Ezaguna da Max Weinreich hizkuntzalariaren esana: “Hizkuntza bat armada duen dialekto bat da”. Alderantziz ere esan daiteke: “dialekto bat armadarik ez duen hizkuntza bat da”. Funtsean adierazi nahi da hizkuntzaren eta dialektoaren arteko bereizketa politikoa dela, linguistikoa bainoago.
Toni Mollá idazle eta kazetari valentziarrari entzun diot, Lluis V. Aracil soziolinguistak aipu horren egokitzapen bitxia egin ohi zuela. Haren esanetan, “dialekto bat atzean musika-bandarik ez duen hizkuntza bat da” edo, alderantziz esanda, “hizkuntza bat atzean musika-banda duen dialekto bat da”. Esan nahi baita, hizkuntza batentzat, botere politikoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela atzean egitura zibil sendo bat izatea. Erabat zentrala da gizarte zibilaren papera.
Gustatu zait aipua. Toni Mollák Alcoi-ko soziolinguistika jardunaldietan emandako hitzaldian jasotakoa da. Merezi du hitzaldia osorik entzutea.