Blog bat idazten du La Opinión de Málaga egunkarian: El adarve

Orain dela aste batzuk berrikuntzari buruzko sarrera interesgarri bat argitaratu zuen: “Innovar o morir”. Berrikuntzaz zera dio:

“Instituzioen minbizia da errutina. Errutina ekimen oro inertzien kate motzean lotzen ditu. Irrika deusezten du eta ustekabeak ezabatu. Aurtengo planifikazioa nola egingo dugu? Iazko moduan. Ebaluazioa nola? Betiko moduan. Ikasleak nola taldekatuko ditugu? Urtero bezala.”

Aldaketa soila eta berrikuntza bereizi behar direla dio Santos Guerrak, eta berrikuntzak bost ezaugarri behar dituela, bere ustez:

  • Lehenik, betikoa kolokan jartzea da. Inkonformismo ariketa bat da… betikoak emaitzarik ematen ez duelako, arazorik sortzen duelako edota motibazioa akatzen duelako.
  • Bigarrenik, berrikuntza sormena da. Zerbait berria eta eraldatzailea sortzea da: edukia izan daiteke, edo metodoa.
  • Berrikuntzaren helburua gauzak hobeto egitea da: hobekuntza.
  • Berrikuntzak irrika, konpromiso, ilusio eta entusiasmo dosi handi bat behar du. Gogo beroz ekin behar zaio, aurrera egingo badu. Gogoz kontra, nekez sortuko da berrikuntzarik.
  • Azkenik, ahal dela, berrikuntzak izaera kolegiatua izan beharko luke. Berdin dio pertsona bakar baten ekimena izatea: komeni da ezaguna, partekatua eta kontsentsuatua izatea.

Udaltop jardunaldietan “Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin” proposamena aurkeztu zuten Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleon Topaguneak. Hizkuntza ohiturak aldatu eta gizarte aktibazioa bilatuko duen proposamena da. Aurkezpenean adierazi zuten proposamen berritzailea dela: edukiagatik (aktibazio pertsonala eta soziala bilatzen du) eta egiteko moldeagatik (instituzioen eta gizarte mugimenduaren arteko lankidetzan oinarritua).

Arrakastarik izango ote du? Agian bost ezaugarri horien baitan dago koska.

Sei apunte, aktibazioaz

fotonoticia_20151221111824_800Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.

APUNTEAK

Bat.- Nonbait irakurri dut aktibazioa propietate bat dela motibazioari energia ematen diona: egin nahi izatetik egin egitera daraman energia, alegia. Ez da azalpen txarra!

Bi. – 2013ko Udaltop jardunaldietan ere aktibazioa aipatu zen sarri. Handik Eduardo Apodakaren hitzaldia dut gogoan. Oker interpretatu ez banuen, gakoa zentzugintza dela defendatzen zuen: alegia, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun (egiten ditugun gauzak zein egiten ez ditugunak). “Praktika esanguratsuak” zentzuz ondo horniturik egiten ditugunak dira. Horri buruz hemen irakurri ahal duzue.

Hiru. – Aktibaziotik aktibismora jauzi semantiko txikia dago. Pragmatikaren ikuspegitik begiratuta, ez nago ziur jauzia horren txikia ote den.

Lau. – Ohartu zarete? Aktibismoa eta enprendizajea hitz berberarekin izendatu ohi ditugu: ekintzailetasuna. Jon Sarasuak, duela gutxi, elkarrizketa batean aditzera eman duenaren arabera, agian ez daude horren urrun: ekintzailetasun enpresariala eta ekintzailetasun soziala aipatzen ditu berak. Elkarrizketa hemen: Jon Sarasua, ekintzailearen atzean

Bost. – Elkarrizketa horretan ekintzailetasuna sorkuntzarekin lotzen du Sarasuak. Biak oso gertu daudela dio, existitzen ez den zerbait sortzea delako: «existitzen ez diren posibilitate batzuk pentsatzea, eta posibilitate horiek materializatzea». Stephen Hessel-en liburu txiki eta ospetsuaren hitzak ekarri dizkit gogora: «Sortzea erresistitzea da, eta erresistitzea sortzea da».

Sei.- Portzierto, ez dakit aktibismotik militantziara jauzirik ote dagoen… baina gustukoa dut Joxemi Zumalabe fundazioko kideek militantziaren zentzuaz egin duten lana. Bejondeila! joxemizumalabe.eus