Libre da hizkuntza hautatzea?
Xabier Erizeren ustez, hautu linguistikoaren kontzeptua gutxiegi landu da euskal soziolinguistikan. Garrantzi handiagoa mereziko luke. Hautuak funsezkoak dira:
“euskara erabiltzea edo ez erabiltzea, euskara transmititzea edo ez transmititzea, seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea edo ez, euskara ikastea/sakontzea edo ez, euskarazko kultura kontsumitzea edo ez, erregistro hau erabiltzea edo beste hau”.
Erdigunean jartzen du hautu linguistikoaren afera.
Libre da hizkuntza hautatzea?
Kepa Altonagak Jean Etxepare Aldudeko medikuaren historia kontatu du bere liburu batean. Han azaldu duenaren arabera, “euskararen atzerakada eragiten duten kanpo-faktoreekin batera, Etxepareren analisian oso munta handikoa da barrukoen jarrera”. Euskaldun xehearen burugutxiespena kezkatzen zuen bereziki. Orduko laborarien semeak, ikasketak egin ahala, erdarari begira jartzen zirela nabarmendu zuen. Antza denez, euskara baztertu beharra sentitzen zuten, norbait izateko. Jean Etxeparek «norbaitu» aditza asmatu zuen horretarako. Honela idatzi zuen:
“Norbait direla sentitzen duten une berean bizkarra ematen diote euskarari. “Norbaitu” egin dira, eta dagoenekoz laboraria ez da deus haien ustez”.
Libre da hizkuntza hautatzea?
Borgesek «Bi errege eta bi labirinto» ipuina idatzi zuen aspaldi:
Gizon zintzoek diotenez (baina Alak gehiago daki), lehengo garaietan, errege bat egon zen Babiloniako uharteetan. Bere arkitektoak eta magoak bildu eta labirinto harrigarri eta sotil bat eraikitzea agindu zien, non gizonik zuhurrenak ez ziren sartzen ausartzen, eta sartzen zirenak galdu egiten ziren. Obra hura eskandalu bat zen, miraria eta nahasmena Jainkoari soilik baitagozkio, eta ez gizakiei.
Denboraren joanarekin, Arabiako errege bat etorri zen bere kortera, eta Babiloniako erregeak, iseka egiteko, labirintoan sartu arazi zuen. Han, nahasirik ibili zen ilunabarrera arte. Orduan atea jo eta laguntza eskatu zuen. Bere ezpainek ez zuten kexarik adierazi, baina Babiloniako erregeari esan zion berak Arabian beste labirinto bat zuela eta, Jainkoa lagun, egunen batean ezagutaraziko ziola.
Gero Arabiara itzuli zen eta han bere buruzagiak eta soldaduak bildu zituen. Babiloniako erresuma erasotu eta suntsitu egin zuen, baita errege hura gatibu hartu ere.
Gamelu azkar baten gainean lotu eta basamortura eraman zuen. Hiru egun eman zituzten zaldiz, eta esan zion: “O, Denboraren Erregea. O, Jauna; Babilonian brontzezko labirinto batean galarazi nahi izan ninduzun, eskailera, ate eta horma askorekin; orain, nirea erakutsiko dizut, non ez baitago igo beharreko eskailerarik, ez zeharkatu beharreko aterik, ez ibiltzeko galeria neketsurik, ezta bidea ixten duen hormarik ere”. Gero, lokarriak askatu eta basamortuaren erdian utzi zuen, non gosez eta egarriz hil zen.
Loria Inoiz Hiltzen ez Denari.
Bata debekuen eta aginduen labirintoa da: bide estuak, legeak eta arauak. Askatasun faltsuaren labirintoa da bestea: ez dago biderik, nahi duzun aldera joan zaitezke, baina ez dago nora joan. Horrelakoa ote da liberalismo linguistikoa?
Libre da hizkuntza hautatzea?
Joseba Sarrionandiak «Airea ez da debalde» liburuan:
Asimilazio prozesua behartutzat edo boluntariotzat har daiteke, baina errealitatean bietatik dago momentuaren eta egoeraren arabera, eta behartuki da boluntarioa.
“Behartuki boluntarioa”. Gustatu zait.