Liburu baten erreferentzia utzi nahi dizuet: “Solidarity without Borders: Gramscian Perspectives on Migration and Civil Society Alliances”. Óscar García Agustín eta Martin Bak Jørgensen (2016). Hau da, Elkartasuna, mugarik gabe: migrazioaren eta gizarte zibilaren arteko aliantzak, ikuspegi gramsciar batetik.
Liburuaren aurkezpena entzun dut interneten [hemen] eta interesgarria iruditu zait. Egileek Gramsciren liburu bat abiapuntutzat hartu, eta migrazioen gaia landu dute (Zenbait gai, hegoaldeko arazoari buruz da liburua).
Gramscik orduko Italiari buruzko argazkia egiten du liburu hartan. Italia, gizartearen zein ekonomiaren ikuspegiti, bitan zatiturik zegoen, eta bi errealitate zeuden aurrez aurre: iparralde industrializatua eta nekazari giroko hegoaldea; hegoaldea iparraldearen mende. Egoera horretan iparraldeko burgesia eta hegoaldeko lur-jabe handiak irabazle ateratzen ziren. Klase subalternoek —iparraldeko proletario industrialak eta hegoaldeko nekazariek— onura gutxi aterako zuten handik, baina ezin ziren ohartu interes amankomunak zituztela.
Esan bezala, hortik abiatzen da migranteen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak aztertzeko. Lau ideia jorratzen ditu:
-
Egoera berberaren aurrean, aktore politiko heterogeneak sortzen dira. Migranteak ere horixe direlako: aktore politikoak.
-
Elkartasuna, mugen gainetik. Haiek eta Gu bereizten dituen mugak dira gainditu behar direnak. Elkartasuna norabide biko kontzeptua da eta alde biak eraldatzen eta birdefinitzen ditu. Elkartasunezko harremanak identitate berriak sortzen ditu, identitateak elkartasun horren baitan autodefinitzen baitira.
-
Lekuz kanpo dauden aliantzak sor daitezke (aliantza desubikatuak). Hemen ere Grasmciren erreferentzia: hegoaldeko nekazarien eta iparraldeko langileen ustez, beren erreibindikazioak edo industrialak edo agrikolak izan behar ziren. Iparraldeko ala hegoaldeko interesak zeuden jokoan. Proletarioek, horrela, nekazarien kontrako neurriak babestuko zituzten, euren interesen aldekoak zirelakoan.
-
Alde bien artean elkartasunezko harremanak sortzen direnean, erresistentziarako espazioak sortzen dira.
2002an Joxemi Zumalabe Fundazioak “Mundua Euskal Kulturan” jardunaldia antolatu zuen. Euskalgintzako hainbat eragilek eta Euskal Herriko hainbat etorkinen elkartek bat egin zuten horretarako. Eredu kulturalaren inguruko hausnarketa gune bat izan nahi zuen. Prozesu hartan parte hartzeko aukera izan nuen eta aberatsa iruditu zitzaidan. Gogoan dut Ignasi Vila irakasleak eman zuela hitzaldi nagusia [hemen]. Gogoan dut identitate multipleen defentsa egin zuela: euskara ikasi duen magrebiarrak magrebiar izaten jarraituko du, baina euskalduna ere bai, gaztea ala zaharra izango da, langile ala ikaslea… eta ehunka gauza gehiago. Identitate horiek guztiak ditu, eta bere identitatea horien guztien uztarketa da. Magrebiar euskalduna izatea, gainera, magrebiarra izateko era berezia da, eta euskalduna izateko era berezia ere bai. Oraindik ere gogoratzen dut, oso ideia deigarriak egin zitzaidalako.
Joxemi Zumalabe fundazioaren web orrian jardunaldi horien berri ematen da, baina zoritxarrez ezin da orduko materiala eskuratu. Jardunaldi horrek bigarren parte bat izan zuen handik urtebetera: jatorrizko herrialdeetako hezkuntza sistemak konparatu nahi izan ziren, hemengo sistemaren erronkak hobeto identifikatzeko. Horien berri HikHasi aldizkarian argitaratu zuten [hemen].
Hamalau urte eta gero, #Zubideiak gune irekia antolatu dute aurten Leioan. Adierazgarria eta sujerentea da ekitaldiari buruz antolatzaileek eman duten azalpena: “Elkarren artean erlazionatzeko eta gai sozialei heltzeko dinamika eraikitzailea bultzatu nahi da. Elkarrizketa da oinarria, ikuspegi ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko eta sendotzeko. Urratsak emango ditugu beste gizarte eredu baterantz: euskara, aniztasuna eta bizikidetza ditugu ardatz.”
Hala bedi!