Mapak eta kartografiak

Mapeoa modako hitza bihurtzeko bidean da: hitz magikoa; totem txiki bat. Mapeoak non-nahi egingo ditugu: herriz herri eta sektorez sektore. Norbanakoak zein entitateak identifikatu… baina sistema baten baitan betiere eta ezinbestean. Sistema hori kartografiatzea da mapeoa.

Orain dela urte batzuk, goiz bateko formazio-saio bat izan genuen partaidetzan aditua (eta aritua) den Tomas R Villasante irakaslearekin. Mapeoak haiek nola egiten dituzten azaldu zigun: aktore nagusien mapak dira (mapa de actores clave) eta soziogramak erabiltzen dituzte horretarako. Ez dira balizko eragileen zerrenda hutsak. Grafiko bakar batean aktoreak zein diren eta aktore horiek proiektuarekiko dituzten helburuak, motibazioak eta kokapenak erakusten dituzte.

Komunitate batean proiektu bat gauzatzeko eskura dauden aktiboak agerian jartzea da: aktiboen mapak dira.

Eragileak identifikatu ahala, bi ardatzen arabera kokatzen dira grafikoetan:

  • Batean eragile bakoitzak proiektuarekin duen kokapena adierazten da: erabat aldekoa (gutarra), aldekoa (baina diferentea), indiferentea, kontrakoa.
  • Bigarrean, eragile bakoitzaren agentzia-gaitasuna islatu behar da: bakoitzaren influentzia; hau da, proiektuan zenbatean eragin dezaketen (onerako edo txarrerako)..

Azkenik, elkarren artean dauden loturak islatzen dira: harremanak, gatazkak, aliantzak…

Gogoan dut Villasantek esandakoa. Mapa horiek era kolektiboan eraiki behar dira; ezin dira bulego batean sortu; izan ere, ERAIKI egin behar dira. Gainera, sortu ahala iraungi egingo dute, helburua ez baita errealitatea errepresentatzea, errealitatea eraldatzea baizik.

Egia esan, emaitzak ikusgarriak dira. Denbora laburrean egoera konplexu baten errepresentazio esanguratsua lortu daiteke, errazkerietan eta gehiegizko sinplikazioetan erori gabe.

Tomas R Villasante pertsonaje bat da. Youtube-n bideo pare bat aurkitu ditut, non formazio-lantegi horretan kontatu zizkigunak kontatzen dituen. Atentzioa ematen du zeinen erraz kontatzen duen eta zeinen erraz egiten duen. 😉

Bideoak hemen:

Zirkuluak, Ingurutxoak, Biribilguneak, Harrespilak…

[bat]

Arabako Entzia mendilerroan Surbe izeneko gaina dago. Handik gertu Legaire zelaia. Hortxe eraikuntza megalitiko bat dago: Mendiluze harrespila du izena; harri txikiz egindako zirkulu bat da, puntu kardinalak non diren adierazteko lau harlauza handi dituena. Milaka urte ditu. Diputazioak, bere garaian, erabat berritu zuen (gehiegi, batzuen ustez).

Entzuna dut Arabako Lautadako gazteak udako solstizioa bertan ospatzeko ohitura (ber)piztu nahian dabiltzala… Ederra, ezta?

[bi]

Zirkuluak eta piramideak, biak ala biak, gizarte antolakundeen eta gizarte antolamenduaren ikuspegi antagonikoak islatzen dituzten metaforak dira. Zirkuluak vs. Piramideak. Antolamentu horizontala eta igualitarioa vs. Antolamendu piramidala.

Euskal Herrian zirkuluak maite omen ditugu.

[hiru]

Itziar Madinaren liburu bat irakurri dut: Beste Eguzkia. Desagertzear dagoen mundu bat erakutsi nahi izandu du. Pirinioetako herri bat okupatu duen gazte-taldearen eta bertako azken biztanleen arteko harremana kontatzen du. Liburuan Sandra Ott estatubatuar antropologoaren lana aipatzen du behin baino gehiagotan, zirkuluaren sinbolismoa nabarmentzeko.

Sandra Ott-ek Zuberoko Santa-Grazi herrian egin zuen bere tesia. Bertako oinarrizko antolaketa eta gizarte erakundeak aztertu zituen. Herria mendiz inguraturik eta kasik zirkulu baten erdian izanik, zirkuluaren sinbolismoa antzeman zuen nonahi. Liburu bat argitaratu zuen gero: The Circle Of Mountains: A Basque Shepherding Community. 

Itziar Madinak honela dio: «behin bazen ingurua, mendi ingurua eta jende ingurua, eta biak oso hurbilekoak ziren, batak bestea egiten zuen».

[Lau]

Zirkulua karratuaren kontrakoa ere bada. Karratua zorrotza eta zurruna da; zirkulua, ordea, leuna eta malgua. Mursergok hala jaso du bere kantu batean.

Laukia, zurruna, zorrotza, gogorra, koadroa,
inflexible, rígido, malgutasun gutxikoa alegia
Borde, esquina, arista, izkina, koadrilatero,
limite, muga, mutur, ertz, punta, koadrilatero
Goxo-goxo, irmo, tinko, kamustu
...
Laukia borobilduz
Prozesua da borobila
Emaitza da borobila
Goazen denok haren bila
Goazen denok elkarrekin haren bila
Prozesua bada borobila
emaitza da borobila

Mundiala, ezta?

Parte-hartzea birpentsatu

ASTE HAUETAN Bartzelonako Diputazioak argitaratutako liburuxka bat izan dut eskuartean: Repensant la participació de la ciutadania al món local. Poztekoa da norberak buruan dituen intuizioak beste batek idatzirik ikustea: argigarria ere bai.

Bada halako sentsazio orokor bat, aldaketa-garaiak bizi ditugula, eta gauzak aurrerantzean inoiz ez direla berdin izango (eta oraingoan ez naiz soilik euskararen munduari buruz hitz egiten ari). Joan Subirats are urrunago joan ohi da. Bere ustez “aldaketa garaia ez, baizik eta garai aldaketa da egun bizi duguna”.

Hortik abiatuta, parte-hartzea zein izan den eta zer izan behar den gogoetatzen saiatzen da liburuxkan. Bere ustez gobernantza partizipatiboak orain arte honako ezaugarri hauek izan ditu:

Administrazioak izan du iniziatiba, eta bera izan da herritarrak parte-hartzera gonbidatu dituena. Herritarrei ahotsa ematea izan da  helburua: deliberatiboa izan da, bozketarik gabe eta erabakitzeko ahalmenik gabe. Urratsak eman dira sistematizazio metodologikoa bermatzeko, baina zailtasun eta hutsune ugari antzeman dira: parte hartzeko kultura txikia, helburu ez argiak, espazio informatibo hutsak bihurtzea, parte hartzale gutxi eta ez anitzak. Orokorrean prozesuen kalitatea oso baezpadakoa izan da.

Garai aldaketa honetan, ordea, egileek praktika emergente berriak ikusten dituzte, berrikuntza sozialaren kontzeptuarekin oso lotuak. Parte-hartzea mobilizazioari lotzen zaio. Behetik gorakoa da. Kezkak eta helburuak partekatzen dituzten eragileak bildu egiten dira, arazo kolektiboei erantzuna emateko: egiteko eta eragiteko, alegia. Praktika kolaboratiboak dira, eta ahalmentzea eragiten dute; botere harremanak aldatzea, alegia.

EHtik begiratuta, litekeena da honen guztiaren berritasuna ez ikustea. Sarri hori izan baita mugimendu sozialen ekarpena (herri mugimenduak, orain dela gutxira arteko terminologia erabitzen badugu). Nobedosoa da, ordea, praktika horiek guztiak erdigunean jartzea eta administraziotik bertatik balioestea.

Liburuxkaren egileek administrazioak bere burua egokitu behar duela ikusten dute, eta bost indar-ideia proposatzen dituzte horretarako:

(1) Herritarren parte hartzea birdefinitzea. Instituzio publikoetatik kanpo sortzen diren ekimen partizipatiboak era aintzakotzat hartu: aktibatu, erraztu eta horiekin kolaboratu. Administrazioaren organo guztiak komunitatearekin inplikatu.

(2) Politika publikoak elkarrekin sortzea (ko-sortzea). Administrazio publikoen eta gizarte zibilaren arteko kolaborazioa bermatu, arazo kolektiboei erantzun sendo, sostenible eta iraunkorrak emateko.

(3) Teknologia berriak erabili, gardentasuna bermatzeko, entzuketa lan aktiboa egiteko, eta politika publikoak sortzeko espazio berri gisa.

(4) Parte hartzeko arkitektura instituzionalak aldatzea. Parte hartzeko ohiko organoekin batera, espazio berriak pentsatzea komeni da: aktore berriak inplikatuko dituztenak, funtzionamendu autonomodunak, metodologia malgua erabiliko dutenak, gai zehatzen inguruan antolatuak eta ekintzari bideratuak.

(5) Udalaren beraren egitura aldatzea komeni da. Hiru ideia proposatzen dute: (a) orain arte parte-hartzeaz arduratu diren unitate administratiboek rol estrategikoagoa hartzea; (b) funtzioen araberako antolaketatik proiektuetan eta prozesuetan oinarritutako gestio eredu batera igarotzea; (c) sarean funtzionatuko duen erakunde sistemikoaren kontzeptua lantzea.

Liburuxka osoa eskura daiteke hemen: https://www.researchgate.net/publication/273760024_Repensant_la_participacio_de_la_ciutadania_al_mon_local

Gobernantza euskara zerbitzuetan

descargaGogoan dut Iñaki Arrutik Hizkuntza plangintza udalarri mailan ikasgaia eman izan duela HIZNET ikastaroaren baitan. Udaletako euskara zerbitzuei errepaso interesgarri ematen die bertan: zer izan diren eta zer diren. Egunen batean euskara zerbitzuen historia (eta istorioak) kontatu beharko lirateke. Bitartean, oso hurbilpen interesgarria iruditzen zait Arrutiren lana.

Iñaki Larrañagak, Gotzon Egiak eta Kike Amonarrizek Jakin aldizkarian argitaratu zuten testu bat erabili izan du Iñaki Arrutik ikasgairako: “Euskal Herriko hizkuntz normalizazioaren zenbait alderdi”, 1984. urtean argitaratua (Jakin 32). Izan ere, lehenengo euskara zerbitzuak garai horretan sortuko baitziren. Honela kontatzen dute.

… itzultzaileen egoera zeharo desberdina da herri batetik bestera, bai egoera laboralaren aldetik –soldata, lanordu eta lan-maila desberdinak– nola betetzen dituzten funtzioen aldetik –aktak bete eta itzuli, eguneroko paperak itzuli, funtzionarioei euskaraz klaseak eman edo herriko berreuskalduntze-prozesua bultzatu.

Artikuluan, garai hartako egoera eta joerak azaltzen dira. Borondate ona, eta baliabide gutxi. Denetarik egin beharra: itzulpenak, jaialdi bat antolatu, kartelak jarri, eskolak eman. Bakoitzak ahal zuena, ahal zuen moduan. Oro har, hiru jokabide nabarmentzen du: (a) kultur batzordeen bidez lehen urratsak eman; (b) itzultzaile-dinamizatzaile figura hibridoa erabiltzea, (c) berariaz euskara zerbitzuak sortzea.

Joan Subirats irakasle aditua da politika publikoetan. Harek ere politika publikoen ibilbidea aztertu du, eta hiru eredu bereizi: burokratikoa, planifikazio estrategikoa eta gobernantza. Jakin aldizkariak kontatzen duen egoera nekez sar daiteke horietako batean: eredu pre-burokratikotzat jo genezake.

Dena den, gogokoa dut Subirats irakaslearen azalpena. Iruditzen zait oso ondo kokatzen dituela euskara zerbitzuetan egon diren (eta dauden) jarrerak eta joerak.

  • Eredu burokratikoa. Administrazioak egitura hierarkikoa behar du: prozedura esplizituak eta erabat arautuak. Nork bere lekua eta bere funtzioa du, eta horren arabera jokatu behar da.
  • Planifikazio estrategikoa. Enpresa pribatuaren teknikek bidea egin dute administrazio publikoetan: management berriaren garaia da. Helburuak, estrategiak, plana estrategikoak, ekintzak… Lagun batek erdi-txantxetan dioen bezala: AMIAren garaia da.
  • Gobernantza. Errealitatea konplexua da, eta erabakiak hartzea ere bai. Administrazio tradizionalak mugak ditu, eta hutsuneak ere bai: hutsuneak funtzionaltasunaren aldetik, eta hutsuneak legitimitatearen aldetik. Gauzak egiteko modu berriak bilatu behar dira, eta gobernua gizarte zibilera ireki. Gobernantza, hortaz, parte hartzea da; funtzionamendu horizontala da; gobernu erlazionala da; zeharlerrotasuna…

Nik neuk ez dut zalantzarik nora jo behar dugun, kontua da haraino iristea zenbat kostako zaigun.