Ajudeu-me, ‘lagunduidazue’

GOGOKO DITUT astintzen nauten istorioak. Kontakizunak. Narrazioak. Kronikak. Bizipenak. Emozioak. Azalpen luzerik ez eman… hobe kontatu egiten badidazu.

‘Ajudeu-me’ Mataró herrira gaztelania eta ingelesera ikastera etorri den brasildar gazte baten istorioa da. Han ohartu da marrubiak ez direla fresa, baizik eta maduixes, eta laranjak, taronges… eta hizkuntzarekin maitemindu da.

Katalana nola aurkitu zuen kontatzen du, nola erabaki zuen ikastea, lagundu zion jendea eta lagundu ez ziona, voluntariat per la llengua, Consorci-aren ikastaroak, bere kabuz ikasteko estrategiak… Murgiltze linguistikoa defendatzen du: katalanez egiteko aukerak bilatu eta eta katalanez egiteko aukerak baliatu. Eta kexu da, katalan hiztunek harekin hizkuntza aldatzen dutenean.

‘Ajudeu-me’ oihu bat da:

LAGUNDUIDAZUE! da Katalunian, Euskal Herrian, Japonen eta munduko edozein txokotan, bertako hizkuntza ikastea garrantzitsua dela sinisten duten pertsonen oihua. Hizkuntza ikasteko laguntza eske ari diren pertsonen oihua da. Baina, haratago, LAGUNDUIDAZUE! bizi nahi duen hizkuntza baten oihua da.

Diadaren ospakizunean Màrius Serra idazle eta kazetariak eman zuen hitzaldi antologiko baten zatia ekarri du liburura:

“Necessitem més immersió lingüística que mai per tenir un futur capicua. Amb el cap i el cor. Només si vehiculem del dret i del revés el nom de la nostra llengua en traurem l’entrellat: Català a l’atac. Visca la llengua viva i visca el submarinisme”. 

Merezi du euskaraz ere jartzea:

“Etorkizun kapikua lortzeko, inoiz baino beharrezkoago dugu murgiltze linguistikoa: katalanaren uretan murgiltzea. Burua eta bihotza jarri behar ditugu. Korapiloa askatuko badugu, gure hizkuntzaren izena eskuin ezker eta ezker eskuin idatzi behar dugu, bietara: Català a l’atac. Gora hizkuntza bizirik. Gora murgiltzea! Gora urpekaritza!”

Ez dakit zuek, baina nik neuk eskertzen ditut horrelako istorioak. Euskaraz ere nahi nituzke. Interesatu zaizkit hiztun berriez azken 2-3 urtean argitaratu diren ikerketak, baina bizitza-historia gehiago ere eskertuko nituzke. Bizipenak: bizitzaren zipristinak, poesia dosi txiki batekin hornituak.

Adarbakarrak euskal kulturan

JARON ROWAN kultur ikerlariak [Cultura libre de estado] adarbakarrei buruz hitz egin du. Adarbakar deitzen die errealitate arrunt eta kaskarrari men egin gabe, errealitate irudimentsu eta alternatiboak sortzen dituzten hainbat praktika, paradigma, espazio eta sare berriri. Kulturaz ari da. Adarbakarrak gure nahimenekin eta gure desioekin du zerikusirik.

Adarbakarrak errealitate arinak dira, biziak. Mugimenduan dira: etengabe eraiki bidean. Zaila da beren errealitatea akotatzea. Euskal Herria Zuzenean adarbakar bat da, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea ere bai, eta Atarratzeko Prefosta ostatüa ere bai… hiru aipatzeagatik. Jakin aldizkariaren 215-216 aleak horietaz jardun zuen (Jakin: Kultura autoderminatuko balitz).

Administrazio publikoek ez dakite zer egin adarbakar batekin. Lagundu? Nola? Diruz? Kontratu bat eskainiz? Baliabideak emanez? Sarri horietako bat ere ez: ez-ikusiarena egiten dute, edo bazter utzi, edo kontra egin. Legea kontserbadorea da, eta adarbakarrak ez dira erosoak: zerbitzu juridikoen buruhauste eta amets gaizto bihurtu dira.

Zaragozan #TramitarUnUnicornio izeneko jardunaldi bat antolatu zen, adarbakarrei buruz hitz egiteko. Aztertu nahi zuten gizarte zibilaren proposamen kulturalei lekua nola egin, arlo publikotik. Nola on(h)artu, alegia. Jardunaldiaren materiala interneten dago. Nago erantzun gutxi entzun zela, zailtasun juridiko eta administratiboak nabarmentzetik harago.

Silvio Rodriguezen El Unicornio Azul abestia jartzeko tentazioa izan dut, baina horren ordez Xarnege folk taldearen abesti bat utzi dut hemen. Xarnege Gaskoniako eta  Euskal Herriko tradizioak, kulturak eta hizkuntzak uztartzen dituen folk musika talde bat da. Abestiak L’unicòrn-Adarbakarra du izenburu.

Zertaz ari gara, normalizazioaz ari garenean?

URTZI URRUTIKOETXEAK Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan emandako hitzaldi baten izenburua da: «Zertaz ari gara hizkuntza normalizazioaz ari garenean?». Berria egunkarian azaldu zuen bere tesia: «Gaztelaniaren makulua erraz onartzen dugu euskaldunok». Halako des-ikaste prozesu bat planteatzen du; zenbaitetan gaztelaniari uko egiteko prest egotea; gaztelaniaren des-hazkunde bat, nolabait esatearrren.

Normalizazioaz Urtzik azaldu zuen terminoa batez ere gure inguruan errotu eta zabaldu dela: gurean, Galizan eta Herrialde Katalanetan. Hemendik kanpo bestelakoak erabiltzen dira usuago: aménagement linguistique, language planning, language policy…  Agidanez, beste askotan bezala, hizkuntza normalizazioaren terminoa zein kontzeptua soziolinguistika katalanatik heldu zaigu.

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, normalizazioa da minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko prozesua. Egokia iruditzen zait, baina badakit terminoak berak ezadostasunak sortu dituela batean zein bestean.

Jakin aldizkariak uda partean antolatu zuen “Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekuan” izenburuko jardunaldian Maria Reimondez idazle eta itzultzaile galegoari normalizazioaz galdetu zioten: normalizazio linguistikoaz zein kulturalaz, gaizki ulertu ez banuen. [Hemen]. Hitzak sentimendu kontraesankorrak sortzen dizkiola esan zuen. Azaldu zuen Feijooren gobernuak normalizazio izena ezabatu nahi izan zuela nonnahitik, eta ikastetxeetako normalizazio taldeak dinamizaziorako taldeak bihurtu zituela. Dinamizazioa kontzeptu neocon-agoa da, antza. Alde horretatik, Mariak defendatu zuen normalizazioaren ikuspegia  iraultzailea dela, galegoa arlo guztietan presente egon behar dela aldarrikatzea baita.

Aitzitik, Feijooren munduan bizi nahi ez dugun pertsonen ikuspegitik, kontzeptuak kezka bat edo beste sortzen diola aitortu zuen; izan ere, zer da, bada, normala izatea edo zerbait normal egitea? Gaia literaturara eramanda, literatura bioaniztasun handiko lekua izan behar duela aldarrikatu zuen, eta hor normalek zein anormalek… denek behar dutela lekua. Txepetxek ere antzeko ideia bat zabaldu zuen inoiz, ezta? Zer da normala? Gaztelania? Gure buruari zer nahi dugun galdetzea gomendatzen zuen. Inguruan ikusten dugun berdina baina “euskaraz”? Bai? Merezi du? Ez ote da garaia beste zerbait pentsatzeko?

Ni neu ez nau normalizazio terminoak kezkatzen. Jaurlaritzaren eskutik, ikastetxeetan lantzen den Ulibarri programak oraindik ere horrela definitzen du bere burua: Hizkuntza Normalkuntza Programa.

EAEko jaurlaritzak izen arranditsuagoa hautatu zuen bere garaian: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Arranditsua bai, baina ez zen izen itsusia. Niri Benito Lertxundiren abestia ekartzen zidan gogora: “arantzak kendu nahi dizkio, bizi berri bat eman“. PSEk Eusko Jaurlaritza hartu zuenean, ordea, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia EBPN izatetik ESEP izatera: Euskara SUSTATZEKO Ekintza Plana, alegia. Neocon-agoa?

Sentitzen dut, baina aitortu beharra dut SUSTATU hitza ez dudala gogoko. Milaka aldiz idatzi behar izan dut ehunka txosten, memoria, justifikazio, kartel eta mezu elektronikotan. Tarteka, inor begira ez dagoenean, SUSTATU hitza ezabatu eta beste bat jarri izan dut bere lekuan: gehienetan INDARTU, SENDOTU edo horrelakoren bat, askoz hobeak ez direla jakin arren. Noiz edo noiz NORMALIZATU hitza idaztera ere animatu naiz.

Izokinak gara, korronteen kontra

Eta Kitto ELKARTEAK ANTOLATZEN DUEN Transmisioa Mintegiaren baitan, Jose Mari Agirretxe Porrotxek herrigintzaz eta irrigintzaz jardun zuen. Balioei buruz hitz egin zuen: elkartasunaz, eta eraldaketaz. Dagoeneko klasiko bihurtu den galdera da: euskaltzale izaterik al da… feminista, ekologista edota berdinzale izan gabe?

Honela zioen:

Oso inportantea da kultura. Eraldatzailea da. Euskal kultura, gehiago. Ze euskarak baloreak ditu. Euskara ez da bakarrik komunikatzeko tresna bat. Gu izokinak gara, korronteen kontra. Korronteen kontra egin behar dugulako, korronteen kontra ari direnekin enpatizatzen dugu: ekologia batekin, genero begirada batekin, parekidetasunarekin, ekonomia batekin, justizia batekin. Errazago enpatizatuko duzu, zu ere hor ari zarenean. Txikitasunetik. Orduan ez dut uste euskara soilik denik komunikatzeko tresna bat. Hori ere bai. Euskara da balioak transmititzen dituen bitarteko ederra.

Toni Lodeirok, bestalde, Options aldizkariaren artikulu batean bestelako bizimodu baten defentsa egin du: bizimodu bat non “astelehenak arinagoak diren, eta ez horren astelehen”. Gure balioekin bat etorriko den bizimoldea proposatzen du.

Honela dio:

Banka etikoa, seme-alaben zaintza eta galegoa edo katalana indartzea zertan dira berdinak? Bada…hirurek gauza bera uzten dutela agerian: hirurek agerian uzten dute gaur egun “gudu-zelaiak gure gorputzak direla”. Hirurek hegemonia neoliberalaren kontrako alternatiba aldarrikatzen dute eta hemen eta orain gure balioekin bat etorriko diren bizimoldeak proposatzen dituzte, bizitzea merezi duten bizimoldeak, alegia.

Testu osoa hemen irakurri ahal da: Gorputzak, Hizkuntzak, Kontsumoa. (twitterren jaso genuen horren pista, @Garaigoikoaren bidez).

Mikel Irizarrek ere txio eder bat sareratu zuen aurreko batean:

Diglosiak poeta egiten gaitu; subalternalitateak, berdinzale eta berdintzaile; hegemonia borrokatzeak, eraldatzaile…

Ziur aski horregatik gaude Herrialde Katalanei begira. Izan ere… zaila egiten zaigu garaiotan beste inora begiratzea. Eta bai… niri ere begiak umeldu zitzaizkidan “Euskal Herria amb Catalunya” bideoa ikusi nuenean.

Kontakizuna eta eraldaketa

Iñigo Fernandez Ostolazak Surflaria eta Paradisua liburua argitaratu du Iñigo Urdinagaren sinadurapean. Iñigo ezaguna da, euskararen komunikazioaren inguruan egin duen lanagatik eta teorizazioagatik. Publizista eta unibertsitateko irakaslea da; Hiznet ikastaroetan aritutakoa ere bai.

Liburuan surfa du hizpide. Dena den, liburu erakargarria da lehorreko kume garenontzat ere bai. Noiz edo noiz, komunikazioaz hitz egiten du, nahiko zeharka bada ere. Horrelako pasarte batean, bere ikasleei eman ohi dien speach edo hitzalditxoa azaltzen du. Honako hau, gutxi gorabehera: “Marketina erreminta bat da, tresna hutsa, alde bateko zein besteko helburuak lortzeko erabilgarria. Erreminta ahaltsua da. Zoritxarrez garestia ere bai. Boteredunek erruz erabiltzen dute. Txikiok ez dugu apenas erabiltzen. Bada garaia marketina gure helburuak lortzeko erabiltzen has gaitezen”. Buruz ari naiz, ez dut liburua eskuartean.

Marketinaren oinarria istorioak kontatzea dela entzun izan dut: storytelling, narratiba, kontularitza, istoriogintza, errelatoa, kontakizuna… nahi duzuen bezala deitu.

Narratiba tresna handia da. Narratiba bat da kultura: kultura da gure errealitateaz, gure iraganaz eta etorkizunaz, zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun. Identitateak berak osagai narratibo garrantzitsua du. Identitate narratiboa gure buruaz egiten dugun errelatoa da. Errelato horretan hiru izaki gara: narratzailea, ko-autorea eta protagonista (gure bizitza den trama baten protagonista). Narrazioa iraganeko gertaeren errelatoa da, baina baita prospektiboa ere: proiektuak, iguripenak, espektatibak…

Gure errelatoa kontatzen ikasi behar dugu. Errelato eraldatzaileak: nondik gatoz eta nora goaz.

Oharrak

Lau apunte urgente, berrikuntza sozialaz

Bat

Young Fundazioak The Open Book of Social Innovation liburua argitaratu zuen 2010ean. Hortik abiatuta, berrikuntza sozialaren egungo definizioa eratu zen: berrikuntza soziala ideia berriak dira (produktuak, zerbitzuak eta prozesuak) bi helburu bateratzen eta uztartzen dituztenak: batetik gizartearen beharrizanak egun baino era eraginkorragoan asetzea, eta bestetik harreman edo lankidetza sozial berriak eta iraunkorrak sortzea (kapital soziala, alegia). Berrikuntza soziala, hortaz, onuragarria da, beharrizan zehatzei erantzun zehatzak ematen dizkielako, baina baita ere jendarte sendoagoa eta ekiteko prestuagoa osatzen laguntzen duelako.

Bi

Argitaratu berri den artikulu batean, Gorka Espiauk adierazi du berrikuntza ezin dela ulertu logika kultural eta komunitarioetatik aparte. Berrikuntza sozialak, bere ustez, elementu kulturaletan eragin behar du. Berrikuntza sozialaren hardwarea proiektu zehatz eta interkonektatuetan dago, baina berrikuntza sozialaren softwarea balio, sinismen, jokabide eta xede partekatuak kontatzen dituzten narratiba eraldatzaileetan bilatu behar da. Narratiba berri horiek ezinbesteko euskarri dira, hainbat eta hainbat erabaki estrategiko babesteko.

Hiru

Artikulu horretan bertan esaten den bezala, orain arteko esperientzietan, eraldaketa estrukturalak ikusten ditugunean, horren atzean gutxitan ikusiko dugu interbentzio proiektu soil eta hutsik. Esperientzia horiek ez diote interbentzio proiektu baten logikari jarraitzen. Aitzitik, eraldaketa mugimendu baten logika dute. Ekimen ugari izan ohi da, plan oso egituratu bati erantzuten ez badiote ere. Ekimen horietan, lotura handia dago oinarrien, balioen eta helburuen artean, baina besterik ez. Lidergoa partekatua eta difusoa da: prozesu osoa ez dago pertsona edota erakunde baten erabakiaren mende. Lan kolaboratiboa da, baina konplizitateetan oinarritua, eta ez egitura zurrunetan edo hitzarmen konplexuetan.

Lau

Emun aholkularitzak jardunaldi interesgarria iragarri du datorren udazkenerako. Jardunaldien aurkezpenean bertan Gorka Espiauk esan du komeni dela berrikuntza sozialaren aldeko apustu sendoa egitea, modak kontzeptuaren esanahia eta gaitasun eraldatzailea irentsi eta antzutu baino lehen. Eta egia biribila iruditu zait: bada arrisku hori!

Ekin diezaiogun, bada!

Bibliografia txikia:

The Open Book of Social Innovation. https://youngfoundation.org/wp-content/uploads/2012/10/The-Open-Book-of-Social-Innovationg.pdf

Behar konplexuei, erantzun berritzaileak. http://www.diariovasco.com/gipuzkoa/201706/27/behar-konplexuei-erantzun-berritzaileak-20170627134118.html

Berrikuntza sozialaren enfoke berriak. https://www.accioncontraelhambre.org/sites/default/files/documents/revista_rets_n36.pdf

 

 

 

Deserosotasunaren pedagogia

BESTE hainbat alorretan bezala (ekologian, generoan, kontsumoan, trafikoan…), hizkuntza ohituren alorretan ere lan pedagogikoa egin behar dela esan izan da, jauzi berri bat emateko pedagogia soziala egin beharra dagoela.

Agian, horretarako, Paulo Freireren lanak berreskuratu behar ditugu: zapalduen pedagogia, askatasunaren pedagogia, esperantzaren pedagogia, autonomiaren pedagogia… Freireren teoriak eraldaketa soziala du oinarri, eta metodo dialogikoa defendatzen du. Harek zioen bezala, hezkuntza ezin da izan “ideiak kontsumitzea” baizik eta “ideiak sortzea eta birsortzea”. Gure “pedagogia soziala” antolatzen dugunean, komeni da ikuspegi hori begibistatik ez galtzea.

Agian, deserosotasunaren pedagogia ere asmatu behar dugu. Gure aurreriritziak agerian jarri, gure konfort eremutik atera, egonezina sortu, erabateko ziurtasunak uxatu, konformismoa hautsi… Inkonformismoa, mugimendua, ausardia eta desioa sortu. Diotenez, gatazka kognitiboa da ikaskuntzaren oinarria: bada zerbait gure eskema mentaletan ondo koadratzen ez duena, eta horrek eramaten gaitu ikuspegia zabaltzera. Ikuspegi murriztailea da, akaso, baina badu arrazoitik asko.

Agian hor dago koska. Konfort eremutik ateratzea. Deserosotasunekin bizitzen ikastea, eta emeki-emeki euskararentzat konfort eremu berriak sortzea: are zabalagoak eta are autonomoagoak.

Oharra: blog zaharrean nuen sarrera batetik abiatuta hasi naiz hau idazten

37 galdera euskaltegian dudan kontaktu bakarrari

UEUn, EUSKALTEGIAREN GARAIKO LAGUN BAT aurkitu dut. Ez dut harekin gehiegi hitz egiteko aukerarik izan, baina jakin-min zaharrak piztu zaizkit.

Motibo bat nigana

Euskaltegietan kezka eta jakin-mina pizten zuen gairik bazen, MOTIBAZIOA zen horietako bat. Sarri aipatua izan da. Inkesta askotxo eta hamaika artikulu egin dira. Ikerketa eta tesi batzuk ere bai. Tarte batzuetan, bukle baten moduan ikusten genuen gaia: antzeko galderak, antzeko ondorioetara iristeko.

Galderei dagokienez, egia esan, asmatzeko ezer gutxi dago. Ikasle batek zergatik nahi izango du euskara ikasi? Desio hori nola piztu ahal dugu? Ez da askoz gehiago behar. Erantzunak bilatu behar ditugu.

Gerora, zerbait aipatzekotan, bi hurbilpen interesgarri ikusi ditut: Niaren sistema motibazionala (Dörnyei, 2005) eta Komunikatzeko prestutasuna (MacIntyre, 2007).

Niaren sistema motibazionala

Dörnyei irakasleak 2005. urtean proposatu zuen sistemak hiru dimentsio ditu:

  • Ni Ideala: Gure buruaz dugun irudi idealizatua: zer izan nahi dugu? Garrantzitsua da ikasleak bere burua hiztun gisa bisualizatzea.
  • Obligaziozko Nia: Beharrekin du zerikusirik, derrigortasunarekin. Zer izan behar dugu?
  • Ikaskuntzaren egoera: giroa, irakaslearen figura, curriculum, ikaskideak…

Eredu honek hainbat kontzeptu erabiltzen ditu: integrazioa, instrumentalitatea (horren barruan bi: promozioa eta prebentzioa), hizkuntza komunitateari buruzko jarrerak, ahalegina…

Dörnyei-ren ustez, konfigurazio motibazionalean, Integrazioa eta Ni Ideala dira elementu zentralak dira. Integrazioaren atzean (edo barruan) instrumentalitatea eta hizkuntza komunitatearekiko jarrerak daude, eta, instrumentalitateari dagokionez, bi era bereizi ahal dira: promozioa eta prebentzioa. Lehena  arrakasta izateko motibazioa da: hizkuntza ondo jakiteko edota lan ona lortzeko. Bigarrenak —prebentzioak— betebeharrarekin eta derrigortasunarekin du zerikusirik, eta askoz eragin txikiagoa du, epe ertain eta luzean.

Hizkuntza ikastea, eta erabili nahi izatea

Badira ikasleak, hizkuntza ondo jakin arren, egoera komunikatiboei itzuri egiten saiatzen direnak, eta beste batzuk, maila apalagoarekin, hizkuntza horretan komunikatzeko aukerak era aktiboan bilatzen dituztenak. Peter D. MacIntyre irakasleak eta beste batzuek Willingness to Communicate (komunikatzeko gogoa) eredua landu du.

Eredua sei geruzetan antolatzen da:

  1. Jokabidea: Erabilera.
  2. Intentzioa: Komunikatzeko gogoa
  3. Aurrekariak: Pertsona jakin batekin komunikatu nahia / Egoera komunikatiboan autokonfiantza
  4. Motibazio joerak: Pertsona arteko motibazioa / Talde arteko motibazioa / Autokonfiantza H2
  5. Testuingurua afektibo-kognitiboa: Talde arteko jarrerak / Egoera Soziala / Komunikatzeko Gaitasuna
  6. Testuinguru soziala eta indibiduala: Talde arteko giroa / Nortasuna

Gogoan dut Emuneko lagunek orain dela 10 urte MacIntyre ekarri zutela motibazioaz eta hizkuntza normalizazioaz antolatu zuten jardunaldi batera. Aurkezpena hemen aurkitu dut. Bideo bat ere bazegoela uste dut, baina ez dut aurkitu. Oker ez banago, komunikatzeko gogoa landu ere landu zitekeela iradokitzen zuen bertan.

Euskara ikasi, erabiltzeko

Hil honetan bertan, Katalunia aldean antolatu duten jardunaldi baten izenburua da: Aprende català per usar-lo. Erabat gogoangarria, ezta?

37 galdera (Atxagaren modura)

Doinu hau daukat buruan itsatsita:

Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Kausitzen al duzue motibaziorik
sikira zuen ikasleen arteko
ehundiko hogeitabost edo
hogeiaren baitan, ala hemen bezala
euskara ikasi eta mutu diraute ikasleek,
ahots mortuak bailiren bulegoan
ahots mortuak bailiren leihatilan
eta telefonoaren honuzkaldean?

Esaidan, zoriontsuak al zarete
euskaltegietako burkideak?
Ez al duzue behialako ikasleekin
ametsik egiten? Orduko barnetegiekin?
Klase ondorengo parrandatxoekin akordatzen
al zarete inoiz? —nola, lotsa galdurik,
mingainak askatu egiten ziren, ordu txikietan?
/…/ 😉

 

Nolakoa zara? Baikorra ala ezkorra?

Nolakoa zara? Baikorra ala ezkorra? Bete ezazu ondorengo galdekizuna eta jakingo duzu.

Jarraian dozena bat galdera ageri daiteke, bai / ez erantzuteko modukoak: (a)  Orain dela 50 urte baino hobe gaude? (b) Krisian gaudela uste duzu? (c) Azken urteetako aurrerapausoak nahikoak direla uste al duzu?…

Joxerra Garziak dio duela 50 urte baino askoz hobe gaudela, horrekin ados dagoela, baina —erabateko adostasuna aspergarria denez— berari gaizki samar ikusten dituen gauzak azpimarratzea interesatzen zaiola. Kritiken aurrean pesimista izatea leporatu izan diote… Baina, haren ustez, hobe da pesimista “ekintzalea” izatea, optimista egon-zalea baino. [https://youtu.be/AMNipjgEVtQ]

Bat dator Iñaki Markoren ikuspegiarekin. Harek krisi aktiboaren ideia aipatu izan du. Noraeza eta berritu beharra zabaldu orduko, ezin izan gara geldirik egon. Ekimenak nonnahi piztu dira, eta hori ona da.

Jon Sarasuak optimismo kritikoa defendatu izan du. Aurrerapauso bakoitza horrela baloratu beharra aldarrikatzen du: ilusioz eta itxaropenez baina, aldi berean, norabidea eta abiada zainduaz.

Gramsci zaharraren jarraitzaileak omen gara. Harek ere horrelako zerbait esaten zuen: pesimistak gara, arrazoimenak hala agintzen digulako; baina optimistak, borondatea dugulako.

Rol soziolinguistikoak

EGIAN zein LASARTE-ORIAN “ahobizi” eta “belarriprest” rolak sortu zituzten, ekimenari forma emateko eta jendearen konpromisoa bideratzeko. “Ahobiziek” bi konpromiso hartu zituzten: batetik, euskara ulertzen duenari dena euskaraz egitea, eta bestetik ezezagunari lehenengo hitza euskaraz egitea. “Belarriprestek” haiei euskaraz egitea ondo hartuko zutela adierazten zituzten.

Urte pare bat dira Natxo Sorolla irakasleak tesia argitaratu zuenetik: Tria de llenguas i rols sociolingüístics a la Franja des de la perspectiva de l’anàlisi de xarxes socials. Bertan hiru gako lantzen ditu: harreman-sareak, hizkuntza-hautuak eta rol soziolinguistikoak. Azken horietaz jardungo dut hemen.

Rol sozialak gizartean parte hartzeko modu egituratuak dira, normen bidez arautuak. Rol soziolinguistikoak ere horixe dira: hizkuntza portaeran oinarritzen diren rolak dira, eta pertsona bakoitzarengandik zer espero daitekeen arautzen dute. Tesian zazpi rol soziolinguistiko ageri dira:

  • Katalan hiztun zorrotza (A): Katalanari eusten dio. Elkarrizketa elebiduna nahiago du, gaztelerara makurtzea baino.
  • Katalan hiztun zorrotza (B): Elkarrizketa elebidunak ez ditu gustukoak, baina bestelako estrategiak erabiltzen ditu gaztelaniaz ez egiteko.
  • Katalan hiztun hibridoa (C): Katalana nahiago du, baina gaztelania erabiltzeko prest dago.
  • Hibrido berdinkideak (D): Ez du preferentziarik adierazten. Neutroak omen dira. Diskurtso anbiguoak eta anbibalenteak darabiltzate.
  • Gaztelaniazko hiztun hibridoa (E): Gaztelania nahiago du, baina katalana erabiltzeko prest dago.
  • Gaztelaniazko hiztun zorrotza (F): Ez ditu elkarrizketa elebidunak gustutkoak, baina bestelako estrategiak erabiltzen ditu katalana ez erabiltzeko.
  • Gaztelaniazko hiztun zorrotza (G): elkarrizketa elebidunak nahiago ditu, katalanara igarotzea baino.

Howard Giles-ek egokitze komunikatiboaren teoria sortu zuen 1973an. Horren arabera, hiztunek egoera bakoitzean hizkuntza bat ala bestea hautatu egiten dute, besteen aurrean inpresio jakin bat emateko. Bi joera izan ohi dira: konbergentea eta dibergentea. Lehenak taldeko partaidetasuna adierazten du; bigarrenak, berriz, ezberdindu nahia.

Hortik abiatuta, Sorollak eredu sinplifikatu bat landu du bere tesirako. Bertan lau rol soziolinguistiko erabiltzen ditu:

  • Katalan hiztun euslea: katalana erabiltzen du gainontzeko guztiekin
  • Katalan hiztun konbergentea: katalana egiten du, baina soilik katalan hiztunekin
  • Gaztelaniazko hiztun konbergentea: gaztelania erabiltzen du soilik gaztelaniazko hiztunekin
  • Gaztelaniazko hiztun euslea: gaztelania erabiltzen du gainontzeko talde guztiekin

Horiek horrela, honako hau da espero daitekeena, rol ezberdinek inteaktuatzen dutenean:

Natxo Sorallak Franjan egin du bere azterketa: 15 ikastetxetako 18 gelatan; 245 ikaslerekin orotara. Jaso dituen datuen arabera, ikasle horien herena katalan hiztunak dira (% 14,9 eusleak eta %19,4 konbergenteak); % 9,9 gaztelaniazko hiztun konbergenteak dira; eta % 55,8 gaztelaniazko hiztun eusleak. Aldaketa soziolinguistiko larria antzeman du, katalanaren oreka soziolinguistikoa kolokan jarri duena: familiatik katalan hiztunak diren ikasleen laurdenak gaztelaniazko rolak jokatzen dituzte. Familia elebidunetako ikasleen artean, bi heren dira gaztelaniazko rolak jokatzen dituztenak (kasu gehienetan, gainera, gaztelaniazko hiztun eusleak).

Ikerketa interesgarria da, erabiltzen duen metodologiagatik. Sorollak defendatzen du herrialde katalanetan hizkuntza-hautua solaskidearen arabera egiten dela, eta ez, Fishmanek zioen moduan, jardun-esparruen arabera. Horregatik harreman-sareak ikertzearen garrantzia aldarrikatzen du.

Hemen eskuratu daiteke: http://diposit.ub.edu/dspace/handle/2445/97620