Sei apunte, aktibazioaz

fotonoticia_20151221111824_800Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.

APUNTEAK

Bat.- Nonbait irakurri dut aktibazioa propietate bat dela motibazioari energia ematen diona: egin nahi izatetik egin egitera daraman energia, alegia. Ez da azalpen txarra!

Bi. – 2013ko Udaltop jardunaldietan ere aktibazioa aipatu zen sarri. Handik Eduardo Apodakaren hitzaldia dut gogoan. Oker interpretatu ez banuen, gakoa zentzugintza dela defendatzen zuen: alegia, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun (egiten ditugun gauzak zein egiten ez ditugunak). “Praktika esanguratsuak” zentzuz ondo horniturik egiten ditugunak dira. Horri buruz hemen irakurri ahal duzue.

Hiru. – Aktibaziotik aktibismora jauzi semantiko txikia dago. Pragmatikaren ikuspegitik begiratuta, ez nago ziur jauzia horren txikia ote den.

Lau. – Ohartu zarete? Aktibismoa eta enprendizajea hitz berberarekin izendatu ohi ditugu: ekintzailetasuna. Jon Sarasuak, duela gutxi, elkarrizketa batean aditzera eman duenaren arabera, agian ez daude horren urrun: ekintzailetasun enpresariala eta ekintzailetasun soziala aipatzen ditu berak. Elkarrizketa hemen: Jon Sarasua, ekintzailearen atzean

Bost. – Elkarrizketa horretan ekintzailetasuna sorkuntzarekin lotzen du Sarasuak. Biak oso gertu daudela dio, existitzen ez den zerbait sortzea delako: «existitzen ez diren posibilitate batzuk pentsatzea, eta posibilitate horiek materializatzea». Stephen Hessel-en liburu txiki eta ospetsuaren hitzak ekarri dizkit gogora: «Sortzea erresistitzea da, eta erresistitzea sortzea da».

Sei.- Portzierto, ez dakit aktibismotik militantziara jauzirik ote dagoen… baina gustukoa dut Joxemi Zumalabe fundazioko kideek militantziaren zentzuaz egin duten lana. Bejondeila! joxemizumalabe.eus