Sareak eta Komunitateak

Aurreko hilabetean hiru sarrera argitaratu nituen, elkarrekin oso lotuak:

Ohartu naiz laugarren bat falta dela: sareei eta komunitateei buruzko gogoetatxo bat, hain zuzen. Gorka Julioren ideiak eta proposamenak dira abiapuntu.

Interesgarria egiten zait bere planteamendua: sare sozialei buruz eta komunitate birtualei buruz hitz egitean, mundu birtualaren eta mundu errealaren arteko parekotasunak azpimarratzen ditu, eta batean gertatzen diren fenomenoak bestera transferitzen saiatu.

Euskara planen ekarpen nagusietako bat da eragileak (eragin dezaketen pertsonak eta taldeak) aktibatzea eta horien arteko sinergiak sortzea (saretzea). Nik behinik behin hala uste dut.

Saretu hitzak, dena den, bi esanahi dituela iruditzen zait:

  • Elementu isolatuen arteko loturak eraikitzea. Gure artean, gaur egun, horrela erabiltzen dugu sarri.
  • Trinkotasuna galdu… Eguraldiaren iragarpenetan, esate baterako, halaxe erabiltzen da: “Ostiralean ere euria egingo du, arratsaldean batez ere, baina tarteka zerua saretu egingo da eta eguraldiak itxura hobea hartuko du”.

Sarean loturak arinak dira; komunitateetan trinkoak. Komunitate bateko kide izateak identitatean ere eragiten du, kideek zerbait partekatzen dute: helburu bat, praktika bat… edo –agian– gai batekiko interesa besterik ez. Horrek, dena den, konpromisoa eragiten du: elkarrekin eta komunitatearekin.

Gorka Juliok –ondo interpretatu badut– hiru geruza proposatzen ditu: komunitateak, meta-komunitateak eta sareak.

Ezer ez dagoen lekuan egokia eta beharrezkoa da sareak sortzea. Sareak dauden lekuan, komunitateak sortu daitezke. Komunitateak dauden lekuan, komunitateak eta taldeak dira saretu behar direnak, meta-komunitateak osatzeko.

Merezi du horretan sakontzea… eta ez naiz (soilik) teknologiaz hitz egiten ari, eragileen artikulazioaz baizik.

Source: Allartean

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude