Mapa soziolinguistikoa. Irakurketa longitudinala

Irudia

Mahai gainean dut 2016ko datu estatistikoei buruzko BAT aldizkariaren zenbaki monografikoa. Oraindik ez dut begiradarik emateko aukerarik izan, eta aitortu behar dut nagitasun puntu bat ematen didala.  Zentsuek eta inkestek errealitate soziolinguistikoaren mapa bat erakusten digute, baina hori besterik ez. Iruditzen zait zenbakiekin gehiegi tematzen garela batzuetan.

Edonola ere, ariketa bat proposatzen dizuet…

Eustaten web orrian, euskara-mailari buruzko datuak bilatu. Hemen, adibidez: Euskal AEko >=2 urteko biztanleria, eskualdearen, euskara-maila orokorraren eta adinaren arabera. Bai… oraingoz EAEkoak besterik ez.

Datu interesgarri batzuk:

  • Azken neurketaldian —2016an— 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean da euskaldunen portzentajerik handiena: % 87.
  • Adin-tarte horretan erdaldunak % 2,4 dira. Ulermena, beraz,  %100etik oso gertu dago.
  • Orain dela 10 urte ere, adin-tarte bera zen euskaldunena (10-14 urte bitartekoak), baina portzentajea 10 puntu txikiagoa zen orduan: % 76,6, alegia.
  • Hobekuntza nabaria da, beraz.

Xabier Isasik, ordea, irakurketa longitudinala proposatzen zuen, orain dela hainbat urte: adin-tarte bat hartu eta urtez urte bilakaera ikusi. Azken 3 neurketaldiak konparatu ahal ditugu, azken 10 urtean zer gertatu den ikusteko. Horiek horrela, 2006, 2011 eta 2016ko datuak alderatu ditugu, hurrenkera horretan:

  • 2006an, esan bezala, 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean % 76,6 ziren euskaldunak. Lautik hiru.
  • 2011n gaztetxo horiek 15-19 urte zituzten eta euskaldunen portzentajea txikixeagoa zen: % 73ra.
  • 2016an 20 eta 24 urte bitarteko gazteak ziren, eta euskaldunak % 69 ziren.

Gazte eta gaztetxo horien artean, 10 urtean, 7 puntu egin du behera euskaldunen portzentajeak. Zer gertatu da tarte horretan? Zilegi al da deseuskalduntzeaz hitz egitea? Faktore demografikoak al dira? Soil-soilik autopertzepzioekin du zerikusirik? Imajinatzen dut azken bi horien arteko konbinazio bat izan daitekeela, baina ideiarik ez.

Proba egin ahal duzue, eta zuen herriko datuekin aztertu. Esango nuke nahiko joera homogeneoa dela.

arazo gaiztoak (wicked problem)

Politika publikoei buruzko literaturan arazo gaiztoak terminoa erabili izan da irtenbide erraza ez duten arazo konplexuak eta multidimentsionalak izendatzeko. Ingelesez wicked problem deitu izan dira, eta gaztelaniaz problemas malditos. Izan ere, arazo gaiztoek kausalitate harreman ugari biltzen dituzte beren baitan, eta ez daude beti ondo mugatuak. Zaila da bereiztea arazoa arazo ote den edo beste zerbaiten sintoma besterik ez (besterik ez??!!!)

Joan Subirats irakasleak oso azalpen interesgarria egiten du hemen: https://labur.eus/GFsyU

Esan izan digute behar-beharrezkoa dela egoeraren diagnostiko ona eta zehatza izatea. Ona da, bai; baina batzuetan akatsa da pentsatzea lehen-lehenik arazoa ondo definitu behar dugula eta gero erantzuna bilatu. Sarritan ez baitago erabateko erantzunik. Agian arazoa gaizki planteatzen ari gara. Arazoari ekin aurretik, arazoa ulertu nahi dugu; eta ez da hori bidea: arazoari ekin behar diogu, arazoa ulertzera iristeko. Logika positibistatik urruntzea da kontua; “arazo bat, irtenbide bat” binomioaren ilusio faltsuari uko egitea. Arazora hurbildu, ikusi, ekin, prototipatu, probatu, ebaluatu, egokitu, doitu, berriro probatu, irtenbide bat baztertu eta hurrengoari ekin, aztertu… Prozesu iteratiboa da: beta mugagabea.

Hizkuntza indarberritzeaz ari garela, ez zait arazo bakar bat ere okurritzen, arazo gaiztoen sail horretan sartuko ez nukeenik. Eta —aitortu behar dut— mina egiten dit etengabe programa “enkapsulatuak” eta “prefabrikatuak” probatzen tematzen garenean: produktuak dira eta ez prozesuak, irtenbide “azkarrak” baina ez-eraginkorrak…

Agian desazelerazioa da kontua: industriaren logikatik artisautzaren logikara itzultzea; ikerketa-ekintza, berrikuntza, diseinu-pentsamendua… Edo, agian ez. Nik zer dakit!

Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.

Euskara teknikariei jarriak

Ruperren kantu ezaguna parafrasetzeko tentazioa izan dut sarri: «Inork ez zidan esan teknikaria izatea zein nekeza den. Hobe nuela hautatzea munduko hiritarra izatea».

Sentsazioa gazi-gozoa da: inoren lurraldean ez egotea. Ez gara erabat administrazioa, administrazioak erabat onartzen ez gaituelako; ezta gizarte mugimendua ere. Euskara teknikaria ez da funtzionario peto-petoa, ezta karrerako funtzionario diren apurrak ere (gehienok interinoak baikara).

Norentzat ari gara lanean? Zein da gure “nagusia” eta zein da gure “bezeroa”? Alkatea eta zinegotziak? Administrazioa? Euskararen gizarte erakundeak? Herritarrak? Euskaldunak? Hobe galdera gehiegi ez egitea, krisi identitario batean murgildu nahi ez baduzu.

Noiz edo noiz gertatu izan zaigu teknikari moduan administrazioaren aurrean euskararen gizarte erakundeen demandak defendatu behar izatea. Ez da erraza. Are gutxiago demanda horien atzean gatazka puntu bat dagoenean. Langile komunitarioek “tentsio sortzailea” deitu izan diote horri, eta beren lanbidearen parte dela ulertzen dute. Halakoetan administrazioaren aurrean argudiatu beharra izaten da, eta eragileekin protesta berbideratzen saiatu: protestatik propuestara, gatazketatik proiektuetara, eta administrazioa bera desbordatu. Ez da lan erraza.

Euskara teknikariak bokazio aktibista eta herritarra duen jendea da, lan profesional  bat egin nahian ari direnak, testuinguru formal eta burokratiko batean. Ez da harrigarria, beraz, halako nahasmendu identitarioa izatea.

Eta horiek horrela… zergatik lanbide hau hautatu? Kontua da gutako askok ez genuela euskara teknikari izatea erabaki. Esnatu ginenean, han jarraitzen zuen dinosaurioak, eta gu hor ondoan geunden, dinosaurio hori makurtu nahian.

Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako

ESANGURATSUA da gure artean diskurtsoari ematen diogun garrantzia. Gogoan dut TELP ikastaroetan ez dela horrela izaten. Diskurtsoa ez da apenas lantzen. Ferran Suayk esan ohi du hizkuntza bat erabiltze aldera benetan inporta duten aurreiritzi bakarrak geureak direla, eta ez besteenak.

Azalpenetan eta argudioetan gehiegi ez tematzea gomendatzen du, ez baitu merezi. «Zuk zergatik euskaraz tematu, gaztelaniaz ere ederki moldatzen bazara?», galdetuko dizute. Alferrik azalpenak ematea. Eztabaida horretan sartzea ahulezia erakustea da. Eta, inoiz, azalpenik eman behar izatekotan, arrazoi subjektiboak ematea aholkatzen du: «nahi dudalako, gogokoa dudalako, erosoa egiten zaidalako, edota sudur-puntan jarri zaidalako…»

Sarri, argumentazioari eta pertsuasioari begira jarrita, ′arma definitiboa′ bilatu nahi izan dugu: argudio totala, borobila, erabatekoa… Arazoa da —Ferran Suayren ustez— argudio historiko, politiko zein ideologiko guztiak eztabaidagarriak direla. Oscar Wilderen aipua ekartzen du gogora. ′Arrazoia omen da hobekien banatutako ondarea: jende guzti-guztiak uste du, une guzti-guztietan, arrazoi guzti-guztia duela′. Argudiatu ahal duzu, «Euskaraz egiten dut, euskalduna naizelako…»; baina ez da nahikoa izango: «Hori eztabaidatu daiteke, ezta? Izan ere, gaztelaniaduna ere bazara…», erantzungo dizute. Arrazoi subjektiboak ez dira horrelakoak. Ezin dira eztabaidatu. Zer esango dizute? «Ez, ez… zuk baietz uste duzu, baina ez duzu euskaraz egin nahi, ez duzu gogokoa, ez zaude eroso…».

Celso Emilio Ferreiro poeta galiziarraren poema hura ekartzen dit gogora:

Lingoa proletaria do meu pobo / eu fáloa porque sí, porque me gosta, / porque me peta e quero e dame a gaña; / porque me sai de dentro, alá do fondo…

Joseba Sarrionandiak euskarara ekarri zuen, “Poemas Náufragos” izeneko liburuan:

ITSASOAREN AURREAN ETZUNIK...

 Ene herriko hizkuntza proletarioan
 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako,
 Erizten diodalako, nahi eta gogoa dudalako;
 Barrutik sortzen zaidalako, gorbata jantzita
 Beren arbasoekiko amodioa eusten,
 Hilik dauden beren aitaiten hizkuntza,
 Ama hizkuntza mintzatzen
 Eta aurpegia altzaturik
 Lengoaiako marinelak, laborariak,
 Arraun eta area, edo branka
 Eta goldea izaten ez dakiten
 Sustrairik gabeko xalapartari tipiak,
 Hainbeste ergel deserrotu ikustean
 Hondatzen nauen tristura mingotsaren
 Sakonetik
 Sortzen zaidalako.

 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako
 Eta gureekin egon nahi dudalako, gure jendearekin,
 Beste hizkuntzan kondaturiko historia bat
 Luzaroan sufritzen duten gizon onen alboan.

 Ez naiz mintzo handikientzat,
 Ez naiz mintzo doilor eta boteretsuentzat,
 Ez naiz mintzo harroentzat,
 Ez naiz mintzo ergelentzat,
 Ez naiz mintzo hutsentzat;
 Etengabeko gezurrak eta zuzengabeak
 Sendoro jasatzen dituztenentzat mintzo naiz;
 Begi biluzien mitxeleta, su
 Eta haizezko eguneroko negarra
 Izerdiz eta malkoz darienentzat.
 Ezin ditut ene hitzak munduan
 Sufritzen ari diren guziengandik aldendu.

 Eta zu munduan bizi zara, lur gurea,
 Gure leinuaren seaska,
 Galizia, Espainetako min gozoa,
 Itsasoaren aurrean etzunik, bidean...

Euskalgintzaren balio-sistema (eta bi)

Ikuspegi apreziatiboak abantaila handiak ditu. Baikorra da. Adorea ematen du, eta bizipoza ere bai. Akatsak onartzen ditu, baina ez doa propio haien bila, helburua hori ez baita. Ondo egindakoetan oinarritzen da, aurrera-pausuak —eta ahal dela, aurrera-jauziak— emateko. Palankak indarguneetan bilatzen ditu.

Euskalgintzaren balio-sistemari buruzko azterketa ildo horretan oinarritua sortu da.

Kontraesan gehixeago sortzen dizkidaten ideiak badira. Ez nago erabat horien kontra, nik neuk ere nahi baino barneratuxeagoak ditudala iruditzen baitzait. Esango ditut, gogoetarako besterik ez bada ere.

Proiektua pertsonen gainetik

Militantzia, ardura, konpromisoa, eskuzabaltasuna, sakrifizioa… euskalgintzaren ideia gakoak izan dira. Ziur aski tradizio judeo-kristautik eratorritako kontzeptuak dira. Gakoak izan dira iritsi garen lekura iristeko, baina mina ere min ugari egin dute. Zenbat jende erre da bidean? Hitz egin ahal da burnout sindromeaz euskalgintzan? Egin dira ahaleginak ideia horiek erlatibizatzeko eta bere lekuan eta bere neurrian jartzeko. Gustatu zitzaidan Joxemi Zumalabe fundazioak horretaz egin zuen azterketa eta gogoeta. Iruzkin bat egin nuen hemen:  https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2014/10/26/adorez-eta-atseginez/

Ekosistema xinpleagoa beharko genuke

Aho txikiz bada ere, sarri entzun den iritzia da: “euskalgintzan erakunde gehiegi gara; ekosistema xinpleago beharko genuke”. Diseinu perfektuaren mitoa dago horren atzean: goitik behera ondo diseinatutako euskalgintza behar dugu; erakunde bakoitzak bere funtzioa behar du, eta funtzio bakoitza erakunde batek bete behar du era kasik-esklusiboan; diseinuan bertan bermatu behar da ez dela disonantzirik sortuko; eta “zuzendaritza” bakarra eta komuna izango bagenu… hori “demasa” litzateke.

Esajeratzen ari naiz? Litekeena da, baina… funtzio banaketaz edota euskalgintzaren baitan lidergoaz eta gidaritzaz hitz egiten dugunenan, ez ote dugu ideia hori buruan?

Ez hartu hau guztia seriosegi! Barruan ditugun kontraesanak dira, besterik ez.

Euskalgintzaren balio-sistema (bat)

Euskararen biziberritze-prozesuaren baitan, hainbat erakunderen balio-sistemak aztertu dituzte Elhuyarrek eta Agirre Lehendakaria Center-ek. Joan den hilean aurkeztu zuten Martin Ugalde parkean.

Ikerlanean bada kontu interesgarririk. Zer pentsatu ugari ematen du, bai edukien aldetik eta bai metodologiaren aldetik.

Edukien aldetik:

  • Bost erakunde horietan identifikatu diren balioak oso ezagunak egiten zaizkigu: parte-hartzea, horizontaltasuna, berdintasuna, elkarlana, aliantzak, berrikuntza, auzolana, konpromisoa, ausardia, errefentzialtasuna… Euskalgintzak balio sistema konpartitu oso potentea du.
  • Orain dela 40 urte, ekimen horiek guztiak nola sortu ziren eta nola iritsi dira gaur egunera? Arrazoi pragmatikoetatik harago, bestelako bulkadak izan dira: motibazioak, sinismenak, balio-sistemak… Kontzeptu horiek guztiek oso lotura estua dute. Kultura ere, era zabal batean ulertuz gero, ez dago hortik oso urrun.
  • MIT institutuak landu duen U teoriaren baitan esan ohi da  arrakastaren gakoa ez dela ZER egiten dugun, baizik eta NONDIK egiten dugun: barneko zein lekutatik, alegia. Proiektuak norberaren balioekin lotzea proposatzen dute: norberaren NI sakonarekin, U teoriaren terminologia erabiltzen badugu. Horretarako bi galdera proposatzen ditu: a) Nor naiz ni? Zer da niretzat garrantzitsua? Zerk mugitzen nau? b) Zein da nire lana, nire eginkizuna edo nire “misioa”? Helburua da proiektua norberaren balioekin ondo lerrokatzea. Euskalgintzak ez du horretaz gehiegi teorizatu, baina egin egin du.

Metodologiaren aldetik

  • Soziologia kritikoak analisi instituzionala proposatu zuen 70.eko hamarkadan. Ikuspegi horren arabera, instituzioak arau unibertsal moduan eratutako sistemak ziren: hezkuntza, ezkontza, osasungintza… instituzioak ziren. Instituzioak ezin ziren era zuzenean ikertu, mugatzeko zailak baitira. Ikerketarako, analizadore kontzeptua sortu zuten: analizadore historioak eta analizadore eraikiak. Analizadore historikoak iraganeko gertaerak dira, taldearen memoria historikoan geratu direnak, eta horien bidez (gertaera horien narratiba berrosatuz) aukera dugu taldearen jarrerak, balioak edo jokabidea aztertzeko.
  • Horixe bera da euskalgintzaren balio-sistema ikertzeko erabili duten estrategia. Elkarte bakoitzari hainbat une edo gertaera esanguratsu hautatzeko eskatu diete, eta gertaera hori aztertu dute, hor jokoan sartu diren balioak zein izan ziren aztertzeko. Enfoke metodologikoa ez da berria, baina bai gure artean berritzailea.
  • Beste lantxo bat aurkitu dut, enfoke hori bera erabili duena: David Nunanen liburu bat. Nunan bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren ikertzaile ezaguna da. HABEk bere liburu bat argitaratu zuen 1995. urtean, eta helduen euskalduntzearen berrikuntza kurrikularraren erreferentzietako bat izan zen garai hartan: Hizkuntzak irakasteko metodologia. Beranduxeago beste liburu bat argitaratu du, bigarren hizkuntza ikasten ari diren ikasleen artean identitatearen inguruko kezkak aztertzeko: Language and Culture: Reflective Narratives and the Emergence of Identity. Hemen proposatzen den enfoke metodologiko bera erabiltzen du han: erreflexibitatea eta narratibitatea oinarritzat hartzen ditu, bizipenei zentzua emateko eta pertsona inplikatuen ikuspuntuak agerian jartzeko. Testu interesgarria da enfoke metodologiko horren ahalmena eta aukerak ikusteko.

Hortaz, gustura irakurriko dut Elhuyarren ikerketa.

HPP: Hizkuntza Politika eta Plangintza

GUSTATU ZAIT Iñaki Martinez de Lunak Bat 104 aldizkarian argitaratu duen testua: Akademia eta Hizkuntza Politika.

Testu batzuk biribil-biribilak dira, eta gaia agortu egiten dute. Esan beharreko guztia esan esaten dute. Beste batzuek, aitzitik, tira egiteko moduko hari-mutur ugari uzten dituzte. Ateak ireki eta irakurtzen jarraitzeko irrika pizten dute. Iñakiren testua bigarren horietakoa da. Bejondeiola!

Hari-mutur horietako batzuk ekarri ditut hona:

(1) Zer da unibertsitatearen gizarte erantzukizuna euskararekiko? Unibertsitateak hizkuntza indarberritzeari ekarpena egin beharko lioke: ekarpen teorikoa eta ekarpen aplikatua. Horretarako bi bide ditu: irakaskuntza eta ikerkuntza. Mtz de Lunak esana du irakaskuntza unibertsitarioan hutsala dela soziolinguistikaren pisua. Ikerkuntzan egoera hobea da. Interesa antzematen da, baina gehiago da gizarte eragileen interesa, unibertsitatearen ekimena baino.

(2) Ez dago erabateko adostasunik Hizkuntza Politikaren eta Hizkuntza Plangintzaren arteko harremanez. Politikaren ondorioa da planifikazioa? Ala planifikazio baten baitan zehazten da hizkuntza politika? Diferentzia kontzeptualak daude, baina HPP (Hizkuntza Politika eta Plangintza) termino konposatua erabiltzea egokia da. Lagungarria da marko kontzeptual bateratu bat osatzeko.

(3) Hizkuntza planifikazioak lau arlo arketipiko azpimarratzen ditu: (a) statusaren plangintza, (b) corpusaren plangintza, (c) eskurapenaren plangintza, (d) prestigioaren plangintza.

(4) HPPari buruzko teoria baten beharra azpimarratu izan da. Baldauf irakasleak lau enfokeren arteko interakzioa proposatzen du: a) enfoke klasikoa, b) gestio linguistikoa, c) domeinua edo jardun-eremua, d) enfoke kritikoa. Enfoke klasikoak modelazioarekin du zerikusirik: egoeran eragiten duten faktoreak identifikatu eta horietan eragin. Gestio linguistikoak, ordea, arazoak identifikatzea eta konpontzea proposatzen du. Hirugarren enfokeak lanean, familian, kalean… jardungune bakoitzean hizkuntzak duen lekua aztertzea proposatzen du, neurri egokiak definitzeko. Enfoke kritikoak hegemonia eta botere-harremanak aztertzen ditu.

(5) Beste aditu batzuek uste dute zaila dela HPParen teoria osatu bat sortzea. Euren iritziz, aski da ikerketarako eremuak zein diren ondo definitzea. Alde horretatik, Tollefson-ek, esate baterako, 8 iker-lerro proposatzen ditu

  • HPParen baitako jardunbide egokiak eta huts egindako politikak eta planak.
  • Tokian tokiko marko legalaren garrantzia aztertzea.
  • Teoria politikoak eta politikaren prozesuek HPParekin duten lotura aztertzea.
  • Migrazioak, estatuen eraketa, gatazka politiko.
  • Lidergoen eta diskurtso politikoen papera HPP eratzeko.
  • Identitate sozialak eta botere harremanak.
  • Estatuak eta komunikazioaren etnografia.
  • Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak.

Mtz de Lunak arrazoi du. HPP bere bidea egiten ari da nazioartean, eta lan horiek guztiak ez dira guregana iristen ari. Unibertsitatearen hutsunea izan daiteke.

Opari txiki bat utzi dizuet, gai horietan gehiago sakontzeko:

 

 

Hizkuntza-liberalismoa

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, hizkuntza-liberalismoa ukipeneko edo gatazkako egoeretan inolako esku-hartzerik ez egitea babesten duen hizkuntza-ideologia da.

Enciclopèdia Catalana-k 2001ean argitaratu zuen Diccionari de Sociolinguistica liburua askoz zurrunagoa eta esplizituagoa da:

Gatazka egoeran dauden hizkuntzen arteko desokera sozialean esku-hartzerik ez egitea aldarrikatzen duen hizkuntza-ideologia da liberalismo linguistikoa. Statu quo desigualitarioa eta asimilatzailea onartzea da. Estatu baten politika asimilatzailearen ondorioz menderatuak diren hizkuntzen etorkizuna ustezko bilakabide natural baten esku uztea aldarrikatzen du. Gatazka linguistikoaren aurrean ustezko neutralitatea defendatzen duen diskurtso soziolinguistiko bat da, alegia. 

Duela egun gutxi, Legebiltzarrean egon da Hizkuntza Politikako sailburua, Jaurlaritzaren  agenda estrategikoaren nondik norakoak azaltzeko. Laura Garridok Alderdi Popularraren ikuspuntua eta irizpideak azaldu zituen bertan. Honako hauek:

  • Euskal gizartearen aniztasuna errespetatzea
  • Hizkuntza hautatzeko askatasuna bermatzea
  • Hizkuntza politikak erabakitzeko kontsentsua bilatzea
  • Hizkuntzari buruzko inposizio-politikak arbuiatzea
  • Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistiko anitzak aintzakotzat hartzea
  • Hizkuntza politikan neurri koertzitiboak eta zigortzaileak batzertzea, batez ere enpresari eta komertzioari dagozkielarik
  • Hezkuntza arloan askatasun linguistikoa bermatzea
  • Hizkuntza eskakizunak esleitzeko araudia aldatzea
  • Hautaketa prozesuetan hizkuntza baloratzeko irizpideak berrikustea, lekuan lekuko egoera soziolinguistikoari egokitzeko

Neoliberalismo linguistikoa zer den definitu beharko banu, nekez aurkituko nuke adibide hoberik.

Aurkezpena hemen duzue ikusgai: bit.ly/2GD9VX4

Hizkuntza biziberritzea, ekintza komunitarioa

Orain dela hiru aste Oscar Rebollo irakaslearen hitzaldi (labur) batera joateko aukera izan nuen. Oscar Rebollo soziologoa da, parte hartzeari buruzko lan ugari egin du, eta azken urteetan Bartzelonako udalean lan egin du, parte hartze komunitarioaren alorrean.

Haren ustez, herritarren parte hartzea eta parte hartze komunitarioa bi gauza dira, eta ondo ezberdindu beharko lirateke. Aldea da nork parte hartzen duen eta zertarako.

Herritarren parte hartzeaz hitz egiten dugunean:

  • Nork parte hartzen du? Herritarrok, DENOK
  • Zer da parte hartzea? Erabakiak elkarrekin hartzea? Sarri, IRITZIA ematea besterik ez (edo kasurik onenean deliberatzea)

Parte hartze komunitarioaz hitz egiten dugunean:

  • Nork parte hartzen du: GUK, komunitateko parte garenok, edo arazoa dugunok
  • Zer da parte hartzea? EGITEA. Arazo kolektiboei irtenbide kolektiboak ematea.

Hitzaldian administrazioaren ikuspegitik hitz egin zuen. Zein da administrazioaren zeregina ekintza komunitarioan? Zaila da aldez aurretik esatea. Lehenik territorio horretan zer dagoen jakin behar da. Kapital sozial nahikorik bada… pertsona aktibo, elkarte ugari eta eragile sozial mobilizatuak badaude, proiektu autonomoak indartzea eta erraztea da eginkizuna: “giltzak ematea”. Tori! Hemen dituzue baliabideak. Egin ezazue! Halakorik ez dagoen kasuan, hori da erronka: komunitatea sortzea.

Nonbait entzuna dut, komunitatea sortzeko proiektuak behar direla, oso-oso zaila dela komunitatea ideia baten inguruan sortzea. Proiektu komunak behar dira, jendea batu, trinkotu eta aktibatzeko.

Handik gutxira, Iñaki Markok bultzatzen duen e5 proiektuaren inguruan irakurtzen egon nintzen. Trinko-trinkoa da euskonews aldizkarian argitaratu duen artikuluaren izenburua: Komunitatearen kapitalak abiapuntu, etorkizuneko eszenarioak helmuga. Gauza asko esaten du hitz gutxitan. Enfokeak asko du berrikuntzatik: hizkuntzaren biziberritzea garapen komunitarioaren ikuspuntutik aztertu eta hiztun komunitatearen aktiboak identifikatu, aurrera egiteko palankak hor daudelakoan. Esan bezala, arazo kolektiboei irtenbide kolektiboak ematea da ikuspegi komunitarioaren muina. Jakinmina dut proiektutik nolako proposamenak sortuko diren ikusteko.

Egia esan, niri askoz errazagoa egiten zait ikuspegi komunitarioa tokian tokiko errealitatetik irudikatzea. Ekintza komunitarioaz zerbait entzun edo irakurri dugunean, hiri edo auzo mailako planifikazioari lotuta egon da. Eta hala da. Ekintza komunitarioa territorioari oso lotua dago. Territorioan dauden eragileak identifikatu, elkarrekin harremanetan jarri, saretu, konplizidadeak sortu, eta aurrera egin. Erakargarria bezain konplexua.

Nago euskalgintzak eskuartean dituen erronka eta proiektu batzuek asko irabaziko luketela ikuspegi komunitario horretatik begiratuko bagenie. Ulertzen didazue, ezta?