Hiztun komunitatea indartzea

Aspalditxo ikasi nuen liburuak arkatz baten laguntzarekin irakurri behar direla. Ohartu naiz mania txiki bat dudala, eta ez dudala gogoko testua oso-osorik azpimarratzea; orrialdeetako marjinak erabiltzen ditut gerora akordatzea merezi duten zatiak nabarmentzeko… puntutxo bat, marratxo bat, X bat… edo hitz gako bat. Hortaz liburu bat esanguratsua egin zaidan ala ez jakiteko, aski da liburuaren marjinak begiratzea.

Uda partean irakurri dudan Teoría y prctiáca de la psicología comunitaria liburuaren marjinak oharrez beteta daude. Liburua prozesu kolektiboez ari da: botereaz, komunitatea indartzeaz, lidergo komunitarioaz, sareei buruz. Maritza Montero irakaslearena da, eta eskaneatuta eskuratu daiteke bi zatitan: hemen eta hemen.

Ideiaren bat azpimarratekotan, hona hemen batzuk:

  • Empowerment, ahalmentzea… alferrikako neologismoa da egilearen ustez. Latinoamerikan komunitatea indartzea erabili izan dute aspaldian… Azken batean, hori besterik ez da: komunitatea indartzea, komunitatea gai izatea bere beharrak asetzeko eta bere etorkizuna gidatzeko.
  • Lidergo komunitarioaz hitz egiten du liburuan. Ikerketak egin dituzte egoera ezberdinetan lider komunitarioak identifikatzeko eta beren ezaugarriak aztertzeko: komunitatearen onura bilatzen duten pertsonak dira, motibatzaileak, atseginak, jendea ezagutzen dute, besteen inplikazioa sustatzen dute eta disidentzia ere onartu egiten dute… Eralan proiktuaren baitan aipatu izan den lider eraldatzaileen ezaugarriak dira.
  • Sare komunitarioak detektatzen direnerako hortxe daude, ez dago esaterik nola sortu diren. Eskuhartzearekin horixe bera da lortzen dena: sareak bertan daudela ikustaraztea, eta sare horietako kideak existentzia horren kontzienteak izatea. Liburuak, dena den, gako batzuk ere ematen ditu: sareak indartzen edo sareak ahultzen dituzten elementuak. Lehenen artean hiru azpimarratzen ditu: informazioa sozializatzea, konpromisoarekiko beldurra kentzea, eta identitatea indartzea (norbanakoena, familiarena, taldearena, komunitatearena…) Sareak ahultzen dituzten elementuen artean beste hainbat: lidergo txikia edota egozentrikoa, mesfidantzak eta harreman gatazkatsuak, antolakundeari buruzko ikuspegi itxiegiak, eta ikasitako babesgabetasuna.

Laburbilduz, komunitateak indartzeko hiru gako aipatzen ditu: parte-hartzea, konpromisoa eta lidergoa.

Esan izan da hizkuntzaren normalizazio prozesuak hiztun komunitatea behar duela erdigunean. Prozesua kolektiboa dela… prozesu komunitarioa. Hitz potoloa da. Errazago da esatea egitea baino. Liburuak ez du errezetarik ematen, baina bai gako batzuk.

Ikastetxean, enpresan, auzoan… euskara plana abiatzen dugunean, komunitatea ezagutzea komeni zaigu: komunitate horretako liderrak nor diren jakitea, territorioa mapeatzea (elkarteak, taldeak, pertsonak…), harreman-sareak irudikatzea, aldekotasunak eta kontrakotasunak identifikatzea, hasieratik parte hartzea eta konpromisoa erraztea… Komunitatea indartzea da egitasmoa sostenible izateko biderik ziurrena.

Source: Allartean

Buruko mapak…

Diotenez, uda garaia egoki-egokia da gure buruko mapak astintzeko eta zabaltzeko. Buruko mapak munduari buruz ditugun pertzepzioak dira; baita pertzepzio horiek baldintzatzen dituzten sinismenak, balioak eta (aurre)iritziak ere.

Autolaguntza liburuetan (merkeetan eta ez hain merkeetan) asko hitz egin izan da horretaz. Oporretan gure burua zabaltzeko aholkua ematen dute: leku berriak ezagutu, normalean irakurriko ez genituzkeen gauzak irakurri, urtean zehar entzuten ez dugun musika entzun, jende berriarekin egon, edo aspaldian ikusi ez dugun lagun harekin…

Ez zait aholku txarra iruditzen.

Udako entzunaldiak eta udako irakurraldiak dibertsifikatzeari begira, nik neuk bi “mugarri” izan ditut: Euskadi Irratiko Bihotzeko Fonoteka saioa, eta Berria egunkariko Udako Gaiak atala. Zerbait aipatzekotan, bigarren hori aipatuko nuke nik: portatu egin dira, bete-betean asmatu dute aurten. Testu sorta izugarri polita osatu dute.

Horrekin batera, berrikuntza txiki bat aurkitu dut aurten Interneten: READLIST zerbitzua. Orri sorta bat hartu eta epub formatuan jasotzeko aukera ematen du, liburu elektronikoan lasai-lasai irakurtzeko. Niretzat deskubrimendu handia izan da.

Hau da emaitza:

Iaz Kindle horietako bat oparitu zidaten urtebetetzerako. Etekina atera beharko zaio, ezta?


Source: Allartean

Euskal kulturgintzaren transmisioaz, herrigintzaz eta euskaldunon nazio kulturalaz

2012. urtean Soziolinguistika Klusterrak, Sorguneak ikertegiarekin elkarlanean, V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia antolatu zuen, Kulturgintza euskararen garabidean izenburuarekin. Gerora BAT aldizkariak ale monografikoa argitaratu zuen izen berarekin. Bata zein bestea, nire ustez, mugarri txiki bat izan dira gutako askorentzat.

Hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna aldarrikatu izan dugu sarri, eta kexatu izan gara hizkuntza normalizazioa estu-estu kultura departamentuei lotuta aurkeztu nahi izan digutenean. Lanbidearen berezkotasuna aldarrikatu izan dugu: hizkuntza normalizatzaileak gara, ez kultur teknikariak, ezta animatzaile soziokulturalak ere (nahiz eta sarri funtzio horiek ere bete behar). Jardunaldia, alde horretatik, toke bat ematea izan zen:. “Aizue, bai… arrazoi duzue, baina kasu! Kulturaren dimentsioa ere ezin duzue zuen lanetik besterik gabe baztertu”. Euskara planen dimentsio kulturala landu beharra dago, eta kultura planen dimentsio linguistikoa..
Geroztik gure burua jazten saiatu gara. Tarteka, EKT aditu-tituluaren ikasketetako materialetara jo izan dugu, eta sarri kontu interesgarriak aurkitu ditugu.

Uda aurretik V. edizioaren berri egunkarien orrialde nagusietan jaso genuen, Joseba Sarrionandiaren bi hitzaldi iragarri ondoren. Antza denez, hitzaldiak ezin izango dira aurrez aurre eman, baina ikastaroaren egitaraua zirraragarria da berdin-berdin. Ikusteko parada izan al duzue? Ohi moduan, euskal kulturaren izen ospetsu askok hartuko du parte; baina bereziki deigarria egin zait (baita erakargarria ere) “euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz” gogoeta berezia egiteko adierazi duten asmoa: ikuspegi diakronikoa, kanpoko eta barruko begirada, pentsalarien eta politikarien gogoetak, eta… “herri-psikologia osasuntsu batera joateko irakaspenak”. Kontxo… ez da erronka makala!

Behin irakurri nuen, herri kulturaz ari garelarik, kontzeptuari bi esanahi emateko joera dugula: (a) herria protagonista duen kultura, eta (b) herri gisa gure burua garatzeko bidea ematen duen kultura. Horretaz ari gara, ezta?

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren aurtengo edizioaren egitaraua hemen duzue oso-osorik (pdf, 2Mb). On egin!


Source: Allartean

Euskalgintza, herrigintza eta harrigintza

Gazi-goxoak dira Joseba Azkarragak Etxagibelek post-hazkundeari buruz idatzi izan dituen testuak. Jakin aldizkarian argitaratu berri duen artikulua ere halakoa egin zait: ‘Harrigintza’ berria. Apunteak hazkunde-osteko euskal herrigintzaz. Iruditzen zait marrazten duen eszenarioa egiatik asko duela; badakit bere asmoa ez dela planteamendu ezkor eta etsigarria zabaltzea… dena den, batzuetan, beste alde batera begiratzeko eta trikuarena egiteko gogoa ematen du.

Garai likidoetan bizi omen gara. Lehen solidoa zen guztia urtu egin da, baita gure arteko harremanak ere. Paradoxikoa da, komunitateak inoiz baino beharrezkoagoak izango baitira, datozkigun erronkei aurre egin nahi badiegu. Urtutakoa harri bihurtu beharko da berriro ere. Horri deitzen dio “harrigintza berria”. Erronka handiak ditugu; erantzun kolektiboak behar dira; ikuspegi komunitario batetik egin behar zaie aurre.

Ildo bereko beste testu bat irakurri nuen orain dela hilabete batzuk: Eco-localismos y resilencia comunitaria frente a la crisis civilizatoria. Han trantsizio mugimenduaren azkerketa egiten zuen, eta bost gako azpimarratu:

  1. Komunitatea indartzen du: komunitateak ahalmentzea (enpoderatzea), autogestio-gaitasuna handitzea, parte-hartza indartzea, konpromisoa suspertzea…
  2. Ekintza lehenesten du. Ezin gara zain egon, gobernuek zer egingo duten. Guk geuk egin behar dugu; banaka ez, elkarrekin.
  3. Mugimendu autokritikoa da, baina ikuspegi eta jarrera positiboa eta erakargarria lantzen du. Garrantzitsuagoa da nahi dugun mundua eraikitzea, nahi ez duguna deuseztea baino.
  4. Subjetibitate berria sortzea. Gure barneko trantzisioa ere garrantzitsua da. Eraldaketa sozialaren dimentsio psikologikoa ere zaindu behar da.
  5. Ekintza gidatuko duen metodologia eskaintzen du. Aurreko esperientzietan zer funtzionatu duen jaso, eta ideia horiekin ibilbide-orri bat proposatzen du, era irekian.

Hortaz, horiek dira harrigintza berriaren gakoak. Oraindik ere bide luzea dugu, baina irudipena dut euskararen mugimenduan ez gabiltzala oso bide txarrean.


Source: Allartean

Begirada bat ikerketa kritikoari

Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 87/88 zenbakiak azken urteotako begirada egiten dio Euskal Soziolinguistikaren Ikerketari. Aldizkaria aurkezteko, Soziolinguistika Jardunaldiak baliatu zituzten, eta gaiari buruzko mahai ingurua antolatu: Patxi Baztarrika, Patxi Juaristi, Itziar Idiazabal, Iñaki Dorronsoro eta Iñaki Martinez de Luna [http://vimeo.com/91311806]. Gauza interesgarri asko esan ziren bertan, baina bereziki gustatu zitzaidan Patxi Juaristik egin zuen laburpena: ikerketetan askotariko gaiak ikusten dira, askotariko erakundeak, jatorri akademiko ezberdinak… Oro har ikuspegi aberatsa ikusten du, nahiz eta agian ikerketa aplikatua teorikoaren gainetik gehiegi nagusitu, eta nahiz eta nazioarteko ikerketarekin lotura txikiegia ikusten duen.

Patxi Juaristik lehenago ere gaia landu izan du. 2010eko HAUSNARTU sarietan lan interesgarri bat aurkeztu zuen: Euskal Soziolinguistika Aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa (pdf). Ondorioen atala argi-argia iruditu zitzaidan… Patxi Juaristiren esanetan, euskal soziolinguitikak hiru paradigma metodologikoak landu ditu (positibista, hermeneutikoa eta kritikoa), nahiz eta lehen biak (eta batez ere lehena) nagusitu diren.

Hitz gutxitan esanda (barkatu sinplifikazioa): (a) Paradigma positibistak arrazoiak jakitearekin zerikusia du, kausa-ondorio harremanak esploratzea da, maiz metodo kuantitatiboen bidez; (b) Paradigma hermeneutikoa fenomeno baten atzean zer dagoen ulertzea da, eta metodo kualitatiboak ditu gustukoak; (c) Paradigma kritikoak eraldaketa bilatzen du, eta horretarako sarritan metodo partehartzaileak erabiltzen ditu.

Iruditzen zait agerian daudenak baina gauza gehiago dagoela paradigma kritikoaren ildokoak. Gehiegi sistematizatu gabe egin dira; ez dira behar bezala dokumentatu, ez dira argitaratu, ez dira jardunaldietan aurkeztu… Gehiago behar dira? Bai. Lan egiteko moduak sistematizatu behar dira? Esperientzia horiek jasotzeko ahaleginak egin? Jakina.

Badugu zer ikasi!

Duela urte batzuk, Madril aldean, ikerketa militanteari buruzko ikastaro bat antolatu zuten Verdades Nómadas izenburuarekin. Hiru ideiarekin geratu naiz:

  • Ikerketa militantea militatzeko modu bat ere bada: sen kritikoa suspertzea, etengabeko gogoeta bultzatzea, subjetibitate berriak sortzea, elkarrekin pentsatzea, ideiak partekatzea…. arriskatzea.
  • Jakintza sortzea ez da nahikoa, jakintza erabilgarria sortu behar da. Zein jakintza da erabilgarria eta zein alferrikakoa? Ikerketa militantearen ikuspegitik, jakintza erabilgarria da eraldaketarako ahalmena ematen duena; zer mugitzen ari den identifikatu, eta hori indartzeko bideak proposatzen dituena.
  • Taldearen barrutik ikertu behar da, eta ez kanpotik; ikergaia elkarrekin definitu behar da: zer ikusten dugun, zer sentitzen dugun, nolako dilemak sortzen zaizkigun… eta hortik abiatuta jakintza erabilgarria zein den erabaki. Ikerketa militantea prozesu kolektiboa da beti.

Duela hilabete batzuk Orlando Fals Borda soziologoaren lan batzuk irakurtzeko parada izan nuen, eta hasiera batean urrun samar egin bazitzaizkidan ere, amaierarako gustua hartu nien. Esan izan da ikuspegi eurozentrista dugula, eta gure ingurutik harago sortzen diren ikuspegiak eta esperientziak gutxiesteko joera oso-oso agerian dugula. Fals Bordak hegoaldeko begirada eman dio paradigma kritikoari. Haren lanari buruzko hitzaldi baten esteka utzi nahi dizuet, sarrera hau amaitzeko: hemen. On egin!


Source: Allartean

Hizkuntzaren sustapena egiten duten entitateak

Ezagutzen al duzue “Cens d’entitas de foment de la llengua catalana” proiektua? Katalanaren sustapena egiten duten entitateen erregistro publikoa da, antza. Horri buruzko albiste bat irakurri dut, duela gutxi:

“Enguany 142 associacions i fundacions formen part del Cens d’entitats de foment de la llengua catalana /…/ 82 pertanyen a l’à mbit cultural, 17 a foment de la llengua, 11 a integració social, 7 a joves i lleure, 11 a organitzacions empresarials i sindicals, a més de l’à mbit de l’esport, la formació, els col·legis professionals i les noves tecnologies”

Hortaz, erregistroan 142 elkarte eta fundazio dago izena emanda. Ez dira soilik zuzen-zuzenean katalanaren langintzaren baitako entitateak (gure euskalgintzaren parekoak). Bestelakoak ere ageri dira: kultura arlokoak, gizartegintzakoak, hezkuntzakoak, enpresa mundukoak… askotarikoak. Egitasmo interesgarria da. Web orrian www.gencat.cat/llengua/cens proiektuari buruzko azalpen ugari ageri dira, baita bideo dibulgatiboa ere:

Eta gurean? Zein dira euskararen sustapena egiten duten entitateak? Zenbat dira? Non daude? Euskalgintza nola definitu?

Urretxun horretaz aritu ziren. Euskalgintza artikulatu nahian, euskalgintza bera definitzera behartuta ikusi zuten beren burua: “Maila kontzeptualean, euskalgintzaren partaidetzat jotzen dira beren erakundeaz gain, gizartean euskararen normalizazioan eragiteko asmoa duten erakundeak”.

Mikel Zalbidek horri buruzko gogoeta egin zuen orain dela urte batzuk. Horretarako bi elementu erabili zituen: (a) euskalgintzaren aldeko asmoak eta (b) euskalgintzaren aldeko emaitzak. Hortaz, lau aukera zerrendatu zituen:

  • A Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, eta aldeko emaitzarik ere bai
  • B Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, baina aldeko emaitzarik ez
  • C Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, baina aldeko emaitzarik bai
  • D Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, eta aldeko emaitzarik ere ez

Lehen hirurei euskalgintzaren baitakoak zirela iritzi zien, baina halako bereizketa “txiki” bat egin zuen:

  • Berariazko euskalgintza dira lehen biak, euskararen sustapena berariaz bilatzen baitute.
  • Bide batezko euskalgintza da hirugarrena

Gogoeta Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian argitaratu zen, 2007. urtean, artikulu luzeago baten sarrera gisa: Iparraldeko Euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia. (pdf).


Source: Allartean

Hurbileko garapen eremua

Lev Semyonovich Vigotsky aditua zen garapenaren psikologian. Sobietar Batasunean hil zen 1934. urtean, baina bere lana ez zen mendebaldean ezagutu 60.eko hamarkadara arte. Vigotsky-ren ustez, ikastea prozesu soziokulturala da, interakzio sozialean oinarritua, eta sozializazioa du helburu. Konstruktibismo sozialaren aitzindaria dela esan izan da.

Badakit gehiegi sinplifikatzea dela. Barkatuko didazue, ezta?

Vigotsky-k hurbileko garapen eremuaren teoria sortu zuen, interkazionismo sozialean oinarritua. Labur-labur esanik :

Garapen erreala da ikaslea, bera bakarrik, laguntzarik gabe, egiteko gai dena. Garapen potentziala, berriz, oraingoz eskuratu ez duen garapena da, oraingoz bera bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin lortu dezakeena. Hurbileko garapen eremua, hortaz, garapen errealaren eta potentzialaren arteko distantzia da.

Beste era batera esanda, “i” baldin bada pertsonak bere kabuz, aparteko ahaleginik gabe, egin dezakeena, ekintza pedagogikoak ikasleari “i + 1” eskatu behar dio; eta jauzi hori gainditzeko baliabideak eman (andamiajea). Gutxiago eskatzeak ez du zentzurik, ikaskuntzarako baliorik ez duelako; askoz gehiago eskatzea ere alferrikakoa da, garapen eremutik kanpo kokatzea delako.

Eta horrek guztiak zerikusirik al du hizkuntza normalizazioarekin? Bai, ezta? Esan izan da normalizazio prozesua horixe dela: gauzak beste modu batean egiten ikasteko prozesua dela; ikasketa-prozesu bat, azken batean.

Beste ideia bat hurbileko garapen eremuari loturik: Txepetxek, aspalditxo, tipo linguistikoak definitu zituen: A, [B], B, A [B], AB, BA… jatorrizko euskalduna, euskaldunberria, euskaldun kulturizatua, euskaldunberri natibizatua… Akordatzen?

Gerora, normalizazioari begira, tipo linguistikoen optimizazioa aldarrikatu zuen, Hiztunek beren gaitasuna hobetzea da kontua, eta horretarako hiztun-tipo bakoitzak gertuko tipologian bilatu behar du bere erreferentea.

Julen Arexolaleibari entzuna diot galdera: zonalde erdaldundu batean, euskara eskolan ikasi duen (ikasten ari den) neska-mutikoarentzat zein da, euskararen ikuspegitik, erreferentzia positibo gertukoena? Zeinek lagundu ahal dio gehien? Agian, ikastetxean bertan bere antzeko egoera batean euskara(z) ikasi eta euskara bere egin duen gaztetxoak. Aisialdirako hezitzaileak bilatzen ditugunean, agian, horrelakoak hobetsi behar ditugu.

Source: Allartean

Don`t call me vasco

BAT

Kantu hau entzun duzue inoiz? DON’T CALL ME VASCO (soundcloud).

BI

aek-k duela urte askotxo egin zuen kanpaina bat ekartzen dit gogora:

SER VASCO/A NO ES SUFICIENTE
IZAN EUSKALDUN!
EL EUSKERA ES LA DIFERENCIA

Akordatzen?

Garai hartan euskararen inguruko publizitate gutxixeago egiten zen. Esango nuke euskaltegien matrikulazio kanpainak horregatik zirela esanguratsuak: nonbait, euskararen inguruko diskurtsoaren parte handi bat kanpaina horien bidez definitzen zen urtez urte. Agian gehiegi esatea da, baina nik halako oroitzapena dut.

Kontua da kanpaina horrek haustura txiki bat eragin zuela, ordura artekoekin alderatuta. Ordura arteko matrikulazio kanpainak koloretsuak ziren, bizi-biziak, atseginak, “amableak”. Kanpaina horrek hainbat kontzientzia astindu nahi zuen, eta mezua identitatearen ideiaren inguruan oinarritu zuen. Mezuak bazuen halako “deserosotasun” puntu bat, baina ondo funtzionatu zuen.

HIRU

Kathryn A. Woolard antropologoak defendatzen du hizkuntza baten zilegitasuna bi ideia nagusiren baitan aldarrikatu ohi dela; bi ideologia linguistikoren baitan, alegia: egiazkotasunaren ideologia eta anonimatuarena. Hau da, hizkuntza gurea delako defendatzen dugu (gure identitatearen adierazpidea) edo denona delako (unibertsala, ez inongoa). Hizkuntza propioaren eta hizkuntza komunaren arteko tirabira da, azken batean.

Hizkuntza minorizatuek egiazkotasunaren ideologian oinarritu ohi dute beren estrategia. Hizkuntza hegemonikoek anonimatuan.

LAU

Woolard-ek Kataluniako egoera aztertu du bereziki. Han ere nabaritu du gazteen artean hizkuntzarekiko atxikimendua aldatu egin dela. Hizkuntzarekiko kezka bestelakoa da, antza; eta garai bateko “dolor de llengua” liburua aipatu du. Batzuentzat axolagabekeria da arazoa. Kontua da gazteek hizkuntza ez dutela ikusten gatazka edo arazo moduan: katalana dakite, eta hitz egiten dute; gaztelania ere badakite eta nahieran erabiltzen dute.

Woolard-en ustez, hori guztia trantsito baten ondorioa da: egiazkotasunetik anonimatura. Halako trantsito bat beharrezkoa omen da, maila batetik aurrera hizkuntzaren hedapenari eutsi nahi izanez gero.

BOST

Dena den, Woolard-ek dio, bi ideologia horietatik, ez batak ez besteak ez diola katalanaren beharrei egoki erantzuten. Hirugarren bide baten beharra aldarrikatzen du. Aukerak ere ikusten ditu: aniztasunaren ideian oinarritzea, diferentzian, hizkuntzaren aldakortasunean, heteroglosian, hizkuntzarekiko jolasean, errepertorio linguistikoak aldarrikatzea…

Oharra. Woolard-en ideiak artikulu honetatik atera ditut gehienak: Les ideologies lingüisti­ques: una visió general d’un camp des de l’antropologia lingüstica. Revista de Llengua i Dret, num. 49, 2008

Sareak eta Komunitateak

Aurreko hilabetean hiru sarrera argitaratu nituen, elkarrekin oso lotuak:

Ohartu naiz laugarren bat falta dela: sareei eta komunitateei buruzko gogoetatxo bat, hain zuzen. Gorka Julioren ideiak eta proposamenak dira abiapuntu.

Interesgarria egiten zait bere planteamendua: sare sozialei buruz eta komunitate birtualei buruz hitz egitean, mundu birtualaren eta mundu errealaren arteko parekotasunak azpimarratzen ditu, eta batean gertatzen diren fenomenoak bestera transferitzen saiatu.

Euskara planen ekarpen nagusietako bat da eragileak (eragin dezaketen pertsonak eta taldeak) aktibatzea eta horien arteko sinergiak sortzea (saretzea). Nik behinik behin hala uste dut.

Saretu hitzak, dena den, bi esanahi dituela iruditzen zait:

  • Elementu isolatuen arteko loturak eraikitzea. Gure artean, gaur egun, horrela erabiltzen dugu sarri.
  • Trinkotasuna galdu… Eguraldiaren iragarpenetan, esate baterako, halaxe erabiltzen da: “Ostiralean ere euria egingo du, arratsaldean batez ere, baina tarteka zerua saretu egingo da eta eguraldiak itxura hobea hartuko du”.

Sarean loturak arinak dira; komunitateetan trinkoak. Komunitate bateko kide izateak identitatean ere eragiten du, kideek zerbait partekatzen dute: helburu bat, praktika bat… edo –agian– gai batekiko interesa besterik ez. Horrek, dena den, konpromisoa eragiten du: elkarrekin eta komunitatearekin.

Gorka Juliok –ondo interpretatu badut– hiru geruza proposatzen ditu: komunitateak, meta-komunitateak eta sareak.

Ezer ez dagoen lekuan egokia eta beharrezkoa da sareak sortzea. Sareak dauden lekuan, komunitateak sortu daitezke. Komunitateak dauden lekuan, komunitateak eta taldeak dira saretu behar direnak, meta-komunitateak osatzeko.

Merezi du horretan sakontzea… eta ez naiz (soilik) teknologiaz hitz egiten ari, eragileen artikulazioaz baizik.

Source: Allartean

 

Euskararen "ofizioak"

Joan den astean aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiaren bideoak ikusten aritu naiz. Gauza interesgarri askotxo ikusi dut; Nekane Goikoetxearen hitzaldia, esate baterako: Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik. Bi ideiarekin geratu naiz:

  • Euskara Teknikariaren profesioa berria dela dio, “kontsakratu” gabekoa. Oraindik ere arian-arian sortzen ari garen profesioa, alegia.
  • Profesionalizazioan sakontzeko, praktika gogoetatsua proposatzen du.

Orain dela hainbat urte, euskaltegien berrikuntza kurrikularrari buruzko mahai-inguru batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eztabaida polita izan zen. Euskalduntze mugimenduaren indarraz aritu ginen. Irakasleak ondo baloratuak zirela defendatu genuen, jende inplikatua zela, eta orohar oso ondo ikusiak.

Ideia horrek, ordea, bazuen ifrentzua. Batzuen ustez, euskara irakaslea “azpi-ofizio” baten modukoa zen: jende sinpatikoa, dinamikoa, atsegina… bai; profesional peto-petoak ez. Irudipena zegoen euskara irakaslea -jende askorentzat- tarte baterako jarduna besterik ez zela: ikasi bitartean, edo beste zerbait aurkitu bitartean.

Orain bezala, orduan ere praktika gogoetatsua proposatzen zen: irakaslea ikerlari bihurtu, ikasgelan bertan ikerkuntza bultzatu, nork bere praktikaren gainean ikertu eta ikasi, irakasleen diarioak erabili, behaketa… Dinamika interesgarria sortu zen, emaitza handi-handirik ez.

Hitzaldia ikustearekin batera, Olga Esteve irakasle kataluniarraren izena etorri zait gogora. Euskaltegietako irakasleentzat praktika gogoetatsuaren inguruko hainbat ikastaro eman zuen. Beranduago, 2010ean, berriro ere Euskal Herrian egon da, Ulibarri programaren baitan antolatzen den Eskola Hiztun Bila jardunaldietan. Orain dela hilabete gutxi, artikulu bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren Ikastaria aldizkarian: Entre la práctica y la teoría. Comprender para actuar (pdf). Merezi du irakurtzea.

Gustatu zait Nekane Goikoetxearen hitzaldia. Déjà vu baten modukoa izan da.
Source: Allartean