ARIKETA egina dut noizbait. Euskara planari ekin aurretik, paper bat hartu eta bi zirkulu egin: bat handia eta bestea txikiagoa. Lehen zirkuluan kezkatzen gaituzten gauzak idatzi, eta horietatik gure esku daudenak bigarren zirkulura eraman. Kezka-zirkulua da lehena; eragin-zirkulua, bigarrena.
Eragin-zirkulutik hasi beharra dago: onena eta egingarriena ez dira beti gauza bera, eta egingarrienetik ekiteko gomendioa egin ohi dute adituek.
Emaitza etsigarria izan daiteke, badakit. Baina garrantzitsua iruditzen zait ariketa. Ezin ditugu kezkak ezabatu, ezta gai horiek mahai azpian izkutatu ere. Hobe da gai horiek agerian izatea, horiei ere ekiteko aukeraren zain: gaur ez, baina, litekeena da eragin-zirkulua handitu ahala, bihar egingarri izatea.
Iaz, Bizi! mugimenduko Anaiz Agirrek eta Xabier Harluxetek hitzaldi borobila eman zuten Utopia 68/18 ikastaroren testuinguruan. Bertan, bi istorio kontatu zuten:
(1) «Nola egiten da elefante bat oso-osoki iresnteko?». Bizi!-ren erantzuna xinple bezain zentzu onekoa da: «ahokada ttipiak eginez» /…/ elefantea osorik iresnten saiatu diren guziek hortzak hautsi dituzte…
(2) Legendak dioenez, oihaneko sute erroldoi baten karietara, animalia guziak ikaratuak eta etsituak zeuden, hondamendia ikusten ari zirela erabat ahalgabeturik. Bakarrik kolibri ttipi bat ari zen bere moskoarekin ur tanta batzuren xerka suaren gainean botatzeko. Zenbait denbora eta gero, armadiloa, deusen parekoa ziren mugimendu horietaz aspertua, hasi zitzaion kolibriari erraten: «Kolibri, ez zara eroa? Ez duzu sutea ur tanta zenbaitekin itzaliko». Eta kolibriak erantzun zion: «Badakit, baina ene partea egiten dut!»
Gustatu zait beren azalpena. Bi akats aipatzen dituzte: batetik, erradikala izatea… pragmatikoa izan gabe, eta, bestetik, pragmatikoa izatea… erradikala izan gabe. Bata bestea bezain hankamotz.
Helburu mugatuak proposatzen dituzte, bi ezaugarrirekin: (a) helburuek bere baitan izatea eraki nahi dugun etorkizunaren ideia (prefiguratiboak izatea); (b) indarrak metatzeko moduko dinamika bat piztea, hurrengo helburuari ekiteko egoera hobean paratuko gaituena.
Pentsatu nahi nuke gure egitasmoetako batzuk ez daudela hortik oso urrun.