Hizkuntza politikaren gobernantzaz

Orain dela hilabete batzuk Txillardegi Gogoeta Guneak jardunaldi bat antolatu zuen “XXI. menderako hizkuntza politikaz“. Bereziki interesgarria iruditu zitzaidan Iker Salaberriaren hitzaldia.

Ikerrek Eduardo Apodakak eta Jordi Moralesek idatzitako testu bati egin dio erreferentzia: La gobernanza lingüística en la Comunidad Autonoma Vasca: racionalidad neoliberal y demandas comunitarias (hemen). Testu deserosoa da, zer pentsatua ematen duena. Horregatik iruditu zait horren interesgarria.  Hemen ageri direnak nire interpretazioak dira.

Artikuluaren arabera, diskurtso instituzionaletan nabari-nabaria da arrazionalitate neoliberala. Logika hori dispositibo, artefaktu eta disposizioen bidez zabaltzen da. [Maite dut terminologia hori 😉 ]. Dispositiboak dira planak, legeak, ordenantzak, kudeaketa linguistikorako ereduak eta abarrekoak; artefaktuak inkesta soziolinguistikoak dira,  baita mapak, ikerketak eta abar. Disposizioak, azkenik, balioak, sinismenak eta imaginarioak dira.

Disposizio, dispositibo eta artefaktu horietan zein ideia nagusitzen dira?

  • Autoritatea eta legitimitatea instituzioei dagokie; hizkuntza politika haien ardura da.
  • Herri ekimena ondo dago, administrazioen hizkuntza politikaren osagarri gisa.
  • Kontsentsua da bitarteko eta helburu.
  • Hizkuntza hautu pertsonala da.
  • Planifikazioan despolitizazioa eta teknifikazioa dira gakoak. Hizkuntza biziberritzea kontu teknikoa da: arazoak identifikatzea eta konponbiderik onena bilatzea.
  • Diglosia eutsigarria da helburua; bi hizkuntzen arteko oreka iraunkor bat.

Ezagunak egiten zaizkizue?

Gero gobernantzaz hitz egiten du. Aldaketa nabariak izan dira. Instituzioetan  gobernantzaren ideiak bide bat egin du honezkero. Aldeak daude herrialde batetik bestera (baita udal batetik bestera ere), baina badira hainbat urte instituzioetan gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dela. Ikerrek gobernantzaren definizio klasiko bat ekarri zuen hitzaldira: “Gobernantza merkatuko aktoreak eta gizarte zibilekoak gobernatzeko ekintzara ekartzean oinarritzen den erregulaziorako, koordinaziorako eta kontrolerako modu espezifikoa da”. Gobernantzaren hirukia: estatua + merkatua + gizarte zibila.

Inork zioen moduan, hitzak gehiegi zabaltzen direnean, esanahia galtzen dute. Halakoetan adjektiboak behar izaten dira, kontzeptuei egoki eusteko: gobernantza irekia, gobernantza kolaboratiboa, gobernantza komunitarioa

Azken horren atzean ikusten ditu argi-izpiak: gobernantza komunitarioak, azken batean, bestelako arrazionalitea dakar, hizkuntza-politikez hitz egiteko garaian. Apodakak eta Moralesek dioten moduan, “hizkuntza planifikazioaren moduko terminoak instituzioen kontrolari eta esku-hartze hierarkikoari lotuta ulertu izan dira”. Planifikaziotik gobernantzara jauzia egiteak bestelako tresna kontzeptualak ekartzen dizkigu: askotariko aktoreak, eskala anitzak, eragin sare konplexuak…

Gogoan dut Mtz de Lunari hitzaldi batean entzun nion aipu bat. Haren ustez, hurrengo hilabeteetan herrietan euskara sustatzeko ekintza planak egiten ditugunean, plan instituzional hutsak izatetik harago, plan komunitarioak izatea da erronka. Hala bedi!

Hizkuntza kolonialismoaz zertxobait

(1)

Euskaltzaindiak Allande Sokarrosen omenez argitaratu duen liburua irakurtzen ari naiz: bere testu batzuk, zenbait elkarrizketa eta lagunen testigantzak ageri dira bertan. Jakin aldizkaritik jasotako testu batean (151 zk.) euskaldunok herri kolonizatua garela dio Allandek:

Euskara da zokoratua eta baliabiderik gabe utzia den hizkuntza eta, aldiz, euskaldunak, euskal hiztunak gara euskaldunen zokoratzaile bezala agertzen garenak euskaraz mintzatzeagatik… Edo, beharbada, guk geuk geure buruari zokoratzaile izatea egozten diogu oharkabean. Kolonizatuaren sindromea nonbat… Albert Memmi gogoetalari eta idazle tunisiarrak hain ongi aztertu duena “Portraut du colonisé” saiakera entzutetsuan.

Irakurri dudan apurragatik, Albert Memmi nahiko polemikoa suertatu zen gerora, Palestinaren okupazioaz egin zuen defentsa sutsuagatik. Baina horrek ez die baliorik kentzen kolonizazioari buruz idatzi zituen hasierako testu horiei.

Txillardegik Albert Memmiren testu bat euskaratu zuen aspaldian: kolonizatuaren ezaugarria izenekoa, hain zuzen. Senez aldizkarian eskuratu daiteke, 43. zenbakian: hemen.

(2)

Joseba Sarrionandiak ere kolonizazioaz hitz egin du, Anboto aldizkarirako egin dioten elkarrizketan:

Nerabeak eta beste guztiak erdaraldi etengabean bizi gara. Kolonizaturik gaude; hain kolonizaturik ze, kolonizaturik gaudela ere ezin dela esan. Dena normal dagoela esan behar dugu, eta egiten duguna libreki aukeratzen dugula. Jarrera antikoloniala erretorikoa ez denean txarto ikusita dago, kolonialismoa unibertsala delako, eta badakizu kolonizatuak korrektoa izan behar duela onartua izateko. Ez dut ez apokaliptikoa ez integratua izan gura. Baina arazo soziolinguistikoak ditugu, eta arazo linguistikoak, eta arazo politikoak, eta arazo ekonomikoak, eta arazo kulturalak. Eta oso guai daude gure euskaraldiak gure erdaraldian. Baina euskaldunok dena dugu egiteko.

Zer pentsatua ematen du. Ez zaizue iruditzen?

(3)

Ngũgĩ wa Thiong’o idazleak  gogoeta interesgarriak egiten ditu kolonialismoaz, “Descolonizar la mente” bere liburuan (sentitzen dut… gaztelaniaz eskuratu nuen). Bere ustez, kolonialismoaren lorpenik handiena da gure kulturari lotsaz begiratzea, eta gu guztiok beste kultura nagusiago bati begira jartzea. Ustez globala den kultura mendebaldetarra (edo amerikarra, frantziarra, espainiarra…) erdigunean jartzen du kolonialismoak; eta gurea zokoratu egiten du. Ngũgĩ wa Thiong’o-k erdigune hori mugitu beharra aldarrikatzen du: geure kultura geure erdigunean jarri bai, baina gainerako kulturei begirunez begiratuz. Erdigune anitzak behar ditugula dio, eta ez beste erdigune absolutu bat. Polizentrismoa defendatzen du. Aniztasuna. Kultur aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna: bai giza-irudimena areagotzeko eta bai herri txikiak zapalkuntzetatik askatzeko.

(4)

Parisko kafetegi batean bi gazte afrikarrekin izan zuen elkarrizketa kontatzen du Txillardegik “Kronikak” liburuko testu batean. Kolonialismoaz, gazteek honela argudiatzen zuten:

Noski! Europarrok ez duzue Afrika konprenitzen. Hura oso da diferentea, zinez. Gure artean, esate baterako, inon ez da gertatzen inork norberaren hizkuntzaz besterik ezer ez jakitea. Han denok dakizkigu, geureaz gain, eta gutxi gorabehera bederen, bi, hiru, are lau hizkuntza ere; eta horrela inguruetako etnia guztiak, praktikaren eta egiazko bizieraren mailan, oso loturik daude, gaurko Europan sumatu ere egin ezin daitekeen eran.

Hori ote da Ngũgĩ wa Thiong’o-k defendatzen duen aniztasuna? Nago Euskal Herrian ere aniztasunaren ikuspegi propio bat lantzea komeni zaigula. Geure kultura geure erdigunean jartzeko lanean jarraitu, eta beste kulturen erdiguneak estimatu.

(5)

Testu gehiago hemen:

Lau egun Napolin

Joan den azaroan Napolin egun gutxi batzuk emateko aukera izan nuen. Horren bueltan jasotako hainbat apunte ekarri nahi izan ditut koadernora, flash moduan besterik ez bada ere.

Hizkuntza aniztasuna Italian

Orain dela zenbait hilabete honako irudi hau ikusi nuen sare sozialetan.

Wikipediatik aterata dago; hemendik: https://eu.wikipedia.org/wiki/Italiako_hizkuntzak. Deigarria da. Irudi batek mila hitzek adina balio du.

Soziolinguistika ofiziala

Soziolinguistika ofizialak onartu egiten du Italiako egoera linguistikoa oso frakmentatua dela. Hori horrela gertatzen da –diskurtso “ofizial” horren arabera– “batasun politikoa” eta “estandarizazio linguistikoa”, biak ala biak, berandu “gertatu” zirelako. (Ezin dut komilla gehiagorik erabili).

Esan ohi da italiar hiztunek lau erregistro erabiltzen dituztela:

  • Italiera estandarra, batua
  • Tokian tokiko italiera (erregionala), ziur aski, tokian tokiko hizkuntzaren eragina jaso duena.
  • Koine dialektala (dialekto erregionala). Koine tokian tokiko nolabaiteko hizkuntza komuna da, hainbat “dialekto” nahasten lortzen dena. Ingurune urbanoetan garatzen da bereziki.
  • Tokian tokiko “dialektoa“. Batez ere landa eremuan mantentzen da.

Konplexutasun horren baitan, egoera egonkor samarra dela aurkeztu ohi dute. Gutxitan azaltzen dira horren atzean dauden botere-dinamikak.

Hizkuntza vs. dialektoa

Italian, soziolinguistika ofizial horren arabera, hizkuntza gutxituak eta dialektoak daude. Hizkuntza gutxituak enklabe linguistikoetan biltzen dira, gehien bat mugetatik gertu, eta muga horien gorabeherekin zerikusia dute neurri handi batean: frankoprovenzera, okzitaniera, piemontera, liguriera, friuliera… Dialektoak bestelakoak dira: italieraren jatorri bera dute, baina prestijio ezberdinak. Estandarrak hainbat dialekto hartzen du bere baitan.

Zorionez, klasikoa da hizkuntzen eta dialektoen arteko ezberdintasuna zalantzatan jartzen duen ideia. Italiako dialekto guztiak aldi berean sortu ziren latinatik, erromako inperioa desegin zenean. Ezberdinak dira azpian zuten sustratoagatik (adib. Toskanan pentsatzekoa da sustratu etruskoa egongo zela) eta gerora izan duten historiagatik. Zergatik batek hizkuntza-izaera eskuratu eta besteak dialektoak izatera mugatu? Garbi da erantzuna ezin dela linguistikoa izan.

Napolierak 7.500.000 hiztun ditu eta Italiako bigarren hizkuntza da. Garai batean lingua franca izan zen New York-era emigratzen zuten italiarren artean.

Ongi etorri Hegoaldera

“Bienvenido al Sur” umorezko film bat da (izenburua gaztelaniaz jarri dut, horrela ikusi nuelako). Zinema arina da, pretentsio handirik gabekoa. Funtzionario italiar baten gorabeherak kontatzen ditu. Hankasartze baten ondorioz Napoli aldera bidali dute zigortuta. Haren beldurrak eta haren bizipenak kontatzen dira filmean. “Ocho apellidos vascos” filma etorri zait burura. Planteamendua berdin-berdina da. Ustez bi kulturen arteko talka islatu nahi du era amablean. Emaitza, ordea, kolonialista da erabat. Topiko guzti-guztiak islatzen ditu: napolitarra funtsean jende ona da: hezigabea eta kulturagabea, baina jende ona. “Basati onaren” mitoa elikatzen du alegia. Bitxia da hizkuntzari ematen dioten tratamendua. Animatzen bazarete, ikusi… baina ez ahaztu begirada kritikoa.

Zinemaz ari garela… noiz edo noiz zalantza bat izan dut: dialektoa edota tokian tokiko hizkera nola doblatu beste hizkuntza batera? Napolieraren agerpena nola agerrarazi gaztelanieraz? Nola itzuli behar dira napolierazko testu-zatiak edo esamoldeak? Imajinatzen dut gehienetan tokian tokiko hizkera ez-formaltasunarekin, ahozkotasunarekin eta argotarekin lotzen dela, eta horrekin nahikoa dela: aldaera diatopikoa diastatiko bihurtzen da eta kitto. Beste kontu bat da helburua denean tokiko hizkera horren beraren existentzia azpimarratzea. Gai interesgarria iruditzen zait. Adibiderik ezagutzen duzue, euskararen kasuan?

Zinema eta hizkuntzaren biziberritzea

Hile honetan bertan Linguapax Review aldizkaria argitaratu da: 2022 urteari dagokion zenbakia, hain zuzen. Zinemari eta hizkuntzaren biziberritzeari buruzko zenbaki monografiko bat da. Interesgarria. Kasualitatez Napolierari buruzko artikulu bat argitaratu dute bertan: “O Nnapulitano, lengua scarpesata: dô cinnema â ficscionna”. Massimiliano Verdek, Accademia Napoletanako presidenteak, idatzi du.

Napoliko zinemaren historiari errepaso bat egin ondoren, egilea kexu da, gaur egun zineman napoliera agertzen denean, oso ideologia linguistiko negatiboekin lotzen delako. Haren esanetan, hizkuntza folklorearekin, indigenismoarekin edota bortizkeriarekin lotzen dute etengabe. Indigenismoa ageri da lehen komentatu dugun “Ongi etorri hegoaldera” pelikulan. Bortizkeria, “Gomorra” serie ezagunean, esate baterako.

Ezagutzen duzue Gomorra, ezta? Bost denboraldi dira eta, egia esatera, ideologiak alde batera utzita, oso ikusgarria iruditzen zait. Ez dut spoiler egingo; bitxikeria bat kontatu besterik ez. Kontua da amaierako sintonia napolieraz kantatua dagoela: “Nuje vulimme na Speranza“. Youtuben bada bideo bat, abestia italieraz eta napolieraz azpititulatua ageri duena. Ahal baduzue, entzun eta irakurri. Oso ariketa didaktikoa iruditzen zait, hizkuntza bien arteko aldea ikusteko: https://youtu.be/zO_70ooPRwg

Linguapax Review pdf formatuan eskuratzeko, hemen: https://www.linguapax.org/linguapax-review-ca/

Musika eta hizkuntza

Wikipediaren arabera, Italiako kantugintza klasikoarekin identifikatzen ditugun kantu ezagun asko eta asko, napolieraz kantatzen dira: O sole mio edo Funiculi, funiculá, esate baterako. Bada musika talde bat, L’Arpeggiata, oso esanguratsua dena bere proiektuetan goi-mailako musikariak biltzen dituelako. Musika barrokoa lantzen du era berritzailean. Album oso bat du Napoliko (eta napolierazko) kantuei dedikatua: Alla Napoletana. Hemen entzun ahal da: https://youtube.com/playlist?list=OLAK5uy_laCx-BaGc0E1Ug9ShZeOGXiOKKoZf5g2I

Liberato ere napolieraz abesten duen musikari bat da. Hip-hop egiten du. 2017an atera zuen lehen singlea eta arrakasta lortu zuen berehala. Berezia da anonimatoaren aldeko apustua egiten duelako eta inoiz ez duelako bere benetako identitatea aitortu. Hau izan zen bere lehen lana: https://youtu.be/73Ns52Cb7_A

Eta hau oso-oso gainetik begiratuta. Bitxia da ze gutxi dakigun horren urrun ez ditugun hizkuntzei buruz!

Hizkuntza mina

Dolor de llengua

Hiztunek beren hizkuntzen gainbehera ikusita pairatzen duten mina edo patologia da “dolor de llengua”. Euskaraz, hizkuntza mina. Maite Puigdevall soziolinguista eta irakasleak horretaz hitz egin berri du UOC Universitat Obertaren podcast batean.

Bi lan esanguratsu eta mamitsu aipatu ditu bertan, biak aski ezagunak:

  • Enric Larreulak, “Dolor de llengua” liburuan, katalanarekin kezkatuta dauden hainbat hiztun kontzienteren erantzun emozionalak aztertzen ditu. Elkarrizketa sakonen bidez, hizkuntza galtzearen sufrimendua deskribatzen saiaten da, eta horren ondorioak azaltzen ditu, ikuspegi emozional, somatiko eta sozialetik.
  • Are ezagunagoa da gure artean Ferran Suay eta Gemma Sanginésen lana: Sortir De L’Armari Lingüístic: Una guia de conducta per a viure en català. Bertan hizkuntza sumisioaren ondorio psikologikoak aztertzen dira, eta hainbat baliabide eta sendabide proposatu, katalanez traumarik gabe bizitzeko. Ez dut horretan sakonduko, aski ezaguna delako eta badelako nik baino askoz hobeto azaldu dezakeenik.

Podkasta hemen: https://go.ivoox.com/rf/95499107

Hiztunaren gaitza

Handik gutxira, azaroan bertan, Ainize Madariagak hitzaldi bat eman zuen Arabako Campusean, Gizarte Langintza ikastegian, hain zuzen ere. Lekuagatik egin zitzaidan berezia. Hitzaldia bere liburuan oinarritu zuen (Hiznet graduondokoaren baitan eginda eta UEUk argitaratua): “Komunitatea hats bahiturik: hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak”

Ainizek muturreko kasu bat dokumentatu zuen: liburuan jakile izena ematen dion Zuberoko hiztun baten kasuan kontatzen du, txiki-txikitatik eskolan zein etxean euskara debekatu ziotena. Gerora, horren ondorioz, hainbat arazo psikologiko eta psikosomatiko izan ditu: erantzun azkar bat artikulatzeko zailtasunak edota eztarriko min kronikoa, esate baterako. Hainbat urtez terapian aritu ondoren, kontu biak erlazioa zutela aurkitu zuten. Liburuan jakilearen bizitza-istorioa eta haren minak kontatzen ditu. Datuak biltzeko, gaixoa elkarrizketatu zuen, baina baita harekin lan egiten zuen terapeuta ere.

Gehiago jakiteko:

  • Hitzaldearen bideoa, EHUko kanalean.
  • Artikulua, BAT soziolinguistika aldizkarian
  • UEUk argitaratutako liburua (kapitulu bat jaitsi daiteke pdf formatuan)

Grieving the loss of my language / Hizkuntza galtzearen dolua

Poesia euskarri ezin egokiagoa izan daiteke hizkuntzaren dolua adierazteko. Iazko azaroan, Yael Peled eta Mariona Miret hizkuntza aktibistek poesia-emanaldi bat antolatu zuten horren inguruan. Deialdia sare sozialen bidez egin zuten eta hizkuntza dolu horri buruzko poemak eskatu zizkieten hizkuntza gutxitako hiztunei. Emanaldia Zoom bidez egin zuten, eta hainbat hizkuntzatako testigantzak jaso zituzten: Alguer hiriko katalana, galesa, Jersey uharteko jèrriais hizkuntza, sardiniera, Suediako meänkieli hizkuntza, ojibwe, irlandesa, Gaskoniako okzitaniera edota yoruba, besteak beste.

Ez dut grabazioa inon aurkitu, baina ez dut euskarazko poemaren aipamenik ikusi.

Bizi minaren olerkian, JA Irigaray

Kasualitate horietako bat izango da, ziur aski. Egun hauetan, aspaldiko liburuen artean ibili naiz, orden pixka bat jarri nahian. Horietako liburu bat hartu, ireki, eta engantxatu egin nau. Poesia liburu bat zen: Bizi Minaren Olerkian, JA Irigarairena.

Liburu zaharra da, 1986koa. Gaur egun ezezagun samarra, baina hango poema asko erraz ezagutuko dituzue, Benito Lertxundiren ahotan zabaldu zirelako: Bizkaia maite; Oi gure herria; Beti penetan; Orbaizetako ola… besteak beste.

Hizkuntza galtzearen dolua ederki adierazten duen poema bat dago tartean:

Herrixka anitzetan haurrak erdaraz

jo eta kea

amatxik erdaraz jakin ez,

eta mendiak, zuhaitzak

errekak, burkaitzak

alimaleak, egaztiak

izenak, deiturak

denak euskaraz mintzatu arren

agian aurki ez bide da euskararik

euskara bizirik

herri horietan entzunen,

ai, ei, erraietako oinaze eta mina!

Euskara

mendetakoa, mundukoa,

gurea

ote haiz hain hil urren?

Kategoriak lehian

Udatik hona liburutxo bat izan dut eskuartean: Revitalising language in Provence:
A critical approach
.
Interneten eskuratu daiteke. Bi ideia defendatzen ditu:

(a) Lehenak Anderson historialarian lana ekarri dit gogora. “Komunitate imajinatuak” izeneko liburuan nazionalismoen sorreraz hitz egiten du. Haren ustez, nazionalismoa sortzen da gure burua, gertuko taldetik harago, komunitate handiago baten partaide gisa imajinatzen dugun neurrian. “Imajinatze” hori subjektiboa da, eta sentimenduekin du zer ikusirik. Gerora, komunitate imajinatu hura atzeratz proiektatzen dugu, iragan idealizatuen eta mito fundazionalen bidez. Iraganeko eta egungo hainbat elementu hautatu egiten ditugu eta horien arteko mihiztadura bat sortzen dugu, harik eta nazioaren ideia osatzen dugunera arte.

Hizkuntza bat biziberritzeko mugimenduak ere antzera sortzen direla defendatzen du liburuak. Errelato bat sortzea da koxka: iragan idealizatu bat (leku bat non itzultzea merezi duen); subjektu bat (hori ere, neurri batean, imajinatua), eta gatazka bat (injustizia bat, ofentsa bat, zapalkuntza bat…). Kontuz: “imajinatua”-k ez du “faltsua” esan nahi. Konstruktibismo sozialaren arabera, errealitatea ez da objektu estatiko bat, baizik eta etengabe eraikitzen dugun konstruktu bat.

(b) Bigarren ideia da, hizkuntza biziberritzeko borroka, neurri handi batean, kategoriak konkistatzeko borroka dela. Zein da hizkuntza eta zein “patois”? Zeintzuk atributu datozkigu burura “euskara” esaten dugunean eta zeintzuk “gaztelania” esaten dugunean? Horietatik, zeintzuk dira atributu desiragarri eta zeintzuk ez? Zein da, azken batean, leku eta egoera jakin batean hizkuntza legitimoa eta zein ez-legitimoa? Horren atzean kontzeptu ezagunak daude: hizkuntzen arteko botere-harremanak (hiztun-taldeen artekoak, alegia) eta ideologia linguistikoak.

Bi ideia horietan oinarritzen da Proventziera biziberritzeko mugimenduaren analisia egiteko . Interesgarria da, nahiz eta deserosotasun-puntu bat edo beste sortzen duen.

Jardunaldi batean proposatu ziguten ariketa bat gogoratu dut.

Taula batean, goialdean, 4 hizkuntza jarri ziguten: euskara, gaztelania, txinera, ingelesa. Ezkerraldean, goitik behera, hainbat atributu: zaharra, modernoa, zaila, errentagarria, Hizkuntzak atributu bakoitzaren arabera ordenatu behar ziren: zein den lehena, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena.

Emaitzak deigarriak dira: Euskara eta txinera parez pare ageri dira ia-beti, ia atributu gehienetan. Berdin gertatzen da, gaztelania eta ingelesarekin. Txinera eta euskara kategoria berdintsuetan sartzen ditugu: zaharrak, tradizionalak, zailak… Gaztelania eta ingelesa, ordea, modernoak dira, aukerak zabaltzen dituzten hizkuntzak, behar-beharrezkoak…

Gerora neuk ere erabili izan dut ariketa hori, eta antzeko emaitzak agertzen dira ia-beti; baita erantzuten dutenak euskaratik gertu samar dauden pertsonak direnean ere.

Hiltzen ari diren munduak

Alcarràs

Alcarràs filma ezin izan nuen zineman ikusi. Abuztuan izan dut plataformetan ikusteko aukera. Zeozer irakurria nuen aldez aurretik: mundu baten amaiera islatu nahi zuela (nekazaritza-mundua, alegia)… aktore-taldea osatzeko, benetako familia bat bilatu nahi izan zutela (edo, behinik behin, talde profesionala ez izatea, baizik eta herritar arruntaz osasutakoa)… modu malguan grabatu zela, gidoi finko eta zorrotz bati jarraitu gabe… eta beste hainbat gauza.

Emaitza oso ikusgarria izan da. Berritzailea, alde askotatik.

Sare sozialetan eta komunikabideetan, goian duzuen fotograma erabili da bereziki. Esanguratsua. Ondo hautatua. Familia osoa, bere lurrei begira, beren mundua nola desagertzen ari den ikusten.

Irudi bakar batek istorio oso bat laburbil dezake.

/…/

Euri Horia

Hau ere mundu baten amaierari buruzkoa da. Julio Llamazarasen aspaldiko nobela bat da “Euri Horia” (La Lluvia Amarilla). Wikipediaren arabera 1988an argitaratu zen. Nobela? Ez dakit, bada. Narrazio poetiko bat dela esan izan da. Llamasaresek Pirineoetako herriak nola husten ari ziren islatu nahi zuen bertan. Hizkuntza eta egitura aldetik oso narrazio aberatsa da eta oso giro berezia sortzen du. Gaiaren aldetik, malenkoniaz dago beterik: herriak hustutzea, bakartasuna, denboraren iragana… Izenburuak udazkenean erortzen diren hosto lehorrei egiten die erreferentzia.

Protagonista Andres da, Ainielle herriko artzain bat: bertako azken biztanlea, herria erabat hustu aurretik. Ainielle herria aragoieraren eremu linguistiko historikoan kokatua dago. Kritikaren bat irakurri dut arrazoi horrengatik, hain zuzen: izan ere, narrazioa lehen pertsonan dago, eta  –batzuen ustez– zaila da bertako artzain batek halako hizkuntza aberatsa erabiltzen duela sinistea. Horrek, kritika horien arabera, sinisgarritasuna kentzen dio narrazioari.

/…/

Paniceiros

Udaberrian Asturias aldera egin nuen txangotxo bat baliatu nuen Historia Universal de Paniceiros liburua berriro irakurtzeko. Jatorriz asturieraz idatzita dago, baina gaztelaniaz ere topatu daiteke. Istorio laburrak dira; baina zaila da poesia, narrazioa edo entsaioa ote diren bereiztea. Baten batek narrazio kostumbristak direla esango luke, baina ez zait iruditzen. Hori baino askoz gehiago dela esango nuke. Hor ere Xuan Bellok antzeko motibazio bat aitortzen du: “Ikusi nuen nola ari zen mundu bat hiltzen, eta horren berri eman nahi izan nuen”.

Umoretik ere asko du, baina esango nuke tonu eta giro lanbrotsua eta malenkoniatsua nagusitzen dela. Lainoa/lanbroa omen da Asturias hobekien laburtzen duen sinboloa. Xuan Belloren arabera, lainoa “arimaren sentimendu bat da”, gogo-aldarte bat. Lainoa misterio-estalki baten modukoa da. Erraza da lainoan galtzea, bidea ondo ezagutzen baduzu ere. Mendizaleek hori ondotxo dakite. Xuan Bellok dioen bezala, lainoak espazioa eta denbora deuseztu eta ezabatu egiten ditu, erabat eta eraginkorki.

/…/

Gure Paniceiros

Duela hainbat urte, Lorea Agirrek liburu horren irakurketa propioa egin zuen Koldo Mitxelena kulturgunean, “berrirakurtzen” saioaren barruan. Hemen ikus daiteke: (https://www.youtube.com/watch?v=Vr1TwUn2kHQ). Oso ariketa polita egin du bertan: Paniceiros eta Euskal Herria alderatu, haren ustez, gurean ere, mundu bat joan badoakigulako, gure begien aurrean, kasik ohartu gabe.

Besteak beste, Joseba Sarrionandiaren poema bat ekarri du, Ruper Ordorikaren musikarekin:

Eta badoaz urtaroak,
Eta gu ere bagoaz,
Geroago eta gutiago
Gara ginenak,
Gero eta urrutiago
Ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian,
Ez besterik: Ursouia, Itchasou, Irouleguy, Aussurucq eta Tchoko
Jendeak misterio aire batekin
Ahoskatuko ditu leku izenok...

/…/

Non lurrartu?

Etxean, mahai gainean, ireki gabe, Bruno Latour filosofoaren liburu bat daukat: Donde Aterrizar.

Izenburuak oso metafora potentea du atzean:

“Gure zibilizazioa lurretik aireratu da, hegazkin supersoniko batean eroso bidaiatuko balu bezala. Lehenik, leihatilatik begiratzean, kotoizko hodeiak ikusten ziren, eta eguzki-izpien dirdira. Baina, poliki-poliki, hodeiak beltz bihurtu dira, eta urrutian trumoiek ekaitza datorrela iragarri dute. Lurreratu behar da. Premiazkoa da. Baina non? Lurra desagertu egin dela ematen du, hain urrun dago-eta”

/…/

Minoria aktiboak

Margaret Mead antropologoaren hitzak:

«EZ JARRI INOIZ DUDATAN pertsona burutsu eta konprometitu talde bat aski dela mundua aldatzeko. Egia esan, gaurdaino hori izan da funtzionatu duen gauza bakarra».

Minoria aktiboak. Nonbait irakurri dut, euskararen kasuan ere, ezinbestekoak izan dira iritsi garen lekura iristeko, eta are ezinbestekoagoak izango direla aurrera egiteko.

Minoria aktiboen teoria Sergi Moscovicik proposatu zuen, psikologia sozialetik.. Bere definizioaren arabera, minoria horiek «kolektibo txikiak dira, gehiengoarenak ez diren arau eta balio propioetan oinarrituz, gehiengoaren jarrerak eta jokabideak aldatu nahi dituztenak».

Influentzia sozialaren prozesuak landu nahi zituen Moscovici. Bere ustez, minoria aktibo batek gehiengoarengan influentzia izateko, hiru baldintza behar dira: (a) lehenik, minoriak bere jarrera propioa definitu behar du; (b) bigarrenik, gaia problematizatu behar du: gehiengoak arazorik ikusten ez duen lekuan, arazoa azalarazi eta gatazka sortu behar du; (c)  hirugarrenik, kontsistentziaz jokatu behar du; batetik bere hautua zeharo kontzientea dela adierazteko, eta bestetik erdibideko konponbiderik onartzeko prest ez dagoela erakusteko. Gehiengoarengan disonantziak eta duda-mudak sortzea da kontua (baita neurri bateko erru-sentimendua ere).

Minorien influentziak gatazka sortzen eta kudeatzen jakitearekin du zerikusirik. Gatazkak tentsionamendua sortzen duen neurrian, gatazkaren parte diren pertsonek eta taldeek egoera berrebaluatu beharko dute halabeharrez. Haren esanetan, minoriaren papera ez da atsegina izatea, ez limurtzea eta ez seduzitzea, baizik eta gatazka sortzeko eta gidatzeko gai izatea. Horretarako, arrakastaren gakoa minoria aktiboen jokabidea omen da.

Moscovicik gatazkaren irakurketa positiboa egiten du. Disonantzia ondo neurtua sortzea omen da kontua: nahikoa, mugimendu bat sortzeko; eta ez gehiegi, kontrako jarrerak ez gotortzeko.

Interesgarria, ezta?

Gerra kulturalak

BAT

Bereziki egokia iruditu zait aurtengo Udaltop jardunaldiak landu duen gaia. Iruditzen zait haratago iresteko moduan geundela, baina, behintzat, ondorio batzuk atera dira. Nik neuk, behintzat, honela ikusten dut:

  • Erabat funtsezkoa eskolaz kanpoko ekosisteman eragitea. Eskolaz kanpokoa inguru konplexua da. Ekosistema hitza bera oso esanguratsua da: askotariko jarduerak, askotariko espazioak, askotariko eragileak… Ekosistema osoan eragin beharra dago, ez (soilik) jarduera zehatzetan.
  • Horretarako beharrezkoa da instituzioen esku-hartzea. Aterki juridiko-politiko egoki bat antolatu beharra dago. Instituzioek apustu egin behar dute, eta apustu hori bistaratu.
  • Horren aldeko aktibazio eta adostasun soziala ere landu beharra dago. Behetik ere indarra sortu behar da, prozesu horretan eragingo duena. Agian ez da erabat “politikoki zuzena” honela esatea, baina… presio soziala ere beharrezkoa da.
  • Zerbait antolatu beharra dago, bide horretan eragingo duena. Artefaktu bat, dispositibo bat… Horren aldeko indarrak eta ekimenak artikulatzeko gaitasuna izango duen zerbait. Kanpaina bat? Ezetz esango nuke… Kanpaina bat baino zertxobait gehiago behar da… zerbait organikoagoa, agian.
  • Helburua, aurrepauso txikietatik harago, kultura-aldaketa eragitea da. Arau soziolinguistiko berri bat sortzea, alegia: 16 urte azpikoentzat antolatzen den guztia (defektuz) euskaraz izatea. Beste hizkuntzak ere hor egongo dira ziur aski, baina euskara izatea aukera ez-markatua.

Ideia potentea iruditzen zait. Zoritxarrez “kultura-aldaketaren ideia” bera ere kolonizatu eta lapurtu egin digute.

BI

Maiatzean soziolinguistika jardunaldiak izan ziren Alcoi-n (XXV Jornada sociolingüística Alcoi 2022). Hitzaldietako batean hizlariek ikasleen eredu kognitiboetan eragin beharra mahairatu zuten, eta eredu kognitibo horien atzean zeuden ideia batzuk errepasatu ere errepasatu zituzten: aurriritziak, autogorrotoa, hizkuntzaren eta identitatearen arteko lotura, arlo pribatua eta arlo publikoa… Irakasleei deigarri egiten zitzaien bereziki katalan-hiztunek ere “erosi” egin dutela inposizioaren ideia. Haraino iritsi da ideien kolonizazioa.

Izan ere, Valentzian katalan-hiztunek ere hizkuntza inposatu egiten dela uste dute. Horrelako ideiak dituzten ikasleei hiztun “solidarioak” deitzen diete, erdi-txantxetan. Gela batera sartu eta katalanez hasten zarenean –Hola, bon dia. Com esteu?–, oso litekeena da hiztun solidario horietako bat agertzea. –Perdona, disculpa, però aquí hi ha una noia que ve de la Rioja i que no t’entén–. Beste neskak, jakina, den-dena ulertzen du. Agian ez du ezer esango, baina pentsatu bai: –No le entenderas tú. Yo estoy entendiendo perfectamente!–.

Irakasle horien ustez, larria da katalan-hiztunek inposizioaren diskurtsoa barneratu izana… Oso-oso arriskutsua da.

HIRU

Norberaren balioak, sinismenak eta praktikak gailentzeko gatazka ideologikoei gerra kulturalak deitzen omen zaie. Ideien hegemonia lortzeko borrokak dira. Zer da justizia, zer inposizioa, zer da bidezkoa eta zer ez, hori guztia nork erabakitzen du? Ideia horiek guztiak gure alde posizionatzea da gerra kulturalen helburua.

Orain dela egun batzuk, titular hau agertu zen El Correo egunkarian.

Bitxia da. Hasiera-hasieratik garbi dago intentzionalitatea, baina hurrengo parrafoa irakurri behar da zertaz ari den jakiteko:

PNV, EH Bildu y PSE-EE apalabran la nueva ley de profesiones del deporte, que será aprobada por el Parlamento vasco la próxima semana

Nonbait irakurri dut gerra kulturalen kontzeptua AEBetatik datorrela, eta zerikusi gutxi duela gure errealitatearekin. Ez dakit bada! Artikulu horren modukoak irakurtzen ditudanean… zalantzak sortzen zaizkit.

Prospektiba-ariketak?

WIKIPEDIAREN arabera, etorkizuna aztertzen duen zientzia da prospektiba, etorkizuna ulertzeko eta etorkizunean eragin ahal izateko. Prospektiba-analisi batean, aldagai kritikoak definitzen dira, eta aldagai horietako bakoitzaren balizko bilakabideak aztertu. Horren arabera, etorkizuneko agertoki edo jokaleku ezberdinak irudikatzen saiatzea da helburua; gehienetan hiru: bat kontinuista, bigarrena baikorra eta hirugarrena ezkorra. Non egongo gara X urte barru, egoera gutxi gorabehera gaur bezala jarraituz gero? Eta aldagai kritikoek nabarmen hobera egingo balute? Aldagaiak okertzeko arriskurik al dago? Ariketa interesgarria (eta tentagarria) da etorkizuna aurreikustea. Ez zaizue iruditzen? Ernest Querolek horri guztiari buruzko artikulu bat idatzi zuen “Treballs de Sociolingüística Catalana” aldizkarian: Per una sociolingüística prospectiva: de la profecia a la prospectiva.

Orain dela urte batzuetatik hona dezente zabaldu da bidegurutze batean gaudelako ideia. Esan izan da hemen eta orain hartzen ditugun erabakiak funtsezkoak izango direla, hemendik hainbat urtera egoera batean edo bestean egoteko. Kontua da… Zein dira jokaleku batera edo bestera eramango gaituzten erabaki horiek?

Orain dela hilabete pare bat hitzaldi bat antolatu zuten Gasteizko Oihanederren: 2040ko Gasteizko euskaldunak. Irudikatzen? Iñaki Mtz de Luna eta Asier Etxenikerekin. Erantzun batzuk jaso nituen bertatik:

BAT. Euskararen jakite-maila hobetzea da gakoetako bat. Ulermenaren unibertsalizazioa aipatu izan da; baina horrekin batera, euskaraz gaztelaniaz bezain erraz (edo errazago) jardungo duten hiztunen kopurua handitzea ere bai. Asierrek hortik jo zuen. Iñaki Iurrebasoren tesia aipatu zuen. Izan ere, Iñaki Iurrebasok defendatzen du, apurtxo bat era probokatiboan, “euskara asko erabiltzen dela dagoen ezagutza-mailarako”. Hauxe da, gutxi gorabehera, argumentazioa: Soziolinguistika inkesta hartzen badugu (>16 urte), Araban % 19,2 da euskaldunen portzentajea (2016ko datuak). Horien artean gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak % 70,8 dira. Hortaz, diferentzia da euskaraz gaztelaniaz bezain ongi edo hobeto moldatzen diren arabar euskaldunen portzentajea: % 29,2, alegia. Proiekzio bat egiten badugu biztanleria osoa kontuan hartzeko, datua harrigarria da: arabarren % 5,6 inguru dira euskaraz gaztelaniaz bezain ongi (edo hobeto) moldatzen diren euskaldunak. Kale-erabilera Araban % 4,6 da. Kasualitatea? Ez dakit zenbakiak ondo dauden, baina argumentazioa horixe da gutxi gorabehera.

BI. Mtz de Lunak ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) ekarri zuen hizpidera. Gaizki ulertu ez badut, bere ustez, aktibazioan eta planifikazioan egon daiteke gakoetako bat: ESEP plan instituzional hutsa izan barik, plan komunitarioa izateko urratsak ematea. Ez dago gaizki esana, baina barkatuko didazue eszeptiko samarra baldin banaiz. Eztabaida zaharra da: euskara plan orokor batek bi dimentsio behar ditu: dimentsio instituzionala eta dimentsio soziala, osagarriak eta ondo lerrokatuak. Agian norabide onean gaude, baina asko dago oraindik lantzeko. [Dimentsio komunitarioaz sarrera bat idatzi nuen duela gutxi: hemen].

HIRU. Ez batak eta ez besteak ez zuten aipatu, baina… hezkuntza izan daiteke gako horietako beste bat? Hezkuntzan ere ziklo baten amaieran gaudela esan da eta aldaketak iragarri dira. Ikusteko daude aldaketa horien tamaina eta eragina. Oraingoz era guztietako erreakzioak ikusi dira.

Kike Amonarrizek oso modu adierazgarrian azaldu ohi du hau guztia:

“Norantz joko du gero eta euskaldunagoa den belaunaldi berri honek? Euskara izango du gero eta gehiago hizkuntza nagusi? Edo euskaraz jakin arren erdaraz egiten jarraituko du, besteak beste, gure belaunaldiak eskaintzen dizkion lanerako eta sozializaziorako eremu nagusiak erdarazkoak direlako?  Hurrengo hamarkadetan, Europako hizkuntza normalizatuen bidean jar gaitezke edo Irlandako sinbolismoaren norabidea hartu”.

Zuek nola ikusten duzue?

Eta hi leloa bai lelo… eta beste zenbait gaizki-ulertu

BAT

Sautrela abestiaren estribilloaz akordatzen? Etaileloribailelolelosaraileloa. Txikitan oso erakargarria egiten zitzaigun, Mikel Laboraren ikimilikiliklik-aren pare, sorgin konjuro baten modura. Zer ulertzen genuen? Auskalo! Eta hi, lelo hori. Bai lelo! Lelo zara, ai leloa! Kontxo! Zer demontre du Beñat Etxeparek ditxosozko lelo horrekin? Nor da lelo? Nori ari zaio lelo deitzen?

Gerora jakin genuen Bizkaia aldean antzeko formula bat jaso zuela Cachopin Laredoko kronikagileak, hango bertso zahar batean. Horrela ageri da Auñamendi entziklopedian:

Lelo il Lelo, Lelo il Lelo,
Leloa, Zarak il Leloa.
Oktabiano munduko Jauna
Lekobidi Bizkaikoa.

Gaztelaniazko itzulpena ere ageri da bertan:

Lelo (ha) muerto Lelo, Lelo (ha) muerto Lelo
El Lelo, Zara ha muerto al lelo;
Octabiano (es) señor del mundo
Lekobidi (lo es) de Vizcaya.

Cachopinek, oharkabean, mito bat eraiki zuen, itzulpen akastun batean oinarritua: Lelo pertsonaiaren mitoa, alegia. Gerora, XIX. mendean, “La leyenda de Lelo” izeneko liburua idatzi omen zuen Vicente Aranak, Sabino Aranaren lehengusu batek.

Lelori lelo delako hori, dakizuenez, garaiko euskal lirikako formula bat da, zenbait kanturen lelo gisa agertzen dena. Hitz itxuragabetuak dira, onomatopeiak, agian esanahirik gabekoak, musikaltasuna iradokitzen duten soinu errepikakorrak… Ahozkotasunari erabat lotuta ageri dira formula horiek, eta poemak ahoz atontzen ziren garaia ekartzen digute gogora. Antza denez, halakoak poemaren doinua eta tonua ondo eta azkar hartzeko erabiltzen ziren. Hortaz –nonbait irakurri dudanaren arabera– litekeena da Sautrelaren leloa honelako zerbait izatea: “Eta hi lelo hori, bai lelo, lelo sar hadi, leloa”. Zentzuzkoa iruditzen zait.

BI

Matalaz kantuaren kasua askoz ezaguna da… Mitikileko erretorearean azken hitzak honakoak izan ziren, Benito Lertxundiren bertsioan: “Agian, agian, egün batez, jeikiko dira egiazko xiberutarrak, egiazko eskualdünak tirano arrotzen hiltzeko”. Ezaguna da “hiltzeko” dioen lekuan,“ohiltzeko” esaten zuela jatorrizkoak: “ohildu = kanporatu”, alegia. Akatsak dramatismo puntu bat ematen dio kantuari, baina ez du esanahia gehiegi aldatzen.

HIRU

Pepitas de Calabaza argitaletxeak liburu bat argitaratu berri du Jordi Maestreren Paraguas en llamas izeneko blogean oinarritua. Bertako post batean anekdota pare bat kontatzen du, honelako gaizkiulertuei lotuta.

Irlandako gazte baten istorioa kontatzen du. Kantuen letrak erabiltzen omen zituen gaztelania ikasteko, eta tarte batean intrigaturik ibili zen El Ultimo de la Fila taldearen kantu honekin:

¿Por qué esas flores raras
crecen en las aceras para ti?
Volveré a coger las aves

¿Flores raras?¿Coger las aves? Zertaz ari da? Azkenean erabaki zuen desamodioari buruzko istorio bat zela: hegaztizain bat eta bere neskalaguna: “Oye, tía, eres tan rara que yo lo dejo, voy a volver a coger las aves”. Istorio polita, ezta? Kontua da kantuak ez duela “Volveré a coger las aves” esaten, baizik eta “Volveré a cogerlas. Sabés?”.

Beste istorio bat kontatzen du, hari txikitan gertatua. “Sombra aquí y sombra allá, Maquíllate, maquíllate” kantu ezaguna entzun zuenean gogoratzen du hasiera batean pentsatu zuela Mecano talde katalan bat izango zela (agian valentziarra); eta erabat ausarta, konplexurik gabe elebitasunaren aldeko apustua egiten zuelako:

Som d´aquí i som d´allà,
(Hemengoak eta hangoak gara)
Maquíllate, maquillate

Gaizki-ulertu batetik metafora ikaragarri polita sortu duela iruditu zait.

LAU

Allande Sokarros euskaltzaina izateaz gain, hizkuntza aktibista aparta izan dugu. Duela gutxi utzi gintuen, eta, horrez geroztik, bere Xiberoko argazkien falta sentitu dugu Twitter eta Instagramen, argazki horiek Xiberoa urrundik gertu sentitzeko modu bat baitziren.

Allandek hainbat programa egin ditu Xiberoko Botza irratian. Kantore Kronika da horietako bat. Programaren sintonian bertan kariturizatzen duten bezala, sarri betiko kantuak kantatzen ditugu, zer esaten dugun jakin gabe. Oharkabean letrak aldrebestu egiten ditugu. Programak lanketa horixe proposatzen zuen: Xiberoan sarri kantatzen diren kantuak hautatu eta lerroz lerro esanahia “deszifratzen” lagundu, xiberotar hizkera garbi-garbian. Zazpi eta hamar minutu bitarteko saioak ziren eta horietako hainbat web orrian daude entzungai: Xiberoko Botza – Kantore Kronika. Entzun, merezi du eta.

Adiorik ez, Allande!