Udan bi jardunaldiren berri izan dugu. Bat Iruñeko Katakrak liburu-dendan izan zen: ‘Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer?’. Bigarrena Miramar jauregian: ‘Berrikunt za Politikoa: Konstituzio-Erreforma, Autogobernua, Erabakit ze-Eskubidea eta Independent zia’. Oso ezberdinak, baina biak interesgarriak. Batean zein bestean eztabaida izan da (balizko) prozesu konstituiente batean kontu identitarioek zein paper jokatu behar duten. Erabakitzeko eskubidea erabat inklusiboa izatea aldarrikatu izan da, eta Kataluniako ereduari begira, independentzia klabe nazionalean eraiki beharra, eta ez klabe nazionalistan. Horrek guztiak zer pentsatua ematen du, baita zalantzak sortu ere.
Unai Apalozaren testu batean irakurri nuen, talde batek jendartean eragiteko nahi konkretu bat duenean, lehen pausua subjektu politikoak eraikitzea dela: ahalik eta zabalenak, eta ahalik eta inklusiboenak. Horren arabera, subjektu politikoak eraikitzea operazio diskurtsiboa da, eta bi logika ezberdin bereizi ohi dira: logika esentzialista (subjektu politikoa a priori marraztea) ala hegemoniaren logika (subjektu politikoa prozesuan bertan eraikitzea). Kontua da: non geldituko da euskara subjektu politiko berri horien eraikuntzan? Zein leku izan behar du operazio diskurtsibo horietan?
Woolard antropologoak ideologia linguistikoei buruz esandakoak etorri zaizkit gogora. Haren esanetan, mendebaldeko kulturan hizkuntza baten autoritatea bi ideologia linguistikoren gainean eraikitzen da: egiazkotasuna eta anonimatua. Egiazkotasuna komunitate edo identitate baten adierazpide jator eta esentziala da, norberaren identitatea aldarrikatzeari dagokio. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza txikien biziraupenerako estrategiak horretan oinarritzen dira. Hizkuntza hegemonikoek, ordea, beren autoritatea anonimatuan oinarritzeko joera dute, eta hizkuntza inorena ez delako baloratzen da, unibertsala delako.
Bi diskurtso horietatik zeinekin erosoago? Edo hobe… bietatik zein eraginkorrago?
Susmoa dut ezin dela erantzunik egon. Ezin da aldeko eta kontrako faktoreen zerrenda bat egin, bietatik aukerarik onena zein den erabakitzeko.
Ez batak ez besteak ezin gaitu erabat ase.