Hizkuntza, kultura eta kategorizazioa

Antropologia linguistikoak bi langai ditu bereiziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak: bata, hizkuntza ideologiak, eta bestea, hizkuntzaren eta kulturaren arteko lotura. Oker ez banago, blog zaharrarekin hasi nintzenean, lehen bi sarreretan horretaz jardun nuen: hemen eta hemen.

Esan ohi da hizkuntza bakoitza mundu ikuskera bat dela. Hala da. Baina zer da mundu ikuskera? Era hertsian ulertuko bagenu, euskaldun guztiok zerbait amankomuna izan behar genuke; anarkista, budista edo kontserbadorea izanik ere. Zer? Zaila da esatea. Carme Junyent eta Pere Comellas irakasleek “Antropologia lingüística” liburuan dioten bezala, ikuskera horren ezaugarriak zerrendatu ahal izango bagenitu ere, nola jakingo genuke zein diren hiztun guztiek amankomunean dituztenak? Ezinezkoa da. Gehienez ere, kontsentsu handikoak diren zeinbat ideia identifikatu ahal ditugu. Askoz gehiago ez.

Antropologia linguistikoak hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturak aztertzen ditu. Antropologia kognitiboak, ordea, kulturaren eta pentsamenduaren artekoak (etnozientzia). Azken batean hiruki bati buruz hitz egiten ari gara. Ez zaizue iruditzen? Hizkuntza, kultura eta pentsamendua. Zaila da hirurak erabat banantzea. Esan izan da mundua hizkuntzaren bidez ulertzen dugula. Esan izan da, halaber, pentsamendua ezin dugula behatu, hizkuntzaren bidez ez bada. Antropologia kognitiboak, hortaz, zera aztertzen du: gure inguruko kontzeptuak eta ebentoak nola ulertzen eta nola kategorizatzen ditugun, gizatalde moduan.

Berezia da kategorizazioaren afera. Zeintzuk atributu izan behar du elementu batek  kategoria jakin batean sartzeko? Antropologiaren ikuspegitik berdin dio pinguino bat objektiboki hegazti bat den ala ez (hau ere Carme Junyet eta Pere Cornellasen adibidea da). Garrantzitsua dena da jakitea dena delako kultura batek horrela kategorizatzen duen ala ez.

Kategorizazio horren baitan, prototipoen teoriak hainbat argibide ematen ditu, 5 puntutan: (a) kategoria guztietan beti dago elementuren bat erabat koadratzen ez duena ezaugarri guztiekin; (b) kategoria bateko elementu guztiak ez dira erabat ezberdinak; (c) kategoriek muga lausoak dituzte sarritan; (d) antzekotasun gurutzatuak dituzen elementuak kategoria berean sartzen dira, nahiz eta ezaugarri berberak ez izan (adib. maitasuna eta poesia); (e) estereotipoen arabera sartzen da elementu bat kategoria batean (emakume bat ile txuria duena, amonen kategorian sartuko dugu, bilobik ez badu ere).

Hortaz, kategoriak muga lausoak dituzten multzoak dira: erdigunean elementu prototipikoak daude (ezaugarri guztiak betetzen dituztenak) eta pereferian horren prototipikoak ez direnak. Kategoria guztietan dago elementuren bat erabat koadratzen ez duena.

Akordatzen zarete euskal kulturari buruzko eztabaidaz? Honen guztiaren argitan beste modu batean ulertu daiteke eztabaida. Zer da euskal kultura? Zeintzuk ezaugarri behar ditu dena-delako adierazpide batek, kategoriaren erdigunean sartzeko? Zeintzuk izan behar ditu, kategoria horretan leku bat izateko, periferian besterik ez bada ere? Euskarak zein leku du atributu-zerrenda horien baitan?


Munduan leku bat

“Munduan leku bat” Adolfo Aristarain zinemagile argentinarrak 1992an zuzendu zuen film ezagun bat da. John Dos Passos idazlearen “Chosen Country” nobelari antzeko izenburu jarri zioten gaztelaniaz: “Un lugar en la tierra”. Siriako errefuxiatuei buruz argitaratu berri duten liburu batean ere halaxe ageri da: “un lugar en el mundo” gaztelaniaz, eta “nowhere boy” ingelesez.

Erretorika klasikoan “locus” edo “topos” deritzo horri. Oinarrizko lekune komun bat sortzea da, handik argudioa eraikitzeko. Locus dira, halaber, literaturan errekurtsiboak diren gaiak, egoerak, iturriak edota irudiak. “Munduan leku bat” horixe da: locus bat; herriaren eta herbestearen imaginarioa dakarkigun irudi komun bat.

MUNDUAN LEKU BAT

Jon Maia bertsolariak urteak daramatza 60 eta 70eko hamarkadetan Andaluziatik, Extremaduratik zein Gaztelatik iritsi ziren etorkinen ikuspegia euskaldunei kontatzen. Lan handia egin du estereotipoak apurtzen.

Sortu berri duen Hezurbeltzak taldearekin honelaxe kantatzen du:

Belarrimotz, bideluze,
sasi-euri eta laino,
olibondotik gatoz
kantu honetaraino
Zer eman ziezagukeen
bizitzak ala lurrak
ez bada oliba batzuk eta
hil arte munduan leku bat

Eta honela ere bai:

Olivo contra el olvido
en esta tierra que amas
donde has muerto y has vivido
Nosotros somos tus ramas
de sentimiento profundo
Qué más nos podría dar la tierra
que unas aceitunas, y un lugar en el mundo

Hemen entzun ahal dituzue:

LEKU BAT MUNDUAN

Kataluniako Generalitateak San Jordi gurutzea eman berri dio Carme Junyent hizkuntzalariari. Hortaz kuxkuxeatzen ari nintzela, 2009an L´hora de las bruixes irratsaioan egin zioten elkarrizketa aurkitu dut. Hizkuntza gutxituen garrantziaz galdetu zioten: zergatik diren garrantzitsuak eta zergatik dauden mehatxatuta.

Carme Junyenten ustez mehatxaturik dira, enbarazu egiten dutelako. Izan ere, hizkuntza gutxituek ahalmen handia dute, espazio libre bat eratzen dutelako: espazio bat, non merkatuak eta inperioak sarbiderik ez duten. Carmek horrela uste du. Gainera, bere ustez, “beren hizkuntzak gordetzen dituzten komunitateek aukera hobeak dituzte bizirik irauteko eta beren bizitzaren kontrola izateko”.

Hizkuntza galtzen duten komunitateak desegituratu egiten dira. Beste inoren morroi bihurtzen dira: populazio akulturatuak, nor diren jakin ere ez dakitenak. Identitate-krisia hortik datorkie. Izan ere, ordura arte hizkuntzak eman diena galdu dute: leku bat munduan.

Elkarrizketa hemen entzun ahal duzue:

Hizkuntzak, emozioak, sentimenduak…

POMPEU FABRA KATEDRAREN HIRUGARREN JARDUNALDIAK “El sentiment de pertinença i la llengua” izan du hizpide: emozioak, sentimenduak eta hizkuntzak. Bideoak youtuben argitaratu dituzte eta han kuxkuxeatzeko aukera izan dut.

Carme Junyent irakasle mundiala da. Hitzaldian identitate anitzak defendatu ditu:

  • Bere ustez identitatea nagusiki hiru irizpidetan oinarritu izan da: arraza, erlijioa edo hizkuntza.
  • Arraza oso kontzeptu eztabaidagarria da. Eztabaida horretan sartu gabe ere, arrazan oinarritutako identitateek badute arazo bat, ezin baitira hautatu. Ezin dira eskuratu. Bazara edo ez zara.
  • Erlijioaren kasua ezberdina da. Erlijio berri bat adoptatu ahal duzu, eta horrekin identitate erlijioso berri bat hautatu. Baina identitate horiek ez dira metagarriak. Baztertzaileak dira. Pertsona bat nekez izango da multi-erlijiosoa. Horrelako gutxi dago munduan.
  • Hizkuntzan oinarritutako identitateak, ordea, hautagarriak eta metagarriak dira. Horra hor beren abantaila: erabat posiblea da bertoko identitatea adoptatzea, jatorrizko identitateari uko egin gabe.

Beste bi apunte interesgarri utzi ditu:

  • Bada ideologia linguistiko bat, hizkuntza komunikatzeko tresna soil bat dela defendatzen duena. Behin komunikatzea lortuta, alferrik gainontzeko guztia. Ideologia horrek badu indarrik, oraindik ere. Dena den, ez da kasualitatea ideologia erabat elebakarra izatea.
  • Errepublika katalanaren hizkuntza ofizialari buruz galdetu diote. Ofizialtasunaren inguruan, oro har, eszeptikoa da: “hizkuntza handiek ez dute ofizialtasunik behar, eta hizkuntza txikiei ofizialtasunak ezer gutxi aportatzen die praktikan”. Ez dut uste Nafarroa eta Iparraldeko euskaldunak iritzi berekoak direnik, baita tira… Bi gauza besterik ez du eskatzen berak: (a) katalana beharrezkoa izatea, eta (b) gaztelania derrigorrezkoa ez izatea. Horrekin konformatzen dela dio. Geuk ere sinatuko genuke, ezta?

Sarrera-hitzaldiaren ondoren hiru hiztun berri aritu dira: Gagandeep Singh [Un sikh a Catalunya], Najat El Hachmi [Arrelar llegint] eta Matthew Tree [El poder de les llengües, a Catalunya i més enllà].

Ideia batzuk:

  • Bizi-bizia da kanpokoak izan eta hizkuntza gutxitua bereganatu duten hiztunen esperientzia. Antzeko anekdotak kontatuko dizkizute behin eta berriz: botikan katalanez eskatu eta musu bi ematera hurbildu zaien amona, edota entzutearekin batera jarrera erabat aldatu duen dendaria… Oso-oso berezia da anekdota horiek nolako indarrarekin eta nolako ilusioarekin kontatzen dituzten entzutea. Emozioez eta sentimentuez hitz egiten dute bete-betean.
  • Matthew-ek kontatu duenaren arabera, Portugalen ere antzeko zerbait gertatzen da, portugesa hizkuntza gutxitua ez bada ere. Portugal modan dago eta ohituta daude turistekin; baina ez daude batere ohituta portugesez komunikatzen saiatzen diren turistekin… Aukera baduzue, egin proba.
  • Hizkuntza batek sortzen dituen emozioen tamainak ez du zerikusirik hizkuntzaren tamainarekin (edo bai, baina —izatekotan— alderantziz proportzionalak lirateke). Ingelesa nazioarteko hizkuntza izatera iritsi da. Ingelesa ikasten duen jendeak elkarrekin komunikatzen du. Baina ingelesak ez die balio bere emozioak, sentimenduak eta barneko bulkadak adierazteko. Erdi bidean gelditzen dira.
  • Memoria da historiaren intimitatea. Historia botere-harremanez zipristindua dago. Memoria librea da. Najat El Hachmik Montserrat Roig idazlearen eskutik ezagutu zuen Herrialde Katalanetako garai bateko memoria eta idatz-zaletu egin zen. Bere liburuetan harek ezagututako immigrazioaren memoria kontatu nahi izan du; memoria emozioa baita.

Hitzaldi hauek guztek Nelson Mandelaren esaldi ezagun hura gogorarazi didate: gizon edo emakume bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara; bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara

Aukera baduzue, bideoak ikusi. Merezi du.

 

Hizkuntzak nola akabatzen diren. Carme Junyent-en hitzaldia

AURREKO ASTEAN Carme Junyet irakaslearen hitzaldi bat entzuteko aukera izan dut. Hizkuntzen galerari buruz hitz egin du, baina baita askoz gauza gehiagori buruz ere. Mundiala da emakumea!

Cs4SZYOWgAAE2U6Apunte gutxi batzuk hartu, eta jaso bezala ekarri ditut, gehiegi landu gabe. Hona:

  • Hizkuntza baten heriotzak hiru fase ditu: (a) komunitatea erabat elebiduntzea; (b) transmisioa etetea; (c) azken hiztunak (heriotza). Munduan 6000 hizkuntza dagoela kalkulatzen baldin bada, horietatik % 40 (a) fasean daude, % 40 (b) fasean eta % 10 (c) fasean. Kalkula ezazue, bada, zenbat hizkuntza dagoen arriskutik kanpo.
  • Oro har prozesua luzea izan ohi da; hainbat mende iraun dezake. Adi egotea komeni da; teorian bederen, lau belaunaldi nahiko izan baitaitezke hizkuntza bat desagertzeko.
  • Hizkuntzak ez dira hiltzen arrazoi linguistikoengatik. Arrazoiak beste inon bilatu behar dira. Orobat honako hauetako bat izango da (edo bat baino gehiago): (a) genozidioa; (b) transmisioaren eten behartua; (c) hizkuntzaren eta lurraldearen arteko harremana haustea; (d) hezkuntzan hizkuntza menderatzaileari nagusitasuna ematea; (e) hiztunen marginazioa…
  • Hezkuntzari gagozkiola, bada hor paradoxa triste bat: izan ere, hezkuntza oso tresna eraginkorra izan da hizkuntzak ordezteko; baina hizkuntza gutxitua biziberritzeko ez du eraginkortasun bera erakutsi.
  • Bartzelonatik gertu dagoen Masquefa herrian jaio da Carme. Bertan bizi den emakume baten kasua kontatu du: lehen hizkuntzak guarani eta portugesa ditu (Brasileko mugatik gertu dagoen herri batekoa delako); Kataluniara etorrita, gaztelania ikasi zuen, bertako guztiek horrela egiten ziotelako. Orain seme-alabekin katalanez jardutea erabaki du, katalanez eskolatu arren, eskolan gaztelania ikasi dutelako. Honela kontatu zuen twitter-en:
  • Feministatzat du bere burua, baina kritikoa da hizkuntza ez sexista osatzeko egiten ari diren proposamenekin. Hizkuntzalaria izanik, uste du gehiegizko interbentzionismoa dela hizkuntza horrela egokitu nahi izatea. Alde horretatik, kritika ugari jaso ditu.

Hitzaldia  zikloaren baitan antolatu da. Iazko hitzaldi guztiak egitasmoaren blogean daude ikusgai: hitzadinamintzo.blogspot.com.es