Paulo Freire eta helduen euskalduntzea: berezia, hunkigarria, interesgarria, bitxia…

2021ean 100 urte bete dira Paulo Freiren jaiotzatik. Horren oroimenez idatzi dut blog sarrera hau.

Berezia da Paulo Freireren pentsamendu pedagogikoa. Esango nuke oso jende gutxik ezagutzen duela sakon-sakonetik (nik neuk ere ez). Eta, halere, iradokitzailea da izendatze hutsagatik: heziketa herrikoia, herria irakaslea, ikasketa dialogikoa, hezkuntza-ekintza erako heziketa, askatasunaren pedagogia, alfabetatze kritikoa eta alfabetatze askatzailea… Kontzeptu horietako bakoitzaren atzean ikaragarri ideia ahaltsuak daudela iruditzan zait.

Hunkigarria da Arantxa Ugartetxea irakasleak euskonews aldizkarian idatzi duena [hemen]. Freire Sao Paulon ezagutu zuen eta bere ikaslea izan zen 80ko hamarkadan. Akorduan du behin ikastolen mugimenduei buruz jardun zutela, hango eta hemengo sentsibilitate pedagogikoak alderatuz. Paulok garbi zuen Euskal Herriko pedagogia kritikoak, bai ala bai, euskara behar zuela erdigunean. Jarraitzaileak izan ditu gure artean, baina oro har, esango nuke ez dela behar beste baloratua izan.

Esanguratsua da, halaber, Eusko Ikaskuntzak Ikastaria aldizkariaren ale monografiko bat dedikatu izana 1999an [hemen]. Paulo Freireren testu gutxi dago euskaraz.
Jarraitzaileak izan ditu gure artean, baina oro har, ez da behar beste baloratua izan.

Bitxia da aldizkari horretan bertan Fito Rodriguezek idatzitako testua. Bitxia, bi aldetatik: bitxikeria eta harribitxia delako. Izenburua: Paulo Freireren eragina helduen euskal alfabetatzean eta horren ondorioz egin daitezkeen aportazio kritikoak. AEKn 80ko hamarkadaren amaiera aldean jorratutako metodologiaz dihardu bertan. Kontzientziazio soziolinguistikoa aldarri, ikasketa kulturala bultzatu nahi izan zen; metodologia komunikatibo-funtzionala gaindituz, eta ikaskuntza anti-diglosiko gisa definitu zen planteamendu pedagogiko bat definituz. Horren guztiaren atzean, hasiera batean, Gabika, Naberan eta Kaltzada ibili ziren: askapenaren teologia eta Freiren proposamenak gertutik ezagutzen zituzten pertsonak, alegia. Planteamendu horietako asko AEKren ELE aldizkarian argitaratu ziren. Aldizkari horretan, besteak beste, Paulo Freireren testu baten itzulpena ageri da: Pedagogia kontzientziatzailea: hezkuntza eta kontzientziazioa.

Horri guztiari KULTURGINTZA deitu zitzaion, eta, metodologikoki ere, oso planteamendu aurrerakoiak proposatzen zituela iruditzen zait.

Saiatuko naiz azaltzen, gutxi gorabehera.

Sekuentzia didaktikoak ardatz tematiko baten inguruan antolatzen ziren: gai eta azpigai batzuk, alegia. Gaia aitzakia zen proiektua abiatzeko. Izan ere, sekuentzia bakoitzaren amaieran, proiektu bat aurrera eramatea zen helburua: (kultur) ekintza bat, talde osoak elkarrekin garatu behar zuena. Taldeak berak hautatu behar zuen zein ekintza garatu nahi zuen, eta, ahal zela, ekintza horrek nolabaiteko eragin kontzientziatzailea izan behar zuen: euskararen egoera diglosikoan eragin edo gizartzea kontzientziatzeko baliagarria izan. Ez zuen zertan ekintza handi eta konplexua izan; ez horixe: ekintza apalak egitea proposatzen zen, txikitik eragitea, alegia.

Hortik aurrerakoak zerikusi handia du gaur egun Ekintza edo Ataza bidezko Ikaskuntzaren testuinguruan egiten direnekin. Kultur ekintza garatzeko ikasleek burutu behar zituzten komunikazio-ekintzak definitu (komunikazio-eginkizunak, esaten genuen orduan); ekintza horiei begira, ikasleak trebatzeko hizkuntza-aktibitateak prestatu; hizkuntza aktibitate horien azterketa egin, ikasleek behar zituzten elementu linguistikoak identifikatzeko; eta lanari ekin.

Gogotsu hasi ginen, baina ezintasunak jan egin gintuen. Agian ez geunden horretarako ongi prestatuak. Egia esanik, zaila da, egun, ELE aldizkariaren lehen aleak eskuratzea eta orduko esperientziak biltzea; baina oso interesgarria irudituko litzaidake horren guztiaren irakurketa kritiko bat egitea. Iruditzen zait badugula zer ikasia.

Polizentrismoa

GUSTATU ZAIT Jakin aldizkarian @garaigoikoa-k egin duen azalpena. Bere ustez, hiru estrategia nagusi egon dira euskararen biziberritzeari dagokionez: pertsonarengan arreta jarri dutenak, komunitatearengan arreta jarri dutenak eta eskubideetan arreta jarri dutenak.

Pentsamendu soziolinguistikoari begira jarrita, hor ere hiru ikuspegi nabarmentzen dela entzun izan dut: ikuspegi zientifizista, komunitarista eta kontrahegemonikoa. Zientifizismoak metodoan jartzen du arreta, eta metodo zientifikoaren nagusitasuna eta neutraltasuna aldarrikatzen ditu (ez erabatekoa, jakina; baina bai daitekeenik handiena). Komunitarismoak komunitatea jartzen du erdigunean: behetik gora antolatua, eta beregaina. Ikuspegi kontrahegemonikoak, azkenik, botere-harremanen zentralitatea aldarrikaten du: euskarak aldeko indar-harremana behar du; estatua behar du edo —besterik ezean— kontrabotere antolatuak.

Ez da horrela, jakina! Hori ere sinplifikazioa da. Arketipoak dira. Hiruki bat osatzen dute eta horren bueltan mugitzen gara guztiok.

Dena den, ona da heterogeneotasuna. Elinor Ostromek polizentrismo kontzeptua defendatzen du, ondare komunaz eta ekintza kolektiboaz diharduenean. Polizentrismoa autoritate bat baino gehiago egon daitekeela onartzea da, edota arazoei irtenbidea emateko modu bat baino gehiago.

Eusko Ikaskuntzak abian jarri duen 5e proiektuan ere, ideia hori defendatzen da (Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen). Proiektuak 4 indar-ideia ditu abaipuntutzat: aldaketa soziala, konplexutasuna, polizentrismoa, sinkronizazioa. Honela azaltzen dituzte:

  • Aldaketa soziala: Hizkuntza normalkuntza, aldakorra den gizartearen elkarrekintzazko egituretan eta espazioetan gorpuzten eta gauzatzen den eta, aldi berean, gizartean berrikuntza eta aldaketak eragiten dituen praxi soziala da.
  • Konplexutasuna: Egungo gizartea errealitate sistemikoa eta konplexua da.
  • Polizentrismoa: Gizarte indarrak anitzak dira, polizentrikoak.
  • Sinkronizazioa: Sistema konplexuetan, bateratasun uniformeak baino, heterogeneidadeen sinkronizazioak har dezake balioa.

Polizentrismoa eta sinkronizazioa: gustatu zait! Ez da txarra ikuspegi ezberdinak izatea; noiz edo noiz kontraesanik edota tentsiorik sortzen bada ere.