Pesimismoa

AZKEN HOGEI URTEAN euskara plana izan duen enpresa batean egon naiz. Euskara asko landu dute eta asko lortu dute.

Kafe bat hartzen ari ginela, bertako solaskideetako batek bere kezka azaldu du: “euskararen kontu hau ez dabil ondo, ezta? —dio berak— kalean gero eta erdara gehiago entzuten da; inpresioa dut ez garela aurrera egiten ari”.

Harritu egin nau ikuspegi pesimista horrek.

Botila erdi hutsa ala erdi betea? Kike Amonarrizi entzun diot perspektiba kontua dela: “zenbat eta inguru euskaldunagoa izan, orduan eta hutsago ikusiko dugu botila… zenbat eta militanteagoa izan, orduan eta hutsago… herri hartan zenbat eta euskaldunberri gehiago egon, orduan eta beteago…”.

Pesimistak ezagutzen ditut, lanean buru-belarri jarduten dutenak. Horiekin, Franz Hinkelammert askapenaren teologiaren pentsalaria etortzen zait burura. Koste eta irabazien eskematik edota helburuen eta bitartekoen eskematik harago jardun beharra aldarrikatzen du: ondo dagoena egin, irabazien edota ondorioen kalkulu zorrotz batean gehiegi tematu gabe. Itxaropenik gabeko itxaropena edo pesimismo itxaropentsua deitzen dio horri. Goiari eutsi, huts egin dezakegula jakinik ere. Desesperatzatik aldendu, horretarako, porrot txikien aurrean gure burua babestuko badugu ere. Joseba Sarrionandiak idatzi zuen poema horren moduko zerbait da, ezta? “Hobe da burrukatu eta galtzea, galera aurrez onartzea baino”.