2019. URTEA hizkuntza autoktonoen nazioarteko urtea denez, Linguapax-ek eta Kataluniako filmotekak zinema ziklo txiki bat antolatu dute Bartzelonan, hizkuntzei buruz gogoeta egiten duten zenbait film erakusteko. Proposamen interesgarria iruditu zait. Oso film ezberdinak dira haien artean, baina funtsean oinarri bera dute: nola edo hala, hizkuntza aniztasuna ontzat ematea eta defendatzea.
Hiru hauek osatu dute zikloa:
- Le brio – Yvan Attal, 2017
- Champ d’honneur – Jean-Pierre Denis, 1987
- Arrival – Denis Villeneuve, 2016
Duela hilabete batzuk ikusitako filma etorri zait burura: Sueño en otro idioma. Bertan, hizkuntzalari gazte bat oihanera iritsi da, hiltzear dagoen zikril hizkuntza ikertzera. Bi hiztun besterik ez da geratzen: Evaristo eta Isauro. Eta, hara non, 50 urte daramatzate haserre, elkarri hitzik esan gabe. Bi agureak adiskidetzen saiatu behar du, hizkuntza gal ez dadin. Youtuben trailer bat ikusi ahal duzue. Hau da erreferentzia:
- Sueño en otro idioma – Ernesto Contreras – 2017
Pere Mayans irakasle eta soziolinguistak blog bat idazten du VilaWeb plataforman: Blog sobre llengua i societat. Tarteka, “Pel·lícules per treballar la sociolingüística” izenburuko artikuluak idazten ditu bertan: “soziolinguistika lantzeko filmak”, alegia. Askotariko gai eta egoerak azaltzen ditu: hizkuntza autoktonoak han eta hemen, katalanaren egoera frankismo garaian, Australiako hizkuntzak, Irlandako gaelikoa, Kanada eta abar.
Zortzi idatzi ditu dagoeneko. Honako hauek:
- Windtalkers
- Rabbit Proof-Fence (Generació perduda)
- The wind that shakes the barley (El vent que agita l’ordi)
- Pathfinder
- Pa negre
- La fi de l’esperit
- También la lluvia
- Indian Horse
Hortaz, kasik ohartu gabe, hamabiko bilduma osatu dugu. Gehiago bururatzen zaizkizue? Zerrenda osatu nahi baduzue, otoi, erantzunetan utzi proposamenak. Eskerrik asko!