Erabilera-arauak ikertu

Aurreko astean Jone Miren Hernandezen aipu bat ekarri nuen hona. Bere ustez interesgarria liteke erabilera-arauak ikertzea: hizkuntzaren hautua nola egiten dugun; nola erabakitzen dugun egoera jakin batean (noiz, non, norekin…) zein hizkuntzatan jardun.

Hizkuntzen Hiztun taldeen arteko botere-harremanak hor ere islatzen dira: erabilera-arauetan. Llui­s Vicent Aracil soziolinguistak halaxe idatzi zuen:

/…/ Horrela, arau horiek inpertsonalak eta objektiboak balira bezala hartzen dira; eta konbentzio hutsak diren arren, zerbait “€œnaturala”€ dela ematen du. Jendeak bete eta betearazten ditu, zergatik jakin gabe, eta hori egiten duela konturatu ere egin gabe. Baina ilusio hutsa da hori. Arauak, benetan, gizakion lana dira: elkarrekintzaren barruan sortzen dira (eta elkarrekintzak sortzen ditu). Esan nahi baita, arau horiek indar-jokoaren ondorioa direla.

Jordi Solá i Camardons-ek una iniciació a la sociolinguí­stica del conflicte azpititulua erabili zuen bere libururako. Ninyoles-ek ere antzeko kezkak zituen, Idioma y poder social liburua argitaratu baitzuen 1972. urtean. Gatazkaren soziolinguistika da; soziolinguistika katalanaren muinean sortu ziren ideiak, askoz arreta gehiago merezi dutenak.

Naturalizazioa boterea iraunarazteko modua da. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen diskurtsoa ez dela jendearengana ondo iristen. Oso ageriko kasuak ez badira edota euskalgintzatik hurbil dagoen jendea ez bada, askori kosta egiten zaio hizkuntza eskubideen urraketarik ikustea… Gehienez ere “traba” edo “eragozpen” txikiak ikusten ditu, erabat naturalak. Aurrekoan esan bezala, problematizatzea da koxka: arau horiek zalantzatan jartzea eta “gauzen ordena natural” hori ukatzea.

Source: Allartean

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude