Kontakizuna eta eraldaketa

Iñigo Fernandez Ostolazak Surflaria eta Paradisua liburua argitaratu du Iñigo Urdinagaren sinadurapean. Iñigo ezaguna da, euskararen komunikazioaren inguruan egin duen lanagatik eta teorizazioagatik. Publizista eta unibertsitateko irakaslea da; Hiznet ikastaroetan aritutakoa ere bai.

Liburuan surfa du hizpide. Dena den, liburu erakargarria da lehorreko kume garenontzat ere bai. Noiz edo noiz, komunikazioaz hitz egiten du, nahiko zeharka bada ere. Horrelako pasarte batean, bere ikasleei eman ohi dien speach edo hitzalditxoa azaltzen du. Honako hau, gutxi gorabehera: “Marketina erreminta bat da, tresna hutsa, alde bateko zein besteko helburuak lortzeko erabilgarria. Erreminta ahaltsua da. Zoritxarrez garestia ere bai. Boteredunek erruz erabiltzen dute. Txikiok ez dugu apenas erabiltzen. Bada garaia marketina gure helburuak lortzeko erabiltzen has gaitezen”. Buruz ari naiz, ez dut liburua eskuartean.

Marketinaren oinarria istorioak kontatzea dela entzun izan dut: storytelling, narratiba, kontularitza, istoriogintza, errelatoa, kontakizuna… nahi duzuen bezala deitu.

Narratiba tresna handia da. Narratiba bat da kultura: kultura da gure errealitateaz, gure iraganaz eta etorkizunaz, zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun. Identitateak berak osagai narratibo garrantzitsua du. Identitate narratiboa gure buruaz egiten dugun errelatoa da. Errelato horretan hiru izaki gara: narratzailea, ko-autorea eta protagonista (gure bizitza den trama baten protagonista). Narrazioa iraganeko gertaeren errelatoa da, baina baita prospektiboa ere: proiektuak, iguripenak, espektatibak…

Gure errelatoa kontatzen ikasi behar dugu. Errelato eraldatzaileak: nondik gatoz eta nora goaz.

Oharrak