Seme-alabak erdaraz egin du

stick-family-1449578741cAV

Bada gauza bat guraso euskaldun guztiok erabat izutu eta beldurrez ikara jartzen gaituena: egun batean seme-alaba etxera etorri eta erdaraz egingo digu. Badakigu iritsiko dela, saihestezina dela, eta ezin dela horren aurka borrokarik egin.

Eta halaxe izan da. Ama harritu egin da. Aita ez. Aitak espero zuen. Biak ala biak atsekabeturik daude: begiak beltz eta bihotza ilun. Biek ala biek “Baina… Zergatik? Zer egin dugu gaizki? —galdetzen diote beren buruari.Zertan huts egin dugu? Behar izan gaituzun bakoitzean hor egon gara. Zergatik egiten diguzu hau?” — pentsatzen dute.

Lasaitasuna berreskuratu eta galdetu egin dute: “Baina… zergatik egiten duzu gurekin erdaraz?”

Umea isilik geratu da, pentsatzen egongo balitz bezala. Bost segundo besterik ez dira izan, baina gurasoei azken bost-sei urteetako oroitzapenak begien aurretik pasatu zaizkie: txikitako kantak, lehen urtebetetzea, eskolako lehen eguna… den-denak euskaraz oroitzen dituzte. Ez dira ohartzen beren buruari gezurra esaten diotela… ala soil-soilik egiaren erdia aitortzen dutela. TeleCincoko marrazki bizidunak ahantzi dituzte; afariak koadrilarekin; telediarioen albisteei buruzko iruzkinak erdaraz, haserrealdiaren beroan gaztelania hutsez izandako liskartxo hura…

Haurrak, azkenean, sorbaldak jaso ditu, eta aparteko garrantzirik eman gabe, zintzo aurpegiarekin erantzun du: “Eske… ikastolan lagunekin horrela egiten dugu“.

Orduan hasi dira gurasoak, buruari bueltaka. Zer egin? Horri buelta nola eman? Psikologia liburu batean istorio bat irakurri dute. Etxeko lanak egin nahi ez dituen haur baten istorioa da. Amak honela kontatzen du: “Andy-ri etxeko lanak egiten irakatsi  nahi diot, eta etxeko lanak egin ditzala nahi dut, baina egin nahi izatea da benetan nahi dudana. Agindu ahal diot, baina ez da hori kontua, gogoz kontra egingo ditu-eta. Badakit zerbait gaizki egiten ari naizela baina ez dakit zer den.”

Paradoxa bat da, irtenbiderik ez duen korapiloa. Senarrari “izan espontaneo” esaten dion emaztearen gisakoa da: espontaneoa izatea exijitzen da, baina espontaneoa izatea espontaneoa izan behar den jokabidea bat da; zoritxarrez, ezin da espontaneoa izan, exijitua izan delako. Gurasoei ere berdin gertatu zaie: seme-alabak euskaraz egitea nahi dute, baina horrek ezin ditu asebete, bene-benetan nahi dutena baita seme-alabak euskaraz egin nahi izatea. Psikologoek lotura bikoitzaren teoria deitzen diote, eta jokabide eskizofrenikoarekin du zerikusirik.

Irtenbidea? Ziur aski, ahalik eta metodorik sotilenak erabiliko dituzte seme-alabaren nahia bide “zuzenetik” eramateko. Beren burua konbentzitzen saiatuko dira haurra hezitzen ari direla, eta ez direla ari euskaraz egitera behartzen edo euskaraz gogoz kontra egin dezala negoziatzen, ez baita hori gurasoek nahi dutena. Neurri handi batean lortuko dute, ziur aski, baina dagoeneko zerbait hautsia izango dute bihotzean, krak!

Oharra. Sakondu nahi izanez gero, honakoa irakurri: Watzlawick, P., Weakland, Jhon H., & Fisch Richard. (2003). Cambio. Formación y solución de los problemas humanos. Barcelona:Herder. Hemen.