Esperantzaren soziolinguistika (esperantzara kondenatuak)

(Bat)

Jule Goikoetxearen Politeismo Bastarta liburuaren pasarte batean honela jasotzen dira Angela Davisen hitzak:

“Mariame Kabak esaten du itxaropena ez dela munduan lor daitekeenak eragindako emozioa, diziplina bat baizik. Eta asko gustatzen zait itxaropena diziplina gisa pentsatzea, gure borroka erradikal eta iraultzaileen funtsezko elementu bat itxaropena sortzea izan behar dela ulertzen laguntzen baitigu. Bestela, ez du zentzurik arrazakeriaren, heteropatriarkatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroketan parte hartzeak. Beraz, esan duzun bezala kontu hauekin denbora asko daraman norbait naizenez, etsipenezko aldiak izan ditut. Baina ikusi dut nire lanaren parte dela itxaropena sortzen laguntzea.”

(Bi)

Yasnaya Elena Aguilar ezagutzen duzue? Idazlea, itzultzailea eta aktibista. Atsedenaldi labur baten ondoren, HUMO podcastaren bigarren denboraldiari ekin dio. Liburuetan zein hitzaldietan antzeko gaiak lantzen ditu: larrialdi krimatikoa, kapitalismoa, dekolonialismoa, hizkuntzan galera eta biziraupena… Gaiak txirikordatu egiten ditu, osotasun bat eman arte.

Lehen kapituluaren izenburua oso iradokitzailea izan da: La esperanza como práctica (o el capitalismo sigue ahí).Yasnayak ere esperantzaren apologia egiten du. Ez da erraza. Etorkizuna orainaldia baino txarragoa izango bada… zertarako borrokatu? Egun duguna defendatzeko? Hori ote da etorkizuna? Kultura gehientsuetan denbora espazioaren terminoetan deskribatzen da. Mendebaldeko kulturan etorkizuna aurrean dugu, iragana atzean. Kultura aimaran, ordea, atzean dugu etorkizuna eta iragana aurrean. Iraganari begira ibiltzen dira.

Yasnayak esperantza birlandatzea proposatzen du; esperantza, azken batean, erresistentzia baita.

(Hiru)

Oso bitxia egin zitzaidan Language in Society aldizkariaren Sociolinguistics of hope izenburuko ale monografiko bat ikustea. Izenburu osoa: Sociolinguistic of hope: language between the no-more and the not-yet (esperantzaren soziolinguistika: hizkuntza, “oraindik ez”-aren eta “jada ez”-aren artean). Kuxkuxeatzen ibili nintzen. Agian beste gauza bat espero nuen, baina interesgarria iruditu zitzaidan.

Besteak beste, azpimarratzen dute esperantza ezin dela optimismo ingenuo bat izan. Izan ere, optimismorik gabe ere posible da esperantza. Angela eta Yasnayaren ideia bera errepikatzen da: esperantza ez da emozio bat, praktika bat baizik; egoera larri edo kezkagarri baten aurrean agentzia izatea, eragiteko gaitasuna, alegia. Pablo Freirek esperançar aditza asmatu omen zuen, brasilgo portugesean esperança “esperoan izan” edo “itxaron” aditzetik oso gertu zegoelako. Gurean ere esperantza (esperoan) edo itxaropena (itxaron) erabiltzen ditugu. Ez legoke gaizki aditz berri bat sortzea: esperantzatu, etorkizun desiragarri baterako ekintzekin engaiatzea.

Esperantza adierazteko hizkuntza erabiltzen dugu, baina baita esperantza eraikitzeko ere. Hizkuntza egiten dugu eta hizkuntzak egiten gaitu. Narratibak funtsezkoak dira, geure burua kontatzeko eta etorkizunak eraikitzeko. Horregatik da beharrezkoa esperantzaren adierazle linguistikoak eta pragmatikoak aztertzea.

Tewa herriaren kasua aztertzen dute aldizkarian. Beren mitoak eta beren narratibak. Purismo linguistikoa defendatzen dute, hizkuntzak ondo konpartimentatzea, beren errituetan hizkuntza zentrala izatea; eta hizkuntza eta identidatea estuki lotuta egotea (indexation). Ez dakit oso ondo ulertu dudan, baina Tewa eta Crow herrien esperantza-estiloak alderatzen dituzte aldizkarian:

  • Crow herriarena esperantza erradikala dela esaten dute: sufrimendutik eta kezkatik sortzen da, eta litekeena da etorkizunaren bisio garbirik ez izatea, baina erresistentzia eta erresilentzia mobilizatzen ditu.
  • Tewa herriarena esperantza generatiboa da. Esperantza ez da afektu huts bat, baizik eta eskakizun moral bat, ekintzetara bideratzen gaituena

Ez du erabat zerikusirik gaiarekin, baina bitxia egin zaidanez, azken apunte bat ekarri du hona. Izan ere, Tewa herriaren mitoen artean Tewa herriak Hopi auzokideei botatako maldizio bat kontatzen dute:

Era desegokian jokatu duzuenez gero, debekatu egin dizuegu gure hizkuntza eta gure bizimodua. Zuek inoiz ez duzue gure hizkuntza ikasiko, baina guk zuena bai. Lotsagarrri utziko zaituztegu, gure hizkuntzan eta zuenean.

Bitxia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude