Hirien soziolinguistika: hirian, lehentasunak non

Oso ezaguna ez bada ere, Mikel Zalbidek lan interesgarria egina du Fishmanen BAEN eskalaren inguruan (belaunen arteko etenaren neurria). Gogoratzen duzue, ezta? Fishmanek 8 mailadun eskala bat proposatu zuen, handitik txikira, hizkuntza minorizatuaren dislokazio maila ezberdinak deskribatzeko:

Zalbidek 6. mailan jartzen du fokoa. Bere ustez, hor dago erronka. Halere, uste du eskala ezin dela era linealean ulertu. Ziur aski, orain eta hemen (Euskal Herrian), urrats guztiak batera ematen ari direla dio: oso litekeena da leku batean 2. mailatik oso gertu egotea (herri arnasgune euskaldunetan, esate baterako) eta beste batean, 7.ean egotea (Iparraldeko hainbat herritan, akaso).

Zalbidek, Fishmanen eredutik abiatuta, 14 atal dituen eredu bat proposatu du. OEDA deitu dio: Euskararen Osasun Diagnostikorako Aplikazioa. Han, Fishmanen 6. urrats horren baitan azpi-eskala bat proposatu du, Euskal Herrian ematen diren fenomenoak hobeto atzemateko:

  • (BZ-6a): herritarren eguneroko jardun arrunta euskaraz da, hitzez
  • (BZ-6b): herritar gehienen eguneroko jardun arrunta euskaraz da; baina hainbat herritarrek erdaraz egiten du.
  • (BZ-6c): hainbat herritarrek euskaraz egiten du sarri eguneroko jardun arruntean; zenbaitek bietara; hainbatek erdaraz.
  • (BZ-6d): herritar gehienek erdaraz egiten dute; hainbat herritarrek euskaraz egiten du etxean, lagunartean eta, hainbatetan, kalean.
  • (BZ-6e): herritar gehien-gehienek erdaraz egiten dute; batzuek euskaraz edo bietara egiten dute etxean eta lagunartean, gainerakoan erdaraz.

Haren esanetan:

“Euskal hiztun gehienok ez gara arnasguneetan bizi; (BZ-6c)ko ingurumen zabalagoetan ere ez. Hiriburuetan eta herriburu nagusietan bizi gara gehienok: (BZ-6d)ko ingurumenetan batzuk (demagun Donostian eta bere gerri-bueltan: Irundik Andoaina doan konurbazio gehiena), (BZ6e)koan besteak (tartean Bilbo-Iruña-Gasteiz-Baiona). Bertan jaiotako euskal hiztunen eta bizi izatera etorritako euskaldunen bilgune ditugu lekuok. Gutxi-asko erdal-giroan murgil eginik bizi gara bertako gehienok.

Bere ustez, erdara nagusi den hirietan [(BZ-6d) eta (BZ-6e)] euskal giro arrunta berreskuratzen saiatzea da erronka. Hau da: (BZ-6d) (BZ-6e) ⇒ (BZ-6b) (BZ-6c). Oso-oso lan zaila da hori, bere esanetan:

“Erdara nagusi (askotan jaun eta jabe) den ingurumenotan euskarazko hiztun-taldeak edota harreman-sareak eratzea eskatzen du horrek, lehendik bizirik daudenak mantentzeaz gainera. Nola egin hori? Aurreko atalean azaldu den bide batezko euskalgintzaz edo bide batezko hizkuntza-plangintzaz baliatu behar da hemen ere. Euskarazko zerbitzu-eskaintza eratu behar da hor ere, halakorik nahi edo behar duten euskaldunentzat. Goitik beherako plangintza instituzionalak dagoeneko eskaintzen dituen euskarazko eskolatze- eta alfabetatze-aukera ugariez gainera, eta behetik gorako perspektiban seguruenik, euskaldun-jendearen arteko harreman-sare informalak eratu, zabaldu, indartu eta bizirik mantendu behar dira.

Auzo-laguntzan oinarrituriko formulazioa dugu, horretarako, hoberena: euskaldun-jendeak behar dituen zerbitzu normalak euskaraz eratu eta “D eredu” moduan eskaintzea. Herritarren benetako beharrei erantzuteaz gainera, “bide batez” alegia, esparru informal-intimoetan euskarazko jarduna indartzeko eta zabaltzeko neurri egokia da hori. Izugarri lan delikatua da: arras delikatua baina, kreatibo-modernoa eta, bere aje guztiekin, askogatik emankorrena.”

Gaizki ulertu/interpretatu ez badut, ideia interesgarriak iradokitzen ditu Zalbidek:

  • Hizkuntza biziberritzearen ikuspegitik, hiriek behar berezituak dituzte: batzuk hiri bakoitzaren egoera soziolinguistikotik datozkio, baina beste batzuk hirien berezko izeratik eta egituratik, agian. Hirien Soziolinguistikarekin edo Soziolinguistika Urbanoarekin dute zerikusia.
  • Hirietan euskaldun ugari izanik baina —sarritan— sakabanatuak, beste inon baino beharrezkoagoa da euskara erabiltzeko aukera estrukturalak sortzea: euskaraz funtzionatuko duten espazioak eta harreman-sareak, alegia.
  • Horrek gainditu egiten ditu “ohiko” euskalgintzaren mugak. Gainditu? Agian “zabaldu” esan beharko genuke. Zalbidek berak teorizatu zuen “berariazko euskalgintza” eta “bidez batezko euskalgintza” zer diren. @garagoikoa blogean ederki azalduta dago: https://www.argia.eus/blogak/txerra-rodriguez/2014/09/25/bide-batezko-euskalgintza/. Horixe da, beraz, proposamena: administraziotik eta euskalgintzatik harago, gizarte eremu anitzetan diharduten entitateek iniziatiba eta protagonismoa hartzea.

Munduan leku bat

“Munduan leku bat” Adolfo Aristarain zinemagile argentinarrak 1992an zuzendu zuen film ezagun bat da. John Dos Passos idazlearen “Chosen Country” nobelari antzeko izenburu jarri zioten gaztelaniaz: “Un lugar en la tierra”. Siriako errefuxiatuei buruz argitaratu berri duten liburu batean ere halaxe ageri da: “un lugar en el mundo” gaztelaniaz, eta “nowhere boy” ingelesez.

Erretorika klasikoan “locus” edo “topos” deritzo horri. Oinarrizko lekune komun bat sortzea da, handik argudioa eraikitzeko. Locus dira, halaber, literaturan errekurtsiboak diren gaiak, egoerak, iturriak edota irudiak. “Munduan leku bat” horixe da: locus bat; herriaren eta herbestearen imaginarioa dakarkigun irudi komun bat.

MUNDUAN LEKU BAT

Jon Maia bertsolariak urteak daramatza 60 eta 70eko hamarkadetan Andaluziatik, Extremaduratik zein Gaztelatik iritsi ziren etorkinen ikuspegia euskaldunei kontatzen. Lan handia egin du estereotipoak apurtzen.

Sortu berri duen Hezurbeltzak taldearekin honelaxe kantatzen du:

Belarrimotz, bideluze,
sasi-euri eta laino,
olibondotik gatoz
kantu honetaraino
Zer eman ziezagukeen
bizitzak ala lurrak
ez bada oliba batzuk eta
hil arte munduan leku bat

Eta honela ere bai:

Olivo contra el olvido
en esta tierra que amas
donde has muerto y has vivido
Nosotros somos tus ramas
de sentimiento profundo
Qué más nos podría dar la tierra
que unas aceitunas, y un lugar en el mundo

Hemen entzun ahal dituzue:

LEKU BAT MUNDUAN

Kataluniako Generalitateak San Jordi gurutzea eman berri dio Carme Junyent hizkuntzalariari. Hortaz kuxkuxeatzen ari nintzela, 2009an L´hora de las bruixes irratsaioan egin zioten elkarrizketa aurkitu dut. Hizkuntza gutxituen garrantziaz galdetu zioten: zergatik diren garrantzitsuak eta zergatik dauden mehatxatuta.

Carme Junyenten ustez mehatxaturik dira, enbarazu egiten dutelako. Izan ere, hizkuntza gutxituek ahalmen handia dute, espazio libre bat eratzen dutelako: espazio bat, non merkatuak eta inperioak sarbiderik ez duten. Carmek horrela uste du. Gainera, bere ustez, “beren hizkuntzak gordetzen dituzten komunitateek aukera hobeak dituzte bizirik irauteko eta beren bizitzaren kontrola izateko”.

Hizkuntza galtzen duten komunitateak desegituratu egiten dira. Beste inoren morroi bihurtzen dira: populazio akulturatuak, nor diren jakin ere ez dakitenak. Identitate-krisia hortik datorkie. Izan ere, ordura arte hizkuntzak eman diena galdu dute: leku bat munduan.

Elkarrizketa hemen entzun ahal duzue:

Diskurtsoei buruzko diskurtsoa

JOXERRA GARTZIA sarritan kexu ageri izan da euskararen komunikazio-estrategiari buruz. Bere ustez, euskarak produktua eta marka izan behar du, komunikazioaren ikuspegitik. Markak, azken batean, karpetak dira eta barruan 2-3 item egon behar dira, ez gehiago. Diskurtsoaren bidez lortu behar dena da item horiek guri interesatzen zaizkigunak izatea eta ez beste batzuk. Joxerra Gartziaren esanetan, euskararen irudia, gaur egun, amesgaizto bat da: oso denbora gutxian amona zahar bat izan da, haizagailu bat, birus bat eta txantxangorri bat. Bere ustez, horrela ezin da marka bat osatu.

EGOD proiektuan, Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak aztertu zituzten Iñaki Martinez de Lunak eta bere taldeak. Jendartean nagusi diren bost diskurtso identifikatu zituzten: a) mesfidatia, b) sustatzailea, c) aldarrikatzailea, d) balio pragmatikoarena eta e) errespetuarena. Bakoitzaren atzean dauden ideiak aztertu eta 21 item identifikatu dituzte, jendartean erabat (edo kasik erabat) onartuak: elkarren arteko errespetuarekin dute zerikusirik, euskararen balio pragmatikoarekin eta euskararen aldeko jarrerarekin. Egileen ustez, horiek zoru komuna osatzen dute, eta zoru horren gainean diskurtso berritu eta partekatu bat eraikitzeko aukera dago.

Zoru komunaren ideia tentagarria da, baldin eta Jon Sarasuaren moduan ulertzen badugu. Duela gutxi honelaxe esan du: “ez dadila izan batezbesteko epel batean geratzeko, baizik eta ekinbide soziolinguistiko sendoak abiarazteko”  [Berria egunkarian, 2019-03-03].

Lehen ere horretaz jardun dugu. Kontua da Kataluniako Direcció General de Política Lingüística-k antolatzen dituen Matinals de Llengua jardunaldietan, oso saio interesgarri bat egin berri dutela guzti honetaz, eta horrek zer pentsatu eman didala: Llengua i joves a Catalunya: usos lingüístics i arguments per a la promoció del català izenburua izan du. Batetik gazte jendearen erabilera linguistikoak aztertu dituzte, eta bestetik, katalanerari buruzko diskurtsoak gaurkotzeko lan baten berri eman dute. Interesgarria iruditu zait. Gazteak xede-taldea direlarik, katalana indartzeko 40 arrazoi zerrendatu dituzte, 6 enfoke nagusitan sailkatuta. Honelaxe:

  • Integrazioa, atxikimendua eta gizarte kohesioa
  • Ikasteko erraztasuna
  • Katalanaren balio instrumentala
  • Konpromiso etikoa dibertsitate globalarekin
  • Norberaren erantzukizuna
  • Ahalduntzea eta norbere buruarekin gustura egotea

Kalean katalanari buruz dauden argudioak bildu dituzte, egokitu, berritu eta osatu. Han ere aniztasuna defendatzen dute: argudio ugari eman, nork berea errezago aurki dezan. Jardunaldiaren material guztia (bideoa barne) hemen aurkitu ahal duzue: Matinals de Llengua

Ez dut gogoratzen nori entzun nion baina gustatu zitzaidan: diskurtsoak egokitu ez… diskurtsoak ugaritu egin behar ditugu. Ez dugu dikurtso bakarra nahi, diskurtsoen konstelazio bat baizik. Euskaraldian bertan, hamaikakoaren ideia bikaina iruditu zitzaidan: tipologia ezberdinetako hamaika pertsona, hamaika erreferente, euskarara hurbiltzeko hamaika arrazoi, hamaika diskurtso. Iruditzen zait ideia ez genuela ondo landu, eta aukera polit bat galdu genuela. Enpin! Hurrengoan izango da!

Frikia naiz, eta zer?

FRIKI hitza ingelesetik dator: “itxuraz edo jokamoldez ezohikoa” esan nahi omen du. Zaletasun, jokaera edo itxura ezohikoak dituzten pertsonak dira (beste kontu bat da ezohikoa zer den definitzea). Frikiek informatika maite dute, eta elektronikoa, zientzia, matematika, filatelia, bideo-jolasak, komikiak, manga, zientzia fikzioa eta abar. Beren zaletasunean badute obsesio ikutu bat.

Friki izatea da gai batekin apasionaturik bizitzea, horrenbeste non xehetasun eta txikikeria guzti-guztiak garrantzitsu bihurtzen diren.

Ikastolan entzunik, bertso-friki deitzen diete bertso eskoletan zaletasun gehien erakusten duten ikasleei. Ez da iraina. Ikasleek izen hori errebindikatu egiten dute, harrotasun puntu batekin. Toponimiarekin antzeko zerbait ikusi dut. Zaletu asko dago Euskal Herrian, eta benetako frikiak dira.

Duela aste pare bat Manu Ruiz Urrestarazu ezagutzeko parada izan nuen. Mendiaz eta toponimiaz ari zela, Gasteiz inguruan behin baino gehiagotan ageri den KAPILDUI izenaz galdetu nion. Luzaz jardun zuen. Ezin erantzuna oso-osorik buruan gorde. Zorionez idatzirik ere badu (gerora aurkitu dut):

Izkitik iparraldera Kapildui mendia jaikitzen da. Kapildui kapilez osatutako landareduia izango zen. Eta zer da ba kapil hori? Okarizen, Lautadako ekialdean, badago mendi bat Gabilamendi dena. Kapil(a), gabila. Arabako Lautada eta Mendialdeko hizkeraz, «abillurri» eta baita «abilarri» ere (Kontrastan) deritzate arantza edo elorri zuri landareari (Crataegus spp.); «abillurri» edo «abilarri» horiek «ahabi-elorri» konposaketatik ote datoz?

Kapil izenera bueltatuz, antzeko edo sinonimo litezkeen gabila, kabila izenak, izen horien erabilpen batzuetan egur multzo edo mota batekin erlazionatuta agertzen zaizkigu. Naturan, elorri edo arantza zuriz osatutako basotxoak (Crataegus monogyna zein Crataegus laevigata-koak) harizti eta pagadi basoen alternatiba edo laguntzaileak izaten dira. Azken mendeetako espezieen distribuzioan elordiek atzerapen nabarmena izan dute; orain mende batzuk eta ganadua edonondik ibiltzen zenean, elorria nahikoa ondo defendatzen zen bere arantza mingarriak zirela medio; basogintza modernoa sortzen denean, XVIII. eta XIX. mendeetan eta ordutik hona, gizonak baso-basoak nahiago izan ditu, zur eta egurretan ekoizpen handiagokoak direnak, zuhaiznoz betetako basotxoak baino eta elorri asko moztuak izango ziren azken bi mendeetan; horrez gain, baso itxietan, harizti eta pagadietan, azken hauetan batez ere, arbolen itzala lagun txarra da basoko arbola mota nagusia baino tamaina txikiagoa duten espezieen bizitzarako. Baina hala eta guztiz ere, basoa irekitzen zen guneetan eta larreetan elorriak landare arruntak ziren Kapilduin, baita Gabilamendin ere.

Berroztegietako hariztietan Kapilduia toponimoa bi tokitan topatzen dugu eta hor ere elorri zuriak agertzen dira multzoka. Litekeena da ba, nire ustez, gabila, kapil(a) izen hori egurrari lotuta izatea edo espezifikoki elorri zuriari zuzenduta izatea aipatu ditugun Arabako oikonimo hauetan.

Testu osoa hemen eta antzeko beste bat hemen.

Fenomeno bat da Urrestarazu. Donostian jaioa; Mendi Ingeniaritzan doktorea; Arabako Foru Aldundiko Basogintza Zerbitzuko buru, erretiroa hartu arte; eta Euskaltzain urgazle, 1969az geroztik. Toponima landu du sarri.

Frikia?

Baliteke… baina nor naiz ni hori esateko. Azken batean, gaur egun, ba al da blog bat idaztea baina gauza frikiagorik?

Metaforagintza

JOXERRA GARTZIAK Koldo Mitxelenaren aipu bat erabili izan du sarri:

Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik, gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, EBAKITZEKO SORTUA delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra.

Bernardo Atxagak xaboiaren irudia erabili izan du, Abdetfattah Kilito irakasle eta idazleari hartuta:

Ez baitago beste sekreturik hizkuntza hazi eta lanabes on bihurtu dadin: praktika, erabilpena. Abdetfattah Kilitok dioena kontuan hartuta diot hori. “Hizkuntza -dio Casablancako unibertsitate irakasleak- xaboiaren kontrakoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago”

Joseba Sarrionandiak “Bizitza ez al da oso arriskutsua?” liburuan Ludwin Wittgensteinen analogia gogoratu du:

Gure lengoaia hiri zahar bat balitz bezala hartu ahal da: kale ugari eta plazak, etxe zahar eta berriekin, eta etxeak aldi diferenteetako eranskinekin; periferian, berriz, auzo berriak kale zuzen txukunago eta uniformeagoekin.

Hari mutur asko ditu analogiak. Joko handia ematen du. Baina nekez konta zitekeen Sarrionandiak bezain ongi:

Kale erabilera, haur eta helduen artean

Lehen kale neurketa 1989an egin zenetik hogeita zazpi urte igaro dira dagoeneko. Hirugarren edizioaz geroztik, haurren presentziak erabilerari nola eragiten dion aztertu nahi izan da.  Oso-oso aldagai esanguratsua suertatu da.

Neurketa guztietan ikusi da haurren presentzia eragin handiko aldegaia dela. 2016an, esate baterako, erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira (% 19,3) eta baxuenak nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean (% 8,6).

Euskal Herriko datuak dira. Baina iruditzen zait horretan ere aldeak daudela egoera soziolinguistiko batetik bestera. Alde kuantitatiboak zein kualitatiboak:

Gasteizen % 3,7 da euskarazko kale erabilera. Haurrek eta helduek osatutako taldeetan kopurua igotzen da: % 7,1era, hain zuzen. Nagusiek euren artean (haurrik gabe) ari direnean, %2,4an darabilte euskara, eta haurrak bakarrik (nagusirik gabe) daudenean % 0,9 da erabilera.

Datu harrigarria da [ni neu harritu egin nau, behinik behin]. Eta larria. Datuen arabera, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina batez ere helduekin ari direnean, edo helduen presentzian. Haurrak euren artean ari direnean erabilera oso baxua da. Bilboko edota Iruñeko daturik ikusteko aukerarik ez dut izan, baina susmoa dut joera ez dela izango oso-oso bestelakoa.

Alde horretatik, esanguratsua da Jaime Altunak iaz Eskola Hiztun Bila jardunaldietan esandakoa. Haren ustez, sarritan esan izan da euskararen erabilera haurtzarorekin oso lotuta egon dela, baina azken urteotan arau sozial berri eta arriskutsu bat sortu dugula uste du. Kontua ez da soilik euskara haurren hizkuntza izatea. Kontua da haurrek barneratu egin dutela euskara haurren eta helduen artean interaktuatzeko hizkuntza dela. Haurrek ikasi dute helduekin euskaraz hitz egin behar dutela, baina euren artean gaztelaniaz egin dezaketela.

Mereziko luke datu hori hobeto aztertzea.

Serendipia

SERENDIPIA DERITZO zerbaiten bila ari zarela zerbait ezberdina aurkitzeari, zorioneko edo ezusteko aurkikunde bati, alegia. Zientziaren munduan hainbat adibide eman izan dira: penizilina, x izpiak, mikrouhinak… Administrazioren munduan ez da horrelakorik asko.

2016an Legebiltzarrak Udalen Legea onetsi zuen. Akordatzen? Euskarari dagokionez, hizkuntza-inpaktuari buruzko ebaluazioa egiteko bidea ireki zuen. Honela zioen euskarazko testuak:

Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira.

Gaztelaniaz, ordea:

En el procedimiento de aprobación de proyectos o planes que pudieran afectar a la situación sociolingüística de los municipios se evaluará su posible impacto respecto a la normalización del uso del euskera, y se propondrán las medidas derivadas de esa evaluación que se estimen pertinentes.

Hizkera juridikoan esan ohi den bezala, pentsatzekoa da “legegilearen asmoa” udal euskaldunetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak egiteko bidea irekitzea zela. Hartara, bigarren testua, gaztelaniazko bertsioa, akatsa litzateke.

Hutsen zuzenketan, ordea, ez zuten horrela adierazi:

7 artikuluan, 2016/1544 (86/20) orrialdean, euskarazko testuan,
Hala dio: 7. Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina…
Eta hala esan behar du: 7. Udalen egoera soziolinguistikoan eragina…

Horren arabera, irudi lezake bidezkoa dela inpaktu-ebaluazioa edozein udaletan eta edozein proiektuetarako eskatzea.

Legea garatzeko, Toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko dekretua prestatzen ari da Jaurlaritza (zirriborroa pdf formatuan hemen) eta, han, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa eskatu beharko den proiektu eta planen zerrenda bat ageri da: arnasguneetan eragina dezaketen guztiak, hiri-antolamenduko plan orokorrak, sektorizatze-plana, plan partzialak eta abar… Gehien-gehienak hirigintzari lotutakoak. Zerrenda, ordea, ez da eshaustiboa:

” Era berean, udalerriek beste plan edo proiektu batzuen hizkuntza-inpaktua ebaluatu ahalko dute, nahiz eta arau honetako I. eranskinean proiektu edo plan horiek jasota ez egon. Edonola ere, sustatzaileak eskatu beharko du, planek eta proiektuek udalerriaren egoera soziolinguistikoan eragiteko ahalmena dutenean”.

Ikusiko dugu azken bertsioa zertan den. Oraingoz galdera honako hau da: hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa eskatu behar da, edo eska daiteke, esate baterako, hiriburu bateko kultura-plana onartu aurretik? Edota kirol ebento handi bat antolatu aurretik? Baietz ulertu daiteke. Edo legeak, behinik-behin, ez du kontrakorik esaten.

Pragmatismo erradikala

ARIKETA egina dut noizbait. Euskara planari ekin aurretik, paper bat hartu eta bi zirkulu egin: bat handia eta bestea txikiagoa. Lehen zirkuluan kezkatzen gaituzten gauzak idatzi, eta horietatik gure esku daudenak bigarren zirkulura eraman. Kezka-zirkulua da lehena; eragin-zirkulua, bigarrena.

Eragin-zirkulutik hasi beharra dago: onena eta egingarriena ez dira beti gauza bera, eta egingarrienetik ekiteko gomendioa egin ohi dute adituek.

Emaitza etsigarria izan daiteke, badakit. Baina garrantzitsua iruditzen zait ariketa. Ezin ditugu kezkak ezabatu, ezta gai horiek mahai azpian izkutatu ere. Hobe da gai horiek agerian izatea, horiei ere ekiteko aukeraren zain: gaur ez, baina, litekeena da eragin-zirkulua handitu ahala, bihar egingarri izatea.

Iaz, Bizi! mugimenduko Anaiz Agirrek eta Xabier Harluxetek hitzaldi borobila eman zuten Utopia 68/18 ikastaroren testuinguruan. Bertan, bi istorio kontatu zuten:

(1) «Nola egiten da elefante bat oso-osoki iresnteko?». Bizi!-ren erantzuna xinple bezain zentzu onekoa da: «ahokada ttipiak eginez» /…/ elefantea osorik iresnten saiatu diren guziek hortzak hautsi dituzte…

(2) Legendak dioenez, oihaneko sute erroldoi baten karietara, animalia guziak ikaratuak eta etsituak zeuden, hondamendia ikusten ari zirela erabat ahalgabeturik. Bakarrik kolibri ttipi bat ari zen bere moskoarekin ur tanta batzuren xerka suaren gainean botatzeko. Zenbait denbora eta gero, armadiloa, deusen parekoa ziren mugimendu horietaz aspertua, hasi zitzaion kolibriari erraten: «Kolibri, ez zara eroa? Ez duzu sutea ur tanta zenbaitekin itzaliko». Eta kolibriak erantzun zion: «Badakit, baina ene partea egiten dut!»

Gustatu zait beren azalpena. Bi akats aipatzen dituzte: batetik, erradikala izatea… pragmatikoa izan gabe, eta, bestetik, pragmatikoa izatea… erradikala izan gabe. Bata bestea bezain hankamotz.

Helburu mugatuak proposatzen dituzte, bi ezaugarrirekin: (a) helburuek bere baitan izatea eraki nahi dugun etorkizunaren ideia (prefiguratiboak izatea); (b) indarrak metatzeko moduko dinamika bat piztea, hurrengo helburuari ekiteko egoera hobean paratuko gaituena.

Pentsatu nahi nuke gure egitasmoetako batzuk ez daudela hortik oso urrun.

Identity planning

“Euskaltzaindiaren ehun urteko jagote-lana” xehetu du Mikel Zalbidek, “HIZKUNTZA GUTXIAGOTUAK JAGON, EUSKARAZ BIZI” jardunaldian. Mundiala da Zalbide. Beti du zer irakatsi eta harekin beti dago zer ikasi. Jagon Sailak estatus-plangintzaren baitan egindako lana azaltzeko hizkuntza-plangintzaren gorabeherak oso-oso modu pedagogikoan azaldu ditu:

  • Hizkuntza plangintza, orobat, bitan banandu izan da: corpus-planning eta status-planning. Corpus planning hizkuntza bera “garai berrietarako” egokitzea da.
  • Estatusari dagokionez, status-planning zabalegia delakoan, hainbat adar sortu izan da. Adquisition-planningeskuratze-plangintza— da horietako bat, hizkuntza jendeari irakastea, alegia. Cooperrek kontzeptualizatu zuen 1989an.
  • Prestige planning —prestigioaren plangintza— Haarmannek proposatu zuen 1990n, hizkuntzaren prestigioa berariaz landu beharra azpimarratzeko.
  • Hitzaldian, horiei guztiei identity planning erantsi die Zalbidek, Fishmani maileguan hartuta —nortasun plangintza, alegia—.

Azken horri oso lotuta —eta Fishmanengandik jasota hura ere— community fostering proposatu izan du Zalbidek beste inoiz: “hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea”. Komunitatea erdigunean jartzea da community fostering.

Laburbilduz, literatura soziolinguistikoan, estatus-plangintza osoaz gainera, horren barruko atalak ageri izan dira han eta hemen. Bereziki:

  • eskuratze edota irakaskuntzaren plangintza
  • prestigioaren plangintza
  • nortasun-plangintza
  • komunitatearen beraren sustapen-plangintza

Jon Sarasuak ere garrantzia berezia eman izan die identitateari eta komunitateari. Sarri aipatu izan duen gogoeta ekarri du jardunaldietara: Frantziako iraultzaz geroztik Europan hiru oinarriren arabera eraiki da modernitatea: libertéégalité eta fraternité. Laugarren baten hutsunea aldarrikatzen du Sarasuak: identité. Gramatika berri baten beharra errebindikatzen du, modernitatearen baitan identité hori pentsatu ahal izateko.

Ez da kontzeptu samurra. Hizkuntzaren soziologian bi antolaketa-molde bereizi ohi dira: gemeinschaft eta gesellschaft. Soziolinguistika Eskuliburuan ageri da azalpena: gemeinschaft moldea, compuesto por personas que comparten la convicción  de que están ancestralmente relacionados; eta gesellschaft moldea, compuesto por individuos ligados por la convicción de que sus intereses se verán mejor protegidos y promovidos formando parte como miembros de esa sociedad. Gemeinschaft eta Gessellschaft terminoak itzultzekotan, komunitatea eta gizartea itzul genitzake… edo agian «herria» eta «gizartea» (edo jendartea, nahiago baduzue). Biak nola artikulatu? Ez da erraza. Gaur-gaurkoz askatzerik izan ez dugun korapiloa da. Eta nago datozen hamarkadetan buruhauste bat baino gehiago emango digula.

Aitor eta Jon Sarasuak horrelaxe kantatu zuten behin. Akordatzen?

“…sustraiak eta adarrak ez dabiltza aparte
gizartea herri nahi dut, ta herria  gizarte”

Estekak:

Entzuten

Joseba Sarrionandiak Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuan:

— Isilago ipini irratia, mesedez. Ez didazu paisaia entzuten uzten.

Gustatu zait libururako hautatu duen azala.

Modako filosofoa da Byung-Chul Han. Haren ustez, hiru dira egungo gizartearen ezaugarri nagusiak: hiperkontsumismoa, autoesplotazioa eta ezberdinak diren pertsonekiko beldurra. Horren aurrean Byung-Chul Han-ek entzutea aldarrikatzen du. Haren ustez, “entzuteak dimentsio politikoa du”. Entzutea ekintza da. Entzuteak pertsonak batzen ditu. Zubiak eraikitzen ditu, komunitate bat osatzeko bidean. Gauza ugari entzuten ditugu, baina ez dugu benetan aditzen. Ez ditugu besteon hitzak eta besteon sufrimendua ulertzen. Horren ezean, sufrimendua pribatizatu eta indibidualizatu egiten da. Despolitizatu egiten da, alegia.

https://ethic.es/2018/10/la-expulsion-de-lo-distinto-byung-chul-han/

Young Fundazioaren metodologia azaltu du Gorka Espiauk bideo batean. Hardware eta software elementuak bereizten ditu bertan. Hardwarea ekintzak eta proiektuak dira. Sofwarea, elementu intangibleak, hau da, elementu kulturalak: balioak, narratibak, asmoak, bisioa… Haren ustez elementu horiek dira gakoa. Berrikuntza sozialerako entzute-plataformen beharra aldarrikatzen du. Entzutea adi egotea da komunitate batek bere buruari zer kontatzen dion, horren atzean dauden balioak eta narratibak ezagutzeko. Berrikuntza soziala komunitatearen elementu kulturaletan eta narratibetan sustraitu behar da, arrakasta izango badu. Bestela akabo!

Gorka Espiau: El proceso de escucha

Liburuxka bat ere izan dut eskuartean: “Aprender Escuchando”. Kapitulu batean, Tojolabal hizkuntzaren komunitateaz ari dela, kontatzen du han bi hitz ezberdin dituztela “hizkuntza” edota “hitza” esateko: ‘ab’al eta k’umal. Lehena entzundako hitza da; bigarrena, esandako hitza. Horrela —beste hizkuntzetan ez bezala— garrantzia berezia ematen zaio entzuteari.

Maien komunitateetan garrantzitsua omen da entzutea. Han ere entzuteak izaera politikoa du. Hautatua izateko, esate baterako, ezinbestekoa da entzuten jakitea. Eta entzutea ez da soilik esaten denari adi egotea. Entzuteak solaskideak parekidetu egiten ditu. Elkarri entzuten dioten berdinen arteko dialogoa da politika.

Otto Scharmer-ek, U teoriaren baitan, lau entzute-maila bereizten ditu, entzute hori nondik sortzen den kontuan hartuz:

  • BAT. Download. Ohikotasunetik eta aurreiritzietatik entzuten dugu. Gure iritzietatik eta gure juzguetatik entzun, lehenagotik pentsatzen genuena baieztatzeko.
  • BI. Kanpotik entzun. Gure aurreiritzietatik urrundu egiten gara, gertakariei so egiteko . Horren arabera, iritziak baieztatu ala ezeztatu egingo ditugu. Burua ireki egiten dugu.
  • HIRU. Barrutik entzun. Entzute enpatikoa. Enpatiari eta lotura emozionalari bide ematen diegu. Gertaera edo dena-delakoa bestearen begietatik ikusten saiatzen gera. Bihotza irekitzen dugu.
  • LAU. Entzute generatiboa. Sistema osoa kontuan hartzen dugu, zer datorren antzemateko. Sortzen ari diren aukerak antzematen ditugu: etorkizun emergentea. Borondatea irekitzen dugu.

Esoteriko samarra da U teoria, baina oso gauza zentzuzkoak esaten ditu.

Teknikarion akats endemikoa da: aldez aurretik erantzunak ditugula pentsatzea eta entzuteko behar beste denborarik ez hartzea. Entzutearen indarra ikasi beharra dugu. Entzun eta Erantzun. Hizkuntzak berak hurrenkera agintzen du.