Estrategia bila, euskarazko kulturgintza indartzeko [Hizkuntza eta Kultura] #2

ASTE HONETAN BERAN, sare sozialetan, Espainolak eta Euskaldunak liburuko aipu bat irakurri dut:

“Euskal kultura indartzen zinez ahalegiten ez duenak, euskalduna defentsa gabe uzten du eta Euskal Herria saldu. Euskal Herriak ez du euskara bakarrik behar. Behar duena kultura bizkorra da, euskaraz. Kulturarik ez, herririk ez: zentzu politikoan ulertzen dugu, ez metafisikoki”.

Liburua orain dela 23 urte irakurri nuen, alaba jaio zen urtean. Zain dut, berriro irakurtzeko.

Aurreko apuntean esan bezala, iruditzen zait arrakala arriskutsu bat sortu dela kultura-planen eta euskara-planen artean. Zeinek bere bidea jorratu du, eta batzuetan elkarren berri ere ez dute izan. Nonbait entzuna dut euskara-plan orok kultura-dimentsio esanguratsu bat izan beharko lukeela, eta kultura-plan orok hizkuntza-dimentsio bat ongi pentsatua. Hain zuzen ere, bi planen arteko intersekzio horretan gertatu ohi dira gauza interesgarrienak. Hortxe daude balizko berrikuntza-bektoreak.

Iruditzen zait hiru proposamen interesgarri daudela, uztardura horren beharra aldarrikatzen dutenak. Hona ekarri ditut labur-labur.

BAT

2010ean HUHEZI unibertsitateko Sorguneak ikertegiak ikerketa bikain bat egin zuen honetaz guztiaz. JAKIN aldizkarian eman zuten horren berri, 183-184 zenbakian: Euskal kulturgintza: nondik gatoz, non gaude, nora jo beharko genuke. Eztabaidarako proposamen berri bat. Amaieran hamar estrategia proposatzen zituzten etorkizunerako, baina baita bestelako ideia gogoangarri batzuk ere: herri kultura, irekiduraren eta jarraiduraren arteko oreka; merkatu babestu doitu baten beharra; kulturaren transmisioan, sustapenean eta jakintzan lan egin beharra, eta abar. Esango nuke 15 urte beranduago ikerketa horrek erabateko gaurkotasunik duela.

Bi ideia azpimarratu nituzke bereziki:

  • Euskal kulturgintza da hiztun-komunitatearen “gasolina sinbolikoa” ekoitzen duena. Hura gabe hiztun-komunitateak bide laburra du.
  • Euskarak askotariko motibazioak behar ditu: motibazioa pragmatikoa, fluxu-motibazioa, paradigma-motibazioa eta balio erantsiarena. Azken hori kulturgintzarekin dago lotu-loturik. Zerk emango dit euskarak, beste hizkuntza batek eman ezin didanik, kultura ez bada?

BI

2018ean, UEUren babespean, ehun lagunetik gora bildu zen Azpeitian, ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ izeneko jardunaldietan. Gotzon Barandiaran tartean egon zen, eta haren bidez iritsi zaigu bertan planteatu zenaren parte handi bat. Egoeraren diagnostikoa egiteko orduan, euskarazko kulturgintzaren egoera larria azpimarratu zuten, eta, batez ere, transmisioaren etenaz ohartarazi zuten. Argi adierazi zuten: kulturzaleak behar ditugu; premiazkoa da euskal kulturgintzarekiko zaletasuna sortzea, ereitea eta piztea.

Topaketaren ondoren, lantalde finko bat osatu zuen ikuspegi hori sozializatzeko eta horrekiko sentsibilizazioa sortzeko. Esango nuke oraindik tamaina txikia duela, baina iruditzen zait euskal kulturgintzaren aldeko gizarte-mugimendu baten ernamuina esan daitekeela.

Korpus teoriko interesgarria dago haien proposamenean: euskal kulturgintzak ekosistema sendo bat behar duela ohartarazten dute, eta, orohar, lau puntutan fokalizatzen zuten beren eskema: (a) sorkuntza (sortzaileak behar ditugu), (b) transmisioa (hezkuntza formala eta hezkuntza informala inplikatuz), (c) plazak (euskarazko kulturgintzarako espazioak) (d) erresonantzia-kutxak (komunikazio-estrategiak, hedabideen inplikazioarekin).

Berezia, oso berezia izan da Gotzon Barandiaranek berak aurtengo Eskola Hiztun Bila topaketetan eman duen hitzaldia. Hemen ikus daiteke:

HIRU

Hirugarren proposamena Euskaltzaindiatik dator, eta oraindik hastapenetan dagoela esango nuke. Gogoetagunea prozesuaren barruan euskararen etorkizun-ikuspegia lantzen ari dira hainbat ponentziaren bidez. Jon Sarasuak berak ponentzia markoa landu ondoren, ponentzia partzialak prestatzen ari dira orain: hedabideena eta administrazioarena amaitu dira; aisialdiari eta lan-eremuari dagozkion oinarrizko testuak aurkeztu dituzte duela gutxi. Kulturari buruzkoa oraindik landu gabe omen dago.

Oraingoz ponentzia nagusia bakarrik eman da argitara, baina horrek pista batzuk ematen ditu gainerakoein inguruan.

Kulturari dagokionez, Sarasuak Sorguneak ikertaldeak egindako azterketaren estrategiak aipatzen ditu eta, gaizki interpretatu ez badut, eskualdeko eskalan jartzen du fokoa. Haren ustez, tokian tokiko kulturgintza amateur sareak sortzea eta bultzatzea da erronka, iparraldeko kultura-mugimenduak egin duen antzera. Antton Lukuren lanak aipatzen ditu; haren ustez, azken urteetan kulturaz idatzi diren ideia interesgarrienak Antton Lukuk idatzi baititu.

Kultura gobernaezina [Hizkuntza eta Kultura] #1

Hizkuntza-politikak kultura-sailetatik bereiztea gomendatu ziguten. Horrela hizkuntza zeharlerrokoa izango zen eta esparru guztietara iritsi. Halaxe egin genuen eta hasieran funtzionatu zuen. Beranduxeago ohartu ginen horrek albo-kalteak ere bazituela. Ohartu orduko, arrakala handi bat sortua zen hizkuntza-politiken eta kultura-politiken artean… eta agian beranduegi zen.

Aurreko asteetan liburu interesgarri batekin ibili naiz. Izenburua egin zitzaidan bereziki deigarri: Kultura Gobernaezina (Cultura Ingobernable. Jazmín Beirak. Bartzelona 2022). Zer pentsatua eman dit. Zaila da laburpen bat egitea, baina interesgarria iruditu zait hainbat apunte hona ekartzea.

Hona hemen:

Bat

Ezin da kultura-praktika guztien bilduma exhaustiborik egin. Kulturaren kontzeptua inkonpletoa da definizioz: “ez-osoa”. Jazminek “no-todo” kontzeptua erabiltzen du. Beti sortuko dira praktika berriak, kontuan hartu beharko ditugunak.

Kultur kontsumoari buruz egiten diren inkestetan zinemaz, antzerkiaz, musikaz, literaturaz galdetzen da: Ondorengo kultur jardueretatatik zeintzuetan parte hartzen duzu? Galdera alda zitekeen, eta litekeena da erantzunak ere aldatzea. Egunero egiten dituzun gauzetatik, zeintzuk dira kultura? Liburu bat irakurtzea? Jakina. Musika entzutea? Ere bai. Haurrari lo kanta bat abestea? Bai, ezta? Tik-tok bat egitea? Zergatik ez?

Bi

Kulturaren inguruan hiru tentsio-puntu egon ohi dira:

  • Kultura arte gisa versus kultura bizimodu gisa
  • Kulturaren industriak versus eskubide kulturalak
  • Goi mailako kultura versus herri kultura

Kultura tentsio horietan bizi behar da halabeharrez.

Hiru

Kultura-politikak bi ereduren inguruan ardaztu izan dira. Frantziako eredua kulturaren instituzionalizazioa da neurri handi batean: kultura instituzioen eskutik joatea, kontrolpean. Britania Handiko eredua, ordea, liberala da: merkatuaren esku uztea, ahalik eta gutxien interbenituz. Liburuan bestelako bidea defenditzen da: kultura politikak egin bai, baina ez kultura-produktuak zuzenean sortuz, baizik eta kultura era autonomoan sortzeko baldintzak sortuz. Paradoxikoa da proposatzen duen kulturaren gobernantza: baldintzak sortu, kultura gobernaezina izaten jarraitzeko.

Lau

Gaur egun gauza funtsezkorik bada, subjektibitateak aldatzea da funtsezkoa: zentzu komuna, desioak, iruditeriak, metaforak, kontakizunak. Gizartearen eraldaketa sakona hortik etor daiteke. Errepresentazio sozialen eremua da borroka-zelaia. Guda kulturala da. Kulturak mundua eraldatu dezake.

Kulturari bi aldetatik datorkio eraldatzailea izateko ahalmena: mundu hobe bat prefiguratzeko gai izatea, eta bizimodua antolatzeko eta bertan parte hartzeko modu berriak ekartzea. Ideologia kulturalek ez dute soilik edukiekin zer ikusirik. Kultura antolatzeko bektoreek ere pisu handia dute: parte-hartzea sustatzea, ikuspegi komunitarioa, gertutasuna, inklusibitatea, kolaborazioa konpetentziaren aurretik jartzea,

Ricard Goma irakaslearen kontzeptu bat aipatzen du: anaitasun-ahizpatasunaren agenda (agenda de fraternidad): jende ezberdina batu, komunitate anitza eta askotarikoa josi, sozializazio espazioak sortu, segregazioa gainditu. Interesgarria izan daiteke puntu hau euskararen ikuspegitik pentsatzea.

Bost

Garapen jasangarriaren ideia hiru ardatzen arabera antolatu zen hasieratik: soziala, ekonomikoa eta ingurugirokoa. Jon Hawkes irakasleak laugarren ardatz baten hutsunea aldarrikatu zuen: kulturala. Azken batean zer da ongi bizitzea? Ongizate emozionala, ongizate fisikoa, inklusibitatea, parte-hartzea, parte-izatea… Kulturak badu horietan guztietan zer esana.

Garapen Jarrangarrirako Helburuak definitu zirenean ikuspegi kulturala ez zen apenas kontuan hartu… ezta hizkuntza ere, bide batez esanda. Jazminen ustez, ekologismoak eta feminismoak lortu dute neurri batean jendearen buruan sartzea. Orain kulturaren aldeko gizarte mugimendu handi bat behar dugu.

Kode-alternantzia edo hizkuntza-praktika translingualak?

Translinguismo hitzaren atzean bi kontzeptu ezberdin daudela azaldu genuen aurreko sarreran: translinguismo espontaneoa eta translinguismo pedagogikoa.Translinguismo pedagogikoa da ikasgelan hainbat hizkuntza erabiltzea. Translinguismo espontaneoa da hizkuntzak ohiko eta bat-bateko interakzioetan nola erabiltzen diren. Bigarren horrek lotura estua du kode-alternatziarekin (code-switching), nahiz eta horretan ikerlari guztiak ados egon ez. Azken batean, kontua da hizkuntza-praktika horien atzean zer ikusten dugun: bi hizkuntza ondo zedarrituak txandakatzea ala bi hizkuntzetatik elikatzen den errepertorio bakar eta integral bat.

Inon irakurri dut translinguismo espontaneoa berezkoa dela bi hizkuntzetan aldi berean sozializatu diren hiztunengan. Mikel Perez ikerlariak azterketa interesgarriak egin ditu kode-alternantziaren inguruan. Horren atzean zer dagoen aztertu du: jaiolekua, etxeko edo lehen hizkuntza, hizkuntza-gaitasun erlatiboa…

Formari dagokionez, alternantzia bi eratakoa izan daiteke: esaldi artekoa (inter-sentential) edo esaldi barrukoa (intra-sentential). Hortaz, esaldi barruko kode-alternantzia esaten zaio esaldi bera hizkuntza batean baino gehiagotan osatzeari. Ez dakit inork fenomeno hori aztertu duen, esaldi barruan hizkuntza bakoitzaren pisua eta funtzioa zen den ikusteko. Kode-alternantzia ez da gaur goizekoa… baina inpresioa dut aldaketa nabarmenak gertatzen ari direla ildo horretatik.

Joseba Sarrionandiak bere kezka azaldu zuen UEUko glotodidaktika-sailak antolatutako jardunaldietan. Semearekin izandako eztabaida kontatu zuen. Antza, semeak “era bitxian” hitz egiteko ohitura hartu du, eta Sarri ez dago horrekin konforme:

“Puntutik puntura esaldia bada, koma arte euskaraz hasten du beti. Ondoren, esamolde iragarle bat sartzen du gaztelaniaz: porqué… / tú ya sabes… Jarraian subordinatua euskaraz. Eta, amaitzeko, esaldiaren klimax-a (esanahiaren indarra duena) gaztelaniaz”.

Ezaguna egiten zaizue, ezta?

Semearekin eztabaida bat edo beste izan du horren harian. Semeak, antza, bere inguruan denek horrela hitz egiten dutela arrazoitzen du; gazteek horrela hitz egiten dutela, nahi duten moduan… eta horixe egiten dutela askatasunagatik.

Sarrionandiak hortik abiatzen du bere gogoeta: askatasuna da hori? hitz egiteko modua benetan hautaten dugu? Egia da hizkuntza denona eta inorena dela, komunala dela, denon artean sortzen dugula, aldakorra dela…. baina ez da neutroa. Inguruan ditugun errealitateak islatzen ditu. Eta horietarako batzuk mutur-muturrekoak dira. Translinguismo tipo horiek, Josebaren ustez, kolonizazio estremo baten sintomak dira.

Haugenek sortu zuen kontzeptua berreskuratzea proposatzen du: eskizoglosia. Bere ustez ederki azaldu dezake gaur egungo egoera.

Josebaren hitzaldia hemen ikus daiteke, oso-osorik:

Translinguismoaz zertxobait

Translinguismoaz hiru artikulu irakurri ditut oso denbora gutxian.

Oporren aurretik “Treballs de Sociolingüística Catalana” aldizkariaren 34. zenbakia eman zuten argitara. Besteak beste, Llorenç Comajoan-Colome irakaslearen artikulu interesgarri bat ageri zen bertan: Translanguaging i practiques transllenguadores en el sistema educatiu català. Gaiak kezkatzen nau, baina aitortu behar dut ez dudala oso iritzi landua. Horri buruzko beste bi testu pendiente nituen: (a) “Claves para entender el multilingüismo contemporáneo” liburuaren kapitulu bat (Ofelia García) eta (b) Hermes aldizkarian argitaratutako artikulu bat: Hizkuntza-ereduetatik translinguismorantz (Gonzalo Larrucea).

Ofelia Garciak New Yorkeko hezkuntza elebidunaren testuinguruan lantzen du translinguismoa. Eskola dual horietan ikasleak etxeko hizkuntzaren arabera eskolaratzen dituzte lehen kurtsoetan. Kasu batzuetan kosta egiten zaie ikaslea hispano hiztuna edo ingeles hiztuna ote den sailkatzea. Horren aurrean, ikasle horien hizkuntza-errepertorioa balioan jartzea da proposamena. Translinguismo praktika emantzipatzaile gisa bultzatzen dute .

Gonzalo Larruceak gure testuinguruaz dihartu. Bere ustez, gure hezkuntza-sisteman, historian, bi paradigma-aldaketa azpimarratu behar dira. Horietarik lehena ereduen sorrera izan omen zen, hautatzeko eskubidean oinarritua. Kontua da ereduen sistemak agortze-sintomak erakusten dituela. Egilearen ustez bi dira, batez ere, sintoma horiek: (a) neurri batean bada ere, sistema segregazio-iturria izan da eta (b) D eredua nagusitu da, baina hura ere oso urrun dago lortu beharko lituzkeen emaitzak lortzetik. Orain bigarren paradigma-aldaketa bat datorrela adierazten du, eredu eleaniztun orokor bat ekarriko duena. Eredu eleaniztun hori, bere ustez, translinguismora eraman beharko gintuzke, hizkuntzen arteko banaketa gaindituz. Horren defentsa sutsua egiten du. Bere ustez translinguismoa elkarrekin lotuta dauden kontzeptuen konstelazio interesgarri baten parte da: hizkunten arteko transferentzia, hizkuntza bitartekotzarako ariketak, heteroglosia, ikaskuntza dialogikoa…

Comajoan-Colomek ikuspegi kritikoa lantzen du. Lehen-lehenik bi bereizketa esanguratsu egiten ditu:

  • Translinguismo espontaneoa vs. translinguismo pedagogikoa.

Translinguismo pedagogikoa ikaskuntza-prozesuaren baitan bi hizkuntzak nahastea da, helburu pedagogikoekin. Translinguismo espontaneoa ezberdina da: zerikusi handia du hizkuntzen alternantziarekin edo kode nahasketarekin. Hiztunak bere interakzioetan bi hizkuntzak nahasten ditu era espontaneoan. Horrek ez du zerikusirik bi hizkuntzetako bat ondo ez jakitearekin. Kode nahasketa ez da kontu aleatorioa. Zerikusia du egitura linguistikoarekin, baina baita beste hainbat elementurekin ere, hala nola identitateak, bi hizkuntzen arteko gaitasun erlatiboa edota hizkuntzekiko jarrera…

  • Hizkuntzen ikuspegi finkoan oinarritutako translinguismoa vs hizkuntzen ikuspegi fluidoan oinarritutakoa.

Hizkuntzen ikuspegi finkoaren arabera, bi hizkuntzetako sistemak nahastea da translinguismoa. Ikuspegi fluidoaren kasuan, ordea, hizkuntzen arteko bereizketa bera da zalantzatan jartzen dena; hiztunak errepertorio zabala du eta osorik erabiltzen du komunikatu behar duenean. Hizkuntzen arteko bereizketa, haien ustez, sozio-kulturala da, ez linguistikoa.

Comajoan-Colomek Kataluniako testuingurua aztertzen du: translinguismo pedagogikoa, eta hizkuntzen ikuspegi finkoan oinarritua. Alde onak ikusten dizkio, baina kritikak ere egiten ditu. Besteak beste:

  • Beharrezkoa da hizkuntzak bereiztea, ikasleek hizkuntza horietan gaitasun-maila altua lortzea nahi bada.
  • Translinguismoak, berriro ere. ardura irakasleengan jartzen du bereziki.
  • Translinguismoak hizkuntza gutxituak inbisibilizatu egiten ditu eta hiztunen ahalduntzea zailtzen du.

Gure artean Cenoz eta Gorter irakasleen planteamendua proposatzen da: translinguismo pedagogiko jasangarria deitzen diote. Haien ustez praktika translinguiskoek ikasketa sakona ahabidetzen dute, baina beharrezkoa da arriskuak neutralizatzea. Translinguismo pedagogiko jasangarria? Ez dakit, bada. Hala-moduzko izendapena iruditzen zait. Hazkunde jasangarriaren ideia ekartzen dit burura; “hazkundea” arbuiatzea zaila denez, adjektibatu egiten dugu: jasangarria. Translinguismoarekin berdin: etorri badatorrenez eta arriskuak neutralizatu behar ditugunez, behin ez, bitan adjektibatzen dugu: pedagogikoa eta jasangarria.

Hiru artikuluak hemen aurkitu ahal dituzue:

Narratiba berriak sortzea

Berezia iruditzen zait Gogoetagunearen proiektuaren baitan Jon Sarasuak kontakizun hitzari ematen dion esanahia eta garrantzia. Kontakizuna konstrukto zabala izan daiteke, baina oinarrizkoa: nor gara, nondik gatoz, nora goaz, zergatik egiten dugu egiten duguna… Euskara biziberritzeko prozesuaren oinarrian kontakizun bat egon da, honaino ekarri gaituena: euskara hizkuntza zapaldua izan da, eta guri egokitu zaigu aurrera egitea; ikastolak antolatu ditugu, euskaltegiak, euskarazko kulturgintza… Sarasuaren ustez, kontakizun horrek balio handia izan du, baina agortze zantzuak ikusten zaizkio. Hura baztertu gabe ere, kontakizun berritu bat behar dugula uste du, beste eskenatoki batera eramango gaituena.

Kontrako kontakizunak ere sortu dira, inposizioaren ideia azpimarratu eta indartu nahi izan dutenak. Neutralizatu nahi genituzkeen narratibak dira.

Duela gutxi hitzaldi bat entzun nuen Gasteizen (gaztelaniaz), zurrumurruen aurkako bertako dinamikaren baitan antolatua: 7 puntos clave para crear nuevas narrativas sobre migraciones (7 gako migrazioei buruzko narratiba berriak sortzeko).

Oso hitzaldi ona iruditu zitzaidan. Uste dut –distantziak distantzia— asko dugula bertatik ikasteko. Narratibak elkarrekin harremana duten istorioen multzoak edo sistemak dira, denboran zehar artikulatu eta findu egin direnak, ideia edo sinismen zentral bat errepresentatzeko.

Narratibak marko baten barruan kokatzen dira, marko narratiboetan. Zer dira marko narratiboak? Errealitatea ikusteko erabiltzen ditugun betaurrekoak dira. Sinismen eta balio multzo bat, gertaeren esanahia iragazi egiten dutenak. Metafora gisa, koadro baten markoa irudikatu dezakegu: irudia enkoadratu egiten du. Markoak ezartzen du arreta zeri eman behar diogun, zer dago barruan eta zer kanpoan, nola irakurri behar dugun irudia…

Narratibak aldatu daitezke, baina lan sistematikoa eskatzen du horrek. Hitzaldian 3 arau eta 4 ideia proposatzen dituzte; beti ere, migrazioei buruzko narratibak aldatzeko

Hiru arauak:

  • Kontuz mezu erreaktiboekin. Kontua ez da etengabe erantzuten jardutea. Horrek aurkako narratiba indartu besterik ez du egiten. Akordatzen zarete “No pienses en un elefante” liburuaz? Aski da esaldi hori esatea, gure buruan elefante bat ikusteko.
  • Gu eta haiek moduko dikotomiak saihestu. Funtsezko araua da, migrazioei buruzko narratibez ari garenean.
  • Sentimenduak lehenetsi, datuen aurretik. Gaztelaniaz “dato mata a relato” esamoldea erabili izan da, informazioaren garrantzia azpimarratzeko. Gehienetan ez da egia. Batzuetan bai. Badira diskurtsoan leku bat hartzea lortzen duten datuak. Datu emozionalak deitu izan dira… emozioak sortzen dituzten datuak dira; emozioak dira, itxura numerikoa dutenak.

Lau ideia:

  • Narratiba sustitutiboa izan behar du. Narratiba hegemonikoa ordeztea da helburua. Garrantzitsua da horretarako polarizazio zaharretatik ihes egitea. Narratiba berriaren helburua ez da narratiba zaharrari aurre egitea. Hasieratik izan behar da berria.
  • Gertuko enfokea eman, tokian tokikoa. Adibideak eman behar baditugu, hobe gertukoak izatea… hurbilak, ezagunak.
  • Adi pertzeptzio subkontzieteei. Ez gutxietsi horien indarra. Immigrazioaren aurkako diskurtsoa nonahi ageri da. Bonbardatu egiten gaituzte egunero. Zer uste duzue? Horrek ez duela gugan eraginik? Ez harritu diskurtso horren parte bat gure subkontzientean barneratua ageri bada. Eta, batez ere… zure burua ez kulpatu horregatik.
  • Ezagutzen duzue Coca-Cola efektua? Egarria kentzeko edari batean pentsatzeko eskatzen badigute, gehienoi “Coca-Cola” etorriko zaigu burura. Milaka pertsonen buruan egarria kentzeko edari gisa posizionatzea lortu dute. Ez da nahikoa narratiba bat sortzea… posizionatu ere posizionatu egin behar da.

Oso labur kontatu dizuet. Hitzaldia hemen ikus daiteke:

Hizkuntzei buruzko mitoak eta sinismenak

TED hitzaldiak ezagutzen dituzue? Deigarriak egin zaizkit beti, horien inguruan antolatzen den eszenografiak erabat konbentzitzen ez banau ere. Edonolako gaiei buruzko hitzaldiak dira, 15-18 minutu ingurukoak. Antolatzaileek esan ohi duten bezala, “zabaltzea merezi duten ideiak” zabaltzea dute helburu. Beste kontu bat da nork erabakitzen duen “zabaltzea merezi duten ideiak” zein diren. Hitzaldi dibulgatiboak dira. Horretarako, azalpen errazak ematen dira, modu arinean, eta sarritan istorioen bidez edo umore ukitu batekin. Publikoarengana erraz iristeko moduan dauden pentsatuak, batez ere publiko gaztearengana. Erritmoa erabat zaintzen da; baita arreta erakartzeko eta arretari eusteko moduak ere. Esaten dutenez, lau ezaugarri izan behar dituzte: (a) originalak izan behar dira (bi zentzuetan); (b) zerbait egitera bultzatuko duen gogoeta bat izan behar dute oinarrian; (c) pertsuasioarekin jolastu behar dute; eta (d) lotura emozional bat eraiki behar dute entzulearekiko.

Topaguneak Marina Massaguer soziolinguista katalanaren TEDx hitzaldi bat argitaratu du bere youtube kanalean, euskaraz azpititulatua. “Hizkuntzei buruzko mitoak eta sinismenak” du izenburua. Hitzaldi bikaina da: horrelako hitzaldi baten ezaugarri guztiak betetzeaz gain, argudioz eta arrazoiz ederki josita dator. Meritua du horren denbora laburrean egoera horren ongi definitzeak. Barkatu metafora belizista erabiltzea, baina… bonba bat da! Bonba kognitibo-emozionala, ideia eta argudio hegemonistak lehertarazteko pentsatua.

Irakurtzen jarraitu aurretik aholku bat: bideoa ikusi. 18 min besterik ez dira, eta merezi du.

Hiru ideia azpimarratuko nituzke:

Bat. Hizkuntza ez da komunikazio hutsa. Identitatea da. Identitatea ez da kontu maltzur bat. Identitea ez da banderatxo baten atzetik ibiltzea. Identitatea da talde batekin identifikatzea. Tokian tokiko hizkuntza ikastea talde horretan parte hartzeko gogoa erakusten du. Horrek ez du zure identitatea deusezten. Kultura bat zureganatzea ez da zurea baztertzea

Bi. Esan izan da gaztelania neutroa dela, ez duela ideologiarik. Baita zera ere! Denok dugu ideologia. Hizkuntza politika ez da soilik hizkuntza gutxituek egiten dutena. Dena da hizkuntza politika. Amazonen euskaraz ezin erostea hizkuntza politika da. Estatuek eta enpresa handiek hizkuntza politika egiten dute etengabe. Hizkuntzei dagokienez, neutraltasun-jarrera bat hartzea indarrean dauden dinamiken eta inertzien konplize izatea da.

Hiru. Hizkuntza batzuek nonahi eta zernahietarako balio dute eta beste batzuek ez? Ez al dugu mundu berdinkide eta justuagoa nahi? Beste mundu bat posible da… eta desiragarria. Mundu bat non hizkuntza guztiak hitz egiten diren eta non identitate guztiak aintzat hartzen diren. Mundu bat, bere baitan aniztasuna gordetzen duena. Aniztasuna ez dugu lortuko ingelesa ikasita (ingelesak milaka eta milaka hiztun ditu honezkero, ez du gehiagorik behar), baizik eta tokian tokiko hizkuntzak ikasten edota, bestela, munduko txoko guztietatik etorri diren auzokideon hizkuntzak ikasten.

Oharra: Testu honen ildo beretik, Marina Massaguer-ek Xavier Vila-k eta Avel·lí Flors-Mas-ek  argudio-sorta eshaustibo bat landu dute, herrialde katalanetako gazteei begira. Hura ere oso interesgarria da. Txerrak euskaraz argitaratu du Garaigoikoa blogean: hemen. Merezi du irakurtzea!

Justizia Soziolinguistikoa (eta 2)

Hizkuntza politika justuak

Katalunian ere justizia sozialaren ikuspegi hori lantzen aritu omen dira. Duela gutxi Sergi Morales-Galvez irakaslearen erreferentzia batzuk iritsi eta bere artikulu bat topatu nuen: Què són polítiques lingüístiques justes? Els paradigmes actuals de la justícia lingüística

Egileak hasieratik aitortzen du  azterketa liberalismo igualitarioaren ikuspegitik egina duela. Tradizio liberalaren bi premisak gogorarazten ditu: (a) indibidualismo morala: norbanakoa da eskubideen sujeto; kolektiboen eskubideak soilik dute zentzua norbanakoek bere egiten dituzten neurrian; hizkuntzekin berdin; (b) pluralismo etikoa; ongiaren eta gaizkiaren kontzeptzio ezberdinak ditugu, eta denak dira balekoak.

Esan bezala, liberalismotik egindako azterketa bat da eta ikuspegia komunitarioa falta du. Hutsune hori onartzen du egileak berak. Komunitateak, azken batean, praktika sozialak, tradizio kulturalak, ikuspegi sozial partekatuak…biltzen ditu. Kontua zera da: zenbateraino hartu behar dira kontuan? Komunitateei balio intrinsekoa aitortzen zaie? Edo soilik norbanakoek garrantzia ematen dioten neurrian? Planteamendu komunitarioen eta liberalen arteko aldea hortxe omen dago.

Ikuspegi liberaletik justizia sozialaren mamia, funtsean, zera da: (a) norbanakoek baloratzen dituzten ondasunak eta interesak identifikatzea eta (b) ondasun horiek era ekitatiboan elkarbanatzea, irizpide jakinen arabera. Ariketa horretatik sortzen dira elkarbizitza gobernatuko duten eskubideak eta betebeharrak.

Nola ekarri hori guztia hizkuntzen arlora? Hizkuntza aniztasuna nola antolatu behar da, justizia eta ekitatea helburu baldin baditugu? Artikuluak ez du argi askorik ematen.Groso modo, ohiko 3 alternatiba azaltzen ditu: instrumentalismo linguistikoa (hizkuntza bat badugu, zertarako gehiago?), territorialismo linguistikoa (zona bakoitzan, hizkuntza bakoitzaren indarraren arabera, hizkuntza bat edo beste hautatzea), pluralismo linguistikoa (lurralde osoan hizkuntza biak ofizialtzea)… Sinplifikazio bat da, baino balio dezake ideia bat egiteko.

Egileak horren guztiaren kritika egiten du. Eta hiru hutsune nagusi ikusteko dio marko teoriko honi:

  • Enfoke distributiboa (zenbat euskaldun eta zenbat erdaldun dagoen zonalde batean) ez da nahikoa; enfoke erlazionala behar da. Pertsona horiek guztiak kalean interakzionatzen dute. Interakzio horiek igualitarioak izan behar dira. Igualitarismo erlazionala deitzen diote horri.
  • Komunikazioaren eta identitatearen arteko dilema faltsua da. Komunikazioa ez da soilik informazioa ematea eta hartzea. Kooperazioa ere komunikazioa da, baita botere-harremanak kudeatzea ere. Hizkuntza balio indexatorioa du: pertsonak sailkatzen eta kategorizatzen ditu. Tarte txikia da kategorizaziotik hierarkizaziora doana.
  • Kontestua funtsezkoa da, hizkuntza hautatzeko eskubidea benetan erreala den jakiteko. Ekitatea horretara eraman behar da. Hizkuntzak hautatzeko pizgarriak eta mugak aztertu behar dira: zuzenak eta zeharkakoak, esplizituak eta inplizituak, kontzienteak eta inkontzienteak, sozialak, ekonomikoak, politikoak, lokalak, estatalak, globalak… Hor ikusiko dugu benetan ekitatea zenbaterainokoa den.

Iruditzen zait hiru kritika horietatik tiraka, ideia interesgarriak atera ahal direla, justiziaz soziolinguistikoaz gogoeta egiteko. Hiru kritika horietatik eta ikuspegi komunitarioa gehitzetik, jakina.

Artikulua osorik hemen: https://raco.cat/index.php/REAF/article/view/369994/463712 

Kontzientizazioa

Maite Puigdevall eta Joan Pujolar soziolinguista katalanek ez dute justizia sozialez hitz egiten; justizia soziolinguistikoa terminoa erabiltzen dute; justizia sozialaren kontzeptua hizkuntzaren egoerari aplikatua, alegia. Haien hitzaldi bat ikus daiteke youtube-n: «Conscienciació i agència en la construcció de la justícia sociolingüística»

Kontzientizazioa… Hitz bitxia. Portugesezko conscientização hitzetik dator. Paulo Freirek proposatu zuen, teoria kritikoan oinarritua.  

Maite eta Joanen ustez, justizia soziolinguistika ez da kontzeptu itxi bat… eztabaidarako eta borrokarako espazio bat da, injustizien gaineko kontzientziarekin zerikusi duena.

Paulo Freirek hiru fase bereizten zituen kontzientizazio-prozesu horretan: (a) fase magikoa, (b) fase inozoa eta (c) fase kritikoa. Oso gutxi gorabehera azalduta; fase magikoan mendekoak inpotentzia sentitzen du, kontra dituen indarren aurrean. Ez du ulertzen gauzak zergatik gertatzen diren eta etsi egiten du. Fase inozoan arazoak ikusten hasten da, baina dimentsio indibidual batetik soilik. Bere egiten ditu menderatzailearen ideiak eta jokabideak; eta ez daki bere burua nola askatu. Fase kritikoan sistema opresiboaren egitura ulertzen du bere osotasunean; gertatzen denaren arrazoiak ulertzen ditu; autoestimua eta autokonfiantza lortzen ditu, eta sistema aldatzeko aliantzak lantzen ditu.

Ederra da ikustea teoria kritiko horiek XXI. mendean ere lekutxo bat izan dezaketela. Ez zaizue iruditzen?

Hitzaldia hemen ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=2BmBubd545w 

Testu honen lehen parte irakurtzeko: hemen

Justizia Soziolinguistikoa (1)

Kirmen Uribe

Orain dela gutxi, elkarrizketa bat egin zioten Kirmen Uriberi “11 entzuteko” saioan. Gustatzen zait Kirmen Uribek gauzak nola azaltzen dituen: badu erradikaltasun puntu bat, baina formetan oso pertsona goxoa da eta poesia ukitu bat uzten du hitzartze bakoitzean. Geroko mahai-inguruan ere parte hartu zuen, euskararen egoera hizpide.

Kirmenek bi mugimentu edo bi sentimendu ikusten ditu, euskararen inguruan; biak elkarrekin txirikordatuak. Batetik garbi ikusten du euskararen “afera” eskubide kontua dela, eta eskubide zibilekin loturik dagoela. Euskararen alde egitea komunitate bat bizirik izateko eskubidea defendatzea da. Hortaz, hizkuntza indarberritzea beste eskubide eta beste borroka askorekin dago harremanetan: natura, queer, berdintasuna… Arlo horietan gertatzen den bezala, urratsak ematen direnean ere, ezin dugu pentsatu dena egina dagoenik. Adi egon beharra dago, guardian…

Bestetik, aldarrikatzen du euskaraz hitz egitea mundua hobetzeko modua dela: mundu jasangarriagoa, gustagarriagoa, dibertsoagoa eta koloretsuagoa izateko modua, alegia.

Programa osorik hemen: https://www.eitb.eus/eu/nahieran/saioak/11-entzuteko/2024-06-04/osoa/9067/233300/

Justizia soziala

Kirmenen diskurtsoan Kontseiluak planteatu izan dituen hainbat ideiaren zantzuak ikusi ditut. Izan ere, Kontseiluak adostasun berriak lantzeko beharra aldarrikatzen duenean, justizia sozialaren ideia erdigunera ekartzea planteatu izan du: “hizkuntzaren afera ez da euskaldunon kontua soilik, baizik eta hori gainditzen duen zerbait, demokraziarekin eta justizia sozialarekin lotuta dagoena.  Hizkuntzaren auzia auzi demokratikoa eta justizia sozialekoa da”.

Aroak ere –euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoak– euskara biziberritzeko prozesuak justizia soziala eta gizarte-inklusioa bilatu behar dituela dio. Are gehiago, planaren nahi estrategikoa da “euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko helburuz“.  Neurrietan ere horretaz dihardu, euskararen erakargarritasuna lantzea proposatzen duenean; euskara ekitatearekin, justizia sozialarekin, ekologiarekin, jasangarritasunarekin eta erresilientziarekin lotuz.

Ez dakit ideiak erabat berdinak ote diren, baina oso sintonia interesgarria ikusten diet. Noizbait entzun dut, kontsentsoak nahi direnean, kontzeptuak gehiegi ez zehaztea komeni dela. Ez dakit, bada! Zehaztu ahala, joango gara ikusten!

[Hemen] jarraitzen du.

#Kiroletik bagoaz [3]: zertan da?

HAMAR

Gaztelaniaz “estado del arte” esaten zaio. Gaztelaniazko Wikipediaren arabera, anglizismo bat da, state of the art espresiotik eratorritakoa. Gaztelaniaz ez litzateke horrela esan beharko: «puntero», «lo último» edo «[lo más] avanzado» esan beharko litzateke. Euskaraz ez dut antzeko espresiorik aurkitu. Agian… «gai zertan den», «egungo egoera» edo horrelako formularen bat proposatu beharko genuke…

Zertan da gaur egun euskararen sustapena kirol arloan?

HAMABI

Soziolinguistika Klusterrak «D ereduko kirola» izeneko proiektuak hiru geruzeko planteamendu bat proposatzen du; eragiteko hiru eremu, nolabait azaltzeagatik:

  • Lehen geruza: KIROLA
  • Bigarren geruza: KLUBA
  • Hirugarren geruza: TALDEA

Testu honetan ageri diren ideia asko proiektu horren memorian agertzen dira.

HAMAIRU

Ikuspegi makroan bada zer eginik. Berriak dira Kirol Legea eta Kirol Lanbideen Legea. Izen ofizialak ponposoagoak dira: 2/2023 LEGEA, martxoaren 30ekoa, Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolarena eta 8/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa. Urteak generamatzan horien zain, aurrerabideak ekarriko zituztelakoan. Bai… berrikuntza bat edo beste ageri dira, baina ez nahikoak. Kirol lanbideen legeak ezartzen du B2 maila beharrezkoa dela entrenatzailea eta begiralea izateko (jakina… baldin eta diru publikoarekin antolatutako jarduera batean jardun behar badu, eta beti ere, tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera…). Kirol legeak, bestalde, onartu egiten du kirola euskararen erabilera sustatzeko tresna ere badela. Askoz berrikuntza gehiago ez. Gutxi? Asko?

Araubidetik harago, badago zer landu. Esango nuke aldaketa kulturalak direla benetan behar direnak: zentzu komuna irabaztea, adin-tarte batzuetan behinik-behin kirol jarduerak euskaraz egin behar direla zabaltzea, sinistea eta sinistaraztea.

HAMALAU

Agian interesatuko zaizue. kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzak prestatu zuen plana gainbegiratzea: hemen.

HAMABOST

Badira urteak lan munduko euskara planen metodologia kirol-erakundeetara ere eraman direla. Kirol-entitateetan euskara-planak egitea edota entitatean euskararen erabilera erosoa izateko erabakiak hartzea (babesgune kontzeptua hortik dator) bigarren geruzara eramaten gaitu.

Euskara-planen metodologia gehiegitxo sistematizatu dela entzun dut. Eraginkortasunaren bila oso prozesu estandarizatuak garatu dira. «D ereduko kirola» proiektuak ikuspegi etnografikoagoa proposatzen du, kluba sakontasun handiagoz ezagutzea ahalbidetzen duena:

  • Bere historia, bere ibilbidea, bere sinbolak…
  • Kluba bera: egoitza, partaideak, egitura, testuingurua…
  • Klubaren praktikak, errutinak, harremanak, emozioak…
  • Klubaren komunikazio sistema…

Entitatearen kulturan (kultura txikian) euskara txertatzea da kontua.

HAMASEI

Taldea praktika-komunitate baten gisa ulerten dute: jende multzo bat, helburu komun bat duena, ahalegin komun batean ari dena, praktika batzuk eta gauzak egiteko modu bat partekatzen dituena. Erronka da, beraz, nola lortzea euskara komunitate horren parte bat izatea.

Niri, egia esan, hirugarren geruza hori egiten zait bereziki interesgarria. Esan izan da entrenatzailea dela taldearen erdigunea. Iruditzen zait Klusterrak egindako lanetan ideia hori erlatibizatu egiten dela… baina oraindik ere badago hor zer landu.

Hurrengo batean izango da!

#KiroletikBagoaz [2]: Herrigintza

SEI

Europako Kirol Gutunak dioenaren arabera, jarduera fisiko bat –antolatua zein antolatu gabea– kirola da, baldin eta helburu hauetako baten bat badu: a) egoera fisikoa eta psikikoa hobetzea edo eustea, b) gizarte-harremanak garatzea edo c) lehiaketan emaitza onak lortzea. Nire hitzetara ekarrita: jarduera fisikoa kirola da, baldin eta hiru helburu hauetako bat edo batzuk baditu: a) osasuna, b) sozializazioa (harremanak) eta c) lehia (eta gozamena).

ZAZPI

Nik neuk bi ezaugarri gehiago gehituko nituzke: (d) balio sinbolikoa (partaide izatearen harrotasuna) eta (e) balio hezitzailea. Entzun izan dut kirola bizitzaren eskola dela, bizitzan gertatzen den guztia kirolean ere gertatzen dela. Balio hezitzailea hortik datorkio. Afera horiek guztiak ingurune kontrolatu batean gertatzen direnez, kirolak aukera handiak ematen ditu haur eta gaztetxoak balioetan hezteko.

ZORTZI

Edonola ere, zerbait azpimarratu behar bada, kirolaren sozializazio-ahalmena da hori. Kirolaren inguruan harreman-sareak sortzen dira. Eta gizarte-kohesioa ahalbidetzen da. Kirolak (eta aisialdi hezitzaileak) komunitateak dinamizatzeko eta aktibatzeko ahalmen ikaragarria du. Kirola herrigintza da.

Izan ere, orain arte kohesio soziala ahalbidetu duten instituzioak (familia, auzoa, kalea, eskola…) askotxo aldatu dira (aldatzen ari dira); eta, neurri batean, komunitatea egituratzeko zuten ahalmena ahulduz joan da (kasu batzuetan baita desagertu ere). Familiaren egitura eta funtzionamendua aldatu da. Espazio publikoa ere aldatu da. Pribatizatu eta merkantilizatu egin da. Harremantzeko espazio berriak sortu dira (sare sozialak, ingurune digitala). Horren aurrean badira bir-mobilizazio baten beharra aldarrikatzen dutenak. Dinamika komunitario berriak behar dira.

Kirolak (eta aisialdi hezitzaileak) komunitatea josteko baldintza interesgarriak ditu: a) gertukoa da; b) atxikimendu librean oinarritzen da; c) helburu hezitzailea du; d) sarritan herri ekimena du atzean, autoeraketa; d) afektiboa da, pertsonarteko harremanak indartzen ditu, eta e) aukera handiak ematen ditu espazio publikoa berreskuratzeko, aktibatzeko eta dinamizatzeko, baita ekipamendu publikoak ere…

BEDERATZI

Zergatik da kirola funtsezkoa euskara indarberritzeko proiektuetan? Oraindik ere azaldu beharra al dago?