UEUn, EUSKALTEGIAREN GARAIKO LAGUN BAT aurkitu dut. Ez dut harekin gehiegi hitz egiteko aukerarik izan, baina jakin-min zaharrak piztu zaizkit.
Motibo bat nigana
Euskaltegietan kezka eta jakin-mina pizten zuen gairik bazen, MOTIBAZIOA zen horietako bat. Sarri aipatua izan da. Inkesta askotxo eta hamaika artikulu egin dira. Ikerketa eta tesi batzuk ere bai. Tarte batzuetan, bukle baten moduan ikusten genuen gaia: antzeko galderak, antzeko ondorioetara iristeko.
Galderei dagokienez, egia esan, asmatzeko ezer gutxi dago. Ikasle batek zergatik nahi izango du euskara ikasi? Desio hori nola piztu ahal dugu? Ez da askoz gehiago behar. Erantzunak bilatu behar ditugu.
Gerora, zerbait aipatzekotan, bi hurbilpen interesgarri ikusi ditut: Niaren sistema motibazionala (Dörnyei, 2005) eta Komunikatzeko prestutasuna (MacIntyre, 2007).
Niaren sistema motibazionala
Dörnyei irakasleak 2005. urtean proposatu zuen sistemak hiru dimentsio ditu:
- Ni Ideala: Gure buruaz dugun irudi idealizatua: zer izan nahi dugu? Garrantzitsua da ikasleak bere burua hiztun gisa bisualizatzea.
- Obligaziozko Nia: Beharrekin du zerikusirik, derrigortasunarekin. Zer izan behar dugu?
- Ikaskuntzaren egoera: giroa, irakaslearen figura, curriculum, ikaskideak…
Eredu honek hainbat kontzeptu erabiltzen ditu: integrazioa, instrumentalitatea (horren barruan bi: promozioa eta prebentzioa), hizkuntza komunitateari buruzko jarrerak, ahalegina…
Dörnyei-ren ustez, konfigurazio motibazionalean, Integrazioa eta Ni Ideala dira elementu zentralak dira. Integrazioaren atzean (edo barruan) instrumentalitatea eta hizkuntza komunitatearekiko jarrerak daude, eta, instrumentalitateari dagokionez, bi era bereizi ahal dira: promozioa eta prebentzioa. Lehena arrakasta izateko motibazioa da: hizkuntza ondo jakiteko edota lan ona lortzeko. Bigarrenak —prebentzioak— betebeharrarekin eta derrigortasunarekin du zerikusirik, eta askoz eragin txikiagoa du, epe ertain eta luzean.
Hizkuntza ikastea, eta erabili nahi izatea
Badira ikasleak, hizkuntza ondo jakin arren, egoera komunikatiboei itzuri egiten saiatzen direnak, eta beste batzuk, maila apalagoarekin, hizkuntza horretan komunikatzeko aukerak era aktiboan bilatzen dituztenak. Peter D. MacIntyre irakasleak eta beste batzuek Willingness to Communicate (komunikatzeko gogoa) eredua landu du.
Eredua sei geruzetan antolatzen da:
- Jokabidea: Erabilera.
- Intentzioa: Komunikatzeko gogoa
- Aurrekariak: Pertsona jakin batekin komunikatu nahia / Egoera komunikatiboan autokonfiantza
- Motibazio joerak: Pertsona arteko motibazioa / Talde arteko motibazioa / Autokonfiantza H2
- Testuingurua afektibo-kognitiboa: Talde arteko jarrerak / Egoera Soziala / Komunikatzeko Gaitasuna
- Testuinguru soziala eta indibiduala: Talde arteko giroa / Nortasuna
Gogoan dut Emuneko lagunek orain dela 10 urte MacIntyre ekarri zutela motibazioaz eta hizkuntza normalizazioaz antolatu zuten jardunaldi batera. Aurkezpena hemen aurkitu dut. Bideo bat ere bazegoela uste dut, baina ez dut aurkitu. Oker ez banago, komunikatzeko gogoa landu ere landu zitekeela iradokitzen zuen bertan.
Euskara ikasi, erabiltzeko
Hil honetan bertan, Katalunia aldean antolatu duten jardunaldi baten izenburua da: Aprende català per usar-lo. Erabat gogoangarria, ezta?
37 galdera (Atxagaren modura)
Doinu hau daukat buruan itsatsita:
Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Kausitzen al duzue motibaziorik
sikira zuen ikasleen arteko
ehundiko hogeitabost edo
hogeiaren baitan, ala hemen bezala
euskara ikasi eta mutu diraute ikasleek,
ahots mortuak bailiren bulegoan
ahots mortuak bailiren leihatilan
eta telefonoaren honuzkaldean?
Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Ez al duzue behialako ikasleekin
ametsik egiten? Orduko barnetegiekin?
Klase ondorengo parrandatxoekin akordatzen
al zarete inoiz? —nola, lotsa galdurik,
mingainak askatu egiten ziren, ordu txikietan?
/…/ 😉