Estrategia bila, euskarazko kulturgintza indartzeko [eta hiru]

Aurreko hilabeteetan bi sarrera idatzi ditugu euskarari eta kulturgintzari lotuta: Kultura gobernaezina eta Estrategia bila, euskarazko kulturgintza indartzeko. Oraingoan hirugarren bat, ildo beretik.

Izan ere, orain dela hainbat urte (10 bat?), proiektu interesgarri egin zuten HUHEZIk eta EMUNek, Gasteizko Udalaren eskariz. Proiektuak bi helburu zituen: (1) euskarazko kulturgintzaren mapeo bat egitea; eta (2) eragileak identifikatu ahala, horiek artikulatzeko proposamen bat esploratzea.

Mapeo sakona egin nahi zen: eragileak eta espazioak zerrendatzea, eragile edo espazio horietako bakoitzaren programazioa aztertzea, euskarak programazio horietan zuen tokia ikustea eta euren arteko harreman-sareak agerian jartzea. Zailtasunak oso nabarmenak izan ziren; baina emaitzak oso esanguratsuak.

Zailtasunei dagokienez

  • Ikusi zen zaila (ia ezinezkoa) zela eragile eta espazio guztiak hartzea. Eshaustibitatea ez da kontzeptu absolutua.
  • Administraziotik aktoreen mapa bat egiten denean, gizarte eragileen mapeoa egitera mugatzen dira sarritan. Administrazio barruko eragileak gutxixeago aztertzen dira. Gainera, administrazioa eragile bakarra eta monolitikoa izango balitz bezala hartzen da… barruan dauden dinamikak, harremanak, indar-korrelazioak eta kontraesanak kontuan hartu gabe.
  • Azterketa horiek argazki baten modukoak dira beti: unean uneko errealitatea islatzen dute. Argazkia eskuartean izan orduko, aldatu egin da errealitatea.
  • Euskara erdigunean duten eragileak erraz identifikatzen dira: euskalgintza deitzen dugun horiek dira. Euskaratik apurtxo bat urrundu ahala (kulturgintza), zalantzak sortzen dira, mapa horren barruan lekua duten ala ez.

Ondorio batzuk:

  • Oro har, programazio zabala ikusi zen: hasieran uste baino zabalagoa, eta askotarikoa. 
  • Orohar, formatu txikiek ondo funtzionatzen zutela ikusi zen. Hutsuneak formatu handietan antzematen ziren: antzokien programazioa, jazzaldia… Horietan guztietan euskararen lekua apalagoa zen. Gainera, ez zegoen tamaina handiko ekimen bakar bat ere, non euskarak erabateko zentraltasuna zuen. 
  • Administrazioek pisu handia zuten kultura-programazioan (dirulaguntzaile zein kontratatzaile moduan). Horrez gain, baziren normalean aintzat hartzen ez diren errealitate batzuk, jende asko mugitzen zituztenak: dantza-taldeak, abesbatzak, musika-akademiak…
  • Euskara eta kultura arloen arteko komunikazio txikia ikusten zen: bai gizarte mailan, baita administrazio barruan ere. Ez zen elkarlanerako joera handirik ikusten.
  • Alde horretatik funtsezkoak ziren  bi “mundu” horien arteko lotune izan zitezkeen eragileak. Grafoen teorian lotura ahulen indarraz hitz egin ohi da: eragile txiki bat garrantzitsua izan daiteke bi eragile handien arteko bitartekari, solaskide edo lotune bihurtzen denean. Ikusi zen euskara elkarteek, neurri batean, paper hori joka zezaketela.

  Artikulazioaren inguruan ere hainbat ondorio:

  • Egitura bat osatu euskaraz ari den kulturgintza artikulatzeko? Beharrezkoa da? Zeinek egin dezake trakzio lana? Egitura autonomoa izan daiteke ala administrazioaren mendekoa izan behar da?
  • Artikulazio hori zeren inguruan sortu behar da? Eragileen borondatearen baitan utz daiteke? Ala proiektu bat sortu behar da, horretarako aitzakia emango diguna? Tamaina handiko proiektu esanguratsu bat izan daiteke? Lasarteko Euskararen Maratoia aipatu zen, adibide gisa.
  • Horretarako, aurrera begira, dinamika endogenoak nahiz exogenoak lantzea proposatzen zen, hiru dinamika ezberdinen bidez: (1) Dinamika kuantitatiboak euskaldunekin eta euskaltzaleekin. Euskara plazara ateratzeko moduko ekitaldiak: formatu txikikoak zein handikoak; (2) Dinamika kualitatiboak euskaldunekin. Estrategikoak izan daitezkeen proiektuak identifikatu eta elkarlanean gauzatu; (3) Gaztelaniaz bideratzeko moduko dinamikak, mezu doituen bitartez.

Iruditzen zait oraindik ere proposamena baliagarria eta baliotsua dela, 10 urte igaro badira ere.

Lau apunte urgente, berrikuntza sozialaz

Bat

Young Fundazioak The Open Book of Social Innovation liburua argitaratu zuen 2010ean. Hortik abiatuta, berrikuntza sozialaren egungo definizioa eratu zen: berrikuntza soziala ideia berriak dira (produktuak, zerbitzuak eta prozesuak) bi helburu bateratzen eta uztartzen dituztenak: batetik gizartearen beharrizanak egun baino era eraginkorragoan asetzea, eta bestetik harreman edo lankidetza sozial berriak eta iraunkorrak sortzea (kapital soziala, alegia). Berrikuntza soziala, hortaz, onuragarria da, beharrizan zehatzei erantzun zehatzak ematen dizkielako, baina baita ere jendarte sendoagoa eta ekiteko prestuagoa osatzen laguntzen duelako.

Bi

Argitaratu berri den artikulu batean, Gorka Espiauk adierazi du berrikuntza ezin dela ulertu logika kultural eta komunitarioetatik aparte. Berrikuntza sozialak, bere ustez, elementu kulturaletan eragin behar du. Berrikuntza sozialaren hardwarea proiektu zehatz eta interkonektatuetan dago, baina berrikuntza sozialaren softwarea balio, sinismen, jokabide eta xede partekatuak kontatzen dituzten narratiba eraldatzaileetan bilatu behar da. Narratiba berri horiek ezinbesteko euskarri dira, hainbat eta hainbat erabaki estrategiko babesteko.

Hiru

Artikulu horretan bertan esaten den bezala, orain arteko esperientzietan, eraldaketa estrukturalak ikusten ditugunean, horren atzean gutxitan ikusiko dugu interbentzio proiektu soil eta hutsik. Esperientzia horiek ez diote interbentzio proiektu baten logikari jarraitzen. Aitzitik, eraldaketa mugimendu baten logika dute. Ekimen ugari izan ohi da, plan oso egituratu bati erantzuten ez badiote ere. Ekimen horietan, lotura handia dago oinarrien, balioen eta helburuen artean, baina besterik ez. Lidergoa partekatua eta difusoa da: prozesu osoa ez dago pertsona edota erakunde baten erabakiaren mende. Lan kolaboratiboa da, baina konplizitateetan oinarritua, eta ez egitura zurrunetan edo hitzarmen konplexuetan.

Lau

Emun aholkularitzak jardunaldi interesgarria iragarri du datorren udazkenerako. Jardunaldien aurkezpenean bertan Gorka Espiauk esan du komeni dela berrikuntza sozialaren aldeko apustu sendoa egitea, modak kontzeptuaren esanahia eta gaitasun eraldatzailea irentsi eta antzutu baino lehen. Eta egia biribila iruditu zait: bada arrisku hori!

Ekin diezaiogun, bada!

Bibliografia txikia:

The Open Book of Social Innovation. https://youngfoundation.org/wp-content/uploads/2012/10/The-Open-Book-of-Social-Innovationg.pdf

Behar konplexuei, erantzun berritzaileak. http://www.diariovasco.com/gipuzkoa/201706/27/behar-konplexuei-erantzun-berritzaileak-20170627134118.html

Berrikuntza sozialaren enfoke berriak. https://www.accioncontraelhambre.org/sites/default/files/documents/revista_rets_n36.pdf