Ohartu zarete hezkuntzan orain gutxixeago hitz egiten dela ebaluazio jarraituari buruz? Garai batean puri-purian egon zen hezkuntzaren diskurtsoan baina ez dakit ez ote duen indarrik galdu. “Ebaluazio jarraia” esaten zen orduan, Euskaltzaindiak “jarraitua” hobetsi arte. Ebaluazio jarraitua aldarrikatu eta beherala “kontrol” hitza agertu zen. Kontrola, hitz itsusiagorik! Ebaluzio jarraitua ez, baizik eta kontrolak noiznahi, bata bestearen jarraian. Gaztelaniaz are politagoa esaten zen hitz-jokoa: “evaluación continua vs. continuas evaluaciones”.
Kostatu da ebaluazio jarrituaren kontzeptua proiektuen ebaluaziora iristea. Proiektuen, programen eta planen ebaluazioa inpaktuen ebaluziorari eta amaierako ebaluazioari begira egon baita eta dago: “Esan genuena egin dugu?” “Horrek sortu al du espero genuen inpaktua?”.
Oso planteamendu lineala da, konplexitatea bere baitan biltzen ez duena. Testuinguru konplexu batean, ordea, ezezagunarekin jokatzen dugunean, irtenbideak ez dira hasiera-hasieratik garbi, baizik eta, sarritan, prozesuan zehar azalarazten dira.
Duela gutxi, Agirre Lehendakari Center taldeak artikulu interesgarri bat argitaratu zuen “ebaluazio ebolutiboari” buruz.
Haien ustez galderak aldatzea da gakoa: Egiten ari garena laguntzen ari da helburuak lortzeko? Zer gertatzen ari da? Zer funtzionatzen ari da? Zer aldatu behar da? Zer mantendu behar dugu? Zeintzuk prozesuren inguruan ari da entusiasmoa sortzen? Zenolako narratibak ari dira azalarazten? Narratiba horiek baliagarriak izango zaizkigu sistemak aldatzeko? Zeintzuk eragile berri ari dira azaltzen?
Artikulua laburtu beharko banu, niri bost puntu egin zaizkit bereziki deigarriak. Aholku moduan jaso ditut hemen:
- Egiten ditugun ekintzen datuak jaso. Egiten duguna dokumentatu.
- Ebaluazio ebolutiboa erabili, sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzeko. Horretarako entzute sakona erabiltzea proposatzen dute.
- Prozesuan zehar, eztabaidak eta erabakiak ere dokumentatu, erarik onena baita prozesuan azalarazten ari diren kontuak jasotzeko (etorkizun emerjentea).
- Tarteka gogoeta-saioak antolatu datu horien gainean jarduteko: “Horrek zer esan nahi du?” “Zein da hurrengo urratsa?
- Denok gara ebaluazioaren parte, baina komeni da funtzioak banatzea. Bada funtzio bat bereziki zaindu behar dena: “lagun kritikoa” deitzen diote. Lagun kritikoa zintzoa da, egiten ari garena zalantzatan jartzen du etengabe, baina gauzak era konstruktiboan azaltzen asmatzen du. Ez da erraza, gero!
Artikulua hemen.
Zergatik gure proiektuak berritu?
Programak ezagutzen ditut 10 urte iraun dutenak, funtsezko aldaketarik gabe. Eta oraindik ere badute bere arrakastatxoa: hala edo nola funtzionatzen dute.
Seme-alaben ikastolako irakasle batek halaxe aipatzen du sarri: “funtzionatzen badu, zertarako aldatu?” Inoiz ez dut erantzuteko betarik hartu, baina egunen batean animatuko naiz.
Ez da ona etengabe berritasunen atzetik ibiltzea. Hori ere egia da. Nobedadea moda bihurtzen denean, kontsumoaren legeen atzaparretan erortzen gara: moda-modako tendentziak gurera ekarri, eta programa berria “diseinatu”. Berrikuntza, halakoetan, alferrikakoa bihurtzen da: dena berritu, dena berdin jarraitzeko.
Enpresaren munduan, hala ere, badakite negozioak etengabe mugimenduan egon behar direla. Etengabeko hobekuntzaren kontzeptua asmatu dute, dena kontrolatzeko obsesio dosi handi batekin bada ere: “Neurtu behar da. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Eta hobetzen ez bada, lehenago ala beranduago txarrera egingo du”.
Programak ezagutzen ditut 15 urte iraun dutenak; baina, noiz edo noiz, ukituren bat edo beste behar izan dute. Tarteka orden apur bat jarri behar izan da: berrantolatu, bizirik jarraitzeko.
Naturan eta unibertsoan dagoen kaos eta desorden mailari entropia deritzo. Entropia etengabe handitzen da. Termodinamikaren bigarren printzipioa da: desordena da unibertsoaren legea, sistema guztiak desordenerako joera dute. Kaosa da berezko tendentzia. Gure proiektuekin ere gauza bera gertatu ohi da: dena txukun-txukun antolatu, baina desordena nagusitzen da etengabe. Gelditu, aztertu eta berriztatu beharra dago aldioro.
Programak ezagutzen ditut 20 urte iraun dutenak; baina, uneren batean, goitik behera berrikusi eta berritu behar izan dira.
Proiektuak izaki bizidunen modukoak dira: jaio, elikatu, hazi, ugaldu… eta —tarte horretan inork berritzen ez baditu— hil egiten dira.
A priori ez dugu uste gure proiektuek iraungitze-datarik dutenik. Ez dugu programen obsoleszentzia programatuan sinisten. Baina argi dugu ezinbestekoa dela berrikuntzaren klabeak gurera ekartzea.