#KiroletikBagoaz [1] : Kirola, euskara eta naziogintza

BAT

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatu zituen urrian. Patxi Gaztelumendik ekarpen mamitsua egin zuen euskara, kirola eta naziogintza hizpide hartua. Ondo egindakoak eta hutsuneak birpasatu ditu: Tourraren inguruan euskararen alde sortutako dinamika; Hamabi futbol kluba eta Union Tutera; Zegama-Aizkorri eta Gorbeia Suzien; Pilotagintza; baita arbitroek edota komunikabidek euskaraz diharduten kirolariei emandako egurra ere…

Gogoetatxo interesgarri bat egin zuen… Zenbat kirol-zinegotzi dago Euskal Herrian? Koordinatzen dira? Naziogintza eta herrigintza ikuspegirik al dute? Nor dira EHBildu edo EAJren kirol arduradunak? Inork ezagutzen al ditu? Handik ere euskararen ikuspegia sustatzen al da?

Bada hor zer pentsatu.

BI

Barandiaran fundazioak argitaratzen duen Eusko Folklore Urtekariaren azken aleak kirolaren antropologiaz dihardu. Artikulu interesgarri bat ageri da bertan: Kirolaren garrantzia nazio nortasuna osatzean. Artikuluak identitate anitzak ditugula azpimarratzen du: norbanako, gizarte zein talde gisa. Nazio-identitatea kolektibitate historiko-kultural bateko kide izatearen sentimendua da eta kirolak, gizarteratze elementua den aldetik, paper garrantzitsua joka dezake identitate hori sortzen. Kirolak gizarteko klaseen arteko mugak ere gainditzen dituela gogoratzen du, eta herri baten kohesioa ahalbidetzen duela.

Aipatzen du kirolaren erabilgarritasuna ezberdina dela estatua duten nazioen ikuspegitik eta estaturik gabeko nazioen ikuspegitik. Estatuek barne-kontraesanak biguntzeko eta kohesio artifiziala sortzeko erabili izan dute kirola: estatua zenbat eta autoritarioagoa izan, orduan eta argiagoa erabilera.

Perspektibatik ikusita deigarria egiten da: “autonomien estatuan” errazagoa izan da hezkuntza sistema (gutxi gorabehera) propio bat sortzea, selekzio ofizial propio bat sortzea baino. Zeozergatik izango da.

HIRU

Invictus filma ikusi duzue? Nelson Mandelak, gobernua eskuratu ondoren, Hego Afrikako gizartearen kohesioa du erronka. Filmean errugbia erabiltzen da horretarako. Benetako istorio bat da eta benetakoa omen da bertan agertzen den aipua: “kirolak mundua alda dezake”. Lidergoari buruzko istorio bat dela esan ohi da. Ez horixe! Kirolaren kohesio-indarrari eta identitateari buruzko filma dela esango nuke nik.

LAU

Kezka bat izan dut gogoan sarri. Harmailetan “Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak” kantatzen dugunean eta “Yo soy español, español, español…” kantatzen dutenean… gauza bera ari gara esaten? Ezta hurrik eman ere! Alde ederra dago “gu-geu izan nahi dugu” esatetik “denon gainetik egon nahi dugu” esatera.

Horixe bera defendatzen zuen Moulines irakasle eta filosofoak orain dela hainbat urte. Txalaparta argitaletxeak bere liburu bat argitaratu zuen euskaraz: Manifestu nazionalista, are separatista ere esango nioke, estutuz gero. Herri txikien eta herri handien nazionalismoak erro-errotik ezberdinak direla defendatzen zuen: ez dute zerikusirik estaturik gabeko herrien nazionalismoa eta estatuen hegemonismoa. Jakin aldizkariak horri buruzko artikulu luze bat argitaratu zuen 2007an. Hemen: Jakin 162. 2007 – Jakin.eus. Merezi du irakurtzea.

BOST

Oker ez banago, bizitza osoan hiru aldiz egon naiz Mendizorrotzeko futbol-zelaian, eta horietako bat BAI EUSKARARI ekitaldia izan zen. Beste biak? Alaves-Osasuna derbi bat eta Euskadiko Selekzioaren partida bat.

Iaz Napolira joan nintzen alaba bisitatzera, noiz eta hango taldeak bertako liga irabazi zuen egunean. Garai batean aurkariek adarra jotzen zieten Napoliko zaletuei, “Vesuvio erutta, tutta Napoli è distrutta!” leloarekin (Vesubioak eruptatu egiten badu, Napoli suntsitua geratuko da)… Napolitarrek leloa adoptatu egin zuten eta harrotasunez ohiukatzen dute orain: “Vesuvio erutta, tutta Napoli è distrutta!”. Ikaragarria da futbolak bertan duen kohesio-indarra.

Babesgune

Gustatu zait BABESGUNE kontzeptua.

Maite Puigdevall irakaslearen bi hitzaldi ikusi ditut sarean: (a) L’aprenentatge del català: de l’aula als entorns d’ús (VIII Jornada sobre Llengua i Societat als Territoris de Parla Catalana) eta (b) Què són i com es creen els espais lingüistics segurs? (V Jornada de Dinamització Lingüística). Oso kontzeptualizazio interesgarria iruditu zait:

  • Haren esanetan, katalanak bi arazo ditu: (a) gaztelaniarako konbergentziaren araua (horren arabera, katalan-hiztuna gaztelerara igaroko da, aurrean duen pertsonak gazteleraz egiten badu), (b) gaztelaniaren interposizioaren araua (katalan-hiztunak, mundura irekitzen denean, gaztelania erabiltzen du zubi-hizkuntza moduan).
  • Bien konbinazioak oztopatu egiten du hizkuntzaren adopzioa. Ezin hizkuntza berri bat adoptatu (mudantza linguistikoa), hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez dadago. Hizkuntza erabiltzeko espazioak, denborak eta harreman-sareak funtsezkoak direla azaltzen du.
  • Horretarako gune seguruen beharra aldarrikatzen du. Kontzeptua pentsamendu feministaren baitan sortu zen, LGTBI pertsonen testuinguruan. Soziolinguistikaren esparrura ekarrita, gune seguruak (babesguneak) gizarte-espazioak dira, non katalana ondo eta zuzen erabitzeko presioa arindu egiten den; horregatik, hiztun berriek beren auto-errepresentazioarekin esperimentatu ahal dute, gerora beste espazioetara zabaltzeko.
  • Gune seguruak (babesguneak) edo zubi-espazioak bi eratakoak direla adierazten du: (a) berariaz hizkuntza praktikatzeko sortutakoak (gure mintzalagunak, esate baterako; edo AUZOKO taldeak); (b) dagoeneko existitzen diren taldeak, interes jakin baten inguruan biltzen direnak, hizkuntzaren erabilera trinkoa egiten dutenak, eta une jakin batean paper hori jokatzeko erabakia hartzen dutenak (kultur taldeak, kirol elkarteak…).
  • Horren guztiaren atzean, bada kontzeptu bat niri izugarri potentea iruditzen zaidana: agentzia kolektiboa. Komeniko luke horretan sakontzea, baina hori hurrengo baterako utziko dut.

Euskal Herrian ibilbide interesgarria izan du BABESGUNE kontzeptuak. Etorkizunean ere, are ibilbide oparoagoa izan dezake:

  • BAT aldizkariaren azken-aurreko alean bazen horri buruzko artikulu bat: Ekintza-ikerketa partehartzailea euskararen hiztun aktibo bihurtzeko babesgune eta zubi-espazio.
  • Euskara Kirolkide proiektuaren oinarrian erabat zentrala da babesgune kontzeptua: proiektuaren gako-ideietako bat da, hain zuzen, euskarari dagokionez, kirol klubak babesgune izan daitezkeela bertan biltzen diren gaztetxoentzat. Horretan sakondu nahi dute. Nola bihurtu kirol entitate bat babesgune? Zein izan behar dira babesgune baten ezaugarriak?
  • Migrazioez eta harrera linguistikoaz ari garela… gurean ere, Katalunian bezala, babesguneek oso ekarpen interesgarria egin dezaketela iruditzen zait. Litekeena da esperientzia bat edo beste egotea, baina oraindik asko dago lantzeko.

Portzierto… ohartu zarete ARIGUNEtik BABESGUNEra ze tarte txikia dagoen?

Izan ongi!