Mundiala izan da Kontseiluak antolatu duen manifestaldia. Mundiala izan ziren, halaber, joan den astean, berotze-ariketa gisa, Kontseiluak berak prestatu zituen jardunaldiak. Hemen dituzue ikusgai: Oldarraldiaren aurrean | Jardunaldiak
Gauza interesgarri asko esan ziren…baina, oldarraldiari buruzko kontuak alde batera utzita, IƱigo Urrutiak esandako hainbat konturekin geratu nintzen. Besteak beste, hainbat ardatz proposatu zituen, etorkizuneko hizkuntza politikak barneratu beharko lituzkeenak: eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera arautzea; eremu sozioekonomikoan eragilea, hizkuntza klausulen bidez; hizkuntza eskakizunak orokortzea; arnasguneak babesteko neurri juridiko eraginkorrak… Batek eman zidan bereziki arreta: hiriguneentzat hizkuntza politika berezitua diseinatzea.
Blog honetan bertan baditut hainbat testu, hirien soziolinguistikari lotuak. Besteak beste #EuskalHiria etiketa erabili izan dut horretarako. Hemen: #EuskalHiria
Iruditzen zait gaia gutxi landu dela… Euskaraldiaren testuinguruan, esate baterako, entzun dut saiakerak egin direla horrelako ekimen bat hirietan nola antolatu behar den definitzeko. Ez dirudi oso urrun joan direnik. Euskara sustatzeko ekintza planetan ere gutxitxo egin da. Euskara sustatzeko planen markoa berritu du duela gutxi Euskararen Aholku Batzordeak. Marko berriari AROA izena eman diote, eta, antza denez, datozen hilabeteetan marko hori maila lokalera nola egokitu landuko dute. Aukera ona izan daiteke sakontzeko.
Duela gutxi, horri buruzko liburu bat gainbegiratzen egon naiz: Urban Sociolinguistics
The City as a Linguistic Process and Experience. Bertan, iparralde globaleko eta hegoalde globaleko hainbat hiriren soziolinguistikaz jardun dute: Cairo, Mexiko, San Paulo, Dubai, London, Kyoto… Horien aurrean, gureak –Bilbo bera ere– txiki geratzen dira, baina testua interesgarria da oso.
Hitzaurrean hainbat oinarri proposatzen dira:
- Aniztasuna da hirien ezaugarria. “Superdibertsitatea” esaten da gaur egun, aniztasunaren barruan ere aniztasun gehiago dagoela adierazteko. “Metro” aurrizkia ere erabili izan da: metroetnizitatea, hirietan etnizitatearekin jokatzeko modu berriak adierazteko; edota metrolinguistika, hirietako tokian tokiko praktika linguistikoak nabarmentzeko.
- Izan ere, hirian sinismen, arau eta praktika linguistiko ezberdinak dituzten pertsonak biltzen dira. Bertan “elkarrekin ondo moldatzeko moduak” negoziatzen dituzte, baita hizkuntzari dagokionez ere. Arau sozialak negoziatzen dira. Negoziazio hori inoiz ez da neutroa… botere harremanek baldintzatua da erabat.
- Hori horrela, kontua ez da hirian hitz egiten diren hizkuntzak zenbatzea eta mapeatzea, baizik eta jendeak hizkuntzekin zer egiten duen aztertzea, eta horrekin zer lortzen duen. Soziolinguistika urbanoak ez ditu hiztun-taldeen deskripzioak bilatzen. Hiztunen hautu linguistikoak ditu aztergai. Hiritarren bizitza linguistikoak aztertzen ditu: hiztunak non zein hizkuntza erabiltzen duen eta zergatik.
Nik neuk 3 puntu azpimarratuko nituzke:
- Soziolinguistika klasikoak erregularitateekin lan egiten du: hiztun-tipo perfektoak bilatzen ditu, eta horien ezaugarriak esleitzen dizkio kolektibo osoari: euskaldunak zer diren, euskaldun hartzaileak… Soziolinguistika urbanoak hiztun errealekin lan egiten du, ordea: hiztun ez-perfektoekin.
- Aniztasun horren baitan, migrazioen papera funtsezkoa da hirietan. Jatorri atzerritarra duten herritarrak euskarara erakartzea da gure helburua, jakina. Baina zein da heredentziazko hizkuntzen papera?
- Hirietan beste inon baino are garrantzitsuagoa da arnasgune sozio-funtzionalak sortzea: euskara nagusi izango duten espazioak. Jakina. Nonbait entzun dut, horiekin batera, hizkuntzak solapatuko diren guneak ere behar ditugula; non hizkuntza gutxitua bideragarria izango den, hizkuntza bakarra izango ez bada ere. Garrantzitsua da euskararen arnasgune ez dena gaztelaniaren arnasgunea izan ez dadila. Agian espazio horietako batzuk babesguneak ere izan daitezke: “giro, egoera edota une aproposak, bertan murgiltzen direnak hizkuntzarekin esperimentatzeko eta probatzeko”.
Horra hor 3 gai, sakontzeko: (a) hiztun ez-perfektoak; (b) hizkuntza gutxituak eta heredentziako hizkuntzak; eta (c) arnasguneak, babesguneak eta espazio solapatuak