RECODE Europako Zientzia Fundazioak finantzatzen duen ikerketa-programa bat da, dibertsitateak ikertzea helburu duena. Akronimo bat da: “Responding to Complex Diversity in Europe and Canada”. Ideia hori bera defendatzen du: egungo dibertsitatea, lehengoarekin alderatuta, askoz konplexuagoa da. Programaren helburua da horren eragina aztertzea hainbat arlotan: dibertsitate linguistikoan eta hizkuntza politiketan, besteak beste.
Peter Kraus Augsburg-eko Unibertsitateko irakaslea da eta ikerketa-talde horretan parte hartzen du. Hitzaldi interesgarri bat eman berri du Migrazioak eta Europako Gutxiengo Kultural eta Linguistikoak izeneko jardunaldiaren baitan: ‘Dibertsitate konplexua, immigrazioa eta hizkuntza-politika’. Interesgarria iruditu zait, eta asko ikasi dut. Hona apunte batzuk:
- Garai bateko dibertsitateari elementu berriak erantsi zaizkion neurrian, are konplexuagoa bihurtu da. Dibertsitate konplexua, batez ere, fenomeno urbanoa da: hirietan aztertu behar da bereziki. Dibertsitate konplexu horrek hirietako egoera linguistikoan duen eragina eta hizkuntza politika ezberdinen ondorioak aztertzea da soziolinguistikak dituen erronka handienetako bat, ziur aski.
- Hirietako dibertsitate linguistikoa ez da egoera berria. Atzera begiratuz gero, hiri eleanitzak erabat arruntak izan direla ageri da. Irakasleak adibide bat aipatu du: Vilnius. Lituaniako hiriburua da, baina 1926. urtean inork gutxik hitz egiten zuen lituanieraz bertan; errusieraz ere jende gutxik. Poloniera eta yiddisha ziren hizkuntza hedatuenak. Ekialdeko edota Erdialdeko Europan erabat arrunta zen egoera hori: okindegira joan eta —esate baterako— ogia polonieraz eskatzea; handik eskolara, eta alemanaz ikastea; eta etxean, familiarekin ,yiddishaz aritzea. Bizimodu eleanitz arrunta eta erabat bideragarria zen.
- Azken mendean, ordea, homogenizazio kulturala nagusitu zen Europako modernitatearen paradigma gisa, harik eta Europako periferiatik eta beste kontinenteetatik etorritako migrazioak heterogeneitate berria sortu duen arte.
- RECODE programak horrelako errealitateak ikertu nahi ditu, egoera konplexuak. Horretarako, bere baitan gehiengo baten eta gutxiengo baten arteko botere harremanak gordetzen dituzten hiriak bilatu dituzte, gero, migrazioen eraginez, dibertsifikazio berriak izan dituztenak: heterogeneotasun ‘zaharra’ eta ‘berria’ konbinatzen dituzten hiriak, alegia.
- Peter Krausek, ildo horretatik, Helsinki eta Bartzelonako egoerak aztertu eta alderatu egin ditu. Bi kontu egin zaizkit deigarriak:
- Helsinkin finlandiera eta suediera dira hizkuntza ofizialak, eta eskolak horren arabera antolatzen dira. Immigrazioaren hizkuntzek babes zabala dute (Integrative multilingualism), eta eskoletan immigranteen familia hizkuntzaren irakaskuntza bermatzen dute, horretarako eskaera nahikoa dagoen lekuetan: finantzazioa bertoko udalak hartzen du bere gain. Bartzelonan teoriaz antzeko zerbait defendatzen bada ere, aparteko finantzazioa bilatu beharra dago, ez baita horretarako baliabiderik bermatzen.
- Dena den, datu azpimarragarria da Bartzelonako immigranteen % 40k bi hizkuntza nagusiak dakizkitela: katalana eta gaztelania. Helsinkin egoera bestelakoa da: oso gutxi dira finlandiera eta suediera, biak, ikasi dituzten migranteek. Krausen ustez —paradoxikoa bada ere— Katalunian gatazka linguistikoa ageri-agerian egoteak badu horrekin zerikusia.
- Ondorio interesgarri bat iradoki du. Bere ustez, egoera berri horretan arazo nazionala transnazionalizatu egiten da, eta transnazionala nazionalizatu. Fenomeno osagarriak dira: batetik, garbi ageri da dilema gaur egun ezin dela soil-soilik katalana vs. gaztelania izan, Bartzelonan hizkuntza ugari baitago bi horiez gain; bestetik, kanpotik etorritako hiritar horiek hautuak egitera behartuta ikusten dute beren burua (Kataluniako independentziari buruzko galdeketetan, esate baterako).
Gehiago jakiteko:
- Jardunaldia Ezkerraberri fundazioak antolatu zuen. Hitzaldien bideoak hemen ikus daitezke: https://vimeo.com/aralartb
- Recode programaren web orrian material askotxo dago kuxkuxeatzeko: www.recode.info
- Besteak beste, hau guzti hau kontatzen duen artikulu bat eskuratu ahal duzue: The Multilingual city. The cases of Helsinki and Barcelona. http://www.recode.info/wp-content/uploads/2013/02/Kraus-P.A.-The-Multilingual-City.pdf