Euskaltegian geundela, bazen hitz magiko bat etengabe formazio-saio eta jardunaldi guztietan ageri ohi zitzaiguna: motibazioa. Totema bihurtu genuen, panazea bat, horrek dakarren arriskuarekin. Nonbait irakurri dut badela patologia bat, Wernicke-ren afasia deritzona. Patologia hori duen pertsonak esaldi eta diskurtso luzeak egin ahal ditu, baina guztiz inkoherenteak eta zentzurik gabekoak. Horrelako zerbait gertatzen zitzaigun motibazioaz hitz egiten genuenean: luze eta zabal mintzatzen ginen, baina… oso ideia original gutxi zeuden diskurtso horien atzean.
Motibazioa kosifikatu egiten genuen. Pentsatzera iritsi ginen motibazioa ikasleek hor nonbait zuten dispositibo bat zela… era egokian ukitu behar zen zerbait, lortu nahi genituen emaitzak lortzeko. Ahaztu egiten genuen motibazioa motibotik eratorria dela. Galdera sinpleagoa zen: gure ikasleek zergatik nahi izango dute euskaraz ikasi edo zergatik nahi izango dute euskaraz egin; eta guk… zergatik egiten dugu egiten duguna. Eduardo Apodakak zentzugintzaz hitz egin du. Azken batean, horixe da galdera: zer zentzu ematen diogu euskaraz egiteari? Zentzugintza. Hitza gustukoa dut, alajaina. Esanguratsua iruditzen zait. Apodakaren ustez, zentzugintza da jokaera aldatzeko gakoa.
Jon Sarasuak ere, gazteei buruz ari dela, oso galdera pertinentea egin izan du aspalditik: hurrengo belaunaldiek zergatik nahi izango dute euskaraz egin? Zer arrazoi izango dute? Zer motibo? Transmisioaz ari garela… zer egin ahal dugu motibo horiek transmititzeko? Edo sozializazioaz ari garela… nola lagundu ahal dugu euskaraz egiteko motibo horiek egunerokoan etengabe (hots, etenik gabe) sortzeko eta birsortzeko?
Euskaltegian geunden garaietara itzulita… motibazioaz han-hemenka zerbait irakurrita, ikasi genuen teoria klasikoaren arabera motibazioak hiru elementu dituela: kognitiboa, emotiboa eta konatiboa. Hurrenkerak hurrenkera… gure pailazo filosofoek ere bikain adierazi izan dituzten elementu berberak: sentitu, pentsatu eta egin.
Motibazioa lantzea, hortaz, ideia eta emozio batzuk lantzea da (elementu kognitibo eta emozitiboak), baina baita jarrera eta jokabide jakin batzuk trasmititzea ere… predisposizio bat, alegia. Agian Pirritx eta Porrotxen leloa beste modu batean parafraseatu daiteke, egungo terminologiarekin bat eginik: EMOZIONATU, KONTZIENTZIATU eta AKTIBATU.
Izan ongi, eta zaindu.