Elebiduna, ni?

EUSKARA hizkuntza inklusiboa dela diote. Gainerako hizkuntzak baino are inklusiboagoa. Baliteke. Garai batean tranpa diskurtsibo txiki bat erabili izan dugu: “Elebidunak bai, jakina… baina hemen soilik euskaldunak gara elebidunak; erdaldunak, ez… erdaldunak elebakarrak dira”. Akordatzen? Falazia txiki bat da (era onean esanda). Gure eskemaren arabera, erdaldunak euskaraz ikasi ahala, euskaldun bihurtzen dira eta erdaldun izateari uzten diote. Beraz, ezin da, definizioz, erdaldun elebidunik izan.

Duela gutxi Kathryn A. Woolard irakasleak on-line emandako hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Woolardi deigarri egiten zaio hizkuntza gutxitu batzuen kasuan komunitateek elebitasunaren aldeko apologia egiten dutela (adib. komunitate hispanoak Estatu Batuetan) eta beste batzuek, ordea, elebitasunaren ideia errefusatu egiten dutela (katalanak, euskaldunak…). Aracilek berak funtsezko paradoxa bat nabarmendu zuen: elebakarrak dira elebitasunaren aldekoak, eta elebidunak elebitasunaren kontrakoak.

Kontua da elebitasuna ez dela soilik egitate soziolinguistiko baten deskripzio hutsa. Ideologia linguistiko bat ere bada. Soziolinguistikan, ideologia linguistikok dira pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoak. Haren ustez, hortxe dago koxka: etiketa horren atzean izkutatzen diren ideiak eta ideia horiek osatzen duten ideologia hizkuntza normalizazioaren kontrakoak dira eta horregatik errefusatzen ditugu. Ideologia horren bi adibide dira, esate baterako, “Galicia Bilingüe” eta “Manifiesto por la Lengua Común”. Bietan egiten da elebitasunaren defentsa, hizkuntza nagusiaren hegemonia defendatzeko. Muturreko adibideak dira, baina badira kasu sotilagoak (eta agian, horregatik, arriskutsuagoak).

Elebitasunaren ideologiaren aurka, bada Carod-Rovira politikari katalanaren aipu interesgarri bat: “elebitasuna hizkuntzarentzat da federalismoa politikarentzat den gauza bera: anestesiko bat, tapoi bat, galga bat”. Halere, batzuen ustez, akatsa da elebitasunaren kontra agertzea. Elebitasunaren defentsa egin behar dela uste dute, bestela supremazismo linguistikoak kontzeptu hori kolonizatu egiten duelako. Ez dakit, bada!. Zaila da joko-zelai horretan jokatzea. Agian horregatik egiten zaigu horren erakargarri eleaniztasunaren ideia: ikuspegi zabalagoa ematen digulako eta logika binario horretatik ihes egiteko aukera eskeintzen digulako. Nork bere hizkuntza eta euskara denona.

Oharrak:

Hemen agertzen den ia-ia guztia Woolard-en hainbat testutatik eta hitzaldi horretatik ateratako ideiak dira.

Woolard-ek anonimatoaren ideologiaz eta identitatearen ideologiaz jardun du. Horren apunte bat jaso nuen hemen: https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2014/07/08/dont-call-me-vasco/

Emozioak eta hizkuntzak

Gogoratzen al duzue Nelson Mandelaren esaldi ospetsu hura? “Inori ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Haren hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara.” Nelson Mandelak, Robben Island preso egon zen bitartean, afrikaans ikasi zuen eta afrikaans hizkuntzaz jarduten omen zuen bere zaindariekin.

Esaldia zentzu metaforiko hutsean ulertu izan dugu, baina hori baino gehiago omen da. Kontua haratago doa, alegia. Koxka hau da: egoera baten aurrean erabaki berdin-berdinak hartuko genituzke, gure hizkuntza propioan eta atzerriko hizkuntza batean? Antza denez, ez.

Jon Andoni Duñabeitia hizkuntzaren zientzia kognitiboan aditua da, eta Nebrija unibertsitatean ari da lanean. Hitzaldi bat eman berri du Gasteizen, HABEk antolatua, euskaltegien ikasturte akademikoari hasiera emateko.

Jon Andonik tranbiaren dilema azaldu zuen:

(a) Tranbia bat kontrolik gabe doa abiadura bizian, eta, ezer egin ezean, aurrean dituen bost pertsona hilko ditu. Aukera bakarra dago: tranbidea desbideratzea. Baina, tamalez, hori eginez gero, tranbiak ondoko trenbidean dagoen pertsona bat hilko du ezinbestean. Bizitza bat bosten truke.

(b) Tranbiaren dilemak bigarren parte bat du. Egoera berbera da, baina orain dagoen aukera bakarra da zubi baten gainean dagoen seigarren laguna trenbidera bultzatzea. Bere gorputzarekin tranbia geldiaraziko du, baina hilko da. Hemen ere bizitza bat bosten truke.

Hainbat lagun bildu eta dilema proposatu omen zieten. Bi talde egin zuten: batzuek bere lehen hizkuntzan jardun zuten (H1), eta besteek bigarren hizkuntza batean (H2). Emaitzak alderatu zituzten, alde esanguratsurik ote zegoen ikusteko:

  • Lehen kasuan ez zuten alderik ikusi. Talde batean zein bestean, % 80k erantzun zuen trenbidea desbideratuko zuela.
  • Bigarrenean, bai. Bigarrenean aldeak ikusi ziren. Soilik % 20 izan zen seigarren laguna trenbidera bultzatzearen aldekoa, bere hizkuntza propioan aritu zirenen artean, baina kopuru hori bikoiztu egin zen bigarren hizkuntzan jardun zutenen artean (% 40).

Bigarren hizkuntzan ari garenean, hortaz, erreflexiboagoak omen gara: erantzun hotzagoak eta arrazionalagoak ematen ditugu, ordenadore baten aurrean egongo bagina bezala. Gure hizkuntza propioan ari garenean alde emozionala nagusitzen da.

Entzun bezala kontatu dizuet. Bitxia, ezta?

Hitzaldia bideoz grabatu zuten. Hemen duzue: bit.ly/EmozioakEtaHizkuntzak

Bi gurpilak

Gustukoak ditut metaforak. Norbaitek zioen moduan, metaforak guk pentsatzen ditugula uste dugu, baina kontrakoa da: metaforek gu pentsatzen gaituzte. Gure pentsaera moldatu egiten dute.

Cummins irakaslea ezaguna da hezkuntza arloan, hizkuntzen interdependentziaren printzipioa formulatu zuelako. Printzipio horren arabera, “hizkuntza batean lortutako hainbat gaitasun eta jakintza, erabiltzen diren beste hizkuntzetara transferitu egiten dira, baldin eta beste hizkuntza horietan komunikazio aukerak eta motibazioa badira”. Izeberg bikotzaren irudia erabili zuen bere printzipioa irudikatzeko:the_iceberg_analogy_reference

Hari buruzko testu batean metafora interesgarri bat irakurri dut. Antza denez, Cumminsek elebitasuna bizikleta batekin konparatzen zuen: esan ohi zuen hobe dela bizikletaz bi gurpilekin ibiltzea eta ez bakarrarekin; seguruagoa, azkarragoa eta orosoagoa baita… baldin eta gurpil biak ondo orekatuak badaude, baldin eta bata bestea baino handiagoa ez bada, eta —batez ere— baldin eta bizikletak egiten dituenak ondo baldin badaki bizikletak egiten, bizikletak konpontzen, eta bizikletak maneiatzen.

Cumminsek eskola giroan ikertu zuen elebitasuna, pedagogiaren ikuspegitik, beti ere. Agian, hizkuntza politikaren arloan ere, beste horrenbeste esatea dago.

Iragarki hau etorri zait gogora:

Honi lotutako bigarren metafora bat Erramun Osari behin irratian entzundakoa da. Haren ustez, hizkuntza politika bizikleta baten modukoa da: pedalei eragiteari utziz gero, baliteke inertziaren eraginez tarte batez aurrera jarraitzea (are gehiago aldatz behera baldin bada), baina gero gelditu egingo da.