Soziolinguistika eskuliburu bat, Valentziatik

13016Aurreko sarreran Toni Mollà-ren erreferentzia erabili dut Valentziako hizkuntza egoeraz hitz egiteko. Toni Mollà-k Manual de Sociolinguistica liburua argitaratu zuen 2002an. Duela gutxi liburu horren laburpena eta iruzkina ageri da Revista Valenciana de Filologia aldizkarian, honako artikulu honetan:

SARAGOSSÀ, Abelard (2014): «Valencià i valencianisme en el Manual de sociolingüística de Toni Mollà», Aula de Lletres Valencianes. Revista Valenciana de Filologia, 4, p. 381-441

Hiru ideia egin zaizkit deigarri

Bat

Liburuak soziolinguistikaren ikuspegi kokatua eta konprometitua ematen du. Artikuluan esaten den bezala, liburua ez da teorian trabatzen den teknikari baten lana, baizik eta errealitatearekin konprometitua dagoen intelektual batena. Lan objektiboa da, baina konprometitua.

Bi

Hizkuntza komunitatea kontzeptu zentrala da. Bere ustez, hizkuntza komunitate baten elementu gakoak objektiboak zein subjektiboak izan daitezke. Objektiboak dira hizkuntza komuna izatea, hiztunak hizkuntza horretan eraginkorki komunikatzeko gai izatea, eta hizkuntza hori jendartean erabilgarria izatea.

Subjektiboak dira: (1) jarrera linguistikoak (mutur batean harrotasuna eta leialtasuna, eta bestean autogorrotoa), (2) erabilera-arauak, komunitate horretako kideen arteko harremana hizkuntza horretan izatea ahalbidetuko dutenak, eta (3) hizkuntza horri lotutako mundu sinboliko partekatua, komunitatea  bera errepresentatzen duena.

Elementu objektibo eta subjektiboen konbinazioak hiztunak kohesionatu, eta kontzientzia linguistikoa sortzen du.

Jarrerei arreta berezia ematen die, eta printzipio soziologiko klasiko bat gogora ekartzen du: “Si els homes defineixen unes situacions com a reals, aquestes situacions són reals en les seues conseqüències”

Hiru

Normalizazioari begira ere, hiru puntu azpimarratzen ditu: (a) funtsezkoa da hizkuntza komunitatea kohesionatzea; (b) normalizazio-proiektua jendartea bera modernizatzeko egitasmo batekin batera aurkeztu behar da; (c) lehen-lehen mailako hiru lehentasun aipatzen ditu: irakaskuntza, komunikabideak eta administrazioa. Edonola ere, arrakasta jendarteko atxikimenduak bermatuko duela uste du, eta ez horrenbeste erabaki administratiboek.

Hizkuntza gatazkaz hitz egiten du, eta gatazka agerian jartzeko beharra nabarmendu, “gatazka latentea denean, normalitatearen partetzat hartzen baita; eta kolokan jartzen ez bada, inbisibilizatu egiten baita”.

El nostre, valencià; el català, de tots

DSC02971Gazte(ago) ginela arbuiatu izan ditugun opor-moldeetara makurtu izan gara azken urteotan. Umeak… badakizue 😉. Eguzkia, hondartza, hotela, piszina… Marc Augé antropologoaren lana gogoratzen duzue? Ez-lekua kontzeptua sortu zuen trantsitorioak izategatik lekua izena merezi ez duten lekuak izendatzeko. Leku antropologikoak dira, Augè-ren ustez, harremanetarako espazioak direnak, berezko identitatea dutenak, alegia. Ez-lekuak bestelakoak dira. Ez-lekuak dira, esate baterako: autopistak, hotelak, aireportuak edota supermerkatuak… Hondartzak ere… susmoa dut hondartzek ere badutela ez-lekua izatetik asko.

Valentziatik gertu egon gara. Hoteletik hondartzarako bidean, amona bat zetorren gure atzetik, 3-4 urteko bilobarekin. Elkarrekin hizketan ari dira. Atzera begiratu dugu, hau entzundakoan: “Xiquet, parla valencià”. Kontxo… borroka bera hemen ere! Portzierto… Ohartu zarete? Soziolinguistika katalanak garrantzi handia izan du gurean… baina valentziarrak izan dira gure erreferente nagusiak: Aracil, Ninyoles…

Oporretara etorri aurretik, Diversia aldizkariak hizkuntzari buruzko monografiko bat argitaratu zuen: La llengua catalana del present al futur. Aldizkaria Pompeu Fabra Unibertsitateak argitaratzen du, dibertsitate sozialari buruzko katedraren bidez. Herrialde Valentziarrari buruzko artikulua Toni Mollà kazetari eta soziolinguistari egokitu zaio. Hemen eskuratu daiteke: www.upf.edu/diversia/_pdf/Pais_Valencia.pdf

Toni Mollà-ren ustez, soziolinguista batek oso kontuan izan behar du espazio publikoaren gaur egungo krisia. Izan ere, politika instituzionalek –politika linguistikoek barne– espazio publikoa hartu behar dute oinarritzat: espazio fisikoa (kalea eta plaza), espazio mediatikoa (hedabideak) eta espazio birtuala (Internet). Toni Mollà-ren iritziz, politika komunikatiboetan zein politika linguistikoetan errentagarritasun soziala eta kohesio soziala bilatu behar dira. Bere ustez, Herrialde Valentziarrean bada defizit identitario garrantzitsu bat, komunikazio-sare konpartituen faltarekin zerikusia duena.

Beste formatu batean bada ere, Valentziako hizkuntza egoeraz asko ikasi daiteke Què ens passa, valencians!? dokumentala ikusirik. Bertan, Alina Moser alemaniar gazteak, aurreko dokumental batean herrialde katalanetako hainbat lurralde furgonetaz bisitatu ondoren, txirringa hartu eta herrialde valentziarra bisitatzeari ekin dio, valentzieraren osasun-egoeraren berri emateko. Esan bezala, alemaniarra da Alina Moser, eta ez daki gaztelaniaz; katalanez bai. Merezi du dokumentala ikustea. Oso-osorik ikusi daiteke youtube-n: hemen