HIZTUN BERRIAK lana oso-osorik irakurtzeko gogoa izan dut aspalditik. Han-hemen erreferentziak ikusi ditut, artikuluetan, hitzaldietan, bideoetan… baina testu osoa irakurtzeko nagi ibili naiz. Uda probestu dut horretarako, eta ez naiz damu. Interesgarria iruditu zait, eta apunte batzuk hona ekartzea pentsatu dut.
Lan mardula da. Gai askotxo lantzen ditu, nahiz eta bereziki bi nabarmendu diren: (a) euskaldunberri kontzeptuaren eta horren atzean dagoen “gabeziaren” ideologiaren desegokitasuna; (b) hizkuntza mudantzaren ideia. Biak ala biak giltzarrizkoak dira gaur egun.
Horiek alde batera, lau atal lantzen ditu, hiztun berrien ikuspegitik: (1) ikaste-prozesua; (2) euskararen erabilera; (3) familiaren baitako hizkuntza politika; eta (4) hizkuntza ideologien eta identitateak. Atal horietako bakoitzean kategorizazio-lan trinkoa egiten du, eta antzemandako profilak deskribatzen saiatzen da. Lan itzela!
Labur-labur…
IKASTE PROZESUA
Ikerketak hiru gako proposatzen ditu:
- Hiztun berriek euskara non eta nola ikasi duten: kalean, euskaltegian edo ikastetxean.
- Testuinguru soziolinguistikoa: testuinguru mesedegarria edo oztopatzailea den (hots, zonalde euskalduna ala erdalduna).
- Euskara ikasteko motibazioa: integratzailea ala pragmatikoa
Horietatik abiatuta, orotara ZAZPI profil identifikatu dituzte (*)
(*) Honako hauek: (1) Euskara kalean ikasi dutenak, bertako euskaldunekin kontaktuan; (2) Euskara euskaltegian ikasi dutenak eta zonalde euskaldun batean bizi direnak; (3) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, integratzeko motibazioarekin, baina zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (4) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, arrazoi pragmatikoengatik, eta zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (5) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde euskaldun batean; (6) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde erdaldundu batean; (7) Erdibidean gelditu direnak eta euskara ikastera iritsi ez direnak.
ERABILERA
Hiru gako nagusi identifikatu dira:
- Testuinguru soziolinguistikoa berriro ere
- Euskarazko harreman sareak
- Agentibitatea; hau da, hiztuna proaktiboa ala erreaktiboa den, eta, horrekin lotuta, hizkuntza-hautuak
Eta horiekin batera, gaztelaniaren presioa, hizkuntza-ohiturak eta gaitasun erlatiboak.
Horien arabera ZORTZI profil identifikatu dira. Ez ditut zerrendatuko, testua gehiegi ez luzatzeko.
FAMILIA MAILAKO HIZKUNTZA POLITIKA
HIRU joera nagusi ageri dira, horien barruan aldaerak egon badaitezke ere:
- Familian euskara transmitzen dutenak; euskara baino ez, alegia. Tipologia horretan aldaerak egon daitezke, bikotekideen arteko ohiko harreman hizkuntza zein den: euskara, gaztelania ala biak.
- Hizkuntza biak transmititzen dituztenak: “guraso bat hizkuntza bat” estrategia izan daiteke, ala besterik gabe guraso biek hizkuntza biak transmititzea.
- Familian ez dutenak euskara transmititzen, baina bai H2 bezala hezkuntzaren bidez.
Azken inkesta soziolinguistikoetan ikusi denaren arabera, hiztun berrien kasuan transmisioa ia %100ean bermatzen da, EAEn behinik-behin. Halere, gazteen artean, helduen artean ez bezala, gero eta ohikoagoa da gaztelania ere aipatzea: hizkuntza biak transmititu nahi lituzketeela adieraztea, alegia. “Hizkuntza bitako diskurtsoa” oso indartsua da gazteen artean, sarri aho biko ezpata bada ere.
HIZKUNTZA IDEOLOGIAK ETA IDENTITATEAK
Autoidentifikazioa da gakoa. Hiztuna bere identitatea eraikitzera nola iristen den. Konplexua da. Elemenu asko sartzen dira jokoan: ama-hizkuntzaren ideologiak, etxeko hizkuntza, gaitasun maila, euskalkia jakitea ala ez, ohiko hizkuntza. Bereziki aipagarria da tokiko aldaerak ezagutzea zenbateko pisua duen.
Galdera da: Zer naiz ni? Zer euskal hiztun mota? Nabardurak nabardura, lau erantzun jaso dituzte. Oso esanguratsuak:
- Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun zaharra ez, behinik behin
- Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun berria naiz
- Zer euskal hiztun mota naiz? Ni ez naiz euskaldunberria. Eta euskaldunberria ez banaiz, zer naiz?
- Euskalduna naiz.
Hizkuntza identitateei dagokienez, ZORTZI profil definitu dira.
ZAZPI profil, ikaste prozesuari begira; ZORTZI, erabilerari begira; HIRU, transmisioari begira; eta ZORTZI, hizkuntza identitateari begira. Benitoren modura galde genezake: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Taxonomiak ikaragarri gustatzen zaizkigu. Ezta? Ze eroso sentitzen garen, bakoitzari etiketa jarri eta bakoitzari lekua esleitu ondoren. Halakoxeak gara! Zer egingo diogu, bada!
SAKONTZEKO
- Blogean: https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2015/05/13/hiztun-berriak-hiztun-legitimoak/
- Mahai-inguru bat (bideoa): http://blogs.deusto.es/euskalgaiak/hizkuntza-gutxituetako-hiztun-berriak-hiztun-aktibo-bihurtzeko-gakoak/
- Elkarrizketa bat irratian (audioa): https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/hagase-la-luz/audios/detalle/4592776/hiztun-berriak-ane-ortega-radio-euskadi/
- Liburu osoa eskuratzeko: https://blogs.deusto.es/euskalgaiak/euskal-hiztun-berriak-esperientziak-jarrerak-eta-identitateak-liburua/
Bibliografia osatze aldera.
Udazken honetan bertan bi hitzaldi interesgarri izan dira. Materiala sarean dago, bai bideoak, bai aurkezpenaren euskarria.
(1)
Ane Ortegak eta Esti Amorrortu irakasleek ESKOLA HIZTUN BILA jardunaldietan emana.
– Hemen: https://sites.google.com/jaizkibel.net/ehb2018/ikasleak?authuser=0
(2)
Estibalitz Amorrortu irakasleak Glotodidaktika VI Topaketan emana (UEU).
– Bideoa: https://youtu.be/_HPCJXVxBZo
– Aurkezpena (pdf): https://labur.eus/6CBKI