Gustatu zait BABESGUNE kontzeptua.
Maite Puigdevall irakaslearen bi hitzaldi ikusi ditut sarean: (a) L’aprenentatge del català: de l’aula als entorns d’ús (VIII Jornada sobre Llengua i Societat als Territoris de Parla Catalana) eta (b) Què són i com es creen els espais lingüistics segurs? (V Jornada de Dinamització Lingüística). Oso kontzeptualizazio interesgarria iruditu zait:
- Haren esanetan, katalanak bi arazo ditu: (a) gaztelaniarako konbergentziaren araua (horren arabera, katalan-hiztuna gaztelerara igaroko da, aurrean duen pertsonak gazteleraz egiten badu), (b) gaztelaniaren interposizioaren araua (katalan-hiztunak, mundura irekitzen denean, gaztelania erabiltzen du zubi-hizkuntza moduan).
- Bien konbinazioak oztopatu egiten du hizkuntzaren adopzioa. Ezin hizkuntza berri bat adoptatu (mudantza linguistikoa), hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez dadago. Hizkuntza erabiltzeko espazioak, denborak eta harreman-sareak funtsezkoak direla azaltzen du.
- Horretarako gune seguruen beharra aldarrikatzen du. Kontzeptua pentsamendu feministaren baitan sortu zen, LGTBI pertsonen testuinguruan. Soziolinguistikaren esparrura ekarrita, gune seguruak (babesguneak) gizarte-espazioak dira, non katalana ondo eta zuzen erabitzeko presioa arindu egiten den; horregatik, hiztun berriek beren auto-errepresentazioarekin esperimentatu ahal dute, gerora beste espazioetara zabaltzeko.
- Gune seguruak (babesguneak) edo zubi-espazioak bi eratakoak direla adierazten du: (a) berariaz hizkuntza praktikatzeko sortutakoak (gure mintzalagunak, esate baterako; edo AUZOKO taldeak); (b) dagoeneko existitzen diren taldeak, interes jakin baten inguruan biltzen direnak, hizkuntzaren erabilera trinkoa egiten dutenak, eta une jakin batean paper hori jokatzeko erabakia hartzen dutenak (kultur taldeak, kirol elkarteak…).
- Horren guztiaren atzean, bada kontzeptu bat niri izugarri potentea iruditzen zaidana: agentzia kolektiboa. Komeniko luke horretan sakontzea, baina hori hurrengo baterako utziko dut.
Euskal Herrian ibilbide interesgarria izan du BABESGUNE kontzeptuak. Etorkizunean ere, are ibilbide oparoagoa izan dezake:
- BAT aldizkariaren azken-aurreko alean bazen horri buruzko artikulu bat: Ekintza-ikerketa partehartzailea euskararen hiztun aktibo bihurtzeko babesgune eta zubi-espazio.
- Euskara Kirolkide proiektuaren oinarrian erabat zentrala da babesgune kontzeptua: proiektuaren gako-ideietako bat da, hain zuzen, euskarari dagokionez, kirol klubak babesgune izan daitezkeela bertan biltzen diren gaztetxoentzat. Horretan sakondu nahi dute. Nola bihurtu kirol entitate bat babesgune? Zein izan behar dira babesgune baten ezaugarriak?
- Migrazioez eta harrera linguistikoaz ari garela… gurean ere, Katalunian bezala, babesguneek oso ekarpen interesgarria egin dezaketela iruditzen zait. Litekeena da esperientzia bat edo beste egotea, baina oraindik asko dago lantzeko.
Portzierto… ohartu zarete ARIGUNEtik BABESGUNEra ze tarte txikia dagoen?
Izan ongi!