Joan Kruz Lakastari irakurri diogu berria egunkarian: «Arrazoia edukitzeaz gain, arrazoia dugula ongi azaldu behar dugu, pedagogia lan handia egin behar dugu, komunikatzen jakin behar dugu».
Hizkuntza normalizazioan beti izan dugu komunikazioarekiko kezka berezi bat, sarri komunikazioa eta marketina erabat nahastu baditugu ere. Kezka bai, sentsazio mingots eta gazia ere bai, sarri asmatzen ez dugula ikusi dugulako. Hiznet graduondokoan, esate baterako, “Komunikazioa euskara sustatzeko” izeneko gaia lantzen da; Klusterrak ere komunikazioa landu eta testu interesgarria argitaratu zuen (egun, ahaztu samartua bada ere): Euskara Sustatzeko Komunikazio Ekimenak. Lehenagotik Hizkuntza Politika Sailburuordetzak Iñigo Ostolazak egindako gida bat zabaldu zuen udaletako EBPNren ekintzak nola komunikatu behar ziren azaltzeko: EBPNren komunikazio gida.
Katalunia aldean are urrunago joan ziren eta màrqueting lingüístic izeneko graduondokoa antolatu zuten 2005ean. Antza denez bide laburra izan zuen, ez baitut horren berri gaurkoturik aurkitu.
Orain dela urte batzuk Iñigo Ostolazak berak arrakasta izan zuen “euskara nola saldu…” hitzaldi sortarekin: euskara gazteei nola saldu, euskara nola saldu udaletik… Izenburuak ere nahiko probokatiboak ziren eta aztoratu egiten ginen. Euskara saldu? Deserosotasun puntu bat eragiten zigun. Guk ez dugu ezer saldu nahi!
Gaizki gogoratzen ez badut, “Babeli gorazarre” liburuan irakurri nuen lehen aldiz pedagogia sozialaren ideia. Erakargarria iruditu zitzaidan. Euskara saldu ez, pedagogia soziala egin nahi dugu… Publizitatearen eta marketinaren teknikak erabiliko ditugu, baldin eta pedagogia egiteko balio badute.
Gauza interesgarrienak mugaldeetan gertatzen direla esan ohi da… Agian hor bada zer esploratu: marketinga, komunikazioa eta pedagogia muga egiten duten lekuan, alegia. Kontua da “pedagogia” erdigunean jartzea.
Bitartean… Planifikazio estrategikoaren alorrean bada “pasadizo” moduan kontatzen den elkarrizketa. Antza denez, puntako enpresa bateko gerenteak, plan estrategikoen garrantzia erlatibizatzeko, honela esan ohi zuen: “Guk… plan estrategiko ‘kojonudoa’ dugu: gauzak egitea”. Agian antzeko zerbait esan genezake geuk komunikazioari buruz: “Euskararen munduan komunikazio plan estrategiko ikaragarri onak ditugu: egiten duguna kontatzen dugu, baita zergatik egiten dugun azaldu ere”
Ez da abiapuntu txarra.