Orain dela hilabete batzuk Txillardegi Gogoeta Guneak jardunaldi bat antolatu zuen “XXI. menderako hizkuntza politikaz“. Bereziki interesgarria iruditu zitzaidan Iker Salaberriaren hitzaldia.
Ikerrek Eduardo Apodakak eta Jordi Moralesek idatzitako testu bati egin dio erreferentzia: La gobernanza lingüística en la Comunidad Autonoma Vasca: racionalidad neoliberal y demandas comunitarias (hemen). Testu deserosoa da, zer pentsatua ematen duena. Horregatik iruditu zait horren interesgarria. Hemen ageri direnak nire interpretazioak dira.
Artikuluaren arabera, diskurtso instituzionaletan nabari-nabaria da arrazionalitate neoliberala. Logika hori dispositibo, artefaktu eta disposizioen bidez zabaltzen da. [Maite dut terminologia hori 😉 ]. Dispositiboak dira planak, legeak, ordenantzak, kudeaketa linguistikorako ereduak eta abarrekoak; artefaktuak inkesta soziolinguistikoak dira, baita mapak, ikerketak eta abar. Disposizioak, azkenik, balioak, sinismenak eta imaginarioak dira.
Disposizio, dispositibo eta artefaktu horietan zein ideia nagusitzen dira?
- Autoritatea eta legitimitatea instituzioei dagokie; hizkuntza politika haien ardura da.
- Herri ekimena ondo dago, administrazioen hizkuntza politikaren osagarri gisa.
- Kontsentsua da bitarteko eta helburu.
- Hizkuntza hautu pertsonala da.
- Planifikazioan despolitizazioa eta teknifikazioa dira gakoak. Hizkuntza biziberritzea kontu teknikoa da: arazoak identifikatzea eta konponbiderik onena bilatzea.
- Diglosia eutsigarria da helburua; bi hizkuntzen arteko oreka iraunkor bat.
Ezagunak egiten zaizkizue?
Gero gobernantzaz hitz egiten du. Aldaketa nabariak izan dira. Instituzioetan gobernantzaren ideiak bide bat egin du honezkero. Aldeak daude herrialde batetik bestera (baita udal batetik bestera ere), baina badira hainbat urte instituzioetan gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dela. Ikerrek gobernantzaren definizio klasiko bat ekarri zuen hitzaldira: “Gobernantza merkatuko aktoreak eta gizarte zibilekoak gobernatzeko ekintzara ekartzean oinarritzen den erregulaziorako, koordinaziorako eta kontrolerako modu espezifikoa da”. Gobernantzaren hirukia: estatua + merkatua + gizarte zibila.
Inork zioen moduan, hitzak gehiegi zabaltzen direnean, esanahia galtzen dute. Halakoetan adjektiboak behar izaten dira, kontzeptuei egoki eusteko: gobernantza irekia, gobernantza kolaboratiboa, gobernantza komunitarioa…
Azken horren atzean ikusten ditu argi-izpiak: gobernantza komunitarioak, azken batean, bestelako arrazionalitea dakar, hizkuntza-politikez hitz egiteko garaian. Apodakak eta Moralesek dioten moduan, “hizkuntza planifikazioaren moduko terminoak instituzioen kontrolari eta esku-hartze hierarkikoari lotuta ulertu izan dira”. Planifikaziotik gobernantzara jauzia egiteak bestelako tresna kontzeptualak ekartzen dizkigu: askotariko aktoreak, eskala anitzak, eragin sare konplexuak…
Gogoan dut Mtz de Lunari hitzaldi batean entzun nion aipu bat. Haren ustez, hurrengo hilabeteetan herrietan euskara sustatzeko ekintza planak egiten ditugunean, plan instituzional hutsak izatetik harago, plan komunitarioak izatea da erronka. Hala bedi!