Irudimen autobiografikoa

CUSC ikerketa taldeak (Centre de Recerca en Sociolingüística y Comunicació) hitzaldi interesgarri bat egin du berriki, Emili Boix-Fuster irakaslearen eskutik, «Històries de vida lingüística: un balanç» izenburuarekin.

Bizitza-istorioak introspekzio ariketak dira. Norberaren bizipenei buruzko gogoeta egitea da, norberaren ideiak eta emoziak esploratzea. Autobiografia linguistikoek fokoa bizipen linguistikoetan jartzen dute.

Emili Boix-Fuster irakasleak 19 testu autobiografiko aztertu eta alderatu ditu, hizkuntzaren ikuspegitik. Hiru herrialdetako testuak izan dira: erdialdeko Europakoak, Iparramerikakoak eta Herrialde Katalanetakoak. Azterketa horretan hiru gai topatu ditu nagusiki: jatorrizko hizkuntzen balioespena Erdialdeko Europan, ingelerak eragindako akulturazioa Iparramerikan, eta gaztelania nola joan den lekua hartzen Herrialde Katalanetan.

Carles Feixa irakaslea, bestalde, aditua da gazte-kulturak aztertzen. Bizitza-istorioak erabili izan ditu horretarako, eta ikuspegi metodologikoa landu du sarritan. Berea da “irudimen autobiografikoa” espresioa, soziologian erabiltzen den irudimen soziologikoaren kontzeptuarekin paralelismoan sortua. Irudimen soziologikoak, hain zuzen, gizartearen ikuspegi osatuagoa izateko esperientzia pertsonala gainditu eta hura modu zabal eta kritikoan interpretatzea aldarrikatzen du; esperientzia pertsonalarekin soilik ez geratzea, eta atzean dauden fenomeno soziologikoak aztertzea, alegia. Kafe hartzearen adibidea jarri ohi da horretarako: lagun batekin kafe bat hartzea ez da eguneroko gertakari hutsal hutsa, baizik eta errito sozial bat; eta horrela aztertu behar da. Irudimen autobiografikoa, bada, horixe bera da: istorio partikularretatik abiatuta, bizipen kolektiboak identifikatzea.

Metodologiaren ikuspegitik ere bereziak dira bizitza-istorioak.

Inoiz ohartu zarete? Bizitza-istorio baten errelatoa eraikitzeko orduan ekintza batzuk hautatu eta beste batzuk ahantzi edo estali egiten ditugu. Ez dago a priori irizpiderik zeintzuk gertaera sartu eta zeintzuk ez. Hori da interesgarriena. Gertaerak garrantzitsuak izango dira baldin eta esperientzia ulergarriago bihurtzen badute eta protagonistek esanguratsuak direla pentsatzen badute.

Honela aurkitu dut idatzita, aspaldian egin nuen testu batean:

Ipuin batekin alderatu ahal ditugu: ipuina idazten hasi aurretik, badakigu amaiera zein izango den. Gertaerak, beraz, horren arabera aukeratzen eta antolatzen ditugu: heldu garen lekura nola heldu garen ulertarazteko baliagarriak izateko moduan. Oroimenetik narraziora pasatzen garenean, gertaerei koherentzia, zentzua eta norabidea ematen saiatzen gara.

Hori guztia Bourdieuk askoz hobeto azaldu zuen:

“Tenemos, sin duda, el derecho de suponer que el relato autobiografico se inspira siempre, al menos en parte, en el deseo de dar sentido, dar razón, extraer una lógica a la vez retrospectiva y prospectiva, una consistencia y una constancia, estableciendo relaciones inteligibles, como las del efecto a la causa eficiente o final, entre los estados sucesivos, constituidos de este modo en etapas de un desarrollo necesario”

Esanguratsua, ezta?

Hizkuntzari buruz ari garela, autobiografia linguistikoak oso modu deigarrian landu dituzte Herrialde Katalanetan. Esan bezala, autobiografia linguistikoa pertsona batek hizkuntzei buruz dituen esperientziak deskribatzea da: hizkuntzak ikasteko moduak, inguruan dituen hizkuntzak eta bizitzan zehar berriak nola agertu diren, familia-transmisiorako moldeak edota, azken batean, hizkuntzekin zerikusia duen beste edozein esperientzia. GELA taldeak (Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades) autobiografia linguistikoen lehiaketa bat antolatu ohi du urtero. Azken urteetako emaitzak hemen irakurri ahal dira: http://gela.cat/doku.php?id=autobiografies

Beste baliabide interesgarri batzuk hemen:

On egin!

Hiztun berriak, hizkuntza eta subjektibitatea

Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren azken zenbakia irakurri berri dut, eta deigarria egi zait Joan Pujolar irakaslearen artikulua. Ikuspegi akademiko batetik, kritikoa da soziolinguistikak jorratu duen biderarekin. Haren ustez, soziolinguistikak beste diziplinen ideiak eta metodoak hartu eta egokitu egin ditu, baina besterik ez: oso berrikuntza gutxi ekarri dio teoria soziologikoari. Soziologian debate garrantzitsuak egon direla dio, eta soziolinguistikak hortik aparte egon dela, orain arte. Artikulua hemen duzue: Nous parlants: llengua i subjectivitat.

Subjektibitateaz ari da, subjektua izateaz. Subjektibitatea hainbat debateren erdigunean egon den (eta dagoen) kontzeptua da, eta bere ustez, hizkuntzak biziberritzearen aldeko mugimendua gai horietan sartu behar da, bai ala bai. Subjekbitateari lotuta, guretzat garrantzizkoak diren kontzeptuak ageri dira: mugimendu sozialak, botere-harremanak, aktibismo kulturala, neoliberalismoak eragiten duen bereizkeria, intersekzionalitatea… Nola ez gara, bada, horietan interesatuko? Funtsezkoa da kontzeptu horiek guztiak gure baitatik irakurtzea eta lantzea.

Subjektibitateari lotuta, identitatea ageri ohi da. Gehiagoxetan landu dugu, baina subjektibitatearen ikuspegiak bestelako argitasuna eman ahal dio. Pujolarrek dio biak —subjektibitatea eta identitatea— txanpon beraren bi aldeak direla. Lehena dinamikoa da, agentziari begirtzen dio; bigarrena era zurrunagoan ulertzen dugu: bagara edo ez gara… Haren ustez ez da horrela: identitateak ere uneoro negoziatzen ditugu.

Estruktura ala agentzia? Gure portaerak noraino daude erabat baldintzatuta eta noraino dago gure esku horiek aldatzea? Gure portaera gidatzen duten baldintza estrukturalak daude. Baldintza horiek batzuetan fisikoak dira, eta beste batzuetan mentalak, soziolizazio-prozesuaren ondorioz barneratuak. Egonkorrak dira eta eta aski erreiteratiboak. Agentzia, ordea, norbanakoek beren kabuz jarduteko gaitasuna da: hautatzeko, egiteko eta eragiteko gaitasuna… autonomia, azken batean. Gaizki ulertu ez badut, Pujolarrek bi horien arteko harremana dinamikoa dela defendatzen du.

Txiribuelta bat eginik, gaia gurera ekarri ahal dugu. Euskararen erabilera arautu (eta mugatu) egiten duten arau sozialak ditugu, estruktura gisa funtzionatzen dutenak: eremu jakin batean eta pertsona jakin batekin erabili beharreko hizkuntza edo erregistroa zein den arautzen dute. Erabilera-arauak dira. Hiztunaren hautua baldintzatzen dute. Gure artean, erabilera-arauei “hizkuntza-ohiturak” deitzen ohitu gara, izen horrekin atzean dauden botere-harremanak lausotzen baditugu ere.

Hizkuntza-ohiturak aldatu daitezke, jakina; baina inork ez digu esan hori nola egin behar den. Susmatzen dugu hiztunen agentzia indartzea dela gakoetako bat (ahalduntzea, egungo terminologiaren arabera); baina susmatzen dugu, halaber, hori ez dela nahikoa: baldintza estrukturalak ere ikutu behar dira… eta horiek hitz potoloak dira.

Euskalgintza eta politikaren eraldaketa

Irakurri zenuten Lorea Agirren eta Edurne Eskisabelen Trikua esnatu da liburua? Munduala ezta? Bada, bilduma berean, Mari Luz Estebanen beste liburu eder bat, kasik oharkabean pasatu dena: Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Gaztelerazko bertsioa argitaratu berri da, eta horren aurkezpena egin du hainbat lekutan (hemen, adibidez). Hortik izan dut haren berri.

Azken urteetan feminismoaren eta euskalgintzaren arteko paralelismoaz hitz egin izan da sarri. Oraingoan bereziki bitxia egin zait, tarteka, feminismoz ari zela ahaztu eta euskalgintzaz ari zela pentsatzera iritsi bainaiz.

Orohar hiru gai lantzen ditu liburuan:

  • Mugimendu feminista eta han gertatu diren eraldaketak
  • Jakintza sortzeko metodoak
  • Feminismoak egun agendan dituen gaiak.

Zuen (eta haren) baimenarekin, ariketatxo bat egin nahi izan dut. Han ageri diren hiru-lau ideia transkribatu (eta eraldatu) egingo ditut, horiek euskalgintzaren errealitatea ere ondo deskribatzen duten ikusteko.

Horra, bada!

— Bat.

Euskalgintza dibertsifikatu egin da. Oro har, lau multzo ikusten dira: (a) elkartegintza eta euskalgintza herritarra, (b) euskalgintza instituzionala, (c) euskalgintza profesionala, (d) euskalgintza akademikoa.

Alde horretatik, euskalgintzaren instituzionalizazioa eta profesionalizazioa nabaria da. Mugimendu euskaltzalea, XX. mendean —mugimendu feminista bezala— herritarra zen, horizontala eta sistema bera aldatzea zuen helburu. Gaurko egoerari begiratu eta galdera ugari sortzen da, ordea. Gure buruari galdetu ahal diogu: Gaur egun, posible al da erakunde, unibertsitate edo zentro ofizial bat herritarra izatea? Nola egiten dugu, sistemaren parte izatea eta sistema aldatu nahia bateratzeko? Instituzioetan parte hartu eta instituzioak aldatzeko nola borrokatu? Euskara zerbitzu batetik kolokan jar daiteke erakundearen hizkuntza politika? Instituzioetan dauden euskaltzaleak nola babestu, kritikari uko egin gabe? Instituzioekin harremanak nola ehundu, mugimendu tutelatua bihurtu gabe? Nola eta noraino sinkronizatu behar dira mugimenduaren eta administrazioaren denborak? Eta, mugimenduaren baitan, liberatuen eta boluntarioen denborak? Nabari da badela zer pentsatu!

— Bi.

Akordatzen zarete garai bateko batzarrez eta mintegiez? Arnasa luzeko eztabaida-prozesuak ziren: lantalde bat bildu; eztabaidatu; hasierako ponentzia sortu; eskualdeetan azaldu; eztabaidatu; zuzenketak proposatu; mintegia bildu; talde txikietan eztabaidatu; bozkatu; ponentzia birrosatu.

Egun —Mari Luzek dioen bezala— bestela egiten da. Talde txikietan lan egin ondoren, ondorio bat edo bi post-it batean bildu, post-it guztiak horman itsatsi, emaitzari argazkia egin… eta etxera. Hurrengo egunean, argazkia jasoko duzu Whatsappean edo posta elektronikoan.

Metodologia parte-hartzaileen onurak ukatu gabe, “epistemologia hausnarkaria” defenditzen du: errumiantea, ideiei buelta bat baino gehiago ematen diena. Eztabaida lasai eta sakona. Slow, nahiago baduzue. Metodologia parte-hartzaileek epe laburruan ahalik eta emaitzarik onena lortzea dute helburu: kontsentsu azkarrak, batzuetan azalekoak badira ere. Autokontzientzia lantzeak, ordea, berdinen arteko eztabaida eskatzen du, eta hori denbora da. Deliberazioak ere denbora eskatzen du; are gehiago, helburua narratiba konpartituak sortzea bada.

Jakintza sortzeko moldeez ari dela, kolektibotasunaren eta anonimatoaren kultura ere aipatzen du, lehengo feminismoaren (euskalgintzaren?) ezaugarri gisa: jakintza era kolektiboan sortu eta era kolektiboan zabaldu. Egun, ordean, adituen kulturan bizi gara, gero eta nabarmenago.

— Hiru.

Inoiz pentsatu duzue zein diren politika (euskaltzale) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak eta trebetasunak? Liburuan honakoak proposatzen dira:

  • Arazoen teorizazioa eta errealitatearen diagnostiko konplexuak eta txukunak egitea
  • Testuinguruak ondo ezagutzea eta testuinguru horietara teoriak zedarriztatzea
  • Galdera berriak egitea
  • Aldaketarako eta disidentziarako estrategiak bururatzea eta aurrera eramatea
  • Herri-elkarteak indartzea eta gizartea astintzea
  • Euskaratik urruntxeago dauden herritarrekin nola aritu jakitea
  • Ordezkari politikoekin negoziatzen edo haiek presionatzen asmatzea

Murgiltze linguistiko orokorra

Berezia, oso berezia da Carme Junyent irakaslea uda honetan VilaWeb atarian eskaintzen ari den opor-koadernoa. Orain arteko apunte guztiak hemen irakurri ahal dira: https://www.vilaweb.cat/categoria/opinio/llibreta-de-vacances/

Aurretik ere, guretik ikusita polemiko samar diren zenbait ohar idatzi izan ditu Carme Junyentek.

Adibidez, ofizialtasunaren onurak jarri izan ditu zalantzatan, eta horren mugak azpimarratu izan ditu. Haren esanetan ofizialtasuna oso kontu merkea da. Erraza da ematea, baino ez du balio handirik. Hizkuntza indartsuek ez dute ofizialtasunik behar, eta hizkuntza txiki eta ahulek oso onura txikia jasoko dute bertatik.

Hizkuntza ez-sexistari buruz ere ikuspegi polemikoak defendatu izan ditu. Sarritan esan izan du hizkuntzak ez direla sexistak; baizik eta jendea edota gizartea bera. —Zer uste duzue? —esan izan digu— Benetan sinisten al duzue hizkuntza aldatzea nahikoa dela gizartea aldatzeko? Ez horixe! Gauzak ez dira horren sinpleak! Gizartea aldatzen saiatu, eta hizkuntza bakean utzi!

Kosta egingo zaigu ikuspuntu horiek onartzea, baina, era berean, ezin diegu arrazoi puntu bat ukatu.

Oraingoan ere adierazpen polemiko batzuk egin ditu. Adibidez:

“Katalanaren etorkizuna zure esku dago” (El futur del català depèn de tu) izenburua duen liburu bat aterako dut aurki. Nire ustez, hizkuntza-politikaz fidatzen bagara, lau egunetan hizkuntzarik gabe geldituko gara. Jakina hizkuntza-politika beharrezkoa dela eta horretan sinisten dudala, baina hizkuntza-politika ezin da zuzendaritza nagusi batetik kudeatzen den ataltxo bat izan, baizik eta herri mailako proiektu bat, herritar guztion partaidetzaz eraikia. Murgiltze linguistiko orokor moduko bat, alegia.

Hemen: Apoderament lingüístic, un projecte de país

Eskaintza aktiboa

Urte batzuetatik hona eskaintza aktiboaren kontzeptua erabili izan dute osasungintzan. Kontzeptu interesgarria iruditzen zait, egun oso modu murriztuan erabiltzen badute ere.

Kontzeptua Kanadatik eta Galesetik inportatu omen dute:

Osasun-arreta hizkuntza gutxituan bermatzeko kanadarrek eskaintza aktiboa proposatu dute: aukerazko hizkuntza ofiziala erabiltzeko
gonbidapena, ahozkoa zein idatzizkoa, erabiltzailea osasun-zerbitzuetara bertaratzen den bakoitzean, betiere eskaera baino lehenago eta erabiltzaileak eskatzera behartu gabe. http://www.osagaiz.eus/article/view/160/181

“Bezeroak” ez du eskatu behar, eskaini behar zaio. Zerbitzua egokitu behar da: erabiltzailearen balizko beharrak identifikatu eta asetu. Bezeroaren eskubidea da, bai. Hori inork ez du zalantzatan jartzen. Baina erakundearen betebeharra ere bada (ez da hautazko kontu bat).

Nonbait entzuna dut, hizkuntza gutxituek ez dietela ekonomiaren legeei estu-estu jarraitzen. Ekonomian eskaintzak eskaerari jarraitzen dio. Jendeak zer nahi duen, merkatuak horixe eskaini, prezio onean. Hizkuntza gutxituen kasuan, ordea, eskaerak eskaintzari jarraitzen dio. Eskaintza ona eta kalitateazkoa den neurrian, hiztunak orduantxe eskatuko dute: orduantxe hautatuko dute.

Euskaraldia dator, eta entitateetan ariguneak antolatzera goaz: barne zein kanpo. Kanpo ariguneen baitan eskaintza aktiboaren ideia dagoela iruditzen zait. Eta, egia esanik, ni neu ideia horrekin konformatuko nintzateke. Pozik geratuko nintzateke, Euskaraldiak entitateetan horretarako, behinik behin, balio badu. Hots, entitateak bere baitarik eskaintza aktiboari buruzko gogoeta propio bat egiten badu: euskara nola eskaini era aktiboan, ze nolako dispositiboak antolatu, gure “bezeroak” euskararen bidea hauta dezaten. Ni neu, horrekin konforme!

Erakunde adimentsuak [?]

Boaventura de Sousaren azken liburuan irakurri dut gizarte zientzietan badela eztabaida interesgarri bat: alegia, noiz frogatzen da hobekien instituzioen kalitatea eta noiz ikusten da hobekien beren benetako izaera? Egoera normal ala egoera berezi batean? Egunerokoan ala krisi garaian?  Haren ustez bietan dago zer ikasia, baina gauza ezberdinak ikasiko ditugu batean zein bestean.

Dakitenek diotenez, erakundearen kultura garrantzitsua da. Pertsonak ere bai, jakina, baina ikuspegi sistemikoa komeni da. Erakunde bat ez da adimentsua (soilik) horren buru pertsona inteligente bat dagoelako, ezta bertan pertsona inteligente asko dagoelako ere. Arauak, protokoloak, prozedurak… horiek ere adimentsuak izan behar dira: ez-burokratikoak eta ez-zurrunak.

Dakitenek diotenez, erakunde bat adimentsua den jakiteko, horren zakarrontzian begiratu behar da, zakarrontzian amaitzen baitira erakundearen agendan lekurik lortzen ez duten gaiak. Krisi garaian erakunde adimentsuak funtsezkoari eutsi, eta gainerakoa gainetik kentzen du.

Edo, beste konparazio batera, erakunde adimentsuetan soinua eta zarata bereizten dakite. Zarata kutsadura akustikoa da. Erakunde adimentsuek zarataren erdian ere, doinu egokia aurkitzen dute. Beren burua ondo fokalizatzen asmatzen dute.

Dakitenek diotenez, erakunde adimentsuak ikasten duten erakundeak dira. Ikasten ikasi duten erakundeak.  Autokritikoak dira, autokonplazentziatik zein autoflagelaziotik aparte. Gogoeta eta ikasketa prozesuak zaintzen dituzte. Ebaluazio prozesuetan galdera aldatu dute: kontua ez da “zer lortu dugun” baizik eta “zer ikasi dugun”.

Zer moduz joan da “krisi” hau zuen erakundeetan? Asko ikasi duzue?

Emozioak eta euskararen aldeko ekintza kolektiboa

Egun hauetan bi testu izan ditut eskuartean: Ane Larrinagaren artikulu bat eta Antoni Gutiérrez-Rubíren liburu ttiki bat. Izenburuak: “Emozioak ekintza kolektiboan. Emoziozko testuinguruaren bilakaera euskararen aldeko mugimenduan” eta “Gestionar las emociones políticas”. Biak ala biak interesgarriak, eta, elkarren jarraian irakurrita, zer pentsatua ematen dute

Ana Larrinagaren urtez, kolektibo baten bizia ezin da ulertu osagai emozionalaren eta afektiboaren aktibaziorik gabe. Testutik honakoak ekarri ditut:

  • 60 eta 70ko hamarkadetan mugimendu euskaltzalea sortu zenean, injustizia baten kontzientziatik sortu zen: euskararen galera traumatikoaren bizipenetik. Erresistentziarako aktibismo moduan sortu zen.
  • Hasieratik indar afektiboen katalizatzailea izan zen. Kapital emozionalez ondo hornitua sortu zen. Indar afektibo horiek mugimenduaren ekintza kolektiboa elikatu zuten.
  • Instituzionalizazioak, ekintza kolektiboa ulertzeko bi moduen arteko talkaz gainera, metatutako kapital emozionalaren eta atxikimendu afektiboaren parte bat galtzea eragin zuen.
  • Beranduago, mugimendu euskaltzaleak eraginkortasunaren aldeko apustua egin zuen, eta profesionalizatu egin zen. Protestatik eta erreibindikaziotik esku-hartze profesionalera igaro zen mugimendua. Horrek ere kapital emozionala hoztea ekarri zuen. Aitortu beharra dago, hala ere, ahalegin ugari egon dela aktibismoa eta engaiamendu emozionala jardun profesionalarekin uztartzeko.
  • Sarri Txepetxen ekarpena mugarri gisa ikusi izan da. Berrantolatze kognitibo bat eta interpretazio-marko berri bat ekarri zituela esan izan da. Baina ez zen ekarpen teoriko hutsa izan. Osagai emozional potente bat egon zen, gogo-egoera berezi bat. Artikuluan esaten den bezala, “[bildu ziren] energia bat, nahi izate indartsu bat barrenean, esperientzia eta oinarri teoriko batzuk, hausnarketarako joera bat…”
  • Mobilizazioa gorputzen elkartze fisikoa da. Horixe da ekintza kolektiboaren oinarria. Egun mobilizazioa, berezko erantzun bat izan ordez, errituala bihurtu da: interakzio-errituala. Erritual moduan bi mekanismo ditu: (a) arreta puntu komun bat jartzea eta (b) afektibitate kolektibo kontsistente bat sortzea. Helburua ez da uneko asaldura kolektiboa sortzea. Erritualak energia-hornitzaileak dira: helburua da energia sortzea, gero beste egoera sozial batzuetara desplazatzeko. Euskalgintzaren kasuan, energia emozional hori guztia hizkuntza praktikaren eraldaketara bideratu nahi da.

Bigarren liburuak emozioak utopiaren zerbitzuan jartzea aldarrikatzen du. Honako ideia hauek nabarmenduko nituzke:

  • Progresismoak, sarri, arrazionalismoaren apologia egin du, eta gutxietsi egin ditu estrategia emozionalak. Estrategia perbertsoak direla pentsatu izan du, bere printzipioak eta baloreak kutsatu egiten dituelako. Kontserbadurismoak, ordea, jakin izan du jendearen pultsio emozionala ustiatzen.
  • Kapital emozionalaren gestioa ezinbestekoa da, eta ekintza kolektiboaren fase guztiean izan behar da: protestan, mobilizazioan, hauteskundeetan eta ekintza politikoaren errelatoa egiteko garaian ere bai. Emozioek egiten gaituzte. Emoziorik gabe ez dago ez kolektiborik, ez pertenentziarik. Emozioek sozializatu egiten gaituzte. Emozioek interpretazio-markoak sortzen dituzte eta ekintzarako eszenarioak ere bai.
  • Pertzepzioek, sentimenduek eta kognizioek hiruki bat osatzen dute: ikusten duguna, sentitzen duguna eta pentsatzen duguna. Pentsamendua eta ezagutza unibertso emozionalaren ataritik igaro behar dira, bai ala bai: dena handik pasatu behar da. Lehen-lehenik esperientziak daude, gero errelatoak eta interpretazioak. Kontakizunak funtsezkoak dira. Narrazioa da esperientziak transmititzeko modua.
  • Aipu bat (James Baldwin): “Mundua aldatzeko idazten dugu (…) Mundua aldatuko da, mundua ikusteko modua aldatzea lortzen bada. Errealitateari begiratzeko modua aldarazten badugu, milimetro bat bada ere, mundua aldarazteko gai izango gara”.

Ondoriorik? Bai. Funtsezkoa da kapital emozional hori guztia gestionatzea, eta ezin da emoziorik kutsatu, gu geu emozionatzen ez bagara. Gugan hasten da bidea. Gure esperientzia politikoa (edo, nahiago baduzue, esperientzia aktibista) pasioz, ilusioz eta entusiazmoz bizitzea merezi du. Jar dezagun emozio dosi bat gure proiektuetan. Maitemindu gaitezen. 

Ez nuke laburbiltzen jakingo…

Inoiz gertatu zaizue? Hitzaldi bat entzun, testu bat irakurri… eta zapore gazi-gozoarekin irten. Ez duzue osorik ulertu. Ez dakizue ezta tutik ere ulertu ote duzuen. Ez zenukete jakingo esaldi bakar batean laburbiltzen. Ezta bi orritan ere ez zenukete laburbiltzen jakingo. Baina txit interesgarria iruditu zaizue.

Ez egin barre! Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait.

Esate baterako. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan hitzaldia eman zuen Jacqueline Urla irakasleak: «hiztunarengan ardaztutako hizkuntza plangintzaren diseinua». Asteotan bideoa berrikusteko aukera izan dut, eta bigarren entzunaldian iruditu zait hobetoxe ulertu dudala. [Gehiegi ez e! ez pentsa!]. Jaquelineren tesia da orain arteko planifikazio linguistikoek hizkuntza izan dutela ardatz; edota gizartea, konstruktu orokor eta homogeno gisa ulertua. Hizkuntza politika etorkizunean hiztunengan ardaztu behar dela defendatzen du, aniztasunari eta hetereogeneotasunari ateak irekitzeko. Hiztun berriei buruz egin diren azterketek horixe utzi dute agerian: hiztunak askotarikoak dira, anitzak. Praktikak, motibazioak, hizkuntza-ibilbideak… Hizkuntza politika zabaldu beharra dago, bere baitan euskararekiko atxikimendu mota eta euskararekin konprometitzeko modu ezberdinak biltzeko.

Trantsizio baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako Arturo Escobarren liburu bat gomendatu du: «Designs for the pluriverse».

Escobarren ustez, munduan erabat nagusitu da modernitatearen kosmobisioa. Erabat hegemoniko bihurtu zaigu. Inposatu egin digute, egia absolutua horixe dela sinistera iritsi garenera arte. Kosmobisio indigenek (baita modernitate aurreko Europako kosmobisioek ere, horiek ere indigenak baitziren) bestelako ikuspegia ematen dute. Modernitateak errealitateak “zatitu”, “banandu” eta “isolatu” egiten ditu, hobeto atzemateko eta hobeto azaltzeko; kosmobisio indigenak, ordea, holistikoak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dute. Modernitateak norbanakoari begiratzen dio; kosmobisio indigenek, komunitateari. Modernitateak homogeneotasuna maite du; kosmobisio indigenek, heterogeneotasuna. Modernitatetik harago, beste unibertso batera trantsitatu beharra proposatzen du; edo, hobe esanda, pluribertso batera, hura ezinbestean anitza izango baita. Zapatistak parafraseatuz: bere baitan unibertso ugari bilduko dituen unibertso bat («un mundo donde quepan muchos mundos»).

Iruditu zait Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere antzeko ideiak proposatzen dituztela «Trikua esnatu da» liburuan. Haien ustez, feminismoak asmatu egin du norberetasuna (aniztasuna) eta gutasuna uztartzen eta txirikordatzen:

” egunero-egunero, nor izate indibidualetan, gorputz zehatzetan, tentsioz eta gatazkaz mamitzen diren auziez ari da, milaka pertsonaren bizi arazo indibidual eta zehatzei erantzuten.”

“Baina, aldi berean, feminismoak ez du borroka kolektiboaren zantzua galdu. Are, ustez identitate auzi bat dena, partikular bati dagokiona —askotariko emakumeengan gorpuzten den emakumea-ri, nolabait adieraztearren—, demokrazia auzi bat bihurtu du, unibertsal bat, demokraziaz eta justizia sozialaz arduratzen diren denei dagokiena”.

Honaino, bada, gaurkoa. Zuen interesekoa baldin bada, oparitxo bat uzten dizuet. Arturo Escobarren liburua aurkitu dut sarean; hemen: «Design for the pluriverse». On dagizuela, eta zaindu!

Behartuki boluntarioa

Libre da hizkuntza hautatzea?

Xabier Erizeren ustez, hautu linguistikoaren kontzeptua gutxiegi landu da euskal soziolinguistikan. Garrantzi handiagoa mereziko luke. Hautuak  funsezkoak dira:

“euskara erabiltzea edo ez erabiltzea, euskara transmititzea edo ez transmititzea, seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea edo ez, euskara ikastea/sakontzea edo ez, euskarazko kultura kontsumitzea edo ez, erregistro hau erabiltzea edo beste hau”.

Erdigunean jartzen du hautu linguistikoaren afera.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Kepa Altonagak Jean Etxepare Aldudeko medikuaren historia kontatu du bere liburu batean. Han azaldu duenaren arabera, “euskararen atzerakada eragiten duten kanpo-faktoreekin batera, Etxepareren analisian oso munta handikoa da barrukoen jarrera”. Euskaldun xehearen burugutxiespena kezkatzen zuen bereziki. Orduko laborarien semeak, ikasketak egin ahala, erdarari begira jartzen zirela nabarmendu zuen. Antza denez, euskara baztertu beharra sentitzen zuten, norbait izateko. Jean Etxeparek «norbaitu» aditza asmatu zuen horretarako. Honela idatzi zuen:

Norbait direla sentitzen duten une berean bizkarra ematen diote euskarari. “Norbaitu” egin dira, eta dagoenekoz laboraria ez da deus haien ustez”.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Borgesek «Bi errege eta bi labirinto» ipuina idatzi zuen aspaldi:

Gizon zintzoek diotenez (baina Alak gehiago daki), lehengo garaietan, errege bat egon zen Babiloniako uharteetan. Bere arkitektoak eta magoak bildu eta labirinto harrigarri eta sotil bat eraikitzea agindu zien, non gizonik zuhurrenak ez ziren sartzen ausartzen, eta sartzen zirenak galdu egiten ziren. Obra hura eskandalu bat zen, miraria eta nahasmena Jainkoari soilik baitagozkio, eta ez gizakiei.

Denboraren joanarekin, Arabiako errege bat etorri zen bere kortera, eta Babiloniako erregeak,  iseka egiteko, labirintoan sartu arazi zuen. Han, nahasirik ibili zen ilunabarrera arte. Orduan atea jo eta laguntza eskatu zuen. Bere ezpainek ez zuten kexarik adierazi, baina Babiloniako erregeari esan zion berak Arabian beste labirinto bat zuela eta, Jainkoa lagun, egunen batean ezagutaraziko ziola.

Gero Arabiara itzuli zen eta han bere buruzagiak eta soldaduak bildu zituen. Babiloniako erresuma erasotu eta suntsitu egin zuen, baita errege hura gatibu hartu ere.

Gamelu azkar baten gainean lotu eta basamortura eraman zuen. Hiru egun eman zituzten zaldiz, eta esan zion: “O, Denboraren Erregea. O, Jauna; Babilonian brontzezko labirinto batean galarazi nahi izan ninduzun, eskailera, ate eta horma askorekin; orain, nirea erakutsiko dizut, non ez baitago igo beharreko eskailerarik, ez zeharkatu beharreko aterik, ez ibiltzeko galeria neketsurik, ezta bidea ixten duen hormarik ere”. Gero, lokarriak askatu eta basamortuaren erdian utzi zuen, non gosez eta egarriz hil zen.

Loria Inoiz Hiltzen ez Denari.

Bata debekuen eta aginduen labirintoa da: bide estuak, legeak eta arauak. Askatasun faltsuaren labirintoa da bestea: ez dago biderik, nahi duzun aldera joan zaitezke, baina ez dago nora joan. Horrelakoa ote da liberalismo linguistikoa?

Libre da hizkuntza hautatzea?

Joseba Sarrionandiak «Airea ez da debalde» liburuan:

Asimilazio prozesua behartutzat edo boluntariotzat har daiteke, baina errealitatean bietatik dago momentuaren eta egoeraren arabera, eta behartuki da boluntarioa.

“Behartuki boluntarioa”. Gustatu zait.

Erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia…

Zientzia politikoen arabera, estrategia hirukoitza izan ohi dute mugimendu sozialek: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Mugimenduak, sarritan, erresistentziarako sortu ohi dira. Egonezinean eta haserrealdian kimatu, eta protestaren logikari lotzen zaizkio.

Gerora, batzuek intzidentziaren estrategiari jarraitzen diote. Esfera publikoan eragin nahi dute, eta influentzia lortu, sistemaren parte bat aldatzeko. Litekeena da bide horretan erresistentzia-grina galtzea, Edo agian ez.

Hirugarren espazio bat ere zabaltzen da: arazoei irtenbideak ematea, botere publikoetatik harago. «Ez, erresistentzia ez da aski. Gure burua antolatu nahi dugu, gure buruaren jabe izateko. Gu geu gara erantzuna. Autogestioan sakondu eta disidentzia sortu nahi dugu».

Lehengo begiratu batean irudi lezake euskalgintzak bere burua dibertsifikatzea hautatu izan duela. Irudi lezake antolakunde batzuk erresistentziarako jaio direla; beste batzuk, intzidentziarako; eta badirela, halaber, disidentziarako bokazioa dutenak. Hori horrela, antolakunde horiek guztiek sistema bat osatuko lukete, eta sistemak ondo funtzionatuko luke, hiru estrategiak hartzen dituelako. Arreta gehiagorekin begiratuz gero, ezetz ikusten da. Ez da erabat horrela. Hiru estrategiaren zantzuak ikusten dira antolakunde guzti-guztietan.

Edgar Morinek printzipio hologramatikoa deitu zion horri: zati guztiek osotasun bat eratzen dute, baina osotasun hori zati bakoitzaren baitan ere bada. Zelula baten adibidea aipatu ohi da. Organismoa zelulaz osatu dago, baina zelula bakoitzean organismoaren ADN osoa dago txertatua. Mugimendu euskaltzalea ere horrelakoxea da. Erakunde bakoitzak mugimendu osoaren ADNa biltzen du bere baitan: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Gibel solasa. Litekeena da gobernantza eredu berria(k) ate joka aritzea. Kontzeptua, behintzat, indarrez sartu da gure diskurtsoetan: instituzioek eta mugimenduek elkarrekin jardutea proiektu komunak abiatzeko. Nola deituko diogu? Konbergentzia? Ez dago gaizki esana: erresistentzia, intzidentzia, disidentzia… eta, behar denean, konbergentzia ere bai.