Migrazioari buruzko diskurtsoak

Gogoan dut aspaldian Teun Van Dijk-en liburu bat irakurri izana, eta oso deigarria egin zitzaidala. Diskurtsoaren azterketa kritikoari buruzkoa zen. Diskurtsoaren analisi kritikoaren helburua horixe da hain zuzen ere: diskurtsoen atzean dauden ideologiak agerian jartzea Cassany irakasleak beste testu batean zioen moduan: lerroak irakurri behar dira, baina baita lerro-artean eta lerro-atzean ere (Leer detras de las lineas).

Llengua i Dret aldizkariaren blogean artikulu bikaina argitaratu dute horri guztiari buruz : El llenguatge dels politics sobre immigració: una exploració de la retórica política al Parlament espanyol. Deigarria egin zait bere sinpletasunagatik. Nire modura azalduko dut, azalpen teknikoetatik haratago.

Artikuluan Espainiako parlamentuan migrazioei buruz hitz egiteko alderdi nagusiek erabiltzen dituzten diskurtsoak aztertu dituzte. Oso abiapuntu sinplea hartu dute: diskurtsoan lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak nola erabiltzen diren. Hortik bi indize lortzen dituzte:

  • endogrup vs. exogrup indizea (gu – haiek). Hau da, alteritatea zein neurritan nabarmentzen eta azpimarraten den.
  • aurkaritzaren indizea (adversarial index) (gu – zuek). Hau da, gaia zein neurritan erabiltzen den aurkari politikoari aurka egiteko.

Horrez gain, beste bi konturi ere erreparatu diete:

  • Migranteak nola ageri dira? Biktima ala mehatxua gisa?
  • Ezberdintasunik ikusten al da alderdia gobernuan dagoenean ala oposizioan dagoenean.

Artikuluak ez du emaitzetan gehiegi sakontzen… baina, egia esan, neuri ere ikuspuntua iruditu zait bereziki interesgarria. Ondorio interesgarri batzuk bai ematen ditu:

  • Biktima izan ala mehatxua izan… estereotipo beraren bi muturrak dira. Migrantea biktima gisa edo mehatxu gisa ikusten da, batez ere, hizlariaren ideologiaren arabera… baina ikuspegi biak dira esterotipatuak.
  • Dikotomia hori hausten denean, hau da, migratua ez biktima gisa eta ez mehatxu gisa ikusten ez denea, orduan ikusten dugu pertsona. Migratu kategoria bera desagertu egiten da.
  • Migrazioari buruzko diskurtsoak ez du soilik zerikusirik alderdi bakoitzaren ideologiarekin. Eztabaida politikorako eta disputarako espazioa ere bada..

Artikulua hemen irakur daiteke: https://eapc-rld.blog.gencat.cat/2025/02/06/el-llenguatge-dels-politics-sobre-immigracio-una-exploracio-de-la-retorica-politica-al-parlament-espanyol-berta-chulvi/

Bidaide izeneko liburuxka ere irakurtzen ari naiz. Oso ondo kokatua dagoela iruditzen zait. Hainbat gako ematen ditu:

  • Migrazioa erronka eta aukera da. Biak aldi berean.
  • Euskal Herriak harrera-herria eta pasabide segurua izan behar du. Bestela gaizki goaz.
  • Gure proiektuan kulturartekotasuna eta inklusioa aintzat hartu behar dugu

Kontua da, hizkuntza minorizatua duen hiztun komunitatea garen neurrian, zaila dela irudikatzea hori guztia egunerokoan nola egin behar dugun, gure ahultasunetik eta gure minorizaziotik. Inguruan horretaz hitz egiten entzuten dudanean… kirrinka egiten didaten gauzak entzuten ditut, baita gaiarekin erabat sentsiblea den jendearen partetik ere. A ze zaila den migrazioak dakartzan erronkei buruz hitz egitea, indartu nahi ez ditugun markoak indartu gabe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude