Euskara ikastetik euskara adoptatzera: hainbat apunte euskaltegiei buruz

BAT

Helduen euskalduntzeari buruzko mahai-inguru bat entzuteko parada izan dut, duela gutxi. Ikasleen motibazioez jardun zuten gehien bat. Laburtu behar izatekotan bi indar-ideia aipatuko nituzke, bereziki:

  • (a) Ikasleen motibazioak aldatu egin dira. Ikasleak azterketa gainditzera datoz eta administrazioan lan egitea dute helburu.
  • (b) Euskarak prestijioa galdu du. Helduen kasuan, gainera, ezer gutxi egin daiteke euskaraz aisialdian. Lana ez bada, ze beste arrazoi izan dezakete ikasle helduek euskaltegira hurbiltzeko?

Ez dut esango egia ez direnik, baina kezkatu egin ninduen proposamenik ez entzuteak eta proaktibotasun gehixeago ez somatzeak.

BI

Jokabideak edo ohiturak aldatzeaz hitz egiten denean, hiru-lau adibide aipatu ohi dira: elikadura osasuntsuagoa, erretzeari uztea, kirola egitea edo/eta hizkuntza berri bat ikastea.

Duela gutxi “ohitura atomikoak” izeneko liburua izan nuen eskuartetik. Autolaguntzarako liburu horietako bat da, azken aldian “best-seller” izatera iritsi dena. Aldaketa txikien garrantziez hitz egiten du, aldaketa txikiek eragin handiak izan ditzaketela dio. Edonola ere, hainbat gomendio interesgarri ematen ditu. Gomendatzen du, esate baterako, fokoa helburuetan ez jartzea, baizik eta identitateetan edota sistemetan. Izan ere, kontua ez da zer lortu nahi duzun, baizik eta nolako pertsona izan nahi duzun; eta, batez ere, prozesuarekin maitemintzera iristea. Lau baldintza (edo lau urrats) aipatzen ditu, jokabide berri bat bultzatzeko beharrezkoak direnak: (1) Begi bistakoa izan dadila. (2) Erakargarria izan dadila. (3) Erraza izan dadila. (4) Pozgarria eta asegarria izan dadila.

Euskara ikasteak baldintza horiek ditu? Euskaltegiek leku nabarmenik dute herri eta auzoetan? Euskara ikastea bizitza sozialean presentzia nabarmena duen errealite bat al da? Euskara ikastearen beharra eta onura agerian al da? Ebidentea al da? Prozesua bera erakargarria al da? Erraza da euskara ikasteko erabakia hartzea? Pozgarria al da? Euskara ikasteak ba al du nolabaiteko saririk (epe laburrean, esan nahi dut)?

Ez dut horrelako liburuetan sinisten, baina iruditzen zait helduen euskalduntze-sistemak bai behar dituela hainbat aldaketa.

HIRU

Katalunian ikerketa bat argitaratu dute duela gutxi: “De l’aprenentatge a l’adopció de la llengua catalana”. Egileek bereizi egiten dute zer den hizkuntza ikastea eta zer den hizkuntza adoptatzea. Katalana adoptatu duten ikasleen ibilbideak aztertu dituzte, horien arrakastaren gakoak identifikatzeko. Arrakasta izan duten ikasleek:

  • Maila formatibo ertaina edo altua dute.
  • Katalana beharrezkoa den lanbide batean aritzeko desioa eta asmoa dute.
  • Katalanez sozializatzeko sareak dituzte.
  • Aldeko jarrera nabaria dute.
  • Ikasgelatik kanpo praktikatzeko estrategiak garatu dituzte.

Integrazioa helburu duten dinamizazio ekintzak ere aztertu dituzte: bisita gidatuak, mintzapraktika-jarduerak komertzio laguntzaileetan, mintzalaguna moduko jarduerak, kanpo-ekintzak eta ospakizunak, irakurketa errazeko klubak, mintzataldeak, euskaraz funtzionatzen duten elkarteekin ekintzak antolatzea(adib. mendi-taldeak). Egileek defendatzen dute dinamizazio-ekintza horiek guztiak irakaskuntzarekin lotuagoak egon beharko liratekeela eta era sistematikoagoan egin.

Edonola ere, sozializazio-sareak funtsezkoak direla nabarmendu dituzte. Nolabait, “hizkuntza integraziorako akonpainamendu-ziklo bat” antolatzea proposatzen dute, non hasiera batean ikasleak horrelako ekintzetan edo sareetan era tutelatuan parte hartuko duen, harik eta autonomia-maila nahikoa lortu arte. Azken helburua, jakina, horixe da: ikasleak katalanez funtzionatzen duten sozializazio-sareetan era autonomoan parte hartzea.

Ikerketa sarean eskuratu daiteke. Hemen: https://llengua.gencat.cat/ca/detalls/noticia/Biblioteca-Tecnica-de-Politica-Lingueistica-31

LAU

Iruditzen zait guri ere horrelako planteamenduak esploratzea komeni zaigula. Askotan esan izan da: eskolak bakarrik ezin du. Euskaltegiak ere bakarrik ezin du. Ez da lelo hutsa, errealitate bat baizik. Kontua ez da eskolari edo euskaltegiari gauzak nola egin behar dituzten esatea. Kontua da harrera eta sozializazio sare berriak sortzea eta jostea, harik eta egitura trinko bat osatu arte.

Bide horretatik asko dago egiteko, eta iruditzen zait gehiegitxoa dela lan-sama hori guztia euskaltegien (edo eskolen) gain uztea.

Motibo baten bila…

Euskaltegian geundela, bazen hitz magiko bat etengabe formazio-saio eta jardunaldi guztietan ageri ohi zitzaiguna: motibazioa. Totema bihurtu genuen, panazea bat, horrek dakarren arriskuarekin. Nonbait irakurri dut badela patologia bat, Wernicke-ren afasia deritzona. Patologia hori duen pertsonak esaldi eta diskurtso luzeak egin ahal ditu, baina guztiz inkoherenteak eta zentzurik gabekoak. Horrelako zerbait gertatzen zitzaigun motibazioaz hitz egiten genuenean: luze eta zabal mintzatzen ginen, baina… oso ideia original gutxi zeuden diskurtso horien atzean.

Motibazioa kosifikatu egiten genuen. Pentsatzera iritsi ginen motibazioa ikasleek hor nonbait zuten dispositibo bat zela… era egokian ukitu behar zen zerbait, lortu nahi genituen emaitzak lortzeko. Ahaztu egiten genuen motibazioa motibotik eratorria dela. Galdera sinpleagoa zen: gure ikasleek zergatik nahi izango dute euskaraz ikasi edo zergatik nahi izango dute euskaraz egin; eta guk… zergatik egiten dugu egiten duguna. Eduardo Apodakak zentzugintzaz hitz egin du. Azken batean, horixe da galdera: zer zentzu ematen diogu euskaraz egiteari? Zentzugintza. Hitza gustukoa dut, alajaina. Esanguratsua iruditzen zait. Apodakaren ustez, zentzugintza da jokaera aldatzeko gakoa.

Jon Sarasuak ere, gazteei buruz ari dela, oso galdera pertinentea egin izan du aspalditik: hurrengo belaunaldiek zergatik nahi izango dute euskaraz egin? Zer arrazoi izango dute? Zer motibo? Transmisioaz ari garela… zer egin ahal dugu motibo horiek transmititzeko? Edo sozializazioaz ari garela… nola lagundu ahal dugu euskaraz egiteko motibo horiek egunerokoan etengabe (hots, etenik gabe) sortzeko eta birsortzeko?

Euskaltegian geunden garaietara itzulita… motibazioaz han-hemenka zerbait irakurrita, ikasi genuen teoria klasikoaren arabera motibazioak hiru elementu dituela: kognitiboa, emotiboa eta konatiboa. Hurrenkerak hurrenkera… gure pailazo filosofoek ere bikain adierazi izan dituzten elementu berberak: sentitu, pentsatu eta egin.

Motibazioa lantzea, hortaz, ideia eta emozio batzuk lantzea da (elementu kognitibo eta emozitiboak), baina baita jarrera eta jokabide jakin batzuk trasmititzea ere… predisposizio bat, alegia. Agian Pirritx eta Porrotxen leloa beste modu batean parafraseatu daiteke, egungo terminologiarekin bat eginik: EMOZIONATU, KONTZIENTZIATU eta AKTIBATU.

Izan ongi, eta zaindu.

Hiztun berrien autogorrotoa

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, norberaren hizkuntza ezaugarriak edo portaerak ezkutatzeko jarrera da autogorrotoa. Gizartean prestigio handiagoa duten portaera edo estereotipoekin bat etortzeko helburua izan ohi du jarrera horrek. Ez dakit kontzeptua han sortua ote den, baina gugana Ninyoles eta soziolinguistika katalanaren bidetik etorri zitzaigun. Egia esan, harez geroztik, euskarak zein katalanak bestelako prestigioa dute. Agian pentsa liteke autogorrotoa diskurtso setenteroaren hondar bat besterik ez dela eta egun erabat obsoletoa dela (euskarari edota katalanari dagokienez, behinik-behin).

Beste zentzu batean, soziodialektologoen ustez, autogorrotoak badu zerikusirik ziurtasun-gabezia linguistikoarekin. Hiztunak gutxietsi egiten du bere mintzaera, eta erabat sinesten du berak normalean era espontaneoan erabiltzen dituen formak ez direla zuzenak, ez egokiak eta ez jatorrak. Ziurtasun-gabezia kasik patologikoa da, eta autokontzeptuari eragiten dio. Hiztun berrien inguruan egin diren ikerketetan “gabeziaren ideologia” deskribatu da: hiztun berriak uste du bera ez dela euskaldun osoa eta erabatekoa, zerbait falta zaiola, eta ez dela hiztun legitimoa. Muturreko kasuren batean, autogorrotoaz hitz egin daiteke? Ez dakit, bada. Ziur aski, gehiegi esatea da.

Euskaraldiaren testuinguruan “Hiztun Berri Sortzaileak” izenburuko mahai-ingurua antolatu zuen Deustuko Unibertsitateak, Ana Morales, Patxi Huarte “Zaldieroa” eta Xabier Payarekin. Payak ahate itsusiaren sindromea deitzen dion fenomenoaz jardun zuen. Hiztun berria berdinkideen artean ari denean ez da horretaz ohartzen, baina benetako (euskal) mundura atera behar denean, orduan konturatzen dela bera hiztun ezberdina dela. Bertsoen munduan nabaritu du berak bereziki, eta oso era bizian kontatzen du (merezi du entzutea). Bi prozesuei buruz hitz egiten du (berariaz izendatzen ez baditu ere): lehena, erdi-txantxetan, “jatortze-prozesua” deitu ahal dugu eta bigarrena “ahalduntze-prozesua”. Hiztun berriak gabeziaren sentimendu hori gainditzeko abian jartzen dituen estrategiak dira “jatortze-prozesua”: hizkuntza hobetzeko estrategiak, hizkuntza praktikatzeko aukera berriak bilatzea, euskalkietatik hartutako formak erabiltzen hastea… Asko eta askotarikoak dira. Ahalduntze-prozesuari dagokionez, besteak beste, euskalgintzaren erabakiguneetan hiztun berriak egon behar direla aldarrikatzen du, eta euren “hiztunberritasuna” konplexurik gabe bizi duten ereduak behar direla uste du. Itziar Ituñoren adibidea aipatzen du berak

Txepetx gogoratzen duzue? Bere eskemaren arabera bi hiztun tipologiak osatzen dute hizkuntza komunitatearen nukleo sinbolikoa: AB eta BA, jatorrizko hiztun alfabetatuak, eta euskaldun berri naturalizatuak (jatortuak ageri da itzulpen batzuetan). Ez da prozesu lineala; ziklikoa da, edo espiral baten modukoa… baina polita litzateke pentsatzea, euskara eskolan edo euskaltegian ikasi ondoren [B], naturalizazio-prozesua ere antola daitekeela, modu planifikatu samar batean, [BA] tipoko hiztunak lortzeko. Imaginatzen? Hiztun Berrien Jatortze eta Ahalduntze Koordinakundea.

Urte berri on! 😉

Hizkuntza bat ikastea poesia denean

Antonio Casado da Rochak Esku Ezkerraz poema liburua argitaratu zuen, orain dela urte batzuk. Metafora polita da: esku eskuinez (hots, gazteleraz) trebeagoa izanagatik, esku ezkerrez (hots, euskaraz) idatzitako liburua da. Aspaldian irakurri nuen, baina zapore ona utzi zidala gogoratzen nuen.

Poematxo bat gogoratzen nuen:

Euskaldunberri baten gogoa
euskaltegira itzultzen da beti:
bere kondena itxarotera
kondenatua dagoelako.

Gogoratzen nuen, hain zuzen, Joseba Sarrionandia beste poema horren oihartzuna zekarrelako: “Preso egon denaren gogoa / kartzelara itzultzen da beti”. Ez dakit gartzela eta euskaltegia konparatzea egokia den, baina funtsean adierazi nahi zuen euskara ikastea oso esperientzia sakona dela, barru-barrutik ukitu (eta hunkitu) egiten gaituena.

Liburua sarean dagoela ikusi dut (hemen) eta aukera izan dut berriro ere bistadizo bat emateko. Poema interegarri gehiago ditu. Adibidez:

Zorionekoak bosgarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
haurren modukoak baitzarete.
Zorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
poesia zer den ikasi baituzue.
Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
elebidunak baitzarete.
Zorionekoak elebidunok,
mundua izendatzeko bi maneratan partaide baitzarete.
Zorionekoak euskaldunok,
erdal hizkuntza bat (gutxienez) ikasi baituzue.
Baina zorigaitza zuei, elebakarrak;
zuentzako kalte.

This image has an empty alt attribute; its file name is images-1.jpg

Dena den, azken asteotan beste liburu bat izan dut eskuartean: En otras palabras, Jhumpa Lahiri idazle britaniarrarena. Jhuma Lahirik guraso bengaliarrak ditu, Britainia Handian jaio eta Estatu Batuetan bizi da. Hizkuntzekiko lilura berezia du: Italia bisitatu eta italierarekin erabat maitemindu egin zela dio. Liburuaren mamia horixe da, hain zuzen: italiera nola ikasi zuen kontatzea, erdi prosaz eta erdi poesiaz.

Han ere, esku ezkerraren metafora ageri da:

Eskuina izanik, ezkerraz idatziko banu bezala da: esku ahulez. Transgresio bat dirudi, matxinada bat, astakeria bat

Bigarren konparazio bat ere erabiltzen du sarri: hizkuntza ikastea laku batean igeri egitea bezala da. Honela:

Urteetan italiera ikasi dut, laku horretan igeri egingo banu bezala: beti laku-ertzetik gertu, beti ingelesa ondoan dudala, beti nire hizkuntza nagusitik gertu. Ariketa ona da, onuragarria giharrentzat eta burmuinarentzat, baina ez da batere zirraragarria. Hizkuntza horrela ikasiz gero, ez dago itotzeko arriskurik: hizkuntza nagusia hor duzu, zu salbatzeko prest. Baina ez hondoratzea ez da nahikoa: hizkuntza berri bat jakiteko, bertan murgildu eta laku-ertzetik urrundu beharra dago. Flotagailurik gabe igeri egin, laku-ertzearen makulurik gabe.

Liburuak hainbat anekdota kontatzen ditu; baina, batez ere, hausnarketak eta gogoetak aletzen ditu. Bat hautatzeagatik:

/…/ adibide bat besterik ez da, Italian etengabe gainditu behar dudan hormatzarra erakusteko: nire itxura fisikoagatik, atzerritarra naiz beti. Egia da. Atzerritarra naiz. Eta italiera ondo hitz egiten duen atzerritarra naizenez, bi esperientzia linguistiko ezberdinak bizi izan ditut etengabe.

Ezagutzen nautenak italieraz mintzo zaizkit, maite dute nik haien hizkuntza ulertzea, eta nirekin partekatzen dute /…/. Lakuaren erdi-erdian nago, eta haiekin batera igeri egiten dut, nire modura.

Baina denda batera joaten naizenean, berriro ere leku-ertzera itzultzen naiz. Ezagutzen ez nautenek jakintzat ematen dute ez dakidala euren hizkuntza. Haingana zuzentzen naizenean “non capisco” esaten didate /…/ Ez didate ulertzen, nahi ez dutelako; ez didate ulertzen, ez nautelako, ez entzun, ez onartu nahi.

Zenbat ikasle egoten da, urtero, euskaltegietan? 40.000 inguru? Eta nork kontatuko ditu horien guztien bizipenak? Gustura irakurriko nuke Jhuma Lahiriren moduko liburua, gurean eta guretik idatzia.

Ondo ezagutzen nautenek diote euskaltegiez jarduten dudanean malenkonia puntu bat antzematen zaidala. Ez da egia izango!

Irakasle ohi baten gogoa
euskaltegira itzultzen da beti:
ez onarpen eske, baizik eta jakin-minez
hazirik ernetu ote den.

37 galdera euskaltegian dudan kontaktu bakarrari

UEUn, EUSKALTEGIAREN GARAIKO LAGUN BAT aurkitu dut. Ez dut harekin gehiegi hitz egiteko aukerarik izan, baina jakin-min zaharrak piztu zaizkit.

Motibo bat nigana

Euskaltegietan kezka eta jakin-mina pizten zuen gairik bazen, MOTIBAZIOA zen horietako bat. Sarri aipatua izan da. Inkesta askotxo eta hamaika artikulu egin dira. Ikerketa eta tesi batzuk ere bai. Tarte batzuetan, bukle baten moduan ikusten genuen gaia: antzeko galderak, antzeko ondorioetara iristeko.

Galderei dagokienez, egia esan, asmatzeko ezer gutxi dago. Ikasle batek zergatik nahi izango du euskara ikasi? Desio hori nola piztu ahal dugu? Ez da askoz gehiago behar. Erantzunak bilatu behar ditugu.

Gerora, zerbait aipatzekotan, bi hurbilpen interesgarri ikusi ditut: Niaren sistema motibazionala (Dörnyei, 2005) eta Komunikatzeko prestutasuna (MacIntyre, 2007).

Niaren sistema motibazionala

Dörnyei irakasleak 2005. urtean proposatu zuen sistemak hiru dimentsio ditu:

  • Ni Ideala: Gure buruaz dugun irudi idealizatua: zer izan nahi dugu? Garrantzitsua da ikasleak bere burua hiztun gisa bisualizatzea.
  • Obligaziozko Nia: Beharrekin du zerikusirik, derrigortasunarekin. Zer izan behar dugu?
  • Ikaskuntzaren egoera: giroa, irakaslearen figura, curriculum, ikaskideak…

Eredu honek hainbat kontzeptu erabiltzen ditu: integrazioa, instrumentalitatea (horren barruan bi: promozioa eta prebentzioa), hizkuntza komunitateari buruzko jarrerak, ahalegina…

Dörnyei-ren ustez, konfigurazio motibazionalean, Integrazioa eta Ni Ideala dira elementu zentralak dira. Integrazioaren atzean (edo barruan) instrumentalitatea eta hizkuntza komunitatearekiko jarrerak daude, eta, instrumentalitateari dagokionez, bi era bereizi ahal dira: promozioa eta prebentzioa. Lehena  arrakasta izateko motibazioa da: hizkuntza ondo jakiteko edota lan ona lortzeko. Bigarrenak —prebentzioak— betebeharrarekin eta derrigortasunarekin du zerikusirik, eta askoz eragin txikiagoa du, epe ertain eta luzean.

Hizkuntza ikastea, eta erabili nahi izatea

Badira ikasleak, hizkuntza ondo jakin arren, egoera komunikatiboei itzuri egiten saiatzen direnak, eta beste batzuk, maila apalagoarekin, hizkuntza horretan komunikatzeko aukerak era aktiboan bilatzen dituztenak. Peter D. MacIntyre irakasleak eta beste batzuek Willingness to Communicate (komunikatzeko gogoa) eredua landu du.

Eredua sei geruzetan antolatzen da:

  1. Jokabidea: Erabilera.
  2. Intentzioa: Komunikatzeko gogoa
  3. Aurrekariak: Pertsona jakin batekin komunikatu nahia / Egoera komunikatiboan autokonfiantza
  4. Motibazio joerak: Pertsona arteko motibazioa / Talde arteko motibazioa / Autokonfiantza H2
  5. Testuingurua afektibo-kognitiboa: Talde arteko jarrerak / Egoera Soziala / Komunikatzeko Gaitasuna
  6. Testuinguru soziala eta indibiduala: Talde arteko giroa / Nortasuna

Gogoan dut Emuneko lagunek orain dela 10 urte MacIntyre ekarri zutela motibazioaz eta hizkuntza normalizazioaz antolatu zuten jardunaldi batera. Aurkezpena hemen aurkitu dut. Bideo bat ere bazegoela uste dut, baina ez dut aurkitu. Oker ez banago, komunikatzeko gogoa landu ere landu zitekeela iradokitzen zuen bertan.

Euskara ikasi, erabiltzeko

Hil honetan bertan, Katalunia aldean antolatu duten jardunaldi baten izenburua da: Aprende català per usar-lo. Erabat gogoangarria, ezta?

37 galdera (Atxagaren modura)

Doinu hau daukat buruan itsatsita:

Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Kausitzen al duzue motibaziorik
sikira zuen ikasleen arteko
ehundiko hogeitabost edo
hogeiaren baitan, ala hemen bezala
euskara ikasi eta mutu diraute ikasleek,
ahots mortuak bailiren bulegoan
ahots mortuak bailiren leihatilan
eta telefonoaren honuzkaldean?

Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Ez al duzue behialako ikasleekin
ametsik egiten? Orduko barnetegiekin?
Klase ondorengo parrandatxoekin akordatzen
al zarete inoiz? —nola, lotsa galdurik,
mingainak askatu egiten ziren, ordu txikietan?
/…/ 😉