Orain dela pare bat urte (agian gehixeago) zehalerrotasunari buruzko sarrera sorta bat idatzi nuen blog zaharrean: bat, bi eta hiru. Iaz beste bat egin nuen batzorde interdepartamentalen inguruan: hemen. Nabari da gaiak kezkatzen nauela.
Koordinazioaz eta zeharlerrotasunaz ari garelarik, Gorka Juliok hitzaldietan erabili ohi duen adibide bat etorri izan zait burura. Adimen kolektiboa zer den azaltzeko honako bideo hau erabiltzen du:
https://www.youtube.com/watch?v=IbuhWLUr3Zo
Arabazozoak dira. Han ageri direnak maila lokalean elkarrekin inteaktuatzen duten norbanakoak dira. Ez dago kontrol zentralizaturik, ez dago bakoitzak zer egin behar duen esango duenik, ezta koordinazio egiturarik ere. Oso-oso arau sinpleen bidez jokatzen dute, baina oso jokabide global konplexuak lortzen dituzte. Adituen ustez, hiru arau sinple dira saldo horien jokabidea gobernatzen dutenak: (a) gertu dituzun kideen norabide berean hegan egin (b) ez gehiegi urrundu ondoan dituzun kideengandik (c) gertuko kideekin distantzia bat izan, elkarren kontra ez jotzeko. Emaitza harrigarria da: ehunka txori batetik bestera “dantzan”, ikuskizun zoragarri bat osatuz.
Koordinazioaz eta zeharlerrotasunaz ari garelarik, horrelako zerbait behar dugula iruditzen zait: “demos” bat osatzen dugula sinistea, politika transbertsal horiek denon ardura direla jakitea, eta arau gutxi batzuk. Arau gutxi, baina balioaniztunak eta sendoak. Espazioak akotatu behar badira, espazioak akotatu; eta mugarik jarri behar bada, mugak jarri. Agian ez da behar askoz gehiago. Handik aurrera ekin… sormena erabili, autozentsurarik gabe eta baimena eskatu beharrik gabe. Emaitzak harrigarriak izan daitezke.