Metaforagintza

JOXERRA GARTZIAK Koldo Mitxelenaren aipu bat erabili izan du sarri:

Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik, gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, EBAKITZEKO SORTUA delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra.

Bernardo Atxagak xaboiaren irudia erabili izan du, Abdetfattah Kilito irakasle eta idazleari hartuta:

Ez baitago beste sekreturik hizkuntza hazi eta lanabes on bihurtu dadin: praktika, erabilpena. Abdetfattah Kilitok dioena kontuan hartuta diot hori. “Hizkuntza -dio Casablancako unibertsitate irakasleak- xaboiaren kontrakoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago”

Joseba Sarrionandiak “Bizitza ez al da oso arriskutsua?” liburuan Ludwin Wittgensteinen analogia gogoratu du:

Gure lengoaia hiri zahar bat balitz bezala hartu ahal da: kale ugari eta plazak, etxe zahar eta berriekin, eta etxeak aldi diferenteetako eranskinekin; periferian, berriz, auzo berriak kale zuzen txukunago eta uniformeagoekin.

Hari mutur asko ditu analogiak. Joko handia ematen du. Baina nekez konta zitekeen Sarrionandiak bezain ongi:

Euskararen bidegorriak

Eskolan ikasi genuen metafora zer den: adierazi nahi duguna modu bakan-betean adierazteko baliabide erretoriko bat. Emmánuel Lizcano soziologoak, ordea, bestela dio: ez omen dugu esan nahi duguna esaten; aitzitik, hizkuntza da gure ordez hitz egiten duena; hizkuntza, edo hizkuntzaren baitan bizi diren milaka metafora horiek guztiak, alegia. Hala dio “Las metaforas que nos piensan” liburuan,

Lorea Agirrek “Hizkuntza eta kulturaren garraioa, bidegorriak” hitzaldi eman du orain dela gutxi. Gustatzen zait bidegorrien metafora. Bidegorriak espazio hegemonikoak dira bizikleteroentzat; eta mundu globalizatu honen erdian, halaber, bestelako baloreak trasmititzen dituzte, baita bestelako erritmo bitala ere.

Mtz de Lunak, ordea, beste zentzu batean erabili izan du bidegorrien metafora:

“(…) Akaso izan den gabeziarik handiean orokortasun falta izan da. Adibide bat, Gasteizen bidegorriekin gertatu izan dena: bidegorri egin dira espaloi batzuetan, baina kale bukaeran bidegorria amaitzen da eta ezin izan da bizikletaz ibili. Hizkuntza batekin, horrenbeste: hizkuntza bat ezin da irakaskuntzan bultzatu eta, gero, ezer ez. Edo ibilbide osoa osatzen da edo, bestela, jai dugu…”

Ferran Suayk ere sarrera bat idatzi berri du “de l’horta estant” blogean: El carril bici com a metàfora. Testu osoa han duzue. Nik ideia batzuk besterik ez dut ekarri:

Bidegorriek –Ferran Suayren ustez– bizikleteroak babesteko balio behar zuten, eta joan-etorri sostenibleak areagotzeko. Izan ere, bizikleta jarduera osasungarria baita, neurriko esfortzu aerobikoa eskatzen du, eta ez du artikulaziorik mintzen (auto batek atropeilatzen ez bazaitu, jakina).

Baina bai zera!

Bidegorriek bizikletak errepidetatik kentzeko balio dute, autoei trabarik ez egiteko. Zoritxarrez, oinezkoak ere bidegorriak erabiltzen dituzte (ez baitute beste alternatibarik) eta bizikletak esker-eskuin ibili behar dira oinezkoak saihesten.

Konparazio batera, hori bera da Valentziako politika linguistikoaren helburua: ez valentzieriaz bizitzeko aukera bermatzea, baizik eta bertan nagusi diren “desgaitu linguistikoak” babestea. Horixe da ideia: bide estua, merkea, eta lan gutxikoa doitzea, benetan garrantzitsuak diren autoak errepide nagusietatik erosotasun osoz ibiltzeko. Izan ere, auto horiek espainera erabiltzen baitute gasolina gisa.

Eta, halere, bidegorriak maite ditut.

Source: Allartean