Ohartu zarete hezkuntzan orain gutxixeago hitz egiten dela ebaluazio jarraituari buruz? Garai batean puri-purian egon zen hezkuntzaren diskurtsoan baina ez dakit ez ote duen indarrik galdu. “Ebaluazio jarraia” esaten zen orduan, Euskaltzaindiak “jarraitua” hobetsi arte. Ebaluazio jarraitua aldarrikatu eta beherala “kontrol” hitza agertu zen. Kontrola, hitz itsusiagorik! Ebaluzio jarraitua ez, baizik eta kontrolak noiznahi, bata bestearen jarraian. Gaztelaniaz are politagoa esaten zen hitz-jokoa: “evaluación continua vs. continuas evaluaciones”.
Kostatu da ebaluazio jarrituaren kontzeptua proiektuen ebaluaziora iristea. Proiektuen, programen eta planen ebaluazioa inpaktuen ebaluziorari eta amaierako ebaluazioari begira egon baita eta dago: “Esan genuena egin dugu?” “Horrek sortu al du espero genuen inpaktua?”.
Oso planteamendu lineala da, konplexitatea bere baitan biltzen ez duena. Testuinguru konplexu batean, ordea, ezezagunarekin jokatzen dugunean, irtenbideak ez dira hasiera-hasieratik garbi, baizik eta, sarritan, prozesuan zehar azalarazten dira.
Duela gutxi, Agirre Lehendakari Center taldeak artikulu interesgarri bat argitaratu zuen “ebaluazio ebolutiboari” buruz.
Haien ustez galderak aldatzea da gakoa: Egiten ari garena laguntzen ari da helburuak lortzeko? Zer gertatzen ari da? Zer funtzionatzen ari da? Zer aldatu behar da? Zer mantendu behar dugu? Zeintzuk prozesuren inguruan ari da entusiasmoa sortzen? Zenolako narratibak ari dira azalarazten? Narratiba horiek baliagarriak izango zaizkigu sistemak aldatzeko? Zeintzuk eragile berri ari dira azaltzen?
Artikulua laburtu beharko banu, niri bost puntu egin zaizkit bereziki deigarriak. Aholku moduan jaso ditut hemen:
- Egiten ditugun ekintzen datuak jaso. Egiten duguna dokumentatu.
- Ebaluazio ebolutiboa erabili, sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzeko. Horretarako entzute sakona erabiltzea proposatzen dute.
- Prozesuan zehar, eztabaidak eta erabakiak ere dokumentatu, erarik onena baita prozesuan azalarazten ari diren kontuak jasotzeko (etorkizun emerjentea).
- Tarteka gogoeta-saioak antolatu datu horien gainean jarduteko: “Horrek zer esan nahi du?” “Zein da hurrengo urratsa?
- Denok gara ebaluazioaren parte, baina komeni da funtzioak banatzea. Bada funtzio bat bereziki zaindu behar dena: “lagun kritikoa” deitzen diote. Lagun kritikoa zintzoa da, egiten ari garena zalantzatan jartzen du etengabe, baina gauzak era konstruktiboan azaltzen asmatzen du. Ez da erraza, gero!
Artikulua hemen.
Euskaraldia ardatz
Birziklatzera bota aurretik, azken begirada bota diet Udaltop jardunaldietan hartutako apuntei. Udaltop berezia izan da aurten, Euskaraldia ardatz. Nola ikusi duzue ekimena orain arte? Tenperatura egokia hartzen ari da? Ala hotz samar oraindik ere?
Josune Zabalak euskaraldia nola neurtu azaldu zuen: Behin honetara ezkero…neurraldia ere bai. Klusterrak ere pilak jarri ditu, herriz herri euskaldiaren emaitzak neurtzeko. Zentzuzkoa da. Tamaina horretako egitasmo bati ekinez gero, merezi du emaitzak neurtzea: zenbat jendek parte hartu duen, zenolako motibazioekin parte hartu duten, zenbatean handitu den euskararen erabilera 11 egun horietan (emaitza) eta handik denbora tarte batera zenbateraino eutsi zaion erabilerari (inpaktua).
Ez naiz ni izango hori guztia zalantzatan jarriko duena. Ezta gutxiago ere!
Baina —egia aitortzera— horrek bakarrik epeltxo uzten nau. Susmoa dut benetako erronkak beste nonbait direla. Jardunaldietan bertan, Zesar, Amaia eta Imanol herrigintzaren magiaz aritu zitzaizkigun eta Tokian tokiko hizkuntza aktibazioaz hainbat gako izeneko lana aurkeztu zuten. Lan horretan herri aktibazioa lortu duten hainbat esperientzia aztertu dituzte eta bertako gakoak definitzen saiatu dira. Horren haritik galdera interesgarriak sortzen dira, jakin-mina pizteko modukoak:
- Ados gaude denok Euskaraldiak egiazko behar sozial bati erantzutera datorrela? Behar hori ondo barneratu dugu? Atxikimendua eta engaiamendua pizteko baliagarria izan al da?
- Talde eragile kohesionaturik sortu al dira? Asko kostatu da? Talde zabalak izan dira? Sektore guztien onarpena izan dute? Nolako lidergoa garatu dute?
- Talde eragileez gain, nolako egiturak sortu ditugu? Irekiak eta horizontalak? Nola funtzionatu dute? Lidergoa elkarbanatzeko moduko egiturak izan al dira? Eraginkorrak izan dira? Eraikitze kolektiborik ahalbidetu dute, ala goitik beherako transmisio hutsa izan da?
- Abiapuntutzat hartu ditugun oinarri teoriko-ideologikoak sendoak izan dira? Eta… prozesu osoan zehar zer ikasi dugu? Zertan aberastu ditugu oinarri horiek?
- Eta administrazioaren babesa? Zelan joan da? Babes politikoa izan da? Ekonomikoa? Benetako inplikaziorik egon al da? Eredugarritasunik? Tokian tokiko proiektuak ko-gestionatzeko borondatearen zantzurik egon al da? Ala delegazionismoa? Igurtziak maitasunik sortu al du ala zauri berriak ireki?
Iruditzen zait galdera horietatik askoz gehiago ikasi ahal dela.