Parte-hartzea birpentsatu

ASTE HAUETAN Bartzelonako Diputazioak argitaratutako liburuxka bat izan dut eskuartean: Repensant la participació de la ciutadania al món local. Poztekoa da norberak buruan dituen intuizioak beste batek idatzirik ikustea: argigarria ere bai.

Bada halako sentsazio orokor bat, aldaketa-garaiak bizi ditugula, eta gauzak aurrerantzean inoiz ez direla berdin izango (eta oraingoan ez naiz soilik euskararen munduari buruz hitz egiten ari). Joan Subirats are urrunago joan ohi da. Bere ustez “aldaketa garaia ez, baizik eta garai aldaketa da egun bizi duguna”.

Hortik abiatuta, parte-hartzea zein izan den eta zer izan behar den gogoetatzen saiatzen da liburuxkan. Bere ustez gobernantza partizipatiboak orain arte honako ezaugarri hauek izan ditu:

Administrazioak izan du iniziatiba, eta bera izan da herritarrak parte-hartzera gonbidatu dituena. Herritarrei ahotsa ematea izan da  helburua: deliberatiboa izan da, bozketarik gabe eta erabakitzeko ahalmenik gabe. Urratsak eman dira sistematizazio metodologikoa bermatzeko, baina zailtasun eta hutsune ugari antzeman dira: parte hartzeko kultura txikia, helburu ez argiak, espazio informatibo hutsak bihurtzea, parte hartzale gutxi eta ez anitzak. Orokorrean prozesuen kalitatea oso baezpadakoa izan da.

Garai aldaketa honetan, ordea, egileek praktika emergente berriak ikusten dituzte, berrikuntza sozialaren kontzeptuarekin oso lotuak. Parte-hartzea mobilizazioari lotzen zaio. Behetik gorakoa da. Kezkak eta helburuak partekatzen dituzten eragileak bildu egiten dira, arazo kolektiboei erantzuna emateko: egiteko eta eragiteko, alegia. Praktika kolaboratiboak dira, eta ahalmentzea eragiten dute; botere harremanak aldatzea, alegia.

EHtik begiratuta, litekeena da honen guztiaren berritasuna ez ikustea. Sarri hori izan baita mugimendu sozialen ekarpena (herri mugimenduak, orain dela gutxira arteko terminologia erabitzen badugu). Nobedosoa da, ordea, praktika horiek guztiak erdigunean jartzea eta administraziotik bertatik balioestea.

Liburuxkaren egileek administrazioak bere burua egokitu behar duela ikusten dute, eta bost indar-ideia proposatzen dituzte horretarako:

(1) Herritarren parte hartzea birdefinitzea. Instituzio publikoetatik kanpo sortzen diren ekimen partizipatiboak era aintzakotzat hartu: aktibatu, erraztu eta horiekin kolaboratu. Administrazioaren organo guztiak komunitatearekin inplikatu.

(2) Politika publikoak elkarrekin sortzea (ko-sortzea). Administrazio publikoen eta gizarte zibilaren arteko kolaborazioa bermatu, arazo kolektiboei erantzun sendo, sostenible eta iraunkorrak emateko.

(3) Teknologia berriak erabili, gardentasuna bermatzeko, entzuketa lan aktiboa egiteko, eta politika publikoak sortzeko espazio berri gisa.

(4) Parte hartzeko arkitektura instituzionalak aldatzea. Parte hartzeko ohiko organoekin batera, espazio berriak pentsatzea komeni da: aktore berriak inplikatuko dituztenak, funtzionamendu autonomodunak, metodologia malgua erabiliko dutenak, gai zehatzen inguruan antolatuak eta ekintzari bideratuak.

(5) Udalaren beraren egitura aldatzea komeni da. Hiru ideia proposatzen dute: (a) orain arte parte-hartzeaz arduratu diren unitate administratiboek rol estrategikoagoa hartzea; (b) funtzioen araberako antolaketatik proiektuetan eta prozesuetan oinarritutako gestio eredu batera igarotzea; (c) sarean funtzionatuko duen erakunde sistemikoaren kontzeptua lantzea.

Liburuxka osoa eskura daiteke hemen: https://www.researchgate.net/publication/273760024_Repensant_la_participacio_de_la_ciutadania_al_mon_local

Erantzun bat “Parte-hartzea birpentsatu” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude