Hizkuntza politika, politika publikoak, teknikarion lana eta paradoxak

Politika publikoen arloan garrantzitsua da erabakiak nola hartzen diren ulertzea. Hainbat eredu esplikatibo sortu izan da horretarako. Nik neuk hiru aipatuko nituzke:

Bat. Eredu arrazionala.

Horren arabera, erabakiak hartzeko prozesuak arrazionalak dira:

  1. Lehenik, problema definitu eta problema horren arrazoiak aztertu
  2. Gero, irtenbide posibleak identifikatu
  3. Azkenik, alternatibak alderatu eta optimoa hautatu

Eredua aplikagarria da baldin eta helburuak argiak eta adostuak badira, eta baldin eta teknikoki ere helburu horiek lortzeko bidea ezaguna bada.

Bi. Eredu inkrementala.

Zaila omen da politika publikoen norabideetan erabateko aldeketarik sortzea. Erabaki publikoak, orobat, aurreko erabakiei doiketa inkremental txikiak egitea da. Analisi logikoa lekuz kanpo dago, benetan erabakigarriak diren faktoreak beste batzuk direlako: esperimentazioa eta aktoreen arteko elkarrekintza, alegia.

Norabide aldaketa soil-soilik gerta daiteke baldin eta problemari buruzko informazio berria sortzen bada, edo aktoreen arteko botere-harremanak aldatzen badira, ez bestela.

Hiru. Policy streams eredua (Kingdon).

Ereduak hiru korronteri edo fluxuri buruz hitz egiten digu, neurri batean independenteak diren fluxuei buruz, alegia:

  1. Problemen fluxua (konpondu nahi ditugun arazoen bilakaera, elementu berriak…)
  2. Politikaren fluxua (indar korrelazioa, abagune politikoa, hauteskundeak gertu izatea, adib…)
  3. Soluzioen fluxua (ezagutza teknikoa, finantziazio-aukerak…)

Hiru fluxu horiek puntu batean elkartzen direnean, aukera-lehio bat irekitzen da politika publikoen norabidean aldaketa esanguratsuak egiteko.

Testuinguru horretan sortzen da euskara teknikarion paradoxa eta kontraesana:

  • Nahi genuke… baina jakin badakigu hizkuntza politikan eredu arrazionala oso gutxitan dela bideragarria: kontsentsuak ez dira erabatekoak izaten, eta ikuspegi teknikotik ere erabateko ziurtasun gutxi ditugu.
  • Eredu inkrementala ez dugu gogokoa. Politika publikoen egonkortasuna azpimarratzen du, eta amore ematea dela iruditzen zaigu: hizkuntza normalizatzea gure esku ez dagoela aitortzea, eta hobekuntza txikiekin konformatu beharra dugula onartzea
  • Policy streams eredua ere ez da erosoa. Aldaketa esanguratsuak posibleak direla erakusten digu, baina kasik kointzidentziaren ondorio direla: badirudi guk ezer gutxi egin ahal dugula aldaketa horiek eragiteko.

Boaventura de Sousa Santos da egungo pentsamendu kritikoaren izen esanguratsuenetako bat. Acción-con-clinamen kontzeptua erabiltzen du: klinamen-ekintza, alegia. Klinamen hitzak atomoen desbideraketa txikiei egiten die erreferentzia: desbideraketa txikiak dira, ondorio sorta zabal bat abiatu ahal dutenak. Boaventura de Sousaren esanetan, klinamen-ekintzak ere horrelakoak dira: ez dira haustura zorrotzak, desbideraketa txikiak baizik. Txikiak izanagatik, metagarriak, eta konbinazio konplexuak eta sortzaileak eragin ditzakete.

Teknikarion lana horrelakoa dela pentsatu nahi nuke: aldaketa sakon-sakonak ez daude gure esku, baina bai desbideraketa txiki horiek eragitea, eta ekintza txikien bidez aldaketa sakonagoak gertatzeko posibilitatea maximizatzea.


Source: Allartean

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du. Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.”

Ideia horietatik tiraka, “parte hartzearen eskilara” deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea.

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:

Ez Parte Hartzea

  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da.

Parte Hartze Formala

  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira.
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko.

Parte Hartzea

  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat.
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.

Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.


Source: Allartean

in Juan Gelman imitatione

Ordenadorearen aurrean eseri eta idazteari ekin dio
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio bere buruarekiko
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio

ez du euskarazko filmerik kausituko, zineman
ez du euskarazko talderik izango, kiroldegian
ez du «egunon, zertan lagundu ahal dizut» esango dion
dendaririk topatuko
horrekin euskarazko diosalik ez dio egingo
goiko pisuko neska ilehoriak
horrekin udaltzainak ez dira atseginagoak izango
haiekin euskaraz egiten saiatzean
horrekin seme-alabak gaztelaniaz arituko dira berdin-berdin
jolas orduan:
«gelak irabazi ditugu, eta patioak galdu»
horrekin lagunak berdin-berdin erdaraz arituko dira
taberna euskaltzalean
mila blog idatzita ere
hemen euskaraz «eingodau einguradauenak»
hemen erdara ari du zarra-zarra
euskara, ziri-ziri
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio
ordenadorean aurrean eseri eta idazteari ekin dio

[Confianzas]


Source: Allartean

Hizkuntzaren politika publikoak (1)

Albert Branchadell irakasleak La contribució (escassa i poc reconeguda) de la ciència política a l’estudi de la relació entre llengua i societat artikulua idatzi zuen Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren 21. zenbakian (2011). Euskaraz ere halako zerbait idatz genezakeen: Zientzia politikoak ikerketa soziolinguistikoari egin dion ekarpen urria eta izkutua.

Duela gutxi politika publikoen analisiari buruzko ikastotxo bat egiteko aukera izan dut, eta den-dena euskararen talaiatik begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, hango ideia batzuk hona ekartzea okurritu zait.

Has gaitezen, bada.

Antza denez, politika zer den adierazteko bi hitz erabili izan dute ingelesez: POLITIC eta POLICIES. Euskaraz ere halako ñabardura bat hartzen du hitzak, singularrean ala pluralean erabiltzen badugu: politika eta politikak, edo (are garbiago) politika eta politika publikoak. Politikak agintearen eta boterearen jokoarekin du zerikusirik; politika publikoak bestelakoak dira: gai edo arazo publiko bati ematen dizkiogun irtenbide espezifikoak, alegia.

Hizkuntza Politika gai zentrala da euskalgintzaren diskurtsoan eta analisietan. Politika publikoak gutxixeago. Harremana alde bikoa da. Erakunde baten Hizkuntza Politikak erakunde horren erabakiak gidatzen ditu, baina sarri alderantziz ere gertatu ohi da: erakundeak arazoei ematen dizkien irtenbide espezifikoek definitzen dute bere Hizkuntza Politika. Koherentzia da kontua. Honekin guztiarekin lotuta, ezin da aipatu gabe utzi Kontseiluaren lana, nire ustez urratzailea izan baita. Udalen hizkuntza politikari buruzko azterketan horixe bera egiten saiatu dira: udalen politika publikoak aztertu, udal bakoitzaren Hizkuntza Politika aztertzeko. Lan aipagarria iruditzen zait, nahiz eta -nire iduriko- gehiago sakontzea merezi duen.

Politika publikoen analisietan badira bi gai bereziki esanguratsuak direnak: lehenak problemen defnizioarekin du zerikusia, bigarrenak erakundeen agendarekin:

  • Politika publikoen zentzua da problema bati erantzuna ematea. Kontua da problemak egon ez daudela, baizik eta eraiki egiten direla. Eraikiak diren neurrian, era askotara definitu daitezke: problema konpontzeko egin ahal ditugunak eta egin nahi ditugunak ere definizoaren parte dira. Eskura ditugun erantzunek problema akotatzen dute. Hortaz, politika publiko bakoitzaren atzean bada problema bat, galdera moduan formulatu daitekeena. Euskara plan baten atzean, adibidez, honako galdera bat egon daiteke: “ditudan baliabideekin, zer egin dezaket erakunde honetan orain baino euskara gehixeago erabil dezaten, inor gehiegi molestatu gabe? Ezaguna egiten zaizue?
  • Agenda, bestalde, erakunde batek mahai gainean dituen problemen zerrenda da, politika publikoen jomuga izango diren gaien zerrenda, alegia. Zergatik gai batzuk bai eta beste batzuk ez? Zergatik euskarak ez du behar besteko zentralitaterik lortzen? Prozesuari agenda setting deitzen zaio. Iñaki Mtz de Lunak, framing kontzeptua landu duenean, analisi izugarri polita egin du agenda publikoari eta agenda politikoari buruzkoa. Artikulua BAT aldizkarian argitaratua dago.

[jarraituko du…]


Source: Allartean

Zer da planifikatzea? Honatx inoiz irakurri dudan definiziorik onena!

Wikipediaren arabera plangintza erakundeen berrikuntza eta aurrerapenerako kudeaketa-metodologia bat da. Funtsean xede nagusiak planteatzea, horretarako helburu zehatzak ezartzea eta horien lorpenerako estrategia, politika eta programak zehaztea dira plangintzaren pausoak, prozesuan zehar emaitzak eragin dezaketen aurreikuspen egokiak eginez.

Gutxi gorabehera, ados (ñabardura askotxorekin), baina… irakurri dut planifikazioaren definizio hoberik! Duela gutxi, honakoa, esate baterako:

Planificar és una eina per fer millor la feina, per poder avançar-se i predir escenaris; és una manera de concretar el somnis; és un compromís fruit d’un treball de molts. Planificar és voler dibuixar i fer-ho convocant els elements necessaris perquè el dibuix sigui ben complert. Planificar és treballar en i per acords, en visions compartides, en construir a moltes mans. És ser inclusius. La planificació requereix d’un desenvolupament d’esforços pel comú; per evitar que quedi la menys gent possible al marge. Planificar és possible? Podem planificar?

Euskaraz:

Planifikatzea lana hobetzeko erraminta bat da: etorkizuna aurreikusteko eta etorkizunari aurre hartzeko erraminta. Ametsa xehatzeko modu bat da. Konpromiso bat, askoren ahaleginaren emaitza. Planifikatzea marraztea da, eta marrazkia ahalik eta osoena izateko elementu guztiak mahairatzea. Planifikatzea adostasunak biltzea da, ikuspegi partekatuak sortzea. Planifikatzea da esku askoren artean eraikitzea. Inklusiboak izatea. Komunala indartzea, eta inor ez baztertzea. Planifikatzea posible al da? Planifikatzerik al dago?

Kultura planen inguruko eztabaida batetik ateratako testua da. Merezi du oso-osorik irakurtzea. Hemen duzue: http://interaccio.diba.cat/blogs/2014/12/05/planifica-que-alguna-cosa-queda


Source: Allartean

Erabilera-arauak ikertu

Aurreko astean Jone Miren Hernandezen aipu bat ekarri nuen hona. Bere ustez interesgarria liteke erabilera-arauak ikertzea: hizkuntzaren hautua nola egiten dugun; nola erabakitzen dugun egoera jakin batean (noiz, non, norekin…) zein hizkuntzatan jardun.

Hizkuntzen Hiztun taldeen arteko botere-harremanak hor ere islatzen dira: erabilera-arauetan. Llui­s Vicent Aracil soziolinguistak halaxe idatzi zuen:

/…/ Horrela, arau horiek inpertsonalak eta objektiboak balira bezala hartzen dira; eta konbentzio hutsak diren arren, zerbait “€œnaturala”€ dela ematen du. Jendeak bete eta betearazten ditu, zergatik jakin gabe, eta hori egiten duela konturatu ere egin gabe. Baina ilusio hutsa da hori. Arauak, benetan, gizakion lana dira: elkarrekintzaren barruan sortzen dira (eta elkarrekintzak sortzen ditu). Esan nahi baita, arau horiek indar-jokoaren ondorioa direla.

Jordi Solá i Camardons-ek una iniciació a la sociolinguí­stica del conflicte azpititulua erabili zuen bere libururako. Ninyoles-ek ere antzeko kezkak zituen, Idioma y poder social liburua argitaratu baitzuen 1972. urtean. Gatazkaren soziolinguistika da; soziolinguistika katalanaren muinean sortu ziren ideiak, askoz arreta gehiago merezi dutenak.

Naturalizazioa boterea iraunarazteko modua da. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen diskurtsoa ez dela jendearengana ondo iristen. Oso ageriko kasuak ez badira edota euskalgintzatik hurbil dagoen jendea ez bada, askori kosta egiten zaio hizkuntza eskubideen urraketarik ikustea… Gehienez ere “traba” edo “eragozpen” txikiak ikusten ditu, erabat naturalak. Aurrekoan esan bezala, problematizatzea da koxka: arau horiek zalantzatan jartzea eta “gauzen ordena natural” hori ukatzea.

Source: Allartean

 

Hiru apunte jaso nituen, oso denbora gutxian

Aurten, Miramarren EHUk antolatzen dituen uda ikastaroetan Euskararen transmisioaren bide berriak izan zen hizpide. Soziolinguistika Klusterrak bideoak argitaratu ditu dagoeneko (http://www.soziolinguistika.org/en/node/5910).
Handik gutxira, Galizian “Traballando en lingua” udako ikastaroak izan ziren, Carballo herrian, gai beraren inguruan: Transmisión interxeracional do galego. Ikastaro honen bideoak ere interneten argitaratu dira.

Donostiako ikastarotik hiru apunte hartu ditut.

  • Paula Kasaresek transmisioaren kontzeptua alboratu eta sozializazio kontzeptuari eustea gomendatzen digu, askoz dinamikoagoa delakoan. Alde horretatik, helburua bera aldatzea proposatu du: gure helburua izan behar du haurrak egoera komunikatibo ez-instituzionaletan beren berdinkideekin euskaraz arituko diren hiztunak izatea. Egoera ez-instituzionalizatuak hizkuntza predefinitua ez dutenak dira.
  • Valentziako erreferentziak ere aipatu ditu: familias mutants deitzen direnak, belaunaldi baten etenaren ondoren, katalanera berriro ere etxeko hizkuntza bihurtu dutenak. Gaztelaniaz, familias revernaculizadoras esango genuke, eta euskaraz, familia etxekotzaileak edo berretxekotzaileak.
  • Jone Miren Hernandezek sozializazioaren fokoa zabaldu beharra proposatzen du, eta, familiari ez ezik, gertuko komunitateari ere begiratzea gomendatzen digu. Edonola ere, familiaz ari dela hiru ikerketa-ildo proposatzen ditu: (a) familia barneko ideologiak, (b) praktikak, familian eta inguru hurbilean indarrean dauden erabilera-arauak eta arau horiek nola sortzen diren (c) eta hizkuntzaren kudeaketa, hau da, familiak nolako estrategiak darabiltzan etxean euskarari leku egiteko. Familian ere hizkuntza politika egin daitekeela defendatzen du Jone Mirenek: ingelesez, family language policy.

Galiziako ikastarotik, batez ere, apunte bat:

  • Valentina Formoso irakasleak jarrerak aztertu izan ditu Okzitaniako eskola soziolinguistikoaren ideietatik abiatuta (Henri Boyer eta enparauak). Bere ustez, funtsezko galdera zera da: galego-hiztunek zer ikusten dute beren burua ispiluan ikusten dutenean? Hizkuntzaren inguruan dauden sinismenak, aurreiritziak eta errepresentazioak garrantzitsuak dira, bere iduriko. Elementu horiek guztiak kognizio sozialak dira, eta hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia osatzen dute. Horien atzean ideologia linguistikoak daude (eta bide batez baita balioak ere). Alde biko harremana dago ideologien eta errepresentazioen artean; ideologia linguistikoek baldintzatu egiten dituzte hizkuntzari buruz ditugun errepresentazioak, eta errepresentazio soziolinguistikoek elikatu egiten dituzte ideologiak. Faktore hauek guztiak funtsezkoak dira familia bidezko transmisioan. Hitzaldia hemen: https://www.youtube.com/watch?v=lXA36sgqfQU

Urrian, familiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ARGIA asterkariak: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/euskara-d-ereduan-ikasi-duten-gurasoak. Aitor Villanueva irakasleak tesina egin du jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoei buruz. Izenburua luze samarra da, baina oso deskriptiboa: Un estudio de transmisión y actitudes lingüísticas en la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra: Padres y madres castellanoparlantes escolarizados en lengua vasca.

Guraso hauei galdetegi bat egin die, eta ondorio bat edo beste eman du, orain arteko ikerketetan ikusi ez dena. Antza denez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdinatasunik ikusi du: “Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan ala ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikoitekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40 jaisten da”. Bitxia egin zait.

Gogoan dut orain dela 10 urte ikerketak egin zirela Gasteizko Olabide ikastolako eta Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle-ohiekin. Orduan ere kezka bera zegoen mahai gainean: zein da, edo zein izango da, ikastetxean euskaldundu diren guraso gazteen jokabidea hizkuntzaren transmisioari begira?


Oharra: argazkia EMAN GILTZA orritik hartu dut


Source: Allartean

Boterea eta kultura

BAT

Boterea ez da objektu bat. Ezin da esan: “boterea dut”
Boterea ez da leku bat. Ezin da esan: “boterean nago”
Eta, hala ere, boterea nonahi dago.
Boterea, batez ere, jardunean ageri da, harremanean, elkarrekintzan. Kontzeptu erlazionala da.

BI

Ingelesetik gaztelaniara ari diren itzultzaileen testu batean hau irakurri nuen:

Two Spanish words translate as the English word “power”: poder and potencia. Generally speaking, we could say that poder defines power as “power over” (the sense it has, for instance, when it refers to state or sovereign power) and potencia defines “power to,” the type of capacity expressed in the statement “I can.” To continue with the generalization, it is possible to say that poder refers to static forms of power, while potencia refers to its dynamic forms. [Hemen]

Kasualitatea izango da, baina hainbatean irakurri dut oso denbora gutxian “poder sobre” eta “poder para” bereizi behar direla; zerbait egiteko boterea izatea (ahalmena), eta inoren edo ezeren gaineko boterea izatea ez dela gauza bera.

HIRU

Naturalizatzea botere-harremanak iraunarazteko estrategia da: “hori hala da”, “beti izan da horrela”, “ezin da bestela izan”.

Botere-harremanak, ordea, ez dira naturalak. Izatekotan kulturalak dira… ikasiak

Stuart Hall-ek eta ikerketa kulturalak sortu zituzten enparauek horretan jardun zuten: boterearen eta kulturaren arteko harremana ikertzen… eta kolokan jartzen. Behin Stuart Hall-i elkarrizketa luzea egin zioten, eta liburu formatuan argitaratu: La cultura y el poder. Conversaciones sobre los cultural studies. Merezi du irakurtzea (sarean eskuratu daiteke pdf formatuan).

LAU

Paulo Freirek “problematizatu” terminoa erabili zuen XX. mendearen hasieran. Bere iduriko, problematizatzea da gogoetaren eta ekintzaren bidez kontzientzia kritikoa garatzeko modua: naturaltzat ditugunak zalantzatan jartzea, “gauzen ordena naturala” ukatzea, egoera gatazkatsu izkutuak agerian jartzea, arazoen mamiari ekitea, eta eraldaketa abiaraztea.


Source: Allartean

ADOREZ eta ATSEGINEZ

Ohean nago; Josemi Zumalabe fundazioaren lagunen liburua itxi dut; eta pentsakor geratu naiz. Gustatu zait. Zer pentsatua ematen dit. Hunkitu ere bai: lagun eta istorio zaharrak gogora ekarri dizkidalako.

Liburuak militantziaz eta horizontaltasunaz hitz egiten du, militantzia ulertzeko moduaz. Horretaz pentsatuz jarriz gero, bi poloren artean mugitu ohi garela azaltzen dute, polo horiek izendatzeko zailtasunak izanik ere. Sakrifizioaren eta bizipozaren paradigmak deitzeko tentazioa aitortzen dute:

  • Sakrifizioa: “egin behar da”, “norbaitek egin behar du”…
  • Bizipoza: “nahi dudanean, nahi dudalako, nahi dudan eran”…

Bi poloak dira, baina errealitatea(k) ez d(ir)a horren sinplea(k).

Txepetxi aspaldian irakurritako testu bat etorri zait burura. Izan ere, Txepetxek bi birtute handi ditu. Batetik, kristoren gaitasuna du ideiak han-hemenka biltzeko eta teoria koherente baten baitan artikulatzeko (teoria autokontsistentea, esango luke berak). Bestetik, trebezia berezia du metaforak eta irudiak erabiltzeko.

Txepetxek bizipozaren kontzeptuari lotuta, militantzia “erotizanteaz” hitz egiten zuen: erotizantea, sormena eta gozamena zekarrelako. Hori ukatzen duen militantzia, bere ustez, huts-hutsean betebeharraren kontzeptuan oinarritzen da; eta, gozamena ukatzen duen neurrian, “kastrantea” da.

Konpromisoa eta gozamena, ordea, ez dira kontrajarriak. Txepetxen teorietan sakontzeko sortu zen mintegiak ADOREZ eta ATSEGINEZ izena hartu zuen.

Liburua gustatu zait. Kontrazalean poema txiki eta errepikakorra ageri da… eta hura ere buruan itsatsia geratu zait.

Ni pausoa
Gu bidea.
Bidean pausoa, pausoan bidea

(Poema aurkezpenaren bideoan ere bada oso-osorik: vimeo.com/93254479)


Source: Allartean

Berrikuntza eta eraldaketa

 

Cooper irakasleak “La planificación lingüística y el cambio social” liburuan aldarrikatzen du planifikazio linguistikoak lau punturekin zerikusirik duela: (1) berrikuntzaren gestioarekin, (2) marketinarekin, (3) politikarekin (boterea lortzearekin edo boterea mantentzearekin) eta (4) erabakiak hartzeko prozesuarekin.

Planifikazio linguistikoa, horren arabera, zerbait poliedrikoa da: segun zein aldetatik begiratzen diozun, alde bat edo bestea ageriko zaizu nabarmenago… Norberak zer ikusten duen, norberaren begiradarekin du zerikusia… Baita unean uneko egoerarekin ere; egoerak berak begirada baldintzatu baitezake.

Gustatu zitzaidan Elhuyar fundazioak euskara planak eraldaketa-prozesu gisa aurkeztu zuenean (hemen: Eraldaketa-prozesuak: zer, zertarako, nork, nola…). Haien ustez, eraldaketak, benetakoa bada, botere-harremanak eraldatzea dakar. Horretaz hemen idatzi nuen.

Gustatu zitzaidan, ere bai, EMUN kooperatibak bere marka eta lelo berria aurkeztu zituenean: euskara eta berrikuntza soziala. Behin, ikastaro batean, zeozer kontatu ziguten berrikuntzaren hedaketaz. Rogers izeneko tipo baten teoria da. Horren arabera, berrikuntza baten aurrean pertsonek jokabide ezberdinak hartzen dituzte: berritzaileak, berrikuntzaren hasierako hartzaileak, gehiengo goiztiarra, gehiengo atzeratua eta tradiziozaleak.

Pello Jauregik halako zerbait azaldu zuen Moti+Batu topaketetan: Portaeratik jarrerara. Jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak. Pelloren esanetan, gutxiengo motibatu bat izan ohi da bide berriak urratzen dituena eta euskararen aldeko giro soziala ahalbidetzen duena… Gehiengoa giro horretara egokituko da, ez besterik.

Berrikuntza ala eraldaketa? Esan bezala, begiradarekin du zerikusia. Dena den, inpresioa dut bata eta bestea ez daudela elkarrengandik oso urrun.

Source: Allartean