Pragmatismo erradikala

ARIKETA egina dut noizbait. Euskara planari ekin aurretik, paper bat hartu eta bi zirkulu egin: bat handia eta bestea txikiagoa. Lehen zirkuluan kezkatzen gaituzten gauzak idatzi, eta horietatik gure esku daudenak bigarren zirkulura eraman. Kezka-zirkulua da lehena; eragin-zirkulua, bigarrena.

Eragin-zirkulutik hasi beharra dago: onena eta egingarriena ez dira beti gauza bera, eta egingarrienetik ekiteko gomendioa egin ohi dute adituek.

Emaitza etsigarria izan daiteke, badakit. Baina garrantzitsua iruditzen zait ariketa. Ezin ditugu kezkak ezabatu, ezta gai horiek mahai azpian izkutatu ere. Hobe da gai horiek agerian izatea, horiei ere ekiteko aukeraren zain: gaur ez, baina, litekeena da eragin-zirkulua handitu ahala, bihar egingarri izatea.

Iaz, Bizi! mugimenduko Anaiz Agirrek eta Xabier Harluxetek hitzaldi borobila eman zuten Utopia 68/18 ikastaroren testuinguruan. Bertan, bi istorio kontatu zuten:

(1) «Nola egiten da elefante bat oso-osoki iresnteko?». Bizi!-ren erantzuna xinple bezain zentzu onekoa da: «ahokada ttipiak eginez» /…/ elefantea osorik iresnten saiatu diren guziek hortzak hautsi dituzte…

(2) Legendak dioenez, oihaneko sute erroldoi baten karietara, animalia guziak ikaratuak eta etsituak zeuden, hondamendia ikusten ari zirela erabat ahalgabeturik. Bakarrik kolibri ttipi bat ari zen bere moskoarekin ur tanta batzuren xerka suaren gainean botatzeko. Zenbait denbora eta gero, armadiloa, deusen parekoa ziren mugimendu horietaz aspertua, hasi zitzaion kolibriari erraten: «Kolibri, ez zara eroa? Ez duzu sutea ur tanta zenbaitekin itzaliko». Eta kolibriak erantzun zion: «Badakit, baina ene partea egiten dut!»

Gustatu zait beren azalpena. Bi akats aipatzen dituzte: batetik, erradikala izatea… pragmatikoa izan gabe, eta, bestetik, pragmatikoa izatea… erradikala izan gabe. Bata bestea bezain hankamotz.

Helburu mugatuak proposatzen dituzte, bi ezaugarrirekin: (a) helburuek bere baitan izatea eraki nahi dugun etorkizunaren ideia (prefiguratiboak izatea); (b) indarrak metatzeko moduko dinamika bat piztea, hurrengo helburuari ekiteko egoera hobean paratuko gaituena.

Pentsatu nahi nuke gure egitasmoetako batzuk ez daudela hortik oso urrun.

Adarbakarrak euskal kulturan

JARON ROWAN kultur ikerlariak [Cultura libre de estado] adarbakarrei buruz hitz egin du. Adarbakar deitzen die errealitate arrunt eta kaskarrari men egin gabe, errealitate irudimentsu eta alternatiboak sortzen dituzten hainbat praktika, paradigma, espazio eta sare berriri. Kulturaz ari da. Adarbakarrak gure nahimenekin eta gure desioekin du zerikusirik.

Adarbakarrak errealitate arinak dira, biziak. Mugimenduan dira: etengabe eraiki bidean. Zaila da beren errealitatea akotatzea. Euskal Herria Zuzenean adarbakar bat da, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea ere bai, eta Atarratzeko Prefosta ostatüa ere bai… hiru aipatzeagatik. Jakin aldizkariaren 215-216 aleak horietaz jardun zuen (Jakin: Kultura autoderminatuko balitz).

Administrazio publikoek ez dakite zer egin adarbakar batekin. Lagundu? Nola? Diruz? Kontratu bat eskainiz? Baliabideak emanez? Sarri horietako bat ere ez: ez-ikusiarena egiten dute, edo bazter utzi, edo kontra egin. Legea kontserbadorea da, eta adarbakarrak ez dira erosoak: zerbitzu juridikoen buruhauste eta amets gaizto bihurtu dira.

Zaragozan #TramitarUnUnicornio izeneko jardunaldi bat antolatu zen, adarbakarrei buruz hitz egiteko. Aztertu nahi zuten gizarte zibilaren proposamen kulturalei lekua nola egin, arlo publikotik. Nola on(h)artu, alegia. Jardunaldiaren materiala interneten dago. Nago erantzun gutxi entzun zela, zailtasun juridiko eta administratiboak nabarmentzetik harago.

Silvio Rodriguezen El Unicornio Azul abestia jartzeko tentazioa izan dut, baina horren ordez Xarnege folk taldearen abesti bat utzi dut hemen. Xarnege Gaskoniako eta  Euskal Herriko tradizioak, kulturak eta hizkuntzak uztartzen dituen folk musika talde bat da. Abestiak L’unicòrn-Adarbakarra du izenburu.

Polizentrismoa

GUSTATU ZAIT Jakin aldizkarian @garaigoikoa-k egin duen azalpena. Bere ustez, hiru estrategia nagusi egon dira euskararen biziberritzeari dagokionez: pertsonarengan arreta jarri dutenak, komunitatearengan arreta jarri dutenak eta eskubideetan arreta jarri dutenak.

Pentsamendu soziolinguistikoari begira jarrita, hor ere hiru ikuspegi nabarmentzen dela entzun izan dut: ikuspegi zientifizista, komunitarista eta kontrahegemonikoa. Zientifizismoak metodoan jartzen du arreta, eta metodo zientifikoaren nagusitasuna eta neutraltasuna aldarrikatzen ditu (ez erabatekoa, jakina; baina bai daitekeenik handiena). Komunitarismoak komunitatea jartzen du erdigunean: behetik gora antolatua, eta beregaina. Ikuspegi kontrahegemonikoak, azkenik, botere-harremanen zentralitatea aldarrikaten du: euskarak aldeko indar-harremana behar du; estatua behar du edo —besterik ezean— kontrabotere antolatuak.

Ez da horrela, jakina! Hori ere sinplifikazioa da. Arketipoak dira. Hiruki bat osatzen dute eta horren bueltan mugitzen gara guztiok.

Dena den, ona da heterogeneotasuna. Elinor Ostromek polizentrismo kontzeptua defendatzen du, ondare komunaz eta ekintza kolektiboaz diharduenean. Polizentrismoa autoritate bat baino gehiago egon daitekeela onartzea da, edota arazoei irtenbidea emateko modu bat baino gehiago.

Eusko Ikaskuntzak abian jarri duen 5e proiektuan ere, ideia hori defendatzen da (Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen). Proiektuak 4 indar-ideia ditu abaipuntutzat: aldaketa soziala, konplexutasuna, polizentrismoa, sinkronizazioa. Honela azaltzen dituzte:

  • Aldaketa soziala: Hizkuntza normalkuntza, aldakorra den gizartearen elkarrekintzazko egituretan eta espazioetan gorpuzten eta gauzatzen den eta, aldi berean, gizartean berrikuntza eta aldaketak eragiten dituen praxi soziala da.
  • Konplexutasuna: Egungo gizartea errealitate sistemikoa eta konplexua da.
  • Polizentrismoa: Gizarte indarrak anitzak dira, polizentrikoak.
  • Sinkronizazioa: Sistema konplexuetan, bateratasun uniformeak baino, heterogeneidadeen sinkronizazioak har dezake balioa.

Polizentrismoa eta sinkronizazioa: gustatu zait! Ez da txarra ikuspegi ezberdinak izatea; noiz edo noiz kontraesanik edota tentsiorik sortzen bada ere.