#KiroletikBagoaz [1] : Kirola, euskara eta naziogintza

BAT

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatu zituen urrian. Patxi Gaztelumendik ekarpen mamitsua egin zuen euskara, kirola eta naziogintza hizpide hartua. Ondo egindakoak eta hutsuneak birpasatu ditu: Tourraren inguruan euskararen alde sortutako dinamika; Hamabi futbol kluba eta Union Tutera; Zegama-Aizkorri eta Gorbeia Suzien; Pilotagintza; baita arbitroek edota komunikabidek euskaraz diharduten kirolariei emandako egurra ere…

Gogoetatxo interesgarri bat egin zuen… Zenbat kirol-zinegotzi dago Euskal Herrian? Koordinatzen dira? Naziogintza eta herrigintza ikuspegirik al dute? Nor dira EHBildu edo EAJren kirol arduradunak? Inork ezagutzen al ditu? Handik ere euskararen ikuspegia sustatzen al da?

Bada hor zer pentsatu.

BI

Barandiaran fundazioak argitaratzen duen Eusko Folklore Urtekariaren azken aleak kirolaren antropologiaz dihardu. Artikulu interesgarri bat ageri da bertan: Kirolaren garrantzia nazio nortasuna osatzean. Artikuluak identitate anitzak ditugula azpimarratzen du: norbanako, gizarte zein talde gisa. Nazio-identitatea kolektibitate historiko-kultural bateko kide izatearen sentimendua da eta kirolak, gizarteratze elementua den aldetik, paper garrantzitsua joka dezake identitate hori sortzen. Kirolak gizarteko klaseen arteko mugak ere gainditzen dituela gogoratzen du, eta herri baten kohesioa ahalbidetzen duela.

Aipatzen du kirolaren erabilgarritasuna ezberdina dela estatua duten nazioen ikuspegitik eta estaturik gabeko nazioen ikuspegitik. Estatuek barne-kontraesanak biguntzeko eta kohesio artifiziala sortzeko erabili izan dute kirola: estatua zenbat eta autoritarioagoa izan, orduan eta argiagoa erabilera.

Perspektibatik ikusita deigarria egiten da: “autonomien estatuan” errazagoa izan da hezkuntza sistema (gutxi gorabehera) propio bat sortzea, selekzio ofizial propio bat sortzea baino. Zeozergatik izango da.

HIRU

Invictus filma ikusi duzue? Nelson Mandelak, gobernua eskuratu ondoren, Hego Afrikako gizartearen kohesioa du erronka. Filmean errugbia erabiltzen da horretarako. Benetako istorio bat da eta benetakoa omen da bertan agertzen den aipua: “kirolak mundua alda dezake”. Lidergoari buruzko istorio bat dela esan ohi da. Ez horixe! Kirolaren kohesio-indarrari eta identitateari buruzko filma dela esango nuke nik.

LAU

Kezka bat izan dut gogoan sarri. Harmailetan “Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak” kantatzen dugunean eta “Yo soy español, español, español…” kantatzen dutenean… gauza bera ari gara esaten? Ezta hurrik eman ere! Alde ederra dago “gu-geu izan nahi dugu” esatetik “denon gainetik egon nahi dugu” esatera.

Horixe bera defendatzen zuen Moulines irakasle eta filosofoak orain dela hainbat urte. Txalaparta argitaletxeak bere liburu bat argitaratu zuen euskaraz: Manifestu nazionalista, are separatista ere esango nioke, estutuz gero. Herri txikien eta herri handien nazionalismoak erro-errotik ezberdinak direla defendatzen zuen: ez dute zerikusirik estaturik gabeko herrien nazionalismoa eta estatuen hegemonismoa. Jakin aldizkariak horri buruzko artikulu luze bat argitaratu zuen 2007an. Hemen: Jakin 162. 2007 – Jakin.eus. Merezi du irakurtzea.

BOST

Oker ez banago, bizitza osoan hiru aldiz egon naiz Mendizorrotzeko futbol-zelaian, eta horietako bat BAI EUSKARARI ekitaldia izan zen. Beste biak? Alaves-Osasuna derbi bat eta Euskadiko Selekzioaren partida bat.

Iaz Napolira joan nintzen alaba bisitatzera, noiz eta hango taldeak bertako liga irabazi zuen egunean. Garai batean aurkariek adarra jotzen zieten Napoliko zaletuei, “Vesuvio erutta, tutta Napoli è distrutta!” leloarekin (Vesubioak eruptatu egiten badu, Napoli suntsitua geratuko da)… Napolitarrek leloa adoptatu egin zuten eta harrotasunez ohiukatzen dute orain: “Vesuvio erutta, tutta Napoli è distrutta!”. Ikaragarria da futbolak bertan duen kohesio-indarra.

Lyon eta frankoproventzera

IAZKO UDAN, Lyon eta inguruetan ibili ginen oporretan. Hainbat apunte jaso nituen, orain arte garbira pasatzeko parada izan ez badut ere.

1.

Lyon frankoproventzera hizkuntzaren eremuan dago. Frankoproventzera Frantzia, Italia eta Suitzako hainbat lurraldetan mintzatzen da, eta hiru estatu horien arteko mugaldeetan du indar gehien. Lyonen presentzia urria du. Bisitaldian aipamen bat edo beste entzun genuen, baina ezer gutxi…

2.

Euskara, katalana, alsaziera edota bretoiera alde batera utzita, linguistika klasikoak bi eremutan banatu ohi zituen Frantziako hizkuntzak: oc hizkuntzak (okzitanieraren eremukoak) eta oil hizkuntzak (egungo frantsesaren oinarriak). Frankoproventzera trantsizio modukotzat jotzen zen, eta izenik ere ez zuen izan, 1873 urtera arte. Graziadio-Isaïa Ascoli hizkuntzalari italiarra izan zen, hain zuzen ere, urte horretan Rhône-Alpes zonaldeko aldaerak frankoproventzera etiketapean sailkatzea proposatu zuena. Harek garbi ikusi zuen frankoproventzera ez dela bi hizkuntzen arteko nahastura berankorra, baizik eta hizkuntza beregaina, eskubide osoz.

3.

Horregatik, hizkuntzalariek asmatutako hizkuntza izatearen fama du frankoproventzerak, hizkuntza imajinatua izatea, alegia (gainerako hizkuntzak ere, neurri batean, imajinatuak izan ez balira bezala).

Ascolik continuum linguistikoen ideia defendatzen zuen. Haren ustez, erreza da bereiztea nederlandera estandarra non amaitu eta alemaniera estandarra non hasten den. Ez da horren erraza, ordea, nederlanderaren aldaerak non amaitzen diren eta alemanieraren aldaerak non hasten diren jakitea. Kontu linguistikoak dira, baina baita politikoak ere.

4.

70ko hamarkada aipatu ohi da nazionalismo francoproventzalaren sorrera gisa. Garai hartan sortu zen Arpitania neologismoa, proiektua eta lurraldea izendatzeko. Hizkuntzari ere arpitanoa deitu zitzaion.

Mugimendu interesgarria izan zen: kulturala eta politikoa aldi berean. Aostako bailaran hartu zuen indarra, bereziki. Horri buruzko dokumental bat dago sarean: https://vimeo.com/41194738. Antza denez, Krutwig (bai, bai… “gure” Krutwig) tartean ibili zen eta izan zuen nolabaiteko zerikusia mugimendu horren sorreran. Artikulu bat idatzi zuen Arno de Mendiguri ezizenarekin, Arpitaniak kultura zein hizkuntzaren aldetik proiektu beregaina izan behar zuela defendatzeko.

4.

Natalia Bichurina-k eta Christiane Dunoyer-ek Saboiako egoera soziolinguistikoa aztertu zuten 2021ean. Bost hiztun-tipo definitu zituzten:

  • Jatorrizko hiztunak edo natiboak. Francoproventzera lehen hizkuntza gisa jaso zuten, kasu askotan, frantsesarekin batera.
  • Hiztun berankorrak. Hizkuntza ez zuten txikitan jaso, baina izan zuten  harekin nolabaiteko harremana, eta ziur aski ulertu egiten zuten.
  • Hiztun ikustezinak edo “mamuak”. Nolabaiteko gaitasuna izanik ere, gaitasun hori izkutatu edota ukatu egiten dute.
  • Hiztun hartzaileak. Ulertu egiten dute baina ez dira hitz egiteko gai.
  • Hiztun berriak. Hizkuntza familiatik kanpo eskuratu dute.

Tipologia horretatik abiatuta, bertan agertzen diren hizkuntza ideologiak aztertu zituzten bereziki. Ideia batzuk:

  • Hiztun berankorrentzat edo hiztun berrientzat, aski da esaldi batzuk esateko gai izatea, pertsona hiztuntzat hartzeko. Jatorrizko hiztunak exigenteagoak dira.
  • Iritzi kontrajarriak ikusten dira hizkuntza estandarrari buruz.
  • Gure artean bezala, bada balio edo prestigio kategorizazio bat: jatorrizko hiztuna – hiztun berankorrak – hiztun berriak – ez hiztunak

5.

Bitxikeria batzuk ere badira. Proventzatik urrun,  Italiako hegoaldean, Apulia eskualdean, badira bi komunitate txiki, frankoproventzeraz mintzatzen direnak (aldaera horri Faetar edo Faetar-Cigliàje deitzen diote). Kanadan ere, ba omen dira migrari komunitateak frankoproventzera gorde dutenak.

6.

Gehiago kuxkuxeatzeko loturak:

Bourdieu eta merkatu linguistikoak

Bourdieu soziologo bete-betea da. Ez, ordea, askoren ustean, soziolinguista betea. Soziologiaren eta soziolinguistikaren arteko muga iraganezina ikusten dute batzuek. Klaseen arteko gatazkak ikertu eta ekinbidearen inguruko teoria bat sortu zuen Habitus kontzeptuaren inguruan. Botereaz jardun zuenez, bere lanek ezinbestean izan behar zuten inpaktua teoria soziolinguistikoan.

Linguistikak uste duenaren kontrara, egoera jakin batean zein hizkuntza erabiltzen den ez da soilik kontu linguistikoa. Ez da (soilik) hiztunen hizkuntza gaitasunaren edo motibazioaren araberakoa. Merkatu linguistikoak ere funtsezkoak dira. Horren arabera ekuazioa honela sinplifikatu daiteke: hizkuntza gaitasuna + erabiltzeko motibazioa + aldeko baldintzak.

Bitxia egin zait, azken asteetan haren hainbat aipamen aurkitu baititut, han eta hemen.

Rosa Ramos soziolinguista nafarrak proiektu berri (eta interesgarri) bati ekin dio: UHARRI soziolinguistika aplikatua [https://uharri.eus/]. “Haurren aurrean, helduak heldu” proiektuaren baitan eman zuen hitzaldi batean horren aipamen bat entzun nuen. Bere blogean ere horrelako ohartxo bat irakurri diot, hiztun berriei buruz ari denean: “… sortu dugu euskaldunen arteko binarismoa: hiztun berria edo hiztun zaharra, ihes egiterik ez dago. Sailkapenak, bistan da, hierarkia dakar: hizkera batzuk beste batzuk baino zilegiagoak dira eta hobeki kokatuta daude gure azoka linguistikoan.”

Kathryn A. Woolard soziolinguistikak artikulu bat argitaratu du Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren azken zenbakian: Bourdieu i l’economia de la llengua a Catalunya. Bertan Bourdieu-k kapitalen inguruan sortu zituen teoriak azaltzen ditu eta, kontraesanak kontraesan, teoria horiek herrialde katalanetan nola funtzionatu duten azaltzen saiatzen da. Kapital ekonomikoaz, sozialaz, kulturalaz eta sinbolikoaz dihardu. Horiek azaltzen dute merkatu linguistikoek nola funtzionatzen duten. Kapital ekonomikoa da zuzen-zuzenean dirutan bihurtu daitekeena. Kapital sozialaren atzean harreman-sare iraunkor bat dago: elkar ezagutzeko eta elkar onartzeko sare bat ,alegia. Kapital kulturalak forma ezberdinak hartzen ditu, instituzionalizatua izan daiteke edo barneratua. Kapital sinbolikoak ez du berezko izaerarik… gainerako kapitalek hartzen duten forma da, besterik ez. Zein da hizkuntza batek duen balioa (kapitala, alegia). Kapital linguistikoa sinbolikoa da nagusiki. Artikulua hemen: https://revistes.iec.cat/index.php/TSC/article/view/150528

Marina Massaguer irakasleak Llengua i Dret aldizkariak antolatutako topaketa batean parte hartu du: “Les mobilitats com a repte per a la sostenibilitat de les llengües minoritzades”. Harek ere gaia dezente landu du. Aztertu egin du katalanak zenbateko eragina du katalan-hiztun ez diren pertsonen kapitalizazio eta deskapitalizazio prozesuetan. Bereziki katalana lehen hizkuntza ez duten pertsonen inguruan egin ditu bere azterketak. Bi joerak ikusten ditu:

  • Bestelako kapitalak dituzten pertsonek (kapital linguistikoa, sinbolikoa zein soziala), litekeena da katalana beharrezkotzat ez jotzea.
  • Kataluniara iritsi eta beren burua deskapitalizaturik ikusten dutenek, ordea, katalana aukeratzat har dezakete, kapital berriak eskuratzeko; hots, balio sozial, ekonomiko eta sinbolikoak irabazteko: beren burua kapitalizatzeko.

Hitzaldia hemen ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=Aw_lIyvX8as

Ez dakit, bada. Ez dira ideia berriak, baina iruditzen zait horren guztiaren atzean badela gure soziolinguistika aberasten duen begirada ezberdin bat.

Hizkuntza politika berezitua hiruguneetan

Mundiala izan da Kontseiluak antolatu duen manifestaldia. Mundiala izan ziren, halaber, joan den astean, berotze-ariketa gisa, Kontseiluak berak prestatu zituen jardunaldiak. Hemen dituzue ikusgai: Oldarraldiaren aurrean | Jardunaldiak

Gauza interesgarri asko esan ziren…baina, oldarraldiari buruzko kontuak alde batera utzita, Iñigo Urrutiak esandako hainbat konturekin geratu nintzen. Besteak beste, hainbat ardatz proposatu zituen, etorkizuneko hizkuntza politikak barneratu beharko lituzkeenak: eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera arautzea; eremu sozioekonomikoan eragilea, hizkuntza klausulen bidez; hizkuntza eskakizunak orokortzea; arnasguneak babesteko neurri juridiko eraginkorrak… Batek eman zidan bereziki arreta: hiriguneentzat hizkuntza politika berezitua diseinatzea.

Blog honetan bertan baditut hainbat testu, hirien soziolinguistikari lotuak. Besteak beste #EuskalHiria etiketa erabili izan dut horretarako. Hemen: #EuskalHiria

Iruditzen zait gaia gutxi landu dela… Euskaraldiaren testuinguruan, esate baterako, entzun dut saiakerak egin direla horrelako ekimen bat hirietan nola antolatu behar den definitzeko. Ez dirudi oso urrun joan direnik. Euskara sustatzeko ekintza planetan ere gutxitxo egin da. Euskara sustatzeko planen markoa berritu du duela gutxi Euskararen Aholku Batzordeak. Marko berriari AROA izena eman diote, eta, antza denez, datozen hilabeteetan marko hori maila lokalera nola egokitu landuko dute. Aukera ona izan daiteke sakontzeko.

Duela gutxi, horri buruzko liburu bat gainbegiratzen egon naiz: Urban Sociolinguistics
The City as a Linguistic Process and Experience
. Bertan, iparralde globaleko eta hegoalde globaleko hainbat hiriren soziolinguistikaz jardun dute: Cairo, Mexiko, San Paulo, Dubai, London, Kyoto… Horien aurrean, gureak –Bilbo bera ere– txiki geratzen dira, baina testua interesgarria da oso.

Hitzaurrean hainbat oinarri proposatzen dira:

  • Aniztasuna da hirien ezaugarria. “Superdibertsitatea” esaten da gaur egun, aniztasunaren barruan ere aniztasun gehiago dagoela adierazteko. “Metro” aurrizkia ere erabili izan da: metroetnizitatea, hirietan etnizitatearekin jokatzeko modu berriak adierazteko; edota metrolinguistika, hirietako tokian tokiko praktika linguistikoak nabarmentzeko.
  • Izan ere, hirian sinismen, arau eta praktika linguistiko ezberdinak dituzten pertsonak biltzen dira. Bertan “elkarrekin ondo moldatzeko moduak” negoziatzen dituzte, baita hizkuntzari dagokionez ere. Arau sozialak negoziatzen dira. Negoziazio hori inoiz ez da neutroa… botere harremanek baldintzatua da erabat.
  • Hori horrela, kontua ez da hirian hitz egiten diren hizkuntzak zenbatzea eta mapeatzea, baizik eta jendeak hizkuntzekin zer egiten duen aztertzea, eta horrekin zer lortzen duen. Soziolinguistika urbanoak ez ditu hiztun-taldeen deskripzioak bilatzen. Hiztunen hautu linguistikoak ditu aztergai. Hiritarren bizitza linguistikoak aztertzen ditu: hiztunak non zein hizkuntza erabiltzen duen eta zergatik.

Nik neuk 3 puntu azpimarratuko nituzke:

  • Soziolinguistika klasikoak erregularitateekin lan egiten du: hiztun-tipo perfektoak bilatzen ditu, eta horien ezaugarriak esleitzen dizkio kolektibo osoari: euskaldunak zer diren, euskaldun hartzaileak… Soziolinguistika urbanoak hiztun errealekin lan egiten du, ordea: hiztun ez-perfektoekin.
  • Aniztasun horren baitan, migrazioen papera funtsezkoa da hirietan. Jatorri atzerritarra duten herritarrak euskarara erakartzea da gure helburua, jakina. Baina zein da heredentziazko hizkuntzen papera?
  • Hirietan beste inon baino are garrantzitsuagoa da arnasgune sozio-funtzionalak sortzea: euskara nagusi izango duten espazioak. Jakina. Nonbait entzun dut, horiekin batera, hizkuntzak solapatuko diren guneak ere behar ditugula; non hizkuntza gutxitua bideragarria izango den, hizkuntza bakarra izango ez bada ere. Garrantzitsua da euskararen arnasgune ez dena gaztelaniaren arnasgunea izan ez dadila. Agian espazio horietako batzuk babesguneak ere izan daitezke: “giro, egoera edota une aproposak, bertan murgiltzen direnak hizkuntzarekin esperimentatzeko eta probatzeko”.

Horra hor 3 gai, sakontzeko: (a) hiztun ez-perfektoak; (b) hizkuntza gutxituak eta heredentziako hizkuntzak; eta (c) arnasguneak, babesguneak eta espazio solapatuak

Erreta egotearen sindromea

Higadura profesionalaren sindromea deitzen zaio. Burnout ere bai. Edo, nahiago baduzue, erreta egotearen sindromea. Langileak dituen idealen eta lanbidearen errealitatearen arteko talka da. Esaten dutenez, gizartegintzari lotutako lanbideetan gertatzen da sarritan. Erreta egotearen sindromea pertsona idealistek pairatu ohi dutela diote: pertsona solidarioak; autoexigenteak; ideia utopikoak dituztenak; ideia horiek lanbidera eraman nahi izan dituztenak; lanean  jendearen zerbitzuan egoteko perspektiba eta espektatiba dutenak…

Ez…  Burnout sindromea ez da nekea. Estresa? Ziur aski bai. Zerikusia du estres kronikoarekin; baina, izatez, ez da gauza bera. Estres horren aurrean ongi egokitzen ez jakitea da, erantzun desadaptatiboak izatea. Sintomak? Jendearekiko jokabide eta sentimentu negatiboak, baita emozionalki agortuta sentitzearen sentsazioa ere: dena dago gaizki; ez dago zer eginik; horretan lehen ere saiatu gara baina alferrik; hau betikoa da;… Ezaguna egiten zaizue?

Estres kronikoaren tratamendua bera ematen omen zaio (ematen zaionean). Orohar bi eratako estrategia  erabili ohi direla irakurri dut: erakunde mailakoak eta banakakoak. Erakunde mailan estrategia motibazionalak erabiltzen dira, edo laneko giroa hobetzearekin zerikusia dutenak.  Banakako estrategiek, oro har, autokontrol emozionalekin dute zerikusirik. Horretarako tresnak ematea da gakoa: pentsamentu negatiboei aurre egiten ikastea, pertsamendu arrazionalagoak sustatzea, elkarreragin sozialerako eraginkorrak diren portaerak sustatzea, problemak konpontzeko teknikak, erlaxazioa…

Gaitzaren jatorria, dena den, ez da (erabat) psikologikoa; politikoa ere bada. Hortaz, erakunde mailako eta banakako estrategiekin batera, estrategia politikoagoak ere behar direla iruditzen zait.

Orain dela zenbait aste, parte-hartzeari buruzko hitzaldi batean, teknikarion papera aipatzen zuten: administrazio publikoetako langileok (teknikariok), antza, desira-horizonte berriak behar ditugu; utopiak edo etorkizun desiragarriak, indarberrituko gaituztenak eta lanean jarraitzeko motiboak emango dizkigutenak. Ez dakit itzulpena egokia ote den: horizonte de deseos zen erdaraz

Hitzaldi horretan unibertsitateko irakasle batek (ez dut izenik esango) iruzkin bat utzi zuen txatean (bai, on-line izan zen). Urrea iruditu zitzaidan. Hauxe da (nik euskaratua):

Nire ustez, administrazio publikoaren barne-logikek desira-horizonte erosoak eta kontserbadoreak elikatzen dituzte, joera nagusi gisa (baita unibertsitatean ere, bertatik hitz egiten baitut). Bestelako desira-horizonteak nahi izateak jarrera militantea eskatzen du: konfrontatiboa ere bai, erakundearen hierakiarekiko. Erakundeek jarrera horiek oztopatu eta zigortu nahi izango dituzte, eta , testuinguru horretan, behartuta egongo gara hainbat gorabehera onartzera: errenuntziak, tentsioak… baita indarrean dauden arau eta protokoloen aurka borrokatu beharra ere (edo, bestela, arau eta protokolo horiek saihesteko moduak bilatzera, desobedientziaren bidetik).

Horrela jaso nuen, eta horrela helarazten dizuet. Izan ongi!

Soziolinguistika herritarra

“Herritarrak ikerketan inplikatzen”. Horixe izan da UEUko uda ikastaroetako hasiera-ekitaldiaren izenburua. Antolatzaileen ustez bi aldetatik da pertinentea herritarrak ikerketan inplikatu nahi izatea: (a) horrek ikerketa bera aberasten duelako eta (b) herritarrak ahalduntzen dituelako eta haiengan zientziarekiko interesa piztu. 

Hitzaldiak ikusita, egia esan, bi kontu ezberdin ikusten ditut nik: batetik, ikerketa ekintza parte-hartzaileaz hitz egiten da bertan; eta bestetik, ezagutza sortzea eta zientziarekiko interesa piztea helburu duten esperientziez. Lehena, ziur aski, askoz gehiago lotu izan da planifikazioarekin, ezagutza sortzearekin baino. Bigarrena, bete-betean dago loturik, zientzia herritarra ditu izan den horrekin. Bideoak hemen ikusi ahal dira.

Ikerketa ekintza parte-hartzaileari dagokionez, gustatu zait Igor Ahedok egin dituen zenbait azalpena:

  • Ikerketa ekintza parte-hartzaileak trikitixa baten moduan funtzionaten du. Bi une nagusi ditu: irekitzea eta ixtea. Irekidura  haizea hartzeko unea da: iritziak, begiradak, ausentziak, tonalitateak… Itxiera, ordea, kontzeptuak eta planteamenduak zehazteko unea da.
  • Igorrek “Nitik Gura” mugimendu gisa definitzen du bidea: nire (norberaren) minetatik gure planeamenduetara.
  • Ezagutza eta ekintza kolektiboa da oinarria: jende gutxik gauza asko egitetik jendea askok gauza gutxi egitera.

Bigarrenari dagokionez, iruditzen zait, zientzia herritarrez hitz egiten bada, erabat bidezkoa dela soziolinguistika herritarrez ere hitz egitea (citizen sociolinguistic). Ez… ez da nire burutazioa. Ez dut nik asmatu. Bada liburu bat izenburu horixe bera duena: How We Talk about Language. Exploring Citizen Sociolinguistics. Egileek aldarrikatzen dutenaren arabera, soziolinguistika herritarra bide ezin hobea da hiztunen agentzia eta kontzientzia linguistikoa lantzeko. Ez dut liburua aztertzeko aukerarik izan, baina, ikusi dudanagatik,  hiztun moduan arreta ematen diguten fenomeno linguistikoak aztertzea proposaten du: onerako “harritzen gaituztenak (Wonderment!) edo txarrerako “harritzen” gaituztenak (Arrest!) identifikatu eta horien inguruko gogoeta sustatu.

Inoiz horrela deitu ez badiegu ere, esango nuke gure artean badirela soziolinguistika herritarrarekin zerikusia duten esperientziak eta proposamenak. Hiru adibide, besterik ez:

  • Autobiografia linguistikoak. Herrialde katalanetan oso hedaturik dagoen ariketa da. Gurean ere bide egin du honezkero. Ikasleek inguruko hizkuntzekin duten harremana aztertu eta horri buruzko gogoeta egiten dute. Autokontzientzia-ariketa bat da. Bere garaian Carme Junyent irakaslearen elkarrizketa bat irakurri eta erreferentzia gordenuen. Oso elkarrizketa didaktikoa iruditu zitzaidan: “L’autobiografia lingüística és una eina per a la recerca”. GELA ikerketa-taldearen web orrian bada autobiografia linguistikoen hainbat adibide: https://gela.cat/doku.php?id=autobiografies
  • Euskararen erabileraren behaketa (ekitaldi publikoetan). Donostian hasi ziren, orain dela urte askotxo, BAGERA elkartearen eskutik. Hiriko ekitaldi nagusietan euskararen erabilera neurtu nahi zuten, behaketa bidez. Ekitaldi horietara joaten ziren elkarteko bazkideek eta euskaltzale boluntarioek datuak bildu behar zituzten eta elkartea arduratzen zen interpretazioaz. Ez dakit oraindik ere egiten den, baina oso adibide esanguratsua iruditzen zait.
  • Kaleko hizkuntzak. Equiling proiektua ezagutzen duzue? Hizkuntza-berdintasuna eta justizia soziolinguistikoa bilatzen dituen ikerketa-proiektu bat da. Liburuxka bat argitaratu berri dute: “Lenguas callejeras: paisajes colectivos de las lenguas que nos rodean” (pdf formatuan jaitsi daiteke). Lanerako koaderno bat da. Espazio publikoa aztertzea proposatzen du, bertan gertatzen ari diren prozesu linguistikoak (elebakartasuna, eleaniztasuna…), soziokulturalak (asimilazioa, marginazioa…) eta urbanoak (branding, turistifikazioa, gentrifikazioa…) aztertzeko. Gida bat da, urratsez urrats, datuak jasotzeko, interpretatzeko eta eztabaidatzeko pautak ematen dituena.

Adibide gehiagorik bururatzen zaizue?

Bigarren egonaldi bat Napolin (eta 2)

Posillipo

Diotenez, badira lekuak zerbait magikoa dutenak, indar telurikoak zeharkatzen dituztelako edo guk horrela imaginatzen ditugulako. Energia ematen duten lekuak omen dira, mina sendatzen dutenak. Izenburu horixe duen liburu bat izan dut eskuartean egun hauetan:  Lugares en los que se calma el dolor (mina sendatzen duten lekuak).  Lehen orrietan Posillipo ageri da. Posillipo (napolieraz, Pusilleco) auzo erresidentzial bat da, Napoliko mendixketan kokatua dagoena, badiari begira. Gertu Virgilio poetaren hilobia omen dago, eta parke arkeologiko bat, Pausilypon zeritzan erresidentzia bat zegoen lekuan. Pausilypon hitzak horixe esan nahi du: «mina sendatzen duen lekua». Izan ere, Napoliko badiaren ikusmirak benetako eragin sendagarria zuela sinisten baitzuten hango biztanleek.

Napoli antifaXista.

(1) Instagramen irakurrita: 

La lotta per il riconoscimento e la revitalizzazioe delle lingue minorizzate e lotta antifascista. Il fascismo non tollera la pluralità come, ad esemplo, quella linguistica.

Ulertzen da, ezta? Borroka antifaxista da hizkuntza gutxitua biziberritzeko eta onartua izateko borroka. Biba zuek!

(2) Beppe Fenoglioren “kontu pribatu bat” liburuan elkarrizketa bat dut azpimarratua:

—Nor zarete?

—Partisanoak –erantzun zion Meok.

—Esan dialektoz –eskatu zion agureak. Eta Meok dialektoz errepikatu zuen.

—Zein  arrazatakoak? Urdinak  ala  Izar Gorrikoak?

—Badogliotarrak.

Agure haren buruan, dialektoz hitz egiten bazuten, ezin ziren faxistak izan. Zer hobe partisanoak zirela egiaztatzeko, dialektoz mintzaraztea baino. Liburua euskaraz eskuragarri dago Katakrak agitaletxearen web orrian: https://katakrak.net/eus/argitaletxea/liburua/kontu-pribatu-bat

Hizkuntza biziberritzeaz

Han hemenka zenbait material eta proiektu ikusi ditut, napolieraren eta tokian tokiko hizkuntzen biziberritzeaz. Hiru esteka uzten dizuet kuxkuxeatzeko:

@de_vulgare, Italiako hizkuntz aniztasunaz

  • instagrameko profila: hemen
  • web orria: hemen
  • edo playlist bat spotify-n: hemen

@neapxita, napolierari buruz

  • instagrameko profila: hemen

Accademia napoletana

Pier Paulo Pasolini

Pier Paolo Pasolini “dialektoen” defendatzaile sutsua zen. Italiera zuen etxeko hizkuntza, baina amak friuleraz egiten zuen. Lagun batzuekin batera, Academiuta di lenga furlana sortu zuen. Friulera, harentzat, botereari aurre egiteko bide bat zen.

Ahotsak.eus web orrian, friulerari buruzko apunte batzuk entzun daitezke, 101 L proiektuaren barruan. Hemen: https://101l.ahotsak.eus/elkarrizketak/william-cisilino/101-088-010

Napolierarekin ere antzeko jarrera zuen. Napoliera harentzat hizkuntza bizia eta alaia zen, herriaren esentzia gordetzen zuena. Halaxe azaldu nahi zuen bere lanetan: «errealitate fisiko bat irudikatu nahi izan dut; nire begien aurrean suntsitzen diharduten errealitate bat, aipatu dugun genozidio horrek deuseztu nahi duen errealitate bat. Gizon izateko modu bat; begiratzeko modu bat; mintzatzeko, jokatzeko eta keinuak egiteko modu bat; dialektoz hitz egiteko modu bat… horixe da suntsitu nahi dutena». Napolitarrek, bere ustez, «gaur egun tribu handi bat osatzen dute, basamortuan edo sabanan bizi beharrean, Tuaregak edo Bejatarrak bezala, hiri handi baten sabelean bizi dena».

Bere ustez “dialektoek”, hizkuntza gutxituek, globalizazioaren aurkako erresistentzia hezurmamitzen dute.

Liburuak eta serieak

Leku bat ezagutu eta bertako kulturan sakondu nahi duzunean, hor hasten dira komeriak eta kontraesanak… Napoliko idazle ezagunak? Napolin grabatutako filmak edo serieak? Ziur aski (haien) hizkuntza hegemonikoan idatzitako liburuak aurkituko dituzu eta ziur aski (gure) hizkuntza hegomonikoan irakurtzeko eta ikusteko beharra izango duzu.

  • Bi idazle esanguratsu. Elena Ferrante eta Erri de Luca. Elena Ferrante pseudonimo bat da, hainbat liburu arrakastatsu sinatzeko erabili izan dena. Zurrumurruak zurrumurru, ez dago oso argi atzean zein dagoen. Obrarik esanguratsuena: L’amica geniale. Erri de Luca aspaldidanik egin zait deigarri. Figura bat da. Aostako AHTaren aurka hartu zuen jarreragatik da ezaguna. Napoli bereziki bere lehen liburuetan agertzen omen da. Nik neuk beranduago ezagutu dut: Imposible, La natura expuesta edo duela gutxi argitaratu duen El peso de la mariposa.
  • Bi serie. Napoli pantailan nola agertzen den ikusi nahi baduzu, bi serie aipatuko nituzke. Apurtxo bat bilatuz gero, biak ala biak aurkitu daitezke. Lehenik, La amiga estupenda, goian aipatu dugun L’amica geniale nobelan oinarritua. Oso ona. Soilik lehen denboraldia topatu dut. Bigarrenik, Los bastardos de Pizzofalcone, Maurizio De Giovanniren nobeletan oinarritua.

Bigarren egonaldi bat Napolin (1)

Hizkuntzak eta dialektoak

Aurretik ere komentatu izan dut. Hemendik ikusita, deigarri egiten zait Italiako soziolinguistikan dialektoen eta gutxiengoen hizkuntzen artean egiten duten bereizketa. Antza denez, “dialekto” esaten dute, ez italieraren aldaeratzat hartzen dituztelako; baizik eta, estandar finko baten faltan, continuum dialektal baten parte direlako. Ez dakit, bada… deigarri egiten zait.

Badirudi hiztunek berek ere izendapena onartu eta harrotasun puntu bat erantsi diotela. “Dialekto” hitzari esanahi berria eman diotela esango nuke. Berresanguratu egin dute.

Wikipedian bada mapa bat, non tokian tokiko aldaeren erabilera datuak ematen diren. Interesgarria iruditzen zait. Napolieraren erabilera, horren arabera, %20-30 bitartekoa da. Ez dago gaizki, ezta? Kontrapuntu moduan, berezia da iparralderago gertatzen dena; Toscanan, alegia. Italiera estandarra, neurri batean, Toscanako aldaeraren gainean eraiki zen. Biak hain gertukoak izanda, tokian tokiko aldera hori ezabatu egin da hiztunen kontzientzia linguistikotik.

Biziberritzea.

Italiako soziolinguistikari buruzko testutxo bat irakurtzeko aukera izan dut: Sociolinguistica dell’italiano contemporaneo. Horren arabera, badirudi berpizkunde moduko bat gertarzen ari dela tokian tokiko aldaeren inguruan. 1980 eta 1990eko hamarkadetan pentsatzekoa zen ia ziurra zela aldaera horiek guztiak denbora laburrean desagertzea. Oraindik ere litekeena da bizindarra galtzen jarraitzea, baina badirudi galera hori moteldu egin dela: datuen arabera, ez da handitu italieraren erabilera elebakarra familietan, eta, antza denez, handitu egin da tokian tokiko aldaerei buruzko balorazioa espazio publikoan.

Zertan da birbalorizazio hori? Artikuluan lau puntu aipatzen dira:

  • Balio komunikatiboa aitortzen zaie, oraindik ere hainbat kontestutan egunero erabiltzen direlako;
  • Balio espresiboa ere bai. Izan ere tokiak tokiko aldaerak baliabide espresibo garrantzitsu bat direla baloratzen dute. Funtzio ludikoa dute, kulturari eta sormenari oso lotua.
  • Balio sinboliko eta ideologikoa dute, erreferentziazko munduak eta balio soziokulturalak islatzen dituzten neurrian;
  • Eta tradizioen eta folklorearen gordailu dira.

Tokian tokiko aldaerek, hortaz, erabilera-espazioak irabazten ari direla aipatzen du artikuluak. Espazio publikoan gero eta nabarmenagoak direla. Publizitatean, esate baterako, edo egileak Lingue Esposte deritzon horretan: pankartak, graffitiak eta abar… Gazteen artean ere espazioa irabazten ari dira, komunikazio telematikoetan, esate baterako. Hiztun potentzialak komunikazio horietan hizkuntza erabiltzeko aukerak aurkitzen dituzte, nahiz eta beren gaitasuna perfektoa ez izan. Espazio seguruak dira, hizkera ez-perfektua erabiltzeko aukera ematen dutenak, inor lotsarazi gabe. Tokian tokiko hizkuntzei, gainera, balio erantsia aitortzen zaie: informaltasuna adierazten dute, benekotasuna, sustraiak lurrean izatea…

Identitatea eta berdintasuna

Irakurri dut Italian (ere) erregimen faszistak gogor jo zuela hizkuntza aniztasunaren kontra. Geroko konstituzioak diskriminaziorik eza aldarrikatu zuen, baita parte hartzeko eskubidea ere. Kontua da praktikan bi elementu horiek hizkuntza aniztasunaren kontra jokatu izan dutela sarri: inor ez diskriminatzeko aitzakiatan, denak berdinak izatea aldarrikatu dute (aniztasunik eza, alegia); eta estatuko aferetan parte hartzeko aitzakiatan, estatuaren hizkuntzan hitz egitea inposatu dute. Berdintasuna helburu, berdinkerian erori. Berdintasuna eta aniztasuna kontrajarri egin dute.

Jon Sarasuak oso ongi azaldu du afera. Demokrazia liberalek Frantziako iraultzaren ideietan dute oinarri. Frantziako estatuak bere printzipioak ezarri zituenean hiru balio erabili zituen: liberté, igualité, fraternité… Baina gramatika horrek hutsune nabarmena du. Laugarren elementu bat falta du: identité, alegia.

Duela gutxi, Yasnaya E Aguilar Gasteizen egon zen, Garabide eta Unesco katedraren eskutik, bere liburua aurkezten: “Ää : manifiestos sobre la diversidad lingüística”. Harritu egin zen Espainako estatutan hizkuntza eta identitatea bereizten dituzten pertsonak daudela jakin zuenean (are gehiago, horietako batzuk akademikoak izanik). Haren ustez astakeria bat da, guztiz defendaezina… eta pentsaezina ere bai: “Baina… nola argudiatzen dute? Zeintzuk arrazoi ematen dituzte? Nola da posible? Nola ukatu daiteke ageri-agerian dagoena?”.  Negazionismoa deitu zion horri. Negazionismo horren arabera, hizkuntzak komunikatzeko tresna hutsak dira, eta ez besterik; ez dute identitateekin zer ikusirik, ezta justizia sozialarekin ere. Gatazka ukatu egiten da.

Haren ustez, identitatea norberaren baitan “eraman” egiten da, ezin da “definitu”. Zaila da identitatea zer den azaltzea. Izan ere, asko dira definitzen gaituzten ezaugarriak. Identitatea, izatez, bereizi egiten gaituzten ezaugarri guztien azpimultzoa da. Adibide bat azaldu zuen: “Hemen gauden guztiok lurtarrak gara. Baina lurtarra izatea ez da gure identitatearen ezaugarri bat, gure artean estralurtarrik ez badago, behinik-behin (barreak). Beste kontu bat litzateke hemen gure artean estralurtar bat agertuko balitz… Orduan bai, orduan lurtartasuna gure identitatearen parte izatera iritsiko litzateke”.

Zeharkakotasuna eta intersekzionalitatea

URTE ASKO eman ditugu zeharkakotasunaren ideia defendatzen. Hizkuntza politika ez da euskara zerbitzuetan egon behar. Administrazioaren sail eta zerbitzu guztiei dagokie, zeharka, hizkuntza politika egitea. Hizkuntza politika sail eta zerbitzu guztietatik egin beharra dago: bai “soft” izendatu ohi direnetatik (kultura, gizartegintza, kirola…), baita “hard” izendatu ohi direnetatik ere (ogasuna, hirigintza…).

Berdintasun politiketan “mainstraing” termino erabili izan da: zehar-korrontea edo antzeko zerbait. Horren arabera berdintasun politikak gainerako politika guztiak zeharkatu behar dituen korronte baten moduan ikusten da. Bigarren hori onargarriagoa egiten zait. Zeharkakotasun hori gertuegi dago “zeharka”-tik. Nire buruan, zeharkako lerroari ardatz-lerroa kontrajartzen zaio, eta… euskara ardatz izan behar da hainbat politiketan, ardatz bakarra ez bada ere.

Intersekzionalitateak ikuspegi berri bat dakar: errealitate soziala ikusteko eta interpretatzeko modu berria. Errealitatea fragmentatzeko joera dugu, hobeto ulertzeko eta hobeto atxikitzeko, eta intersekzionalitatea agerian uzten ditu ikuspegi horren mugak: inor ez da soilik emakumea, soilik immigrantea, soilik euskalduna edo soilik gorra… Asko eta askotarikoak dira ezberdintasunak sortzen dituzten ardatzak: klasea, dibertsitate funtzionala, adina, jatorria, arraza, erlijioa, genero-identitatea… eta hizkuntza ere bai. Ardatz horietako bi edo gehiago elkartzen diren bakoitzean, interesgarria da intersekzionalitatearen ikuspegia.

Immigrazioren gaian are gehiago. Politika inklusiboak, harrera protokoloak eta neurri jakinak aldarrikatzen ditugu. Horietan hizkuntzaren aldagaia txertatu beharra dago. Harrera politikek dimentsio linguistiko bat behar dute bai ala bai, eta hizkuntza politikek aniztasun hori “integratzeko” neurriak aurreikusi behar dituzte. Gaiari era integralean eutsi nahi izanez gero, beraz, bi arlo horien arteko intersekzioan lan egitea dagokigu.

Badira zeharkakotasuna ulertzeko modu bitxiak: euskara sailek hizkuntza lantzeko irizpideak proposatuko dituzte, eta gainerako sailek irizpide horiek aplikatu. Ez zait errealista iruditzen. Ez dut ikuspegi monofokal horretan gehiegi sinesten.

Egitura eta metodologia malguagoak behar ditugu; lan egiteko modu berriak, alegia: ardatz horietako bakoitzean inplikaturik gauden entitateak eta eragileak bildu, norberaren helburuak eta interesak partekatu, intersekzioak eta interes komunak aztertu, elkarrekin egin daitezkeen proiektuak identifikatu eta lanari ekin: departamentuka lan egitetik proiektuka lan egitera igaro, alegia.

Intersekzionalitatea tokian tokiko politiketan txertatzeko gida bat, eta hainbat material, hemen: https://www.terrassa.cat/es/interseccionalitat

Euskara ikastetik euskara adoptatzera: hainbat apunte euskaltegiei buruz

BAT

Helduen euskalduntzeari buruzko mahai-inguru bat entzuteko parada izan dut, duela gutxi. Ikasleen motibazioez jardun zuten gehien bat. Laburtu behar izatekotan bi indar-ideia aipatuko nituzke, bereziki:

  • (a) Ikasleen motibazioak aldatu egin dira. Ikasleak azterketa gainditzera datoz eta administrazioan lan egitea dute helburu.
  • (b) Euskarak prestijioa galdu du. Helduen kasuan, gainera, ezer gutxi egin daiteke euskaraz aisialdian. Lana ez bada, ze beste arrazoi izan dezakete ikasle helduek euskaltegira hurbiltzeko?

Ez dut esango egia ez direnik, baina kezkatu egin ninduen proposamenik ez entzuteak eta proaktibotasun gehixeago ez somatzeak.

BI

Jokabideak edo ohiturak aldatzeaz hitz egiten denean, hiru-lau adibide aipatu ohi dira: elikadura osasuntsuagoa, erretzeari uztea, kirola egitea edo/eta hizkuntza berri bat ikastea.

Duela gutxi “ohitura atomikoak” izeneko liburua izan nuen eskuartetik. Autolaguntzarako liburu horietako bat da, azken aldian “best-seller” izatera iritsi dena. Aldaketa txikien garrantziez hitz egiten du, aldaketa txikiek eragin handiak izan ditzaketela dio. Edonola ere, hainbat gomendio interesgarri ematen ditu. Gomendatzen du, esate baterako, fokoa helburuetan ez jartzea, baizik eta identitateetan edota sistemetan. Izan ere, kontua ez da zer lortu nahi duzun, baizik eta nolako pertsona izan nahi duzun; eta, batez ere, prozesuarekin maitemintzera iristea. Lau baldintza (edo lau urrats) aipatzen ditu, jokabide berri bat bultzatzeko beharrezkoak direnak: (1) Begi bistakoa izan dadila. (2) Erakargarria izan dadila. (3) Erraza izan dadila. (4) Pozgarria eta asegarria izan dadila.

Euskara ikasteak baldintza horiek ditu? Euskaltegiek leku nabarmenik dute herri eta auzoetan? Euskara ikastea bizitza sozialean presentzia nabarmena duen errealite bat al da? Euskara ikastearen beharra eta onura agerian al da? Ebidentea al da? Prozesua bera erakargarria al da? Erraza da euskara ikasteko erabakia hartzea? Pozgarria al da? Euskara ikasteak ba al du nolabaiteko saririk (epe laburrean, esan nahi dut)?

Ez dut horrelako liburuetan sinisten, baina iruditzen zait helduen euskalduntze-sistemak bai behar dituela hainbat aldaketa.

HIRU

Katalunian ikerketa bat argitaratu dute duela gutxi: “De l’aprenentatge a l’adopció de la llengua catalana”. Egileek bereizi egiten dute zer den hizkuntza ikastea eta zer den hizkuntza adoptatzea. Katalana adoptatu duten ikasleen ibilbideak aztertu dituzte, horien arrakastaren gakoak identifikatzeko. Arrakasta izan duten ikasleek:

  • Maila formatibo ertaina edo altua dute.
  • Katalana beharrezkoa den lanbide batean aritzeko desioa eta asmoa dute.
  • Katalanez sozializatzeko sareak dituzte.
  • Aldeko jarrera nabaria dute.
  • Ikasgelatik kanpo praktikatzeko estrategiak garatu dituzte.

Integrazioa helburu duten dinamizazio ekintzak ere aztertu dituzte: bisita gidatuak, mintzapraktika-jarduerak komertzio laguntzaileetan, mintzalaguna moduko jarduerak, kanpo-ekintzak eta ospakizunak, irakurketa errazeko klubak, mintzataldeak, euskaraz funtzionatzen duten elkarteekin ekintzak antolatzea(adib. mendi-taldeak). Egileek defendatzen dute dinamizazio-ekintza horiek guztiak irakaskuntzarekin lotuagoak egon beharko liratekeela eta era sistematikoagoan egin.

Edonola ere, sozializazio-sareak funtsezkoak direla nabarmendu dituzte. Nolabait, “hizkuntza integraziorako akonpainamendu-ziklo bat” antolatzea proposatzen dute, non hasiera batean ikasleak horrelako ekintzetan edo sareetan era tutelatuan parte hartuko duen, harik eta autonomia-maila nahikoa lortu arte. Azken helburua, jakina, horixe da: ikasleak katalanez funtzionatzen duten sozializazio-sareetan era autonomoan parte hartzea.

Ikerketa sarean eskuratu daiteke. Hemen: https://llengua.gencat.cat/ca/detalls/noticia/Biblioteca-Tecnica-de-Politica-Lingueistica-31

LAU

Iruditzen zait guri ere horrelako planteamenduak esploratzea komeni zaigula. Askotan esan izan da: eskolak bakarrik ezin du. Euskaltegiak ere bakarrik ezin du. Ez da lelo hutsa, errealitate bat baizik. Kontua ez da eskolari edo euskaltegiari gauzak nola egin behar dituzten esatea. Kontua da harrera eta sozializazio sare berriak sortzea eta jostea, harik eta egitura trinko bat osatu arte.

Bide horretatik asko dago egiteko, eta iruditzen zait gehiegitxoa dela lan-sama hori guztia euskaltegien (edo eskolen) gain uztea.