Identity planning

“Euskaltzaindiaren ehun urteko jagote-lana” xehetu du Mikel Zalbidek, “HIZKUNTZA GUTXIAGOTUAK JAGON, EUSKARAZ BIZI” jardunaldian. Mundiala da Zalbide. Beti du zer irakatsi eta harekin beti dago zer ikasi. Jagon Sailak estatus-plangintzaren baitan egindako lana azaltzeko hizkuntza-plangintzaren gorabeherak oso-oso modu pedagogikoan azaldu ditu:

  • Hizkuntza plangintza, orobat, bitan banandu izan da: corpus-planning eta status-planning. Corpus planning hizkuntza bera “garai berrietarako” egokitzea da.
  • Estatusari dagokionez, status-planning zabalegia delakoan, hainbat adar sortu izan da. Adquisition-planningeskuratze-plangintza— da horietako bat, hizkuntza jendeari irakastea, alegia. Cooperrek kontzeptualizatu zuen 1989an.
  • Prestige planning —prestigioaren plangintza— Haarmannek proposatu zuen 1990n, hizkuntzaren prestigioa berariaz landu beharra azpimarratzeko.
  • Hitzaldian, horiei guztiei identity planning erantsi die Zalbidek, Fishmani maileguan hartuta —nortasun plangintza, alegia—.

Azken horri oso lotuta —eta Fishmanengandik jasota hura ere— community fostering proposatu izan du Zalbidek beste inoiz: “hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea”. Komunitatea erdigunean jartzea da community fostering.

Laburbilduz, literatura soziolinguistikoan, estatus-plangintza osoaz gainera, horren barruko atalak ageri izan dira han eta hemen. Bereziki:

  • eskuratze edota irakaskuntzaren plangintza
  • prestigioaren plangintza
  • nortasun-plangintza
  • komunitatearen beraren sustapen-plangintza

Jon Sarasuak ere garrantzia berezia eman izan die identitateari eta komunitateari. Sarri aipatu izan duen gogoeta ekarri du jardunaldietara: Frantziako iraultzaz geroztik Europan hiru oinarriren arabera eraiki da modernitatea: libertéégalité eta fraternité. Laugarren baten hutsunea aldarrikatzen du Sarasuak: identité. Gramatika berri baten beharra errebindikatzen du, modernitatearen baitan identité hori pentsatu ahal izateko.

Ez da kontzeptu samurra. Hizkuntzaren soziologian bi antolaketa-molde bereizi ohi dira: gemeinschaft eta gesellschaft. Soziolinguistika Eskuliburuan ageri da azalpena: gemeinschaft moldea, compuesto por personas que comparten la convicción  de que están ancestralmente relacionados; eta gesellschaft moldea, compuesto por individuos ligados por la convicción de que sus intereses se verán mejor protegidos y promovidos formando parte como miembros de esa sociedad. Gemeinschaft eta Gessellschaft terminoak itzultzekotan, komunitatea eta gizartea itzul genitzake… edo agian «herria» eta «gizartea» (edo jendartea, nahiago baduzue). Biak nola artikulatu? Ez da erraza. Gaur-gaurkoz askatzerik izan ez dugun korapiloa da. Eta nago datozen hamarkadetan buruhauste bat baino gehiago emango digula.

Aitor eta Jon Sarasuak horrelaxe kantatu zuten behin. Akordatzen?

“…sustraiak eta adarrak ez dabiltza aparte
gizartea herri nahi dut, ta herria  gizarte”

Estekak:

Zertaz ari gara, prestigioaz ari garenean?

IKUSMIRA 40 urtera jarri, eta amesten dugun errealitateaz galdetu du Eusko Ikaskuntzak. Zer nahi genuke, eta zer behar dugu hara iristeko? 5e deitu diote proiektu horri: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen. Buru adina aburu, baina batek baino gehiagok euskararen prestigioa landu eta planifikatu beharra aldarrikatu dute.

Egia esanik, zaila da euskararen plan estrategikorik ikustea, “prestigio” hitza dozena bat aldiz irakurri gabe. Nafarroako Gobernuak 2016an landu zuen Euskararen I. Plan Estrategikoan 30 aldiz ageri da prestigioa, eta lan-ildo oso bat eskaini zaio horren lanketari: Prestigioa eta erakargarritasuna. Onerako eta txarrerako, prestigioa komunikaziori eta pertsuasioari lotu-loturik ageri da han eta hemen.

Soziolinguistika klasikoak hizkuntza-plangintzaren baitan oinarrizko bereizketa bat proposatzen du: corpusaren plangintza eta estatusaren plangintza (Heinz Kloss, 1969). Corpusaren plangintza hizkuntzari berari dago lotua, alderdi linguistikoa lantzen
du. Estatusaren plangintzak alderdi soziala lantzen du: estatus legala ezartzea, hizkuntzaren aldeko kanpainak, hizkuntza-transmisioa bermatzeko ekimenak… Beste egile batzuek proposamen hori osatu egin zuten gero:

  • Cooperrek (1989) irakaskuntzaren plangintza proposatu zuen (acquisition planning), hiru helburu diferenterekin: (a) hizkuntza gutxitua (euskara) kanpotik etorritakoei irakaslea, (b) bertako ikasleei bere aurrekoen hizkuntza berreskuratzea, (c) etxetik (partez edo osoz) euskaldun diren ikasleak euskaraz eskolatzea.
  • Haarmann-ek (1990) prestigioaren plangintza mahairatu zuen (prestige planning), bere ustez horren atzean jarduera-multzo berezitua baitago. Prestigioa, batetik, hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia eta pertzepzioa da; bestetik, hiztunek hizkuntzari ematen dioten balioa.

Zertaz ari gara prestigioaz ari garenean? e5 proiektuaren baitan hiztun-komunitatearen kapitalei buruz hitz egiten zen: giza kapitala, kapital politikoa, kapital soziala… Prestigioa, alde horretatik, hizkuntzaren eta hiztun-taldearen kapital sinbolikoa da, eta lotura estu-estua du gainontzeko kapitalekin ere.

Nire ikuspegitik, prestigioaren kontu honek zerikusi handia du Eduardo Apodakak erabitzen dituen legitimitate eta influentzia kontzeptuekin.

Gustukoa dut bere azalpena, batzuetan abstraktu samar egiten bazait ere. Apodakaren esanetan, legitamitatea ez da soilik gai diskurtsiboa. Legitimitatea ekintzaren parte bat da, eta ez ekintzari zentzua ematen dion diskurtso bat. Diskurtsoa ezin da portaeretatik bereiztu. Portaeratik bereiztuz gero, hutsala da diskurtsoa. Bien arteko artikulazioa da legitimitatea (edo influentzia): zentzu-artikulazio bat, alegia. Legitimitatea portaera eta diskurtso baten arteko artikulazioa da, eta artikulazio horixe da egiten dugunari zentzua ematen diona. Zentzugintza da.

Nahi izatera, legimitatea jartzen den lekuan prestigioa hitza jarri. Berdin-berdin esanguratsua iruditzen zait niri.