Estrategia bila, euskarazko kulturgintza indartzeko [Hizkuntza eta Kultura] #2

ASTE HONETAN BERAN, sare sozialetan, Espainolak eta Euskaldunak liburuko aipu bat irakurri dut:

“Euskal kultura indartzen zinez ahalegiten ez duenak, euskalduna defentsa gabe uzten du eta Euskal Herria saldu. Euskal Herriak ez du euskara bakarrik behar. Behar duena kultura bizkorra da, euskaraz. Kulturarik ez, herririk ez: zentzu politikoan ulertzen dugu, ez metafisikoki”.

Liburua orain dela 23 urte irakurri nuen, alaba jaio zen urtean. Zain dut, berriro irakurtzeko.

Aurreko apuntean esan bezala, iruditzen zait arrakala arriskutsu bat sortu dela kultura-planen eta euskara-planen artean. Zeinek bere bidea jorratu du, eta batzuetan elkarren berri ere ez dute izan. Nonbait entzuna dut euskara-plan orok kultura-dimentsio esanguratsu bat izan beharko lukeela, eta kultura-plan orok hizkuntza-dimentsio bat ongi pentsatua. Hain zuzen ere, bi planen arteko intersekzio horretan gertatu ohi dira gauza interesgarrienak. Hortxe daude balizko berrikuntza-bektoreak.

Iruditzen zait hiru proposamen interesgarri daudela, uztardura horren beharra aldarrikatzen dutenak. Hona ekarri ditut labur-labur.

BAT

2010ean HUHEZI unibertsitateko Sorguneak ikertegiak ikerketa bikain bat egin zuen honetaz guztiaz. JAKIN aldizkarian eman zuten horren berri, 183-184 zenbakian: Euskal kulturgintza: nondik gatoz, non gaude, nora jo beharko genuke. Eztabaidarako proposamen berri bat. Amaieran hamar estrategia proposatzen zituzten etorkizunerako, baina baita bestelako ideia gogoangarri batzuk ere: herri kultura, irekiduraren eta jarraiduraren arteko oreka; merkatu babestu doitu baten beharra; kulturaren transmisioan, sustapenean eta jakintzan lan egin beharra, eta abar. Esango nuke 15 urte beranduago ikerketa horrek erabateko gaurkotasunik duela.

Bi ideia azpimarratu nituzke bereziki:

  • Euskal kulturgintza da hiztun-komunitatearen “gasolina sinbolikoa” ekoitzen duena. Hura gabe hiztun-komunitateak bide laburra du.
  • Euskarak askotariko motibazioak behar ditu: motibazioa pragmatikoa, fluxu-motibazioa, paradigma-motibazioa eta balio erantsiarena. Azken hori kulturgintzarekin dago lotu-loturik. Zerk emango dit euskarak, beste hizkuntza batek eman ezin didanik, kultura ez bada?

BI

2018ean, UEUren babespean, ehun lagunetik gora bildu zen Azpeitian, ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ izeneko jardunaldietan. Gotzon Barandiaran tartean egon zen, eta haren bidez iritsi zaigu bertan planteatu zenaren parte handi bat. Egoeraren diagnostikoa egiteko orduan, euskarazko kulturgintzaren egoera larria azpimarratu zuten, eta, batez ere, transmisioaren etenaz ohartarazi zuten. Argi adierazi zuten: kulturzaleak behar ditugu; premiazkoa da euskal kulturgintzarekiko zaletasuna sortzea, ereitea eta piztea.

Topaketaren ondoren, lantalde finko bat osatu zuen ikuspegi hori sozializatzeko eta horrekiko sentsibilizazioa sortzeko. Esango nuke oraindik tamaina txikia duela, baina iruditzen zait euskal kulturgintzaren aldeko gizarte-mugimendu baten ernamuina esan daitekeela.

Korpus teoriko interesgarria dago haien proposamenean: euskal kulturgintzak ekosistema sendo bat behar duela ohartarazten dute, eta, orohar, lau puntutan fokalizatzen zuten beren eskema: (a) sorkuntza (sortzaileak behar ditugu), (b) transmisioa (hezkuntza formala eta hezkuntza informala inplikatuz), (c) plazak (euskarazko kulturgintzarako espazioak) (d) erresonantzia-kutxak (komunikazio-estrategiak, hedabideen inplikazioarekin).

Berezia, oso berezia izan da Gotzon Barandiaranek berak aurtengo Eskola Hiztun Bila topaketetan eman duen hitzaldia. Hemen ikus daiteke:

HIRU

Hirugarren proposamena Euskaltzaindiatik dator, eta oraindik hastapenetan dagoela esango nuke. Gogoetagunea prozesuaren barruan euskararen etorkizun-ikuspegia lantzen ari dira hainbat ponentziaren bidez. Jon Sarasuak berak ponentzia markoa landu ondoren, ponentzia partzialak prestatzen ari dira orain: hedabideena eta administrazioarena amaitu dira; aisialdiari eta lan-eremuari dagozkion oinarrizko testuak aurkeztu dituzte duela gutxi. Kulturari buruzkoa oraindik landu gabe omen dago.

Oraingoz ponentzia nagusia bakarrik eman da argitara, baina horrek pista batzuk ematen ditu gainerakoein inguruan.

Kulturari dagokionez, Sarasuak Sorguneak ikertaldeak egindako azterketaren estrategiak aipatzen ditu eta, gaizki interpretatu ez badut, eskualdeko eskalan jartzen du fokoa. Haren ustez, tokian tokiko kulturgintza amateur sareak sortzea eta bultzatzea da erronka, iparraldeko kultura-mugimenduak egin duen antzera. Antton Lukuren lanak aipatzen ditu; haren ustez, azken urteetan kulturaz idatzi diren ideia interesgarrienak Antton Lukuk idatzi baititu.