Euskararen bidegorriak

Eskolan ikasi genuen metafora zer den: adierazi nahi duguna modu bakan-betean adierazteko baliabide erretoriko bat. Emmánuel Lizcano soziologoak, ordea, bestela dio: ez omen dugu esan nahi duguna esaten; aitzitik, hizkuntza da gure ordez hitz egiten duena; hizkuntza, edo hizkuntzaren baitan bizi diren milaka metafora horiek guztiak, alegia. Hala dio “Las metaforas que nos piensan” liburuan,

Lorea Agirrek “Hizkuntza eta kulturaren garraioa, bidegorriak” hitzaldi eman du orain dela gutxi. Gustatzen zait bidegorrien metafora. Bidegorriak espazio hegemonikoak dira bizikleteroentzat; eta mundu globalizatu honen erdian, halaber, bestelako baloreak trasmititzen dituzte, baita bestelako erritmo bitala ere.

Mtz de Lunak, ordea, beste zentzu batean erabili izan du bidegorrien metafora:

“(…) Akaso izan den gabeziarik handiean orokortasun falta izan da. Adibide bat, Gasteizen bidegorriekin gertatu izan dena: bidegorri egin dira espaloi batzuetan, baina kale bukaeran bidegorria amaitzen da eta ezin izan da bizikletaz ibili. Hizkuntza batekin, horrenbeste: hizkuntza bat ezin da irakaskuntzan bultzatu eta, gero, ezer ez. Edo ibilbide osoa osatzen da edo, bestela, jai dugu…”

Ferran Suayk ere sarrera bat idatzi berri du “de l’horta estant” blogean: El carril bici com a metàfora. Testu osoa han duzue. Nik ideia batzuk besterik ez dut ekarri:

Bidegorriek –Ferran Suayren ustez– bizikleteroak babesteko balio behar zuten, eta joan-etorri sostenibleak areagotzeko. Izan ere, bizikleta jarduera osasungarria baita, neurriko esfortzu aerobikoa eskatzen du, eta ez du artikulaziorik mintzen (auto batek atropeilatzen ez bazaitu, jakina).

Baina bai zera!

Bidegorriek bizikletak errepidetatik kentzeko balio dute, autoei trabarik ez egiteko. Zoritxarrez, oinezkoak ere bidegorriak erabiltzen dituzte (ez baitute beste alternatibarik) eta bizikletak esker-eskuin ibili behar dira oinezkoak saihesten.

Konparazio batera, hori bera da Valentziako politika linguistikoaren helburua: ez valentzieriaz bizitzeko aukera bermatzea, baizik eta bertan nagusi diren “desgaitu linguistikoak” babestea. Horixe da ideia: bide estua, merkea, eta lan gutxikoa doitzea, benetan garrantzitsuak diren autoak errepide nagusietatik erosotasun osoz ibiltzeko. Izan ere, auto horiek espainera erabiltzen baitute gasolina gisa.

Eta, halere, bidegorriak maite ditut.

Source: Allartean

Fishman gogoko ez genuenean

Euskalgintzan hasi ginela, deus gutxi genekien soziolinguistikaz. Beharrik ere ez. Ekin beharra zegoen, ez jakin.

Gerora etorri zen jantzi beharra, eta Txepetx deskubritu genuen: hitzaldi pare bat, mahai-inguru bat, liburua irakurri… Aluzinatu egin genuen: hizkuntza komunitatea trinkotu, funtzioak irabazi… halako kontrahegemonia moduko zerbait proposatzen zuen (orduan horrela esaten ez bagenuen ere).

Fishman zeritzan beste soziolinguista bat ere bazela jakin genuen. Baina harek bestelako irudia zuen: akademikoa, sotila, ofiziala; Jaurlaritzaren aholkularia zen. Baten batek esan duen bezala, Fishman bide instituzionalaren eta elebitasunaren ikurra zen, eta ezin zen gutarikoa izan. Irakurri ere ez genion apenas irakurri.

Gerora ikasi genuen A ala B hautatu ordez A eta B ekuazioa ere posible zela. Ikasi genuen soziolinguistika zerbait poliedrikoa dela: nondik begiratzen diozun, ikuspegi ezberdinak emango dizkizula, batzuetan kontradiktorioak, eta den-denak egiazkoak. Fishman estimatzen ikasi genuen, ideia batzuk oraindik ere deserosoak egiten bazitzaizkigun ere. Zertxobait hobeto ulertu genuen hizkuntzen dinamika.

Beranduago Mikel Zalbide heldu zen. Lehenik Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? artikulua argitaratu zuen erabili.com-en; handik gutxira, Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE. Zalbidek RLS (Reversing Language Shift) esamoldea HINBE (Hizkuntza INdarBErritzea) bihurtu zuen eta Fishmanen “physical breathing space” delako horiek arnasgune bataiatu. Fishmanen ideiak euskaratu baino gehiago egin zuen Zalbidek: gure errealitatera hurbildu. Ez zaizue iruditzen?


Source: Allartean

Legamia…

Hitzaldi bati buruzko iruzkina irakurri dut: Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?
Eta ekologista? Izan zaitezke ekologista euskaltzale izan gabe? Eta justizia sozialean sinetsi?
Jon Sarasuak hiru motibazio nagusi aipatu ohi ditu: fluxu motibazioa, pragmatikoa eta balio erantsiarena. Laugarren eta bostgarren bat ere eransten ditu: paradigmaren motibazioa eta mintzoaren ahalmena. Sarasuak esan ohi du paradigmaren motibazioa aurrekoak baino minoritarioagoa dela. Legamia ere deitzen dio. Honela azaltzen du berak:

Aurreko hiru motibazio horiek pertsona batzuen kasuan ez ziratekeen aski izango, hizkuntza beste amets zabalago baten gako izan ez balitz. euskara bestelako mundu baten ametsaren garraiatzaile ere izan da askorentzat, paradigma zabalago baten apustu.

Ez dago gaizki esana!

Antzeko ideia Txepetxi irakurri izan diogu. Buruz ari naiz [eta -agian- oker ere bai, aipua ez baitut inon aurkitu]. Oker ez banago, hizkuntza funtzioak zerrendatu ondoren (identitatea, familia, lana, herria, nazioa, kultura eta nazioartekoa), Txepetxek iradoki omen zuen euskara eta gainontzeko hizkuntza minorizatuak funtzioen eskalan denik eta funtziorik garrantzitsuena betetzera deituak direla: elkartasunaren hizkuntzak izatera, alegia.
To eta no!

Populismoak kutsu peioratiboa du gure artean: demagogiarekin lotu ohi da, planteamendu arrazionalen gainetik planteamendu emozionalak nagusitzearekin, lidergoekin…Ernesto Laclau-k “La razon populista” liburua idatzi zuen 2005. urtean eta bestelako esanahia proposatu zuen: horren arabera, populismoa subjektu kolektiboa eraikitzeko prozesua da, demanda partikularretatik abiatzea osotasun bat eraikitzeko. Hortaz, demanda partikular horiek artikulatzea da gakoa: “ekibalentzia-kateak” eraikitzea eta demanda horiek guztiak ekibalente bihurtzea. Artikulazio horretarako zerbait behar zela zioen: ideia bat, pertsona bat… inorena ez delako denona izan daitekeen zerbait… demanda horiek guztiak ordezkatu ditzakeen ideia bat… Significante vacio deitu zion horri.Ideia baten aurkia eta ifrentzua dira.
Badakit euskara ez dela demanda partikular bat, ezta feminismoa, ekologismoa eta justizia soziala ere… baina erronka interesgarria da horiek guztiak nola edo hala artikulatzea.

Mamu bat dabil…

Argazkia twitter-en eskuratu dut. Dato Económico aldizkaritik aterata dago, alegia enpresa munduko aldizkari ezagun eta “prestigiotsu” batetik. Gauza askotxo esaten du, lehen begiratuan iduritu baino askoz gauza gehiago

Deigarria egin zait bereziki fokoa argudio ekonomikoetan jarri izana:

Más de 2.000 millones de euros invertidos en el desarrollo del euskera, forzando en muchas ocasiones, es una cifra demasiado importante como para dejarla de lado en el análisis. Una cantidad que no responde a los resultados finales de uso entre la sociedad /…/ Y desde luego la conclusión es muy clara: se ha gastado o invertido mucho dinero sin éxito aparente.

Nola erantzun?

[Bat] Lorea Agirreren modura erantzun genezake eta ezetz esan. Kasurik onenean administrazioaren aurrekontutik % 2ra ere ez da heltzen euskararen sustapen aktiboan inbertitzen dena. Lorea Agirrek hizkuntza zentrala dela esan ohi du, hizkuntzarik gabeko jardunik ez dagoela apenas. Hortaz, euskararen sustapenean gastatzen ez dena, hizkuntza nagusiaren hegemonian gastatzen da.

[Bi] Bestela, Fishman soziolinguistikaren modura erantzun genezake, eta baietz aitortu… hizkuntza politika ez dela merkea. Ezta 2-3 urtean behin hauteskundeak antolatzea ez. Batean zein bestean gauza bera da jokoan dagoena: demokrazia.

[Hiru] Lakoff linguistaren modura ere egin genezake (Don’t Think of an Elephant), eta termino horietan eztabaidatzeari uko egin. Esaten duguna esaten dugula ere, euren markoa indartuko dugu: “krisi garaian, lehentasunak beste batzuk dira”… eta marko horretan ezer gutxi dugu irabazteko.

Ez dakit, bada. Hirurak iruditzen zaizkit egokiak.

Source: Allartean

 

Hizkuntza politika, politika publikoak, teknikarion lana eta paradoxak

Politika publikoen arloan garrantzitsua da erabakiak nola hartzen diren ulertzea. Hainbat eredu esplikatibo sortu izan da horretarako. Nik neuk hiru aipatuko nituzke:

Bat. Eredu arrazionala.

Horren arabera, erabakiak hartzeko prozesuak arrazionalak dira:

  1. Lehenik, problema definitu eta problema horren arrazoiak aztertu
  2. Gero, irtenbide posibleak identifikatu
  3. Azkenik, alternatibak alderatu eta optimoa hautatu

Eredua aplikagarria da baldin eta helburuak argiak eta adostuak badira, eta baldin eta teknikoki ere helburu horiek lortzeko bidea ezaguna bada.

Bi. Eredu inkrementala.

Zaila omen da politika publikoen norabideetan erabateko aldeketarik sortzea. Erabaki publikoak, orobat, aurreko erabakiei doiketa inkremental txikiak egitea da. Analisi logikoa lekuz kanpo dago, benetan erabakigarriak diren faktoreak beste batzuk direlako: esperimentazioa eta aktoreen arteko elkarrekintza, alegia.

Norabide aldaketa soil-soilik gerta daiteke baldin eta problemari buruzko informazio berria sortzen bada, edo aktoreen arteko botere-harremanak aldatzen badira, ez bestela.

Hiru. Policy streams eredua (Kingdon).

Ereduak hiru korronteri edo fluxuri buruz hitz egiten digu, neurri batean independenteak diren fluxuei buruz, alegia:

  1. Problemen fluxua (konpondu nahi ditugun arazoen bilakaera, elementu berriak…)
  2. Politikaren fluxua (indar korrelazioa, abagune politikoa, hauteskundeak gertu izatea, adib…)
  3. Soluzioen fluxua (ezagutza teknikoa, finantziazio-aukerak…)

Hiru fluxu horiek puntu batean elkartzen direnean, aukera-lehio bat irekitzen da politika publikoen norabidean aldaketa esanguratsuak egiteko.

Testuinguru horretan sortzen da euskara teknikarion paradoxa eta kontraesana:

  • Nahi genuke… baina jakin badakigu hizkuntza politikan eredu arrazionala oso gutxitan dela bideragarria: kontsentsuak ez dira erabatekoak izaten, eta ikuspegi teknikotik ere erabateko ziurtasun gutxi ditugu.
  • Eredu inkrementala ez dugu gogokoa. Politika publikoen egonkortasuna azpimarratzen du, eta amore ematea dela iruditzen zaigu: hizkuntza normalizatzea gure esku ez dagoela aitortzea, eta hobekuntza txikiekin konformatu beharra dugula onartzea
  • Policy streams eredua ere ez da erosoa. Aldaketa esanguratsuak posibleak direla erakusten digu, baina kasik kointzidentziaren ondorio direla: badirudi guk ezer gutxi egin ahal dugula aldaketa horiek eragiteko.

Boaventura de Sousa Santos da egungo pentsamendu kritikoaren izen esanguratsuenetako bat. Acción-con-clinamen kontzeptua erabiltzen du: klinamen-ekintza, alegia. Klinamen hitzak atomoen desbideraketa txikiei egiten die erreferentzia: desbideraketa txikiak dira, ondorio sorta zabal bat abiatu ahal dutenak. Boaventura de Sousaren esanetan, klinamen-ekintzak ere horrelakoak dira: ez dira haustura zorrotzak, desbideraketa txikiak baizik. Txikiak izanagatik, metagarriak, eta konbinazio konplexuak eta sortzaileak eragin ditzakete.

Teknikarion lana horrelakoa dela pentsatu nahi nuke: aldaketa sakon-sakonak ez daude gure esku, baina bai desbideraketa txiki horiek eragitea, eta ekintza txikien bidez aldaketa sakonagoak gertatzeko posibilitatea maximizatzea.


Source: Allartean

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du. Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.”

Ideia horietatik tiraka, “parte hartzearen eskilara” deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea.

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:

Ez Parte Hartzea

  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da.

Parte Hartze Formala

  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira.
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko.

Parte Hartzea

  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat.
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.

Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.


Source: Allartean

in Juan Gelman imitatione

Ordenadorearen aurrean eseri eta idazteari ekin dio
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio bere buruarekiko
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio

ez du euskarazko filmerik kausituko, zineman
ez du euskarazko talderik izango, kiroldegian
ez du «egunon, zertan lagundu ahal dizut» esango dion
dendaririk topatuko
horrekin euskarazko diosalik ez dio egingo
goiko pisuko neska ilehoriak
horrekin udaltzainak ez dira atseginagoak izango
haiekin euskaraz egiten saiatzean
horrekin seme-alabak gaztelaniaz arituko dira berdin-berdin
jolas orduan:
«gelak irabazi ditugu, eta patioak galdu»
horrekin lagunak berdin-berdin erdaraz arituko dira
taberna euskaltzalean
mila blog idatzita ere
hemen euskaraz «eingodau einguradauenak»
hemen erdara ari du zarra-zarra
euskara, ziri-ziri
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio
ordenadorean aurrean eseri eta idazteari ekin dio

[Confianzas]


Source: Allartean

Hizkuntzaren politika publikoak (1)

Albert Branchadell irakasleak La contribució (escassa i poc reconeguda) de la ciència política a l’estudi de la relació entre llengua i societat artikulua idatzi zuen Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren 21. zenbakian (2011). Euskaraz ere halako zerbait idatz genezakeen: Zientzia politikoak ikerketa soziolinguistikoari egin dion ekarpen urria eta izkutua.

Duela gutxi politika publikoen analisiari buruzko ikastotxo bat egiteko aukera izan dut, eta den-dena euskararen talaiatik begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, hango ideia batzuk hona ekartzea okurritu zait.

Has gaitezen, bada.

Antza denez, politika zer den adierazteko bi hitz erabili izan dute ingelesez: POLITIC eta POLICIES. Euskaraz ere halako ñabardura bat hartzen du hitzak, singularrean ala pluralean erabiltzen badugu: politika eta politikak, edo (are garbiago) politika eta politika publikoak. Politikak agintearen eta boterearen jokoarekin du zerikusirik; politika publikoak bestelakoak dira: gai edo arazo publiko bati ematen dizkiogun irtenbide espezifikoak, alegia.

Hizkuntza Politika gai zentrala da euskalgintzaren diskurtsoan eta analisietan. Politika publikoak gutxixeago. Harremana alde bikoa da. Erakunde baten Hizkuntza Politikak erakunde horren erabakiak gidatzen ditu, baina sarri alderantziz ere gertatu ohi da: erakundeak arazoei ematen dizkien irtenbide espezifikoek definitzen dute bere Hizkuntza Politika. Koherentzia da kontua. Honekin guztiarekin lotuta, ezin da aipatu gabe utzi Kontseiluaren lana, nire ustez urratzailea izan baita. Udalen hizkuntza politikari buruzko azterketan horixe bera egiten saiatu dira: udalen politika publikoak aztertu, udal bakoitzaren Hizkuntza Politika aztertzeko. Lan aipagarria iruditzen zait, nahiz eta -nire iduriko- gehiago sakontzea merezi duen.

Politika publikoen analisietan badira bi gai bereziki esanguratsuak direnak: lehenak problemen defnizioarekin du zerikusia, bigarrenak erakundeen agendarekin:

  • Politika publikoen zentzua da problema bati erantzuna ematea. Kontua da problemak egon ez daudela, baizik eta eraiki egiten direla. Eraikiak diren neurrian, era askotara definitu daitezke: problema konpontzeko egin ahal ditugunak eta egin nahi ditugunak ere definizoaren parte dira. Eskura ditugun erantzunek problema akotatzen dute. Hortaz, politika publiko bakoitzaren atzean bada problema bat, galdera moduan formulatu daitekeena. Euskara plan baten atzean, adibidez, honako galdera bat egon daiteke: “ditudan baliabideekin, zer egin dezaket erakunde honetan orain baino euskara gehixeago erabil dezaten, inor gehiegi molestatu gabe? Ezaguna egiten zaizue?
  • Agenda, bestalde, erakunde batek mahai gainean dituen problemen zerrenda da, politika publikoen jomuga izango diren gaien zerrenda, alegia. Zergatik gai batzuk bai eta beste batzuk ez? Zergatik euskarak ez du behar besteko zentralitaterik lortzen? Prozesuari agenda setting deitzen zaio. Iñaki Mtz de Lunak, framing kontzeptua landu duenean, analisi izugarri polita egin du agenda publikoari eta agenda politikoari buruzkoa. Artikulua BAT aldizkarian argitaratua dago.

[jarraituko du…]


Source: Allartean

Zer da planifikatzea? Honatx inoiz irakurri dudan definiziorik onena!

Wikipediaren arabera plangintza erakundeen berrikuntza eta aurrerapenerako kudeaketa-metodologia bat da. Funtsean xede nagusiak planteatzea, horretarako helburu zehatzak ezartzea eta horien lorpenerako estrategia, politika eta programak zehaztea dira plangintzaren pausoak, prozesuan zehar emaitzak eragin dezaketen aurreikuspen egokiak eginez.

Gutxi gorabehera, ados (ñabardura askotxorekin), baina… irakurri dut planifikazioaren definizio hoberik! Duela gutxi, honakoa, esate baterako:

Planificar és una eina per fer millor la feina, per poder avançar-se i predir escenaris; és una manera de concretar el somnis; és un compromís fruit d’un treball de molts. Planificar és voler dibuixar i fer-ho convocant els elements necessaris perquè el dibuix sigui ben complert. Planificar és treballar en i per acords, en visions compartides, en construir a moltes mans. És ser inclusius. La planificació requereix d’un desenvolupament d’esforços pel comú; per evitar que quedi la menys gent possible al marge. Planificar és possible? Podem planificar?

Euskaraz:

Planifikatzea lana hobetzeko erraminta bat da: etorkizuna aurreikusteko eta etorkizunari aurre hartzeko erraminta. Ametsa xehatzeko modu bat da. Konpromiso bat, askoren ahaleginaren emaitza. Planifikatzea marraztea da, eta marrazkia ahalik eta osoena izateko elementu guztiak mahairatzea. Planifikatzea adostasunak biltzea da, ikuspegi partekatuak sortzea. Planifikatzea da esku askoren artean eraikitzea. Inklusiboak izatea. Komunala indartzea, eta inor ez baztertzea. Planifikatzea posible al da? Planifikatzerik al dago?

Kultura planen inguruko eztabaida batetik ateratako testua da. Merezi du oso-osorik irakurtzea. Hemen duzue: http://interaccio.diba.cat/blogs/2014/12/05/planifica-que-alguna-cosa-queda


Source: Allartean

Erabilera-arauak ikertu

Aurreko astean Jone Miren Hernandezen aipu bat ekarri nuen hona. Bere ustez interesgarria liteke erabilera-arauak ikertzea: hizkuntzaren hautua nola egiten dugun; nola erabakitzen dugun egoera jakin batean (noiz, non, norekin…) zein hizkuntzatan jardun.

Hizkuntzen Hiztun taldeen arteko botere-harremanak hor ere islatzen dira: erabilera-arauetan. Llui­s Vicent Aracil soziolinguistak halaxe idatzi zuen:

/…/ Horrela, arau horiek inpertsonalak eta objektiboak balira bezala hartzen dira; eta konbentzio hutsak diren arren, zerbait “€œnaturala”€ dela ematen du. Jendeak bete eta betearazten ditu, zergatik jakin gabe, eta hori egiten duela konturatu ere egin gabe. Baina ilusio hutsa da hori. Arauak, benetan, gizakion lana dira: elkarrekintzaren barruan sortzen dira (eta elkarrekintzak sortzen ditu). Esan nahi baita, arau horiek indar-jokoaren ondorioa direla.

Jordi Solá i Camardons-ek una iniciació a la sociolinguí­stica del conflicte azpititulua erabili zuen bere libururako. Ninyoles-ek ere antzeko kezkak zituen, Idioma y poder social liburua argitaratu baitzuen 1972. urtean. Gatazkaren soziolinguistika da; soziolinguistika katalanaren muinean sortu ziren ideiak, askoz arreta gehiago merezi dutenak.

Naturalizazioa boterea iraunarazteko modua da. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen diskurtsoa ez dela jendearengana ondo iristen. Oso ageriko kasuak ez badira edota euskalgintzatik hurbil dagoen jendea ez bada, askori kosta egiten zaio hizkuntza eskubideen urraketarik ikustea… Gehienez ere “traba” edo “eragozpen” txikiak ikusten ditu, erabat naturalak. Aurrekoan esan bezala, problematizatzea da koxka: arau horiek zalantzatan jartzea eta “gauzen ordena natural” hori ukatzea.

Source: Allartean